1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
44/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da zer hedadura, baldintza eta iraupen izanen duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskapena egiteko Noaingo Udalak bereganatutako eskuordetzeak, udal kuotei dagokienez, eta zer hedadura, baldintza eta iraupen izanen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak zerga horren ikuskapena egiteko udal horrekin ezarritako lankidetzak, lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 158.3 artikuluak ezarritakoaren arabera, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskapena “Foru Komunitateko Zerga arloko Administrazioaren organo eskudunek eginen dute, alde batera utzi gabe Nafarroako udalei eta toki entitateei ematen ahal zaien eskuordetzea, hala eskatzen badute, eta ezartzen ahal diren lankidetza bideak, hori guztia Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarritako hedadura, baldintzak eta iraupena kontuan hartuta”.
Bestalde, Zerga hori kudeatzeko arauak ezartzen dituen azaroaren 11ko 614/1996 Foru Dekretuak 16. artikuluan dio “zerga horren ikuskapen eginkizunak udalei esleitzen ahal zaizkiela, hala eskatzen badute, udal kuoten tributazioari dagokionez soilik”.
Noaingo Udalak, aipatu arauek ematen dituzten aukerez baliaturik, jarduera ekonomikoen gaineko zerga udal kuotei dagokienez ikuskatzeko eskuordetzea eskatu dio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari. Aldi berean, zerga hori lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez ikuskatzeko lankidetzan aritzea ere eskatu du.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen arteko harremanek koordinazioaren, lankidetzaren, laguntzaren eta elkar informatzearen printzipioak izan behar dituzte oinarri, bakoitzaren eskumen esparruak errespetatuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 58. artikuluak xedatzen duen moduan.
Onuragarria izanen da oso bi erakunde horien xedeak betetzeko eta, bereziki, zerga iruzurraren kontrako borrokaren eraginkortasuna hobetzeko, bai Noaingo Udalari jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskapena eskuordetzea, hark ordainarazi behar dituen udal kuotei dagokienez, bai zerga horretan lankidetzan aritzea, lurraldeko edo nazioko kuotei dagokienez.
Aipatu udalak arlo horretako zereginetan aritzeko baldintzak betetzen ditu, beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak baititu.
Beste alde batetik, bidezkoa da foru agindu bat onestea, eskuordetzearen eta lankidetzaren hedadura, baldintzak eta iraupena zehazteko.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Lehena.–Noaingo Udalari ikuskapena eskuordetzeko araubidea.
Noaingo Udalari jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ikuskapena eskuordetzea, udal kuotei dagokienez, eta eskuordetze horren hedadura, baldintzak eta iraupena onestea:
a) Noaingo Udalak zerga horren ikuskapena eginen du, udal kuotei dagokienez, hau da, Noaingo udalerrian egiten diren jardueren gaineko kuotei dagokienez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeak emandako Jarraibidearen 17. arauan xedatutakoarekin bat.
b) Eskuordetzea 2015eko urtarrilaren 1ean preskribituta ez dauden zergaldi guztietara hedatuko da, eta horretatik kanpo geldituko dira Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko organoek jada hasiak dituzten jarduketak, barnean hartzen dituzten subjektu pasiboei eta zergaldiei dagokienez.
c) Eskuordetzeak baldintza hauek izanen ditu:
1.a. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga kudeatzeko arauak ematen dituen azaroaren 11ko 614/1996 Foru Dekretuaren 16.1 artikuluan ezarritako eginkizun guztiak jasoko dira eskuordetzarekin batera.
Egiaztapen eta ikerketa jarduketak gauzatzeko, Noaingo Udalak:
1.–Ikuskapen planak prestatuko ditu, urte baterako edo zenbait urtetarako.
2.–Ikuskapen jarduketak eginen ditu.
3.–Aktak eginen ditu.
4.–Horien ondoriozko likidazio egintzak eta diru-bilketako jarduketak gauzatuko ditu.
5.–Jarduketen ondorioz zentsuan egin beharreko aldaketak eginen ditu.
6.–Zerga ikuskapeneko jarduketen ondorioz zentsuetan edukiak sartu, atera edo aldatzen direnean, horren berri interesdunei emanen die.
7.–Zerga arloan eragina duen informazioa lortuko ditu.
