Iragarkia
60. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
181/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, familia ugarientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen deialdiaren oinarriak onesten dituena, 2015. urterako.
Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea familia ugariei laguntzeko eta babes-ekintza horren neurriak arautzen dituen tresna da.
Legezko aurreikuspen horiek ekainaren 21eko 38/2010 Foru Dekretuan, Familia Ugariei buruzko Foru Legea garatzen duen horretan, izan dute segida; izan ere, 3. artikuluan jasotzen du gizarte gaietan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, familia arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren bitartez, koordinatuko dituela departamentu bakoitzak, zeinek bere arloan, familia ugariei ematen dizkieten zuzeneko eta zeharkako laguntzak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko.
Familia ugarientzako laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, 2015ean familia unitatean gertatzen diren aparteko eta beharrezko gastuak ordaintzeko, hau da, entzumen-protesiak, agindutako optikako gaiak (betaurrekoak edo ukipen lenteak, estetikaz bestelako arrazoiengatik behar direnean), ortodontziako eta ortopediako gaiak erosteko edo berritzeko behar direnak. Orobat, eta salbuespen gisa, interes publikokotzat jotzen baitira, bere garaian, kontu-sailean aurrekontu kreditu eskasiagatik ukatu ziren 2014ko deialdiaren araberako eskaerak babestu gogo dira.
Laguntza ekonomiko hauek, diru-laguntzak izanik, behin baizik ezin dira jaso. Gainera, laguntza horiek finalistak dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.
Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak aztertuta, agerian da, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek ematearen egokitasuna eta interes soziala, baita deialdiaren eta oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Familia ugariei laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea, entzumen-protesiak, eta optikako, ortodontziako eta ortopediako gaiak erosteko edo berritzeko 2015ean gertatzen diren beharrezko gastu bereziak ordaintzeko.
2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Familia ugarientzako laguntzak” izeneko 930002 94200 4809 231509 kontu-sailaren kargura.
3. Baldin eta eskabide guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitu ahal izanen da, aurrekontua handitzearen bidez.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Foru agindu hau Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzara eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Kontabilitate Zentrora igortzea.
Iruñean, 2015eko martxoaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehendabizikoa.–Xedea.
1. Deialdi honen helburua familia ugariei laguntza ekonomikoak ematea da, hurrengo beharrei aurre egiteko beharrezko gastu bereziak ordain ditzaten:
a) Entzumen-protesiak erosteko edo ordezteko.
b) Optikako gaiak erosteko edo ordezteko.
c) Ortopediako gaiak erosteko edo ordezteko.
d) Ortodontziako tratamenduak.
2. Laguntza ekonomiko hauek, diru-laguntzak izanik, behin baizik ezin dira jaso. Gainera, laguntza horiek finalistak dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.
Bigarrena.–Laguntzen onuradunak eta helburua.
1. Deialdi honetan jasotzen diren gastuei 2015ean aurre egin behar dieten familia ugarietako kideak dira laguntzen onuradunak, baita 2014. urteko deialdiaren arabera laguntza eskatu eta aurrekontuko kreditu eskasiagatik laguntza hori gabe gelditu diren familiak ere.
2. Familia ugariaren txartelean sartuta dauden kideentzako entzumen-protesiak eta optikako eta ortopediako gaiak erosteko edo ordezteko erabili behar dira laguntzak, baita ortodontziako tratamenduak egiteko ere.
Ez da diru-laguntzarik emanen eguzkitako betaurrekoak erosteko, ezta kontaktuko leiarretarako ere, baldin eta arrazoi estetiko hutsengatik erosten badira.
Hirugarrena.–Gehieneko aurrekontua.
