60. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

183/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak emateko deialdia, banakako ebaluazio araubidean, baldin 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta liga erregular ofizialetan, beste deialdi batzuetan jaso gabekoetan.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean kirola herritarren eskubidea dela adierazten da. Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako antolamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

Lege horren oinarrizko printzipioen arabera, kirola interes publikoko gizarte jarduera da, pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen laguntzen duena. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta gizarteratzea bera ere erraztu, osasun publikoa hobetu eta garapen ekonomikoa sustatzen ditu.

Legearen helburuetako bat da Nafarroako Foru Komunitatean kirola sustatu eta garatzeko lanean inplikatuta dauden pertsonen kolektiboak eta entitate publiko eta pribatuak modu koherentean integratzeko sistema bat eratzea.

Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Nafarroako Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzeko gaitasuna ere aitortzen zaio, eta, horrenbestez, hura sustatu eta garatzea bultzatzen da.

Nafarroako Kirolaren Plan Estrategikoa Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 7ko Erabakiaren bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren urriaren 19ko 318/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta gero Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen, 2010eko ekainaren 23an.

Plan horretan Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak azpimarratzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek finkatzen dira: osasun gastuak murriztea, Nafarroako irudia proiektatzea eta aberastasuna sortzea, eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea. Lehiaketako kirolari dagokionez, adierazten da gazteentzat erreferente izan daitekeen kirolari nafarrik ez dagoela orain eta lehiaketako kiroletan parte-hartzaile gutxiago daudela, gizarte honetako gazteek nahiago dutelako ahalegin eta konpromiso gutxiago hartu eta independentzia handiagoa izan.

2015eko deialdi honen bitartez kirol lehiaketei laguntzeko proiektuak egiteko kirol entitateei ematen zaizkien laguntzen eta diru-laguntzen urteko programetako bat bideratu nahi da.

Nazioko eta erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan, goi mailakoetan edo apalagoetan, parte hartzeko kirol klubek izanen dituzten laguntzak argitu eta mugatzeko asmoz, egoki da neurri batzuk hartzea aipatutako klubei informazio eta prestakuntza emateko, haien proiektuak bideragarriak eta Nafarroako kirol errealitaterako egokiak direla bermatzeko asmoz, eta deialdi bat onestea, Kirolari buruzko Foru Legearen eta Nafarroako Kirolaren Plan Estrategikoaren araberakoa, klubendako laguntzen eta diru-laguntzen oinarriak ezartzeko.

Gobernuak 2014ko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, Gizarte Politiketako kontseilariari baimena eman zitzaion kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdia onesteko, baldin 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta liga erregular ofizialetan, beste deialdi batzuetan jaso gabekoetan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak (urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuaren bidez aldatua) emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, baldin 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta liga erregular ofizialetan, beste deialdi batzuetan jaso gabekoetan. Orobat, foru agindu honetako eranskinak ere onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 250.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2015era luzatutako 2012ko Aurrekontuetan “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002-95120-4819-336109 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

Iruñean, 2015eko martxoaren 11n.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauek helburu dute kirol klubei eta kirol klub filialei diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea, baldin 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta liga erregular ofizialetan, beste deialdi batzuetan jaso gabekoetan. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

Modalitatearen egutegia 2015eko irailaren 30ean baino geroago bukatzen denean, egun hori arte egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza. Horren ondoren egiten direnak 2016ko deialdian hartuko dira kontuan, hala balegokie.

1.2. Diru-laguntza horiek emanda, xedea da klub horiek babestea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordaintzeko.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartu badute oinarri hauetako ondoko baldintzan zehazten diren lehiaketetan. Nafarroan kirol federaziorik ez badago, klubek Espainiako Federazioarekin tramitatuko dute lizentzia, beren kluben bidez. Klub horiek Espainiako Federazioari atxikita egonen dira.

2.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

2.3. Zerga guztiak ordainduak izatea eta Gizarte Segurantzan dagokiena ere betea izatea.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen lehiaketak.

Deialdi honen ondorioetarako, diruz laguntzen ahal diren lehiaketak modulu aldakorren arabera ebaluatuko dira.