2.a. Ikuskapen planak Noaingo Udalak egin beharko ditu, aplikazioaren aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen. Horren ondoren, foru agindu honen bosgarren atalean aipatzen den batzorde teknikoak aztertuko du plana, eta onets dadila proposatuko dio, aldaketak izan badira horiek barne, Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariari. Onespena hurrengo urtarrilaren 1a baino lehen eman beharko da. Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak emandako onespena, batetik, eta Ikuskapen Planean sartzea, bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluan ezarritakoarekin bat (ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretua), honako eremu hauetan gauzatuko dira: Ikuskapen Planaren oinarri diren sektoreetan, jardueretan eta hautapen irizpideetan, hau da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak onetsietan. Horren berri zuzendari horri emanen zaio.
2015eko ekitaldirako lehen Ikuskapen Plana foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean prestatu eta onetsiko da.
3.a. Noaingo Udalak inprimaki ereduak onetsiko ditu ikuskapen jarduerak agirietan agertzeko. Foru agindu honen bosgarren atalean aipatzen den batzorde teknikoak gainbegiratuko ditu eredu horiek.
4.a. Noaingo Udalak, urte bakoitzeko lehen sehilekoan, eskuordetzearen bidez aurreko urtean egindako jarduketak jasoko dituen memoria aurkeztuko du. Memoria horretan azalduko dira bai jarduketen eboluzioa ikusten lagunduko duten datu estatistikoak bai jarduera ekonomikoen gaineko zergak dakartzan zerga betebeharren betetze maila.
Memoria prestatu eta aurkezteko formatua eta prozedura foru agindu honen bosgarren atalean aipatutako batzorde teknikoak ezarriko ditu.
Bigarrena.–Noaingo Udalarekin lankidetzan aritzeko araubidea.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak eta Noaingo Udalak jarduera ekonomikoen gaineko zerga lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez ikuskatzeko izanen duten lankidetzaren hedadura, baldintzak eta iraupena ezartzen dira:
a) Lankidetza horren barnean sartuko da jarduera ekonomikoen gaineko zerga ikuskatzea lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez, hain zuzen ere Noaingo Udalak ordainarazi beharreko kuotak subjektu pasiboaren helbide fiskala udal horren mugapean dagoenean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeak emandako Jarraibidearen 17. arauan xedatutakoarekin bat.
b) 2016ko urtarrilaren 1ean preskribituta ez dauden zergaldi guztietara hedatuko da lankidetza.
c) Noaingo Udala jarduera ekonomikoen gaineko zerga ikuskatzeko lankidetzan arituko da, lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez betiere, baldintza hauek betez:
1.a. Noaingo Udalak Ikuskapen Plana prestatuko du aplikatu aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen. Plan horretan agertuko dira planaren edukia eta iraupena eta jarduketetan arituko diren udaleko langileak.
Lehen Ikuskapen Plana 2015. urtean prestatuko da eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du indarra.
2.a. Noaingo Udalak aurkezten dituen ikuskapen planak onetsi edo aldatzeko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izanen du.
Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak emandako onespena, batetik, eta Ikuskapen Planean sartzea, bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluan ezarritakoarekin bat (ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretua), honako eremu hauetan gauzatuko dira: Ikuskapen Planaren oinarri diren sektoreetan, jardueretan eta hautapen irizpideetan, hau da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak onetsietan. Horren berri zuzendari horri emanen zaio.
3.a. Noaingo Udaleko funtzionarioek jarduera ekonomikoen gaineko zerga ikuskatzen dutenean lurraldeko eta nazioko kuotei dagokienez, eginbideak eta jakinarazpenak erabiliko dituzte horretarako.
Agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 47. artikuluan eskatutako baldintzak bete beharko dituzte. Ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.
Udalak egindako jarduketak jasorik, Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak bidezkoak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu tributudunaren egoera erregularizatzeko; horretarako, eginbideak egin eta iikuskapen aktak ireki eta bidezkoak diren zerga likidazioko egintza administratiboak gauzatuko ditu.
4.a. Urte bakoitzeko urtarrilean, aurreko urtean irekitako akten emaitza igorriko zaio Noaingo Udalari.
Ikuskapen akta horien ondorioz Nafarroako Zerga Ogasunak jasotzen dituen kopuruak (kuotak, interesak eta zehapenak) Noaingo Udalari transferituko zaizkio, kobratu ondoko urteko urtarrilean.