1. Deialdi honetan baimendutako gehieneko gastutik (200.000 euro), hauxe izanen da diru-laguntzaren xedeko lerro bakoitzerako gehieneko zenbatekoa:
–10.000 euro, entzumen-protesiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
–75.000 euro, optikako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
–15.000 euro, ortopediako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
–100.000 euro, ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
2. Kasu horietakoren baterako aurreikusitako zenbatekoa agortzen ez bada, gainerako kasuetarako eskaerei emateko eta ordaintzeko erabiltzen ahalko da, haiek kreditu eskasiagatik laguntzarik gabe geldituz gero; halakoetan, eskaera zer egunetan jaso zen hartuko da aintzat.
Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.
1. Diru-laguntza bakoitzaren kopurua honakoa izanen da:
a) Entzumen-protesiak erosteko edo ordezteko diru-laguntzak:
–500 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.
–350 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.
b) Optikako gaiak erosteko edo ordezteko diru-laguntzak:
–160 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.
–120 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.
c) Ortopediako gairen bat erosteko edo ordezteko diru-laguntzak:
–250 euro, edo ortopediako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.
–150 euro, edo ortopedikoa gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.
d) Ortodontziako tratamenduetarako diru-laguntza:
–600 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.
–300 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.
Ortodontziako tratamenduen kasuan, luzeak direnez gero (urtebetetik gorakoak), 2015. urteko gastuak bakarrik jasotzen ahalko du diru-laguntza, eta 2015ean justifikatu eta egindako kostuaren zatiaren proportziokoa izanen da.
2. Deialdi honen ondorioetarako, fakturan ageri den prezioa izanen da kostua, eta hirugarrenen beste laguntza edo estaldura batzuekin laguntza edo estaldurarik gabe gelditzen den zatiak bakarrik izaten ahal du diru-laguntza eta, gehienez ere, diru-laguntzaren xedeko kontzeptu bakoitzerako adierazitako kopuruak.
3. Familia onuradunetako kideek behar adina laguntza eska dezakete, kontuan hartuz zein diren laguntza jasotzen duen familia unitateko kide bakoitzaren beharrak. Kide berarentzat ezin izanen da laguntza bat baino gehiago eskatu elementu bererako.
Bosgarrena.–Betebeharrak.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak lortu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Familia ugariaren txartelaren jabe izatea laguntzarako eskabidea aurkezten den unean.
b) Laguntzarako kontuan hartzen diren familiako kide guztiak Nafarroan erroldatuta izatea eta benetako bizilekua Nafarroan izatea, 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez ere.
c) Familia ugariaren txartelean ageri diren familiako kideak elkarrekin bizi direla frogatzea.
d) Familia unitatearen per capita errenta 13.848,22 eurotik beherakoa izatea.
Hauxe hartuko da familia-unitatearen per capita errentatzat: familia ugaria osatzen duten kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarriaren parte orokorra, deialdiaren zergaldiari dagokiona, zati familia ugariko kideen kopuruaren artean.
2015erako aurreikusitako errenta kanpainaren hasiera baino lehenagoko erosketa, ordezpen edo tratamenduen kasuan, 2014ko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. 2015erako aurreikusitako errenta kanpaina hasi ondoko erosketa, ordezpen edo tratamenduen kasuan, 2015eko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan.
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2015eko urriaren 15ean bukatuko.
2. Eskaerak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Abejeras kalea, 9; Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako gainontzeko tokietako edozeinetan, eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari zuzenduko zaizkio.
Horregatik, ez da kontuan izanen noiz sartzen den eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, baizik eta noiz sartzen den aurreko atalean aurreikusitako erregistroetako edozeinetan, non ez dagoen hitzarmenen bat Foru Administrazioaren eta Gizarte Zerbitzuaren titularra den toki entitatearen artean, edo non ez diren Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluan aipatzen diren udalerrietako udalak.
3. Laguntza eskaeraren eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakiak Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetzaren bulegoetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan eskuratzen ahal dira, baita www.navarra.es Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere.
4. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera eta, hala badagokio, haren ezkontideak edo bikotekideak; eta hura aurkeztearekin bat, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.