3.1. Hori kontuan hartuta, lehiaketa hauek dira diruz lagungarriak:

a) Espainiako lehiaketa ofizialak: beste deialdi batzuetan kontuan hartu ez diren liga nazionalak, Espainiako lehiaketak, Erregearen edo Erreginaren Kopak eta “play off” partidak, betiere Espainiako kirol federazioek antolatuak badira.

b) Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, a) atalean adierazitako Espainiako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko bide badira.

c) Autonomia erkidegoen arteko edo Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste lehiaketa arautuak, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

3.2. Ezin dira diruz lagundu aurreko atalean agertzen ez diren lehiaketak, eta berariaz hauek:

a) Beteranoentzako edo master kategoriako lehiaketak, galarazi gabe kirolari beterano edo master kategoriako bati diruz laguntzen ahal zaiola aurreko atalean agertzen diren lehiaketetan kategoria senior edo absolutuan parte hartzeagatik.

b) 2003. urtean eta hurrengoetan jaiotakoentzako lehiaketak, hau da, eskuarki haur kategoria izena duenetik (2001. edo 2002. urtean jaiotakoentzako kategoriatik) beheragoko kategoriak.

c) Nafarroan egindako txapelketak.

3.3. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen dutelako.

3.4. Diru-laguntzak banakako ebaluazio araubidean tramitatuko dira, eta erabiliko dira diru-laguntza jaso dezaketen lehiaketetan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordaintzeko. Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

4. Diru-laguntzen zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 250.000,00 eurokoa da. 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuetako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002 95120 4819 336109 kontu-sailaren kargura izanen da.

2015eko ekitaldian kontu-sail horretan aurrekontu erabilgarria izanez gero, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da, 50.000 euro gehienez.

4.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eranskinean deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei eta modulu aldakorrei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.

5. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren (aurrerantzean NKGI) Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 1. solairua), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.

Eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta 2015eko urriaren 20an amaituko, betiere diru-laguntzaren xede den kirol jarduera edo proba 2015eko urriaren 1a baino lehen egin bada. Eta hori hala izanen da, nahiz eta proba edo jarduera oraindik bukatu gabeko txapelketa edo liga batekoa izan.

Modalitatearen egutegia 2015eko irailaren 30ean baino geroago bukatzen denean, 2015eko urriaren 1aren aurretik egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke diru-laguntza.

2015eko irailaren 30aren ondoren egiten diren kirol probak ez dira deialdi honetan sartuko.

5.2. Diru-laguntza eskatzeko, beharrezkoa izanen da “Bukatutako jarduerak” izeneko inprimakia betetzea (3. eranskina), klubeko buruak eta idazkariak zigilatua eta sinatua. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan lor daiteke, baita http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Deporte/ web orrian ere. 9. oinarrian zehazten diren frogagiriak erantsiko dira, azken dokumentaziotzat hartuko direnak, eta, horietaz gain:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela ziurtatzen duen agiria, hiru hilabete lehenago emana, gehienez.

b) Erantzukizuneko aitorpena, bertan adierazita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez dela urratzen, onuradun izateko.

c) Gardentasunari buruzko aitorpena, 12. oinarriaren araberakoa.

d) Helbide elektroniko bat, horren bidez eskaeraren akatsak zuzen daitezela eskatzeko, halakorik badago, oinarri hauetako 6.1 klausularekin bat.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala behar denean.

f) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia, lehiaketa gauzatzeko federazioak ezarritako zenbatekoak barne (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak...).

g) Lehiaketen akten edo emaitzen fotokopiak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria. Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira diru-laguntza eskatzen duen klubeko kirolariak. Kirolariak batera lehiatu badira, adin-taldeka bereiziko dira kategorien sailkapenak.

h) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

6. Antolamendua eta instrukzioa.

6.1. Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Kirol Zuzendariordetza Nagusia izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Eskatutako dokumentazio administratiboa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

6.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

6.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldean ezarri den errekerimendua jakinarazpen elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora zuzendua. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da soilik eskatzaileak berariaz adierazi badu, 3. eranskineko aitorpena sinatuz.

Alde horretatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, berak emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa eskuratzen duen unean.

