Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
600/2015 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, ikastetxeetan berariazko proiektu edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketarako deialdia onesten duena.
Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen da. 2.1 eta 2.2 artikuluen arabera, oro har, Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketak deituko ditu ikastetxeetan hastear diren edo hasi berriak diren berariazko programa edo proiektuak aztertu edo ezartzeko lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko.
Orobat, xedapen gehigarri bakarraren arabera, foru dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako deialdiak, gaur egun ikastetxeetan berariazko proiektu eta programetarako zerbitzu eginkizunetan betetzen diren lanpostuei dagokienez, araua argitaratu eta ondoko bi urteetan onetsiko dira.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu eskudunek ikasturte honetan zenbait programa eta proiektutarako deialdia egiteko proposamenak jaso ondoren, bidezkoa da deialdiak onestea ikastetxeetan berariazko proiektu edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketetarako.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 15/2011 Ebazpenak eman dizkidan eskudantziak erabiliz, bidezkoa da:
1. Deialdia onestea ikastetxeetan berariazko proiektu edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketarako.
2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera, Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
MEREZIMENDU LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehena.–Merezimendu lehiaketarako dei egin da, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz, ikastetxeetan berariazko proiektu edo programa hauek aztertu eta ezartzeko lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko:
PROIEKTU/PROGRAMA | IKASTETXEA | LANPOSTU KOPURUA | LANSPOSTUEN EZAUGARRIAK |
Proiektuetan oinarritutako lantaldeen koordinazioa Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan | Uharte BHI | 1 | I. eranskina |
Enplegua lortzeko gaitasunak garatzea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako diziplinarteko proiektuetan | Uharte BHI | 1 | II. eranskina |
Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza garatzea Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloan | Uharte BHI | 1 | III. eranskina |
Gatazketan bitartekari izateko eta haiei aurre egiteko taldearen arduraduna eta prozesu pertsonaletan laguntzaile izateko proiektuen koordinatzailea | Uharte BHI | 1 | IV. eranskina |
Ikaskuntza erkidegoak | Jauntsarasko Oihanzabal HLHIP | 1 | V. eranskina. |
Berbintzanako Río Arga HLHIP | 1 | ||
Mendigorriko Julián María Espinal Olcoz”HLHIP | 1 | ||
Iruñeko Garcia Galdeano HLHIP | 1 | ||
Iruñeko Nicasio De Landa HLHIP | 1 | ||
Pentazitatea | Iruñeko Julio Caro Baroja BHI | 9 | VI. eranskina. |
Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren diseinua eta ezarpena | Lakuntzako Luis Fuentes HLHIP | 1 | VII. eranskina |
Lizarrako Tierra Estella BHI | 1 | ||
Tuterako Valle del Ebro BHI | 1 | ||
Azagrako Reyno de Navarra DBHI | 1 | ||
San Adriango Ega BHI | 1 | ||
Iruñeko Iturrama BHI | 1 |
Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintza orokorrak.
Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:
–Irakasle funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.
–Jardunean egotea 2015eko irailaren 1ean.
Orobat, ebazpenaren eranskinetan lanpostu bakoitzerako eskatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea.
Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute; eskabidearen eredua interesdunen eskura izanen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Eskabidea, halaber, Hezkuntza Departamentuaren web orrian egonen da.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, ikastetxeetako zuzendariek luzatuak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emanak.
Parte hartzeko eskabideak eta, hala bada, erantsitako agiriak ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Hamar egun balioduneko epea izanen da eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.
1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es). Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak ere agertuko dira.
Argitaratze horren bidez, izangai guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.
Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta/edo parte hartzeko eskabidearen eta erantsitako agirien akatsak zuzentzen Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez, Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es webgunean argitaratzen diren egunetik bost egun balioduneko epean.
2. Epe hori iraganik, modu berean, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Gizarte Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak agertuko dira.
Argitaratze horren bidez, izangai guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.
Ebazpen horretan aurkezpen ekitaldia egiteko eguna eta tokia finkatuko dira.
3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko dira behin betiko zerrendak, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira.
Seigarrena.–Hautapen sistema.
1. Hautatua izan ahal izateko, izangaiak nahi duen lanpostuaren eginkizunei lotutako memoria edo proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren zehaztapenekin bat.
