1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
99/2015 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, administrazio baimena eman eta proiektua onesten duena, Gau-Txori hotela eta Guardia Zibilaren etxebizitzak gas naturalez hornitzeko sarea handitzeko Saigotsen, Esteribarko (Nafarroa) udal mugapean.
Gas Navarra SA enpresak administrazio baimena eta proiektuaren onespena eskatu zituen, Gau-Txori hotela eta Guardia Zibilaren etxebizitzak gas naturalez hornitzeko sarea handitzeko Saigotsen, Esteribarko (Nafarroa) udal mugapean.
1434/2002 Errege Dekretuaren 78. artikuluarekin bat, administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean egon da hogei egunean, iragarkia 2014ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 4an, argitaratuz, baita Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan ere, 2014ko uztailaren 4an. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.
1434/2002 Errege Dekretuaren 80. artikulua aplikatuz, Gas Navarra SAren eskaera igorri zitzaien Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Esteribarko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari. Aipatu erakunde guztiek proiektuaren alde emandako txostenak jasotzen ditu espedienteak.
2014ko ekainaren 24an proiektuaren separata bat bidali zitzaion Zubiriko Kontzejuari; 2014ko abuztuaren 12an errekerimendua errepikatu eta hamar eguneko beste epe bat eman zitzaion. Alegaziorik jaso ez denez, ulertu da kontzeju hori ados dagoela instalazioari baimena ematearekin.
2014ko ekainaren 24an proiektuaren separata bat bidali zitzaion Saigosko Kontzejuari; 2014ko abuztuaren 12an errekerimendua errepikatu eta hamar eguneko beste epe bat eman zitzaion. Alegaziorik jaso ez denez, ulertu da kontzeju hori ados dagoela instalazioari baimena ematearekin.
Hauek dira instalazio proiektuaren oinarrizko datuak:
Gas naturalez hornitzeko adar bat egitea proiektatu da; polietilenozko hodia izanen du, DN 90 mm-koa, eta altzairuzko hodia, DN 3”-koa, MOP 150 mbar; hasiera oraingo sarean (RMA-31098), Zubiriko Kontzejuan (Esteribarko udal mugapea), horren jabea Gas Navarra SA, eta bukaera bi ekipamenduetatik hurbil izanen du.
Proiektutako sareak guztira 354 metro luze dira, gutxi gorabehera.
Aurrekontua hamazazpi mila ehun eta berrogeita zortzi euro eta sei zentimokoa da (17.148,06 euro).
Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Gas Navarra SA enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gas Navarra SA enpresari baimena ematea Gau-Txori hotela eta Guardia Zibilaren etxebizitzak gas naturalez hornitzeko sarea handitzeko instalaziorako, Saigotsen, Esteribarko (Nafarroa) udal mugapean, eta proiektua gauzatzeko onespena ematea.
2. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:
Lehena.–Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 342,96 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko zaio enpresari.
Bigarrena.–Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.
Hirugarrena.–Gas Navarra SAk Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra SA beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, berdintasun baldintzetan, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.
Laugarrena.–Behin proiektua gauzatuta, zerbitzua abian jartzeko aktaren eskaera aurkeztuko da, jarraian adierazten diren agiriak erantsita:
–Obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek izenpetua, adierazteko ezen instalazioak proiektuan eta hari aplikatzen zaizkion araudi, arau eta zehaztapenetan agindutakoaren arabera eraiki eta muntatu direla.
–Instalazioen muntaketa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratzen diren enpresa edo entitateen azken ziurtagiria, adieraziko duena emaitza egokia izan dela bukaerako ikuskapenetan eta egin diren saiakuntza eta probetan.
Bosgarrena.–Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:
a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.
b) Proiektuaren exekuzioa aldatzea edo handitzea, Zuzendaritza Nagusi honek baimendu gabe.
c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzeko ezartzen diren baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.
5. Ebazpen hau Gas Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko otsailaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.
Iragarkiaren kodea: F1502836