1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
75E/2015 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Mezkirizko 13. poligonoko 497. lurzatian betelanaren proiekturako, Erroibarko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.
2014ko azaroaren 14an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Proiektatutako jarduketan, 3.972 m³ lur eta harri zabaldu eta egokituko dira Mezkirizko 13. poligonoko 497. lurzatian (Erroibar). Metro kubiko horiek lurralde naturaletako hondealanetatik eta Mezkirizko euri urak husteko sareak berritzeko, argiteria publikoa berritu eta zabaltzeko eta zoladura egiteko obretako soberakinetatik datoz, enpresa sustatzailea horien esleipen-hartzailea izan baita.
Lurzatia belaia da (lehorreko belarkiko erabilera). Haren topografia malda apaleko hegala da, urak hurbileko Erro ibaira eramaten dituen errekaren azken tarteko ezkerreko bazterraren ondoan. Lurzatiaren azaleratik (19.050 m²), 9.267 m² baino ez dira okupatuko, lurzatiko goiko aldean, erreka horretako polizia-eremutik kanpo. Betelanaren eta lurralde naturalaren arteko trantsizioan ez da ezpondarik sortuko.
Lurzatiko landare lurra kenduko da soberakinetako lurrak zabaldu baino lehen, eta, modelatua bukatu ondoren, berriz paratuko da, 0,20 cm-ko lodierako geruza batean. Egokituko da eta belar eta zur espezieen nahasketarekin ereinen da, hazien dosia 32gr/m²dela. Haietatik, %98 belarkiak izanen dira (Ray-grass) eta %2 bertako zuhaixkak.
Erroibarko Udalak, 2015eko otsailaren 13an, aldeko txostena egin du. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atala aldeko txostena egin du proiektuaz, ez baita alternatiba bideragarririk aurkitu eremu zabal batean, ez EEHen plantan deuseztatzeko ez eremu hondeatuak lehengoratzeko. Betiere, ebazpen honetan ingurumena babesteko eta zaintzeko zehaztutako neurriei heltzen bazaizkie.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Mezkirizko 13. poligonoko 497. lurzatian betelanaren proiekturako, Erroibarko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones Mariezcurrena SL da.
2. Baimen honetarako, ingurumena babesteko eta kontrolatzeko neurriak aplikatu beharko dira, sustatzaileak aurreikusi dituenak, eta batik bat honako hauek:
–Obrako soberako lurrak proiektuko eremura bota baino lehen, hango landare lurra kenduko da, eta kutsatu gabe gordeko. Lurraldearen modelatuaren ondoren, eremuaren gainean zabalduko da geruza batean, berriz landareztatzeko prest utzita.
–Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak ezin dira bota, salbu eta hondeatzetik garbi dauden lurrak eta harriak.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Erroibarko Udalari, Mezkirizko Kontzejuari, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko otsailaren 25ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1503163