Memoria edo proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortu ez dutenak baztertuko dira.
Lortzen den puntuazioa epaimahaikideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da.
Izangai bakoitzak epaimahaiari azaldu beharko dio memoria edo proiektua, ahoz, 30 minutuz gehienez. Gero, epaimahaiak ahoz eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, 15 minutuz gehienez.
Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira eta memoriaren edo proiektuaren kopia bat emanen diote. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren eta memoria edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.
Prozeduran onartutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) jendaurrean jarriko den Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, izangaiei deituko zaie aurkezpen ekitaldira bertaratzeko, 48 ordu lehenago, gutxienez. Bertan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da.
Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoa izanen da. Lehenengo deituraren hasieran “B” eta “S” letrak dituen izangaia hasiko da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 24ko 422/2015 Ebazpenarekin bat. Haren bidez, argitara eman zen letren zozketaren emaitza 2014-2015 ikasturtean Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen dituen deialdietarako.
2. Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasita, izangaiei egin beharreko hurrengo deiak Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) eginen dituzte epaimahaiek.
3. Izangaiak baloratu ondoren, behin-behineko kalifikazioak Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dituzte epaimahaiek.
Berdinketarik badago, deialdiaren lanpostu bakoitzean eskatzen d(ir)en irakasleen kidego(et)an izangaiek funtzionario gisa duten antzinatasuna hartuko du kontuan epaimahaiak. Berdinketak badirau, letren zozketaren emaitza hartuko da kontuan. Zozketa Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 24ko 422/2015 Ebazpenean dago ezarria.
Behin-behineko kalifikazioen kontra izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik bi egun balioduneko epean.
Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuari, prozeduraren espediente osoarekin batera, eta Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira.
4. Deialdi honen zerbitzu eginkizunak Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpen batez bidez emanen dira, hautatutako izangaien ordenaren arabera.
Zazpigarrena.–Epaimahaiak.
1. Epaimahai bakoitzak hiru kide izanen ditu: bi Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak proposatuak, eta bat irakasleen langile batzordeak proposatua.
Epaimahaien osaera ebazpen honen eranskinetan agertzen da.
Beharrezkoa bada, ordezko kideak izendatuko dira.
2. Epaimahaietako kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.
1. Proiektu edo programa hauei dagozkien lanpostuak zerbitzu eginkizunetan beteko dira, bi ikasturtez gehienez, haiek ezarria dituzten ikastetxeetan, 2015eko irailaren 1etik aurrera.
2. Zerbitzu eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da deialdian parte hartzen duen ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan lanpostu hutsen bat izatea, ikasturte bakoitzerako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.
3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:
a) Emandako aldia bukatzeagatik.
b) Ikastetxea aldatu edo desagertzeagatik, horren ondorioz ezinezkoa bada zerbitzu eginkizunak aurrera jarraitzea.
c) Interesdunak berariaz uko egiteagatik.
d) Gerora sortutako arrazoiengatik, hain zuzen, lanpostuan aritzeko gaitasun falta edo egokitu ezina erakusten badu, horrek errendimendu eskasa eta, horrenbestez, burutzaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galaraztea badakar berarekin, eta orobat, lanpostuaren eginkizunak aldatzen badira.
Aipatu arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari hasiera emateko.
Prozedura Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ondoren igorriko da, ikastetxeko zuzendaritzak emandako txostenarekin batera, deialdia proposatu duen organoari, horrek egin ditzan egoki irizten dituen jarduketak, interesduna eta irakasleen batzordea entzun ondoren.
Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanposturako egokitzapena baloratzeko txostena prestatuko du. Txosten hori Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko zaio.
Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.
e) Jardunean ez den beste egoera administratibo batera pasatzeagatik.
f) Administrazioaren beste lanpostu baterako izendatua izateagatik.
g) Beste zerbitzu eginkizun batzuk emateagatik, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean, dela beste administrazio publiko batean.
h) Zerbitzu eginkizunak ematea eragin zuen beharra desagertzeagatik, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek lanpostua bete ondoren.
Justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, b eta c letretan aurreikusitako arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak aurreikusitakoa baino lehen bukatzen badira, ikasturtearekin batera bukatuko da.