5.a. Jarduketa teknikak eta informazio iturriak zehazteko, irizpideak bateratzeko eta jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokion ikuskapenerako lana ongi egiteko xedez, Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak zehaztuko ditu egin beharreko lan bilerak. Nafarroako Zerga Ogasuneko zergen ikuskapeneko funtzionarioak eta Noaingo Udalekoak, komeni direnak, joanen dira bileretara.
Hirugarrena.–Ikuskatzaileak.
Noaingo Udalak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari emanen dio foru agindu honetan aipatutako ikuskapen jarduketak eginen dituzten funtzionarioen zerrenda. Funtzionario horien izen-deiturak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira.
Funtzionario horiek behar bezala egiaztatuta egon beharko dute beren zereginetarako, eta agintaritzaren agente izanen dira jarduketetan, Nafarroako Zerga arloko Administrazioaren Zerga Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan, ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuan onetsian, ezarritakoari jarraikiz.
Laugarrena.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren eta Noaingo Udalaren arteko laguntza eta komunikazioa.
a) Noaingo Udalak konpromisoa hartzen du Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak prestatutako aplikazio informatikoa erabiltzeko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kudeaketarako. Azaroaren 11ko 614/1996 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeko prestatu zuen.
Zergaren kudeaketak sorrarazten dituen aldaketei buruzko jakinarazpena edo informazioa hileko lehen bost egunetan emanen da, aurreko hileko aldaketei dagokienez. Ikuskapen lana egitean sortzen diren aldaketei buruzkoa ere sartuko da.
b) Ikuskapenaren ondorioz jarduera ekonomikoen gaineko zergaren zentsuetan izaten diren aldaketak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentura igorriko ditu Noaingo Udalak, foru agindu honen bosgarren atalean aipatutako batzorde teknikoak ezartzen dituen epeak eta zehaztasunak kontuan hartuta (hiru hilean behin gutxienez).
c) Aipatu dena eta foru agindu honetan ageri diren informazio betebeharrak alde batera utzi gabe, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak eta Noaingo Udalak:
–Elkarri emanen diote informazioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga elkarren artean kudeatzeko.
–Beren zereginak betetzeko behar duten laguntza emanen diote elkarri, bai eta eskatzen dituzten datuak eta aurrekariak ere.
Bosgarrena.–Batzorde Teknikoa.
Batzorde tekniko bat eratuko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko hiru ordezkarik eta Iruñeko Udaleko beste hiruk osaturik, eta informazioa trukatzeko beharrezkoak diren neurriak eta zehaztasun teknikoak prestatu eta proposatuko ditu, bai eta eskumenak modu koordinatuan eta foru agindu honetan ezarritako baldintzei jarraikiz erabiltzen direla bermatzeko beharrezkoak direnak ere.
Batzorde teknikoa bi administrazio horietako edozeinen eskariz bilduko da.
Seigarrena.–Iraupena. Uko egitea eta baliogabetzea.
Foru agindu honen lehen eta bigarren ataletan ezarri den hasiera bateko hedadura kontuan izanda, bai eginkizunen eskuordetzak bai lankidetzak iraupen mugagabea izanen du.
Eskuordetzak eta lankidetzak indarra izanen dute, honako kasuok gertatzen ez badira behintzat:
a) Noaingo Udalak berariaz uko egitea, erabaki baten bidez. Uko egitearen berri Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari eman eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eskuordetzea eta lankidetza amaitzeko foru agindua. Argitara eman eta hurrengo urte naturaleko lehen egunetik hasita izanen ditu ondorioak.
b) Foru agindu baten bidez baliogabetzea. Baliogabetzeak ondorioak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo urte naturaleko lehen egunetik hasita. Ikuskapenaren eta lankidetzaren eginkizunetan lortutako eraginkortasunaren arabera eginen da baliogabetzea.
Nolanahi ere, hasita dauden jarduketek amaitu arte jarraituko dute.
Zazpigarrena.–Igortzea.
Foru agindu hau Noaingo Udalari eta Nafarroako Zerga Ogasuneko Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariari igorriko zaie.
Zortzigarrena.–Argitaratzea eta indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko otsailaren 24an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1503000