60. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

142/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen VIII. Kalitate Sarirako deialdia egiten duena.

Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak eginkizunak esleitzen dizkio departamentuari; besteak beste, kalitatearen hobekuntza sustatzea, lortu beharreko helburu garrantzitsuenetako bat baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean xedatutakoaren esparruan.

Eskumen hori gauzatzeko, departamentuak, “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioarekin elkarlanean, “Nafarroako Gizarte Zerbitzuen VIII. Kalitate Sarirako” deialdia egin du, urtero deitzen baita.

Gizarte zerbitzuen kalitatea osoko kontzeptu gisa ulertu behar da, erabiltzaileen bizi-kalitatea bermatzen lagundu behar duena, haiek sistemaren erdigunea direla.

Deialdi honetan jardunbide egokiak aplikatzen dituzten entitateen lana jendaurrean aitortzen segituko da, bai gizarte zerbitzuen erabiltzaileen arretaren arloan, bai enpleguaren kalitatean edo/eta antolakundeen kudeaketa hobetzen.

Pertsonen eskubideei eta bizi-kalitateari buruzko modalitateari dagokionez, jardunbide egokiak bultzatu nahi dira, pertsonek egunero eman dezaten iritzia eta erabaki dezaten beren zainketari buruz eta beren harreman eta jarduerei buruz, horrela askatasun handiagoa izanen baitute beren eguneroko bizitza kudeatzeko. Hortaz, haien eskubideen eta nahien errespetuan oinarritzen da arreta, horren ondorioz erabakiak hartzeko orduan zenbait arrisku hartu behar badira ere.

Horregatik, epaimahaiarentzat lehentasunezko irizpidea izanen da autonomia pertsonala eta erabakiak hartzea zenbateraino sustatzen den.

Enpleguaren kalitateari edo/eta antolakundeen kudeaketa hobekuntzari buruzko parte-hartzeari dagokionez, lan arauditik haratagoko ekintzak bultzatu gogo dira, antolakundean lan egiten dutenen bizi-kalitatea hobetzearren, lankidetzarako eta elkarri laguntzeko jarrerak ezarriz, aniztasuna kontuan hartuz, ongizatea bilatuz eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak kentzeko ekintzen mesede arituz.

Enpleguaren kalitatea hobetzeak zerbitzuaren eraginkortasuna eta eragimena hobetzen laguntzen du. Lanaren barne-antolaketa ona izateak, kudeaketa pertsonalak egiteko malgutasuna edukitzeak, prestakuntza planak izateak, gizarteratzeko zailtasunak dituzten langileak kontratatzeak, lan baldintza onak ezartzeak eta antzeko jokabideek laneko gogobetetze-maila eta entitatearen partaide izatearen sentimendua handitzen laguntzen dute. Gainera, laneko errendimendua eta pertsonei eta familiei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzen dute.

Antolakundeen kudeaketa hobetzeak emandako zerbitzuaren eragimena eta eraginkortasuna hobetzen ere laguntzen du. Plangintza bat izatea, baita liderren sostengua ere, prozesuen arabera kudeatzea, prestakuntza planak izatea, laneko taldeak egitea eta adierazleen bidez ebaluatzea lagungarriak dira erabiltzaileei zerbitzua emateko, erabateko kalitatean oinarritzen den arreta-eredu bat baliatuz.

Sariaren zortzigarren deialdi honen bidez, esan denarekin bat datozen jardunbide egokiak aplikatzen dituzten entitateen lana jendaurrean aitortu nahi da, egunero gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzen diharduten horiei, hain zuzen ere.

Horregatik guztiagatik, sariaren helburua mantentzen da: pertsonenganako arreta eta enpleguaren kalitatea edo/eta antolakundeen kudeaketaren hobekuntza helburu dituzten jardunbide egokiak zabaltzea eta jakitera ematea, beste esparru batzuetara heda daitezen eta beste entitate eta zentroentzat pizgarri izan daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Nafarroako Gizarte Zerbitzuen VIII. Kalitate Sarirako” deialdia egitea, ondoren ematen diren oinarri arautzaileei jarraituz.

2. 3.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako “Kalitatea zabaltzeko jardunaldiak” izeneko 900001 91400 2266 231000 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru Agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta haren Kontabilitate Zentrora, eta Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko otsailaren 25ean.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen VIII. Kalitate Sariaren bidez, Nafarroan gizarte zerbitzuetan diharduten entitateak saritu nahi dira, honako bi modalitate hauetako batean jardunbide egokiak aplikatu dituztenak:

–Gizarte zerbitzuen erabiltzaileenganako arretan, haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

–Enpleguaren kalitatean edo/eta antolakundeen kudeaketaren hobekuntzan.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da “jardunbide egokitzat”: sendotu eta ezarriak dauden esperientzia, programa edo proiektuetatik datozen jardunbideak, ematen diren zerbitzuen kalitatea hobetzen dutenak eta/edo atzemandako arazo edo behar bat konpontzen dutenak.