Mezu elektronikoa eskuratzeak pentsarazten du jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki hori eskuratu duena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean edukia eskuratzen ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezua eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

7. Balorazio batzordea:

Eskaeren gainean ebazteko Balorazio Batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: NKGIko Kirol zuzendariorde nagusia, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Federazioen Bulegoko burua, “Larrabide Estadioa’’ Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria, Laguntzako Unitate Teknikoko burua eta Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoko burua. Ahalmena izanen du aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, deialdiaren oinarriekin bat, txostena egiteko eta ebazpen proposamena igortzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearekin bat.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. NKGIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

8.2. Deialdi honetan emandako diru-laguntzak, haien onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda (ukoaren arrazoia adierazita) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

8.3. Laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta NKGIko iragarki oholean (Arrieta kalea, 25) iragarkiak jarriz jakinaraziko da. Komunikabideen bidez, jakinarazpenaren berri emanen da.

8.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere diru-laguntzarik eskuratzeko.

9. Frogagiriak.

Frogagiria izanen da 5. oinarrian jasotako eskaera. Horri, diruz lagundutako jardueraren memoria labur bat erantsiko zaio.

10. Diru-laguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 9. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bi hilabeteko epean ordainduko da, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

11. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntzak jasotzen dituzten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, helburuak betetzen dituztela agiri bidez frogatu, eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Zein den kasua, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, merkatuko prezioetan, kontratatu direla frogatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.

c) Zuzeneko eta zeharkako diru-sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dituzte, jaso dituztenak eta jasotzeke daudenak, eta beste klub batzuekin egin dituzten joan-etorri guztiak azaldu. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Ematen den diru-laguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren edozein eratako publizitatean, NGKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Erraztasunak ematea NGKIri dagozkion kontrol eginkizunetan, diruz lagundutako lehiaketari buruz, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

f) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki betetzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

h) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.

12. Gardentasun-betebeharrak.

12.1. Entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak arautua (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua). Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jaso duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza bere negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazioa eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari.

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

12.2. Aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direla-eta entitate onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, hala dela dioen aitorpen bat aurkeztu beharko du.

12.3. Atal honetan aipatutako informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

12.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.5. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datuak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

12.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da aztergai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

13. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako diru-laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

14. Errekurtsoak.

14.1. Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

14.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

15. Legeria.

Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

2. ERANSKINA

Modulu aldakorrak kalkulatzeko metodoa

Aplikatzeko irizpideak.

Kontuan harturik diruz laguntzen ahal diren jardueren sailkapena (deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean jasoa), eranskin honen modulu aldakorren arabera kalkulatuko da diru-laguntza, eta nahitaezkoa izanen da behar den eskaera aurkeztea, “Bukatutako jarduerak. Banakako ebaluazio araubideko laguntzak” izeneko inprimakiaren bidez (3. eranskina).

Lehiaketetarako modulu aldakorra.

Oro har, ondotik zehazten den modulu aldakorra aplikatuko da, Nafarroatik kanpo joatea ekartzen duen kirol lehiaketa bakoitza bereizita.

1.–Kontuan hartu beharrekoak.

Diru-laguntza kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Joan-etorrietako distantzia. Hiru distantzia mota bereizten dira:

–Txikiak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Burgos, Zaragoza, Huesca, Logroño, Soria eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

–Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palentzia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid, Zamora eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

–Handiak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Las Palmas, Lugo, Málaga, Murtzia, Ourense, Pontevedra, Santa Cruz Tenerifekoa, Sevilla eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.

b) Parte-hartzaileen kopurua. Modulua aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

–Banakako kirolak:

Zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua.

4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Zerrendan ez dauden kiroletan, dagokion aktan inskribatutako pertsonen arabera erabakiko da kirolari kopurua.

  • Automobilismoa eta motoziklismoa: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotu bat, teknikari bat eta ibilgailu bat.
  • Ziklismoa: 8 ziklistak baino gutxiagok parte hartzen duten joan-etorrietan, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. 8 ziklista edo gehiago badira, hiru hartuko dira kontuan.
  • Aire kirolak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotua(k), teknikari bat eta ibilgailu bat.
  • Kirol egokituak: joan-etorri bakoitzeko, kontuan hartuko dira parte hartzen duten kirolariak eta lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.
  • Hipika/Horseball-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: zaldizko bat, zaldi bat eta laguntzaile/prestatzaile bat. Taldeen kasuan, honela kalkulatuko da: jokalarien kopurua bider bi, gehi laguntzaile/prestatzaile bat.
  • Mushing-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: musher bat eta lera bat, eta beste unitate bat hartuko da kontuan parte hartzen duten lau txakurreko.
  • Piraguismoa, arrauna eta bela: joan-etorri bakoitzeko, 4 arraunlariko (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan.
  • Triatloia: joan-etorri bakoitzeko, 4 triatletako (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan.