4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoi bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, zerbitzu eginkizunak ez dira emanen.
5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin. Haren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren.
Horrenbestez, funtzionarioek horrelako baimenen bat esleiturik badute, uko egin beharko diote, baldin nahi badute deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak ematea. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak eman bazaizkio edo zerbitzu eginkizunetan aritzen bada eta aipatu baimenen bat eskatzen badu, baimena ez zaio esleituko.
6. Deialdi honetan izangai bat ere ez hautatzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez betetzen ahalko dira ikasturte baterako, organo eskudunak proposatu ondoren.
Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2015eko martxoaren 12an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.
I. ERANSKINA
Proiektuetan oinarritutako lantaldeen koordinazioa Huarte BHIan ematen diren Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan
1.–Justifikazioa.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak ezartzeak berarekin dakar proiektuetan oinarritutako ikaskuntza abian jartzea pixkanaka. Huarte BHIa espezializatuta dago aniztasunarekiko arretan, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako bost ziklo eskaintzen ditu. Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza ezartzeko, beharrezkoa da arreta berezia jartzea ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesuaren alderdi pertsonalari eta sozialari, are gehiago kontuan hartzen badira ikastetxe horretako ikasleen ezaugarri bereziak. Horregatik beharrezkotzat jotzen da irakasleen arteko koordinazioa, ikasleen hezkuntza prozesuak behar duen arreta eman ahal izateko proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologia garatzean.
2.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Komunikazioa eta Gizartea moduluaren irakaslea eta Proiektuetan oinarritutako lantaldeen koordinatzailea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan.
3.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Zerbitzu eginkizun bat 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.
4.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegokoa edo Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea, espezialitate hauetako batean: Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura, Alemana, Frantsesa, Ingelesa edo Geografia eta Historia.
–Eskaerak aurkezteko azken egunean gutxienez bi urtez irakasle lanetan aritu izana Oinarrizko Lanbide Hezkuntzako zikloetako Komunikazioa eta Gizartea moduluan eta/edo Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programen komunikazioa eta gizartea esparruetan.
Zerbitzuak non eman diren, hango ikastetxeko zuzendariak egiaztatuko du esperientzia hori, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana. Eskaerak aurkezteko epean aurkeztuko da, eskabidearekin batera.
5.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Memoriak edo proiektuak atal hauek izan behar ditu gutxienez:
a) Proiektuaren oinarriak: proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren azterketa.
b) Huarte BHIaren gizarte eta hezkuntza ingurunearen deskribapen laburra.
c) Proiektuetan oinarritutako lantaldeak koordinatzeko proiektua Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan:
–Helburuak.
–Jardunbideak.
–Proiektuetan oinarritutako lantaldeen koordinazioaren barne antolaketa Huarte BHIan ematen diren Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera.
–Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza. Tutore-lana eta gatazken konponketa eta komunikazioa.
Memoriak edo proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
6.–Epaimahaia.
–Mahaiburua: Esther Monterrubio Ariznabarreta andrea, Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Heziketa Garatzeko Bulegoko burua.
–Idazkaria: Antonio Lora Jaunsaras jauna, Huarte BHIko zuzendaria.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
II. ERANSKINA
Enplegua lortzeko gaitasunak garatzea Huarte BHIan ematen diren Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako diziplinarteko proiektuetan
1.–Justifikazioa.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak ezartzeak berarekin dakar proiektuetan oinarritutako ikaskuntza abian jartzea pixkanaka. Huarte BHIa espezializatuta dago aniztasunarekiko arretan, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako bost ziklo eskaintzen ditu. Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza ezartzeko, beharrezkoa da arreta berezia jartzea lan-orientabideari eta enplegua lortzeko gaitasunen garapenari ikasleen hezkuntza prozesuan, are gehiago kontuan hartzen bada, batetik, ikastetxe horretako ikasleek laneratzeko zailtasun bereziak dituztela eta, bestetik, Lantokietako Prestakuntza modulua OLHko zikloen curriculumean sartu dela. Horregatik beharrekotzat jotzen da enplegua lortzeko gaitasunak garatzea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako diziplinarteko proiektuetan.
2.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko irakaslea eta enplegua lortzeko gaitasunen garapenaren arduraduna Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan.
3.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Zerbitzu eginkizun bat 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.
