57. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

180/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, adingabeko seme-alabak zaintzeko eta eritasuna edo/eta istripua dela-eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko eszedentziagatik, aldizka ordaintzen diren zuzeneko laguntza ekonomikoetarako deialdiaren oinarriak onesten dituena, 2015erako.

Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko.

Deialdi honek aldizka ordaintzen diren zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du helburu, adingabeko seme-alabak zaintzeko eta eritasuna edo/eta istripua dela-eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko eszedentziagatik.

Deialdi honen bidez, laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea bultzatu gogo da, behar bereziagatik eta epeagatik, hura lortzeko baliabideak erraztea bereziki garrantzitsua den kasuetan. Bestetik, batez ere adingabeak zaintzeko kasuan, atxikimendua indartu gogo da gurasoekin dituzten harremanetan. Azkenik, jaiotzen kopurua sustatzea da beste helburuetako bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean tramitatu eta ebatziko dira espedienteak. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak aztertuta, agerian da, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek ematearen egokitasuna eta interes soziala, baita deialdiaren eta oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Aldizka ordaintzen diren zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea, adingabeko seme-alabak zaintzeko eta eritasuna edo/eta istripua dela-eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko odol bidezko ahaideak zaintzeko eszedentziagatik, 2015. urtean, foru agindu honen eranskinean gehitutako oinarri arautzaileei jarraituz.

2. Guztira, 250.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Familia eta lana bateratzeko laguntza” izeneko 930002 94200 4809 231507 kontu-sailaren kargura; hori guztia, aurrekontu erabilgarria izatearen menpe.

3. Baldin eta eskabide guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitu ahal izanen da, aurrekontua handitzearen bidez.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari eta Gizarte Politiketako Departamentuko Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Kontabilitate Zentroari.

Iruñean, 2015eko martxoaren 9an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehendabizikoa.–Laguntzaren xedea eta onuradunak.

1.1. Aldizka ordaintzen diren laguntza ekonomikoak zuzenean ematea du xede deialdi honek, langileen laneko eta familiako bizitza batera eramateko neurri osagarri gisa, eszedentzian daudenean, lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik eta/edo istripuagatik, deialdi honen bigarren oinarrian zehaztutako kasu batean daudenean.

1.2. Ondoko hauek izanen dira laguntzaren onuradunak:

1.2.1. 2015. urtean eszedentzian egon direnak, hasierako data edozein dela ere.

1.2.2. 2014ko azaroaren 15etik abenduaren 31ra eszedentzia hasi zutenak.

1.2.3. 2014ko deialdian laguntza eskatu eta aurrekontuko krediturik ez izateagatik laguntza ukatu zitzaienak.

1.3. Kasu guztietan bigarren oinarrian bildutako egoeretan egon beharko dute eskatzaileak, eta deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak bete.

Bigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

2.1. Honako kasu hauetan emandako eszedentziek diru-laguntza izaten ahalko dute:

a) Istripu larria izan duten seme-alaba adingabeak zaintzeko, edo harrerapean edo tutoretzapean dauden adingabeak zaintzeko, ospitalizatuta daudenean eta/edo gero ere bai haiek zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko.

b) Eritasun larria edo istripu larria izan duten odol bidezko lehen graduko ahaide helduak zaintzeko, ospitalizatuta daudenean haiek zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eritasuna eta/edo istripua izan denean eta/edo ondoren.

Oro har, eritasun larriak bat-batekoa eta ustekabekoa izan behar du, ez eritasun luze baten ondoriozkoa, salbu larritu egiten bada, eta ospitaleratzea beharrezko bihurtzen bada, baita zuzenean, jarraian eta etengabe hartu beharreko zainketa ere.

c) Bigarren semea edo alaba, edo hurrengoa, jaio denean, eta jaioberriak edo familia-unitatean bizi diren seme-alabetako beste batek gutxienez %