–Talde-kirolak:

  • Badmintona: 8 parte-hartzaile.
  • Saskibaloia: 15 parte-hartzaile.
  • Eskubaloia: 19 parte-hartzaile.
  • Beisbola/Sofbola: 20 parte-hartzaile.
  • Futbola: 19 parte-hartzaile.
  • Areto futbola: 15 parte-hartzaile.
  • Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.
  • Pilota (zesta punta): 4 parte-hartzaile.
  • Pilota (erreminta): 6 parte-hartzaile.
  • Esku pilota: 5 parte-hartzaile.
  • Errugbia: 25 parte-hartzaile.
  • Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.
  • Boleibola: 15 parte-hartzaile.
  • Waterpoloa: 16 parte-hartzaile.

Taldeen atal honetan jasotako parte-hartzaile kopuruaren balorazioa handitu ahal izanen da, kontzentrazio sistemaren bidez egiten diren lehiaketetan, segun eta lehiaketa horretan zenbat parte-hartzaile onartu diren, federazioaren araudiaren arabera.

2.–Puntuazioak.

Eskaera bakoitzari puntu kopuru jakin bat dagokio (ondotik adierazten den moduan).

A) Mantenuaren puntuazioa.

Bazkari edo afari bakoitzagatik 2.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren mantenu kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.

–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.

–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

Mantenuen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren mantenu kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

B) Ostatu-gauen puntuazioa.

Ostatu batean egindako gau bakoitzagatik, gosaria barne, 6.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.

–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.

–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

Ostatu-gauen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

C) Joan-etorrien puntuak.

Joan-etorrietako gastuak Iruñetik probintzia bakoitzeko hiriburura joan eta etortzeko kalkulatuko dira. Joan-etorri bakoitzaren puntu kopurua honela kalkulatuko da:

–Autobusetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = kilometro kopurua bider 146, gehi 9.000 puntu autobusa gelditzen den egun bakoitzeko. Prozedura hori 12 lagunetik gorako bidaietan aplikatuko da.

–Auto partikularretan/trenetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = autoen kopurua bider egindako kilometroak eta bider 29, auto bakoitzeko 4 parte-hartzaile izanik. Prozedura hori 12 lagun arteko bidaietan aplikatuko da. Joan-etorria trenez egiten bada, kotxezko joan-etorriaren formula bera erabiliko da.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak. Kanarietako joan-etorrietarako, Iruña-Kanariak hegazkineko bidaia hartuko da kontuan, eta 45.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko. Balearretara joateko eta penintsulan barna hegazkinez bidaiatzeko, 30.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko.

3.–Emanen diren diru-laguntzak.

Diru-laguntza kalkulatzeko, mantenuaren, ostatu-gauaren eta joan-etorrien puntuazioa batuko da, eta gero, emaitza zuzenketa-indizearekin eta puntuaren balioarekin biderkatuko da. Hau da, ([A+B+C] x E x VP). Argigarriak:

–A = mantenuaren puntuak.

–B = ostatu-gauen puntuak.

–C = joan-etorrien puntuak.

–VP = puntuaren balioa: 0,00158713 euro.

–E = lehiaketaren maila-kategoria bakoitzaren zuzenketa-indizea.

–E = 2: kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren lehen maila eta gazteen ohorezko maila

–E = 1,60: kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren bigarren maila.

–E = 1,40: kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren hirugarren maila.

–E = 1,20: lehiaketa nazionalen beste maila batzuk, edo autonomia erkidegoen arteko ligak, kategoria absolutuko lehiaketa nazionaletara sailkatzeko balio dutenak, eta Espainiako txapelketetako beste final edo liga batzuk, azpiko kategorietan.

–E = 1: finalen aurreko sektore faseak azpiko kategorietako txapelketetan eta Autonomia erkidegoen arteko edo Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste liga edo lehiaketa batzuk, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

Iragarkiaren kodea: F1504167