4.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegokoa edo Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea Lanerako Prestakuntza eta Orientazioko espezialitatean.
–Eskaerak aurkezteko azken egunean gutxienez bi urtez irakasle lanetan aritu izana Oinarrizko Lanbide Hezkuntzako zikloetan eta/edo Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetan.
Zerbitzuak non eman diren, hango ikastetxeko zuzendariak egiaztatuko du esperientzia hori, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana. Eskaerak aurkezteko epean aurkeztuko da, eskabidearekin batera.
5.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Memoriak edo proiektuak atal hauek izan behar ditu gutxienez:
a) Proiektuaren oinarriak: OLHko zikloetako ikasleek lana bilatzeko garatzen dituzten prozesuen azterketa.
b) Huarte BHIaren gizarte eta hezkuntza ingurunearen deskribapen laburra.
c) Enplegua lortzeko gaitasunak garatzeko proiektua Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako diziplinarteko proiektuetan:
–Helburuak.
–Jardunbideak.
–Enplegua lortzeko ikasleen gaitasunak garatzeko diziplinarteko lantaldeen koordinazioaren barne antolaketa Huarte BHIan ematen diren Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera.
–Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza. Tutore-lana eta gatazken konponketa eta komunikazioa.
Memoriak edo proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
6.–Epaimahaia.
–Mahaiburua: Esther Monterrubio Ariznabarreta andrea, Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Heziketa Garatzeko Bulegoko burua.
–Idazkaria: Antonio Lora Jaunsaras jauna, Huarte BHIko zuzendaria.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
III. ERANSKINA
Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza garatzea Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloan Huarte BHIan
1.–Justifikazioa.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak ezartzeak berarekin dakar proiektuetan oinarritutako ikaskuntza abian jartzea pixkanaka. Huarte BHIa espezializatuta dago aniztasunarekiko arretan, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako bost ziklo eskaintzen ditu. Horietako bik Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloarekin egiten dute bat. 2014-2015 ikasturtean ezarri da zikloa Huarte BHIan; horregatik, eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren lan-metodologia erabiltzen hasi delako, beharrezkotzat jotzen da metodologia hori txukun garatzea Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen ezarpenaren hasieran.
2.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Sukaldaritza eta Pastelgintzako irakaslea eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren arduraduna Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloan.
3.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Zerbitzu eginkizun bat 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.
4.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa izatea Sukaldaritza eta Pastelgintzako espezialitatean.
–Eskaerak aurkezteko azken egunean gutxienez bi urtez irakasle lanetan aritu izana Oinarrizko Lanbide Hezkuntzan eta/edo Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetan.
Zerbitzuak non eman diren, hango ikastetxeko zuzendariak egiaztatuko du esperientzia hori, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana. Eskaerak aurkezteko epean aurkeztuko da, eskabidearekin batera.
5.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Memoriak edo proiektuak atal hauek izan behar ditu gutxienez:
a) Proiektuaren oinarriak: proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren azterketa.
b) Huarte BHIaren gizarte eta hezkuntza ingurunearen deskribapen laburra.
c) Proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren proiektua Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloan.
–Helburuak.
–Jardunbideak.
–Oinarrizko Lanbide Heziketako Sukaldaritza eta Jatetxeak zikloko irakasleen antolaketa Huarte BHIan proiektuetan oinarritutako ikaskuntza garatzeko.
–Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera.
–Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza. Tutore-lana eta gatazken konponketa eta komunikazioa.
Memoriak edo proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
6.–Epaimahaia.
–Mahaiburua: Esther Monterrubio Ariznabarreta andrea, Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Heziketa Garatzeko Bulegoko burua.
–Idazkaria: Antonio Lora Jaunsaras jauna, Huarte BHIko zuzendaria.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
IV. ERANSKINA
Gatazketan bitartekari izateko eta haiei aurre egiteko taldearen arduraduna eta prozesu pertsonaletan laguntzaile izateko proiektuen koordinatzailea Huarte BHIan
1.–Justifikazioa.
Huarte BHIa espezializatuta dago aniztasunarekiko arretan. Ikastetxe horren xedearen ardatza da ikasle bakoitzak hezkuntza proiektu bat behar duela jotzea.