Familia unitatean 18 eta 25 urte bitarteko kiderik badago, haien baimen espresa beharko da aurreko lerroaldean aipatutako informazioa lortzeko.
5. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 10 egun naturaleko epean okerra zuzentzeko eskaera eginen zaio eskatzaileari, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.
Zazpigarrena.–Dokumentazioa.
1. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Erroldatze agiria, deialdi honetako bosgarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituena, goizenik hiru hilabete lehenago egina.
Erroldatze agiria benetako bizitokiaren proba ez bada, eskatzaileak benetako bizitokia frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, laguntzaren organo kudeatzaileak eskatuta.
b) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, bidezkoa denean.
c) Fakultatiboaren agindua, minantza dela-eta diru-laguntzan duen material baten premia dagoela adierazten duena.
d) Diruz lagundutako materiala erosi izana frogatzen duen agiria eta haren ordainagiria.
Ordainketa laburpen bankarioa aurkeztuz justifikatuko da, edo, eskudirutan ordaindu bada, ordainketa egin dela eta ordainketaren kontzeptua adierazten duen agiri sinatu eta zigilatuaren bidez. Ordainketa epeka egin bada, finantzabidearen berri ematen duen agiria aurkeztuz justifikatuko da ordainketa.
Ortodontziako tratamenduaren kasuan, fakultatiboak egindako aurrekontua beharko da aurkeztu, baita ordaintzeko modua, epeak eta data eta 2015ean egindako ordainketen frogagiriak ere.
e) Familia unitateari diruz laguntzen den materiala erosteko edo berritzeko onetsi zaizkion laguntza guztien aitorpena, laguntza ekonomiko honekin bateragarriak ote diren baloratzeko eta, bidezkoa denean, eman beharreko zenbatekoa baloratzeko.
f) Harreran edo tutoretzapean diren 18 eta 15 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia unitatearen parte direnez, langile-bizitzaren ziurtagiria eta diru-sarreren frogagiria, lan egiten badute eta, bestela, lanik egiten ez dutela dioen aitorpena.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean, edo lehendik haren esku dauden agiriak badira. Kasu horretan, eskatzaileek identifikatu beharko dute zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.
Zortzigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.
1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzaren Familien Atalari esleitu zaizkio aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.
2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean tramitatu eta ebatziko dira espedienteak. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.
Bederatzigarrena.–Ebazpena.
Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, arrazoiak azaldurik, eta eskatzaileari ebazpena jakinaraziko dio, eskabidea aurkeztu zenetik hiru hilabete iragan baino lehen. Dagozkion diru-laguntzak emanen dira horretarako kreditua dagoen bitartean.
Diru-laguntza ematen duen ebazpenean hauek jasoko dira: onuraduna, diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedeko kontzeptuak.
Aipatutako epean jakinarazten ez bada eta berariazko ebazpena ematen ez bada, ezetsitzat joko da.
Hamargarrena.–Ordainketa.
Ordainketa bakar baten bidez emanen da laguntza, ordainketa transferentzia bidez egiteko aurkeztutako eskaeran ageri den kontu korrontean.
Hamaikagarrena.–Onuradunen betebeharrak.
1. Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.
2. Laguntzen onuradunek Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.
Hamabigarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.
Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk (aseguruak, eta abar) helburu bererako ezar dezaketen edozein laguntzarekin. Diru-sarrera guztiak eta onartutako diru-laguntzak, batera, ezin dira inoiz izan erositako materialaren edo egindako tratamenduaren kostuaren %100 baino handiagoak.
Hamahirugarrena.–Diru-itzulketak.
1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta diru-laguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutza interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.
Hamalaugarrena.–Argitaratzea.
Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.
Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.
1. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
2. Deialdi honen aplikazio egintzen kontra, bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Hamaseigarrena.–Legeria aplikagarria.
Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F1503944
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