2.–Bi modalitateetarako hartzaileak.

Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuek parte hartzen ahalko dute, irabazi asmoa izan edo ez.

3.–Sariak.

Sari bana emanen da modalitate bakoitzeko:

Sari bakoitzaren zuzkidura 3.000 eurokoa izanen da, eskudirutan.

4.–Hautagaiak aurkeztea.

4.1. Interesa duten entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2015eko ekainaren 30a baino lehen (egun hori barne):

a) Eskabidea, I. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, behar bezala betea eta sinatua, non zehazki aipatuko den zein modalitatetan lehiatu nahi den. Eredua Nafarroako Atarian dago eskuragarri, zerbitzuen katalogoan.

b) Jardunbide egokia azaltzeko memoria, lehiatu nahi den modalitate bakoitzerako bat, II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera idatzia. Eredua Nafarroako Atarian dago, zerbitzuen katalogoan.

Memoria A4 formatuan aurkeztuko da, lerroarte bakunean idatzia, ‘’Arial’’ letran, 11 tamainan, eta euskarri informatikoan (Word formatuan). 20 orriko luzera izanen du gehienez. 20 orrialde baino gehiago aurkezten dituzten hautagaien memoriak baztertuko dira. Memoriek ezin izanen dute eranskinik izan.

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1. Entitatearen aurkezpena.

2. Laburpena: memoriaren edukiaren azalpena (20 lerro gehienez).

3. Aurretiazko diagnostikoa: atzemandako beharrak, hobekuntza-ildoak, helburuak, tresnak eta ebaluazio metodoak.

4. Proiektuaren testuingurua: inplikatutako zerbitzu eta prozesuen deskribapena, inplikatutako pertsona edo unitateak, erabili beharreko baliabide material eta ekonomikoak.

5. Ezarpen prozesua: antolaketarako jardunbide egokia abian jartzeko behar diren faseen deskribapena (ikuspegia eta ekintzen garapena).

6. Emaitzak: lortutako hobekuntzak eta horiek baloratzeko erabilitako adierazleak, neurtutako emaitzak, joerak eta erabiltzaileen gogobetetzearen neurketa.

7. Berrikuntza eta moldagarritasuna: izaera berritzailea eta noraino aplikatu daitekeen beste erakunde batzuetan.

c) Aurkezten diren jardunbide egokiak erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.

4.2. Hautagai proposamenak Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta Gizarte Politiketako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, Iruña). Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako baliabideen bidez aurkez daitezke.

4.3. Behin hautagai proposamenak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehenengo hautaketa egin dezakete, eta memoriak epaimahaiari igorriko zaizkio, saria nori eman erabaki dezan.

4.4. Beste sari batzuetan sarituriko praktikak ez dira aintzakotzat hartuko.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahai bakarra izanen da bi modalitateetarako.

Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Gizarte Politiketako kontseilaria.

–“Tomás y Lydia Recari García” fundazioko kide bat.

–Hala gizartean nola kalitatearen eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten hiru pertsona. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia eta ‘’Tomás y Lydia Recari García’’ fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikide horiek, eta horietariko bat izanen da epaimahaiburua.

–Gizarte Politiketako Departamentuko Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Epaimahaiaren osaera haren erabakiarekin batera argitaratuko da.

5.2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

5.3. Epaimahaiak hautagaiak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta hautagai diren entitateak “in situ” bisitatzen ahalko ditu.

5.4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.

6.–Balorazio irizpideak.

6.1. Gizarte zerbitzuen erabiltzaileei ematen zaien arretan oinarritutako modalitaterako, haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Erabiltzaileei arreta emateko jardunbide egokiak, gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateek burutzen dituztenak arlo hauetako batera bideratzea:

–Erabiltzaileen ongizate bio-psiko-soziala hobetzea: segurtasuna, mendekotasunak kentzea, guneak aldatzea giro-berotasuna lortzeko, menuak egokitzea, ordutegiak, etab.

–Eskubideak benetan egikaritzea: arreta pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, eguneroko bizitzan intimitatea eta pribatutasuna izateko eskubidea, parte hartzekoa, etab.

–Garapen pertsonala: prestakuntza, trebetasunak sustatzea, aisialdia, etab.