Oso jardunbide garrantzitsua da suspertze pertsonala eta gatazkei aurre egitea. Bere hezkuntza programa guztietako ikasleek zailtasunak dituzte hezkuntza eta gizarte arloan, zenbait mailatan.
Bizikidetzaren Batzordearen lana eta bitartekari eta laguntzaile aritzeko estrategiak abian jartzea oinarrizkoak dira ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesuetan.
2.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Zientzia Aplikatuen esparruko irakasle lanpostua. Curriculum Egokituko Programetako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaslea esparru horietako batean. Ikastetxeko Bizikidetzaren Batzordean parte hartzea eta aurreko puntuan aipatu diren berariazko lanak egitea.
3.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Zerbitzu eginkizun bat 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.
4.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegokoa edo Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea, espezialitate hauetako batean: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika eta Teknologia.
–Eskaerak aurkezteko azken egunean gutxienez bi urtez irakasle eta tutore lanetan aritu izana Curriculum Egokitutako Programetan.
Zerbitzuak non eman diren, hango ikastetxeko zuzendariak egiaztatuko du esperientzia hori, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana. Eskaerak aurkezteko epean aurkeztuko da, eskabidearekin batera.
5.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Izangaiek nahi duten lanpostuari lotutako lan proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko dute .
Izangaia hautatzeko, proiektuaren edukia eta defentsa oinarri hartuta, honako hauek baloratuko dira: lanak gauzatzeko egokitasuna suspertze pertsonalaren eta gatazkei aurre egitearen inguruan, bereziki hezkuntza eta gizarte arloan zailtasunak dituzten ikasleekin; eta lanak ulertzeko eta bere gain hartzeko modua tutoretzaren inguruan, baita bitartekaritza eta laguntzarako estrategien diseinu eta garapenaren inguruan eta ikastetxe bateko lantaldeen eta Bizikidetzaren Batzordearen funtzionamenduaren inguruan ere.
Orobat, baloratuko da izangaiek proiektuan eta haren defentsan erakutsitako gaitasuna gatazketan bitartekari aritzeko eta haiei aurre egiteko lanetan, ezagutza eta garapen pertsonalean eta komunikazio positiboan.
Proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
6.–Epaimahaia.
–Mahaiburua: Cristina Satrústegui Azpíroz andrea, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitzako kidea.
–Idazkaria: Asunción Vega Osés andrea, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitzako kidea.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
V. ERANSKINA
Ikaskuntza erkidegoak
1.–Justifikazioa.
Ikaskuntza erkidegoak proposamen filosofikoa, antolakuntzakoa eta metodologiakoa da ikastetxe bateko lanaren inguruan.
Ikaskuntza erkidegoa ikastetxea eta haren ingurunea gizarte eta kulturaren aldetik eraldatzeko proiektu bat da guztientzako informazioaren gizartea lortzeko, elkarrizketaren bidezko ikaskuntzan oinarritua, komunitateak parte hartzen duen hezkuntzaren bidez, espazio guztietan (ikasgela barne) zehaztua.
Ikasteko eta irakasteko ilusioa piztu nahi da, ikastetxearen egoerak ez baitu inor asetzen gaur egun eta denok ez baitugu nahi haur bat baztertu edo etiketatzea bere kultur, estatus, genero edo gaitasunagatik. Orobat, ikastetxeek kalitatezko hezkuntza eskaintzea nahi da. Halaber, irakasleak autonomoagoak izatea gelan berrikuntzak egiteko, esperimentatzeko eta ikasteko. Eta, azkenik, familiak eta komunitatea haurren hezkuntza integralean partaide direla sentitzea eta, aldi berean, ingurunea eraldatzea guztientzat aberasgarriagoa izan dadin.
Jarraian azaltzen dira helburu nagusiak:
1. Eskola porrota gainditzea: eskola porrota erauzi nahi da, ekintza hauekin: nazioartean aitortutako zenbait metodo erabiltzea; ikasleen gaitasunak erabat garatu daitezen bilatzea eta ikasle guztiek ezagutza eskura dezaten erraztea; hezkuntza jarduera egiten den gelan, ikastetxean eta ingurunean baliabideak jartzea; eta guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Proiektua orokorra da, ikasle mota guztientzat. Oinarritzat hartzen da ikasle guztiek eskubidea dutela batxilergoa bukatzeko, Europar Batasunaren arabera hori baita eskola arrakastaren gutxieneko maila.
2. Bizikidetza positiboa handitzea: laguntza ematea gatazkak konpontzeko edo arazo jakin batzuk hobetzeko, betiere elkarrizketa, konpromisoa, parte-hartzea eta elkartasuna oinarri hartuta.
3. Eskolaren eta komunitatearen arteko harremana hobetzea: komunitateak finkatzen ditu eskolaren lehentasunak eta helburuak, berdinen arteko elkarrizketaren bidez adostu ondoren. Ikaskuntza elkarrizketa gisa garatzea nahi da, irakastea eta ikastea zer den denon artean definitzeko. Izan ere, elkarrizketa da dugun tresna. Elkarreragin komunikatiboan, eta ez beste inon, hezkuntza proiektu erabilgarria eraikitzen ahal dute familiek, irakasleek, auzoak eta gizarteak. Modu horretan lotzen dira komunitateko kolektibo guztien ahaleginak eta ilusioak haien egoera hobetze aldera, bai hezkuntza formalean bai ez-formalean, hezkuntza arautua eta garapen komunitarioa bateratuz.
4. Guztion artean amestea zer eskola nahi dugun: parte hartzeko aukerak sortzen du ilusioa, eta praktika nahi den errealitatera hurbiltzen saiatu behar da, eta errebindikatzea hezkuntza komunitateak eskubidea duela amesteko eta amets hori eraikitzeko.
5. Berdintasuna desberdinen artean: denok arrakasta izateko aukera bera izatea desberdintasunak errespetatuz. Komunitatearen kultura anitzeko parte-hartzea nahi da, kulturen arteko bizikidetza baketsua lortzeko eta desberdintasunak gainditzeko.
6. Goiburu bat: gure seme-alabentzat nahi dugu eskola egin, ez zenbait planteamendu ideologiko edo pedagogikok definitzen dutena.
2.–Lanpostuak zein ikastetxetan eskaintzen diren:
–Jauntsarasko Oihanzabal HLHIP.
–Berbintzanako Río Arga HLHIP.
–Mendigorriko Julián M.ª Espinal Olcoz HLHIP.
–Iruñeko Garcia Galdeano HLHIP.
–Iruñeko Nicasio De Landa HLHIP.
3.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Lehen Hezkuntzako espezialitatea duten maisu-maistrak.
4.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Bost zerbitzu eginkizun (2. puntuan adierazitako ikastetxeetarako zerbitzu eginkizun bana) 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako.
5.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jauntsarasko Oihanzabal HLHIPrako:
- maisu-maistren kidegokoa izatea, Lehen Hezkuntzako espezialitatekoa.
- EGA titulua edo baliokideren bat izatea.
–Gainerako ikastetxeetarako:
- maisu-maistren kidegokoa izatea, Lehen Hezkuntzako espezialitatekoa.
6.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Lan proiektuak ikaskuntza erkidegoen oinarri zientifikoak izan beharko ditu, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean egin beharreko lanari dagokionez. Honako hauek zehaztuko dira: jardunbideak, antolaketaren eta metodologiaren gaineko proposamena eta ebaluazio irizpideak.
Lan proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
7.–Epaimahaia.
Jauntsarasko Ohianzabal HLHIPrako epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Luis Iza Dorronsoro jauna, hezkuntzako ikuskatzailea.
–Idazkaria: Ana Beatriz Indaburu Azcarraga andrea, maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetakoa.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
Gainerako HLHIPetarako epaimahaia:
–Epaimahaiburua: José Luis Asín Buñuel jauna, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Idazkaria: Rafael Pastor de Luis, Aniztasunari Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
VI. ERANSKINA
Pentazitatea
1.–Justifikazioa.
Pentazitatea hezkidetza eredu bat da. Horren arabera, pertsona bakoitza gauza da bere ahalmenak aurkitzeko, era irakaslea haren laguntzailea eta aliatua da historia pertsonala sortu eta birsortzeko eta taldearekin konpartitzeko.