–Pertsonen arteko harremanak eta gizarteratzea sustatzea (erabiltzaileak, familiak, gizartea).

–Autonomia pertsonala sustatzea, aukera izanik, benetan, hautatzeko eta erabakiak hartzeko.

–Esku-hartzeetan diziplinarteko ikuspegia lantzea.

–Banakako Arretaren Planaren inplementazioa eta jarraipena, lehentasuna emanez erabiltzailearen parte-hartze aktiboari, bizitzeko moduaren gainean erabakiak hartzeko orduan eta bere lehentasunak aukeratzeko orduan.

b) Autonomia pertsonala sustatzea, non lehentasunezkoa izanen baita hautatzeko eta erabakiak hartzeko aukera benetan izatea. Epaimahaiak bereziki baloratuko ditu pertsonek beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeari lehentasunezko tokia ematen dioten jardunbide egokiak.

c) Jardunbide egoki horiek gizarte zerbitzuen beste eremu batzuetara zabaldu ahal izatea, ezarri direnetatik aparte.

d) Baloratu beharreko jardunbide egokiek zenbat dimentsiotan (horiek 6.1a irizpidean aipatu dira) izan duten eragina.

e) Epe luzera ebaluatzen ahal diren emaitzak lortzea.

f) Aurkezten den jardunbide egokia berritzailea izatea.

g) Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi.

6.2. Enplegu kalitatearen eta antolakundeen kudeaketa hobekuntzaren modalitaterako, epaimahaiak ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

Enplegu kalitatearen jardunbide egokiak eta antolakundeen kudeaketa hobetzekoak arlo hauetako batera bideratzea:

–Garapen profesionala: lanpostuen definizioa eta deskripzioa, langile beharren plangintza, prestakuntza lanean eta lanetik kanpo, sustapena, hitzarmen kolektiboen indarraldia, eta abar.

–Antolakundeko kideen bizi kalitatearen hobekuntza: instalazioak, giro gozoa, laneko arriskuen prebentzioa, laneko segurtasuna eta osasuna, gatazkak konpontzeko bideak, soldata aldeak kentzea, lana eta familia uztartzea, estresa kudeatzea, eta abar.

–Lanean txertatzea: egoera okerrenetan daudenak eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan daudenak laneratzea: emakumeak, 45 urtetik gorako langabeak, desgaitasunak dituzten pertsonak, iraupen luzeko langabeak, genero indarkeriaren biktimak, gaixotasun mentalen bat dutenak eta abar.

–Diziplina arteko lan taldeak sortzea, identifikatzeko zer hobekuntza dauden bideratuta antolakundeko kideen talentua, sormena eta berrikuntza garatzera.

–Barneko eta kanpoko komunikazioa hobetzea: etengabeko komunikazioa, ezagutzaren hedapena eta antolakundearen kanpoko zein barreneko lorpenena bultzatzen duten tresnak.

b) Edizio honetan, lehentasunezkoa izanen da hobekuntzak identifikatzeko diziplina arteko lan taldeak sortzea; hortaz, alde horri berariaz heltzen dioten jardunbide egokiak bereziki hartuko ditu aintzat epaimahaiak.

c) Jardunbide egoki horiek gizarte zerbitzuen beste eremu batzuetara zabaldu ahal izatea, ezarri direnetatik aparte.

d) Baloratu beharreko jardunbide egokiek zenbat alderditan (horiek 6.2 a irizpidean aipatu dira) izan duten eragina.

e) Epe luzera ebaluatzen ahal diren emaitzak lortzea.

f) Aurkezten den proposamenaren berritasuna.

g) Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi.

7.–Sarien publizitatea.

Epaimahaiaren erabakia hartzen den egunean berean argitaratuko da, eta sariak 2015eko azken hiruhilekoan emanen dira.

Gizarte Politiketako kontseilariak emanen du ofizialki saria, foru agindu baten bidez. Saridunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Gizarte Politiketako Departamentuak sariak eta saridunak komunikabide arrunt eta espezializatuetan sustatzeko ahaleginak eginen ditu.

8.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek isiltasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Gizarte Politiketako Departamentuak, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, telefonoz eta posta elektronikoz emanen ditu deialdiaren oinarri arautzaileei buruzko argibideak.

9.–Deialdiaren onarpena.

Deialdian parte hartzeak berarekin dakar oinarriak osorik onartzea eta aurkezten diren lehiakide guztiak haien mende egotea.

10.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

11.–Errekurtsoak.

Foru agindu honen kontra eta sariaren gaineko ebazpena ematen duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuan, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1503402