Hezkuntza kalitatea gaitasunen arabera kudeatzeko garatu zen programa, eta bere helburu orokorra da kalitatea, demokrazia, berrikuntza eta eraldaketa sustatzea ondasunen eta zerbitzuen produkzioan, aurrerapen zientifiko eta teknologikoak dituzten garapen eta ikerketa prozesuen bidez. Horretarako garatzen da programa; aholkularitza ematen da eta jarduketak sustatzen dira maila publikoan eta pribatuan, kalitate totalaren helburuekin, bizikidetzarekin, parte-hartzearekin, demokraziarekin eta etengabeko hobekuntzarekin bat.
Identitate kolektiboak (genero, gizarte, kultur eta erlijioaren aldetik) barneratzeak eta aukera faltak sortzen dituzten ezberdintasunen ondoriozko bereizkeriak gainditzea dute helburu jarduera guztiek. Lan egin nahi da berdintasuna eta ekitatea lortzeko gizarte zuzenago batean eta bizikidetza demokratiko eta ekologiko iraunkorra erdiesteko, betiere talde babesgabeek, arrisku handiko gizarte taldeek eta gainerako taldeek parte hartuta.
Garapen komunitarioaren kudeaketa iraunkorraren aldeko kultura sortzen da hari esker. Prestakuntza eta trebakuntza ekintzak eta kultur eta hezkuntza politika, plan eta programak ebaluatzeko ekintzak gauzatzen dira kalitate ziurtagiriak eta bikaintasun sariak eskuratzeko.
Ikerketa aplikatua bultzatzen du hezkuntza esparruan, programak eta proiektuak diseinatuz, gauzatuz, ebaluatuz eta sistematizatuz komunitateen gaitasunak, trebetasunak eta ezagutzak, oro har, eta pertsonenak, zehazki, handitzeko.
Hezkuntza komunitatea trebatzen da eta aholkularitza ematen zaio estrategia integralak ezartzeko, gaitasunak eta balioak eskuratze aldera, berdintasuna, ekitatea eta giza eskubideak barne. Orobat, ikastetxeen parte-hartzea sustatzen da gatazkak negoziazioaren bidez konpontzea errazten duten espazioetan.
2.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Bigarren Hezkuntzako irakaslea, espezialitate hauetako batean: Ingelesa, Matematika, Musika, Teknologia, Gorputz Hezkuntza, Biologia eta Geologia, Marrazketa eta Frantsesa.
3.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Bederatzi zerbitzu eginkizun 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako: bi lanpostu Biologia eta Geologia espezialitatean, eta lanpostu bana aurreko puntuan aipatu diren gainerako espezialitateetarako.
4.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek Bigarren Hezkuntzako Katedradunen kidegokoa eta/edo Irakasleen kidegokoa izan behar dute, eta espezialitate hauetako bat izan:
–Ingelesa.
–Matematika.
–Musika.
–Teknologia.
–Gorputz Hezkuntza.
–Biologia eta Geologia.
–Marrazketa.
–Frantsesa.
5.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Lan proiektuak Pentazitatea izeneko hezkidetza ereduaren oinarri zientifikoak izan beharko ditu, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egin beharreko lanari dagokionez. Honako hauek zehaztuko dira: jardunbideak, jardunbideak, antolaketaren eta metodologiaren gaineko proposamena eta ebaluazio irizpideak, nahi den espezialitateari lotuta.
Lan proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
6.–Epaimahaia.
–Epaimahaiburua: José Luis Asín Buñuel jauna, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Idazkaria: Rafael Pastor de Luis, Aniztasunari Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
VII. ERANSKINA
Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren diseinua eta ezarpena
1.–Justifikazioa.
Hezkuntza Departamentuari dagokio hezkuntza sistemaren kalitatea eta etengabeko hobekuntza zehaztu eta antolatzea, ikastetxe publikoek beren autonomiaz baliaturik egiten ahal dituzten ekintzak galarazi gabe.
Eskumen horren barruan, 2005etik Hezkuntza Departamentuak kalitatea kudeatzeko sistemak diseinatu eta ezartzeko programa sustatzen du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan.
Egungo ikasturtera arte Nafarroako hizkuntza eredu eta eremu geografiko guztien 122 ikastetxe publiko sartu dira programan, baita Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskolak, NUHEOa, NHBBZ eta 5 ILZk ere.
Uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduaren 10. artikuluan arautzen da kalitatearen arduradunaren figura:
“Kalitate sareetan sartzen diren ikastetxeek konpromisoa hartuko dute klaustroko kide bat kalitatearen arduradun izendatzeko. Pertsona horrek, eta gutxienez ere zuzendaritza taldeko beste kide batek, dagokion sareko prestakuntza bileretara joan beharko du, eta ikastetxeak bilera horietan erabakitako zereginak adierazitako epeetan eta behar den bezala betetzen dituela ziurtatzeko ardura izanen du.
Kalitatearen arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak behar den bezala eta eskuragarri mantenduko ditu.
Horretarako, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen irakastorduak izanen ditu, bere ordutegi pertsonalaren barnean”.
Kalitatea kudeatzeko sistema eraginkorrez ezartzen eta mantentzen dela bermatzeko, eta ikastetxeek kalitatearen arduradunaren profileko irakasleak izateko askotan duten zailtasunei aurre egiteko, garrantzitsutzat jotzen da zerbitzu eginkizunen bidez lanpostuak betetzea programa hori garatzeko.
2.–Lanpostuak zein ikastetxetan eskaintzen diren:
–Lakuntzako Luis Fuentes HLHIP.
–Lizarrako Tierra Estella BHI.
–Tuterako Valle del Ebro BHI.
–Azagrako “Reyno de Navarra” DBHI.
–San Adriango Ega BHI.
–Iruñeko “Iturrama” BHI.
3.–Deialdian sartu beharreko plazen ezaugarriak.
Ikastetxeko kalitatearen arduraduna.
4.–Zerbitzu eginkizunen kopurua eta gehieneko aldia.
Sei zerbitzu eginkizun (2. puntuan adierazitako ikastetxeetarako zerbitzu eginkizun bana) bi ikasturtetarako.
5.–Berariazko baldintzak.
Deialdiaren bigarren oinarrian ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Lakuntzako Luis Fuentes HLHIPrako:
- Maisu-maistren Kidegokoa izatea.
- EGA titulua edo baliokideren bat izatea.
–Lizarrako Tierra Estella BHIrako, Tuterako Valle del Ebro BHIrako, Azagrako Reyno de Navarra DBHIrako eta San Adriango Ega BHIrako:
- Bigarren Hezkuntzako Katedradunen kidegokoa eta/edo Irakasleen kidegokoa edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoa izatea, edo behin betiko destinoa DBHn duen Maisu-maistren kidegoko funtzionarioa.
–Iruñeko “Iturrama” BHIrako:
- Bigarren Hezkuntzako Katedradunen kidegokoa eta/edo Irakasleen kidegokoa izatea, edo behin betiko destinoa DBHn duen Maisu-maistren kidegoko funtzionarioa.
- EGA titulua edo baliokideren bat izatea.
6.–Hautapen sistemaren zehaztapenak.
Memoria edo proiektua baloratzeko, hautapen organoak gutxienez irizpide hauek hartuko ditu kontuan: proiektua nola egokitzen den Kalitatea Kudeatzeko Sistema ikastetxean ezartzeko orduan, IKTko tresnak nola integratzen diren kudeaketa sisteman eta proiektua nola eguneratzen eta egokitzen den indarreko araudira.
Lan proiektuak DIN-A4 formatuko 20 orrialde izanen ditu gehienez. alde batetik bakarrik idatzita. Lerroartea 1,5 lerrokoa edo antzekoa izanen da, eta letra mota “calibri” edo antzekoa, 12 puntukoa edo handiagoa, konprimitu gabea.
7.–Epaimahaia.
Lakuntzako Luis Fuentes HLHIPerako eta Iruñeko Iturrama BHIrako epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Tomás Sucunza Lazcano jauna, hezkuntzako ikuskatzailea.
–Idazkaria: Izaskun Cibiriáin Ochotorena andrea, Maisu-maistren kidegoko funtzionarioa.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
Gainerako ikastetxeetarako epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Tomás Sucunza Lazcano jauna, hezkuntzako ikuskatzailea.
–Idazkaria: María Isabel Gorriz Noain andrea, Kalitatearen Bulegoko burua.
–Epaimahaiko kidea: Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.
Iragarkiaren kodea: F1504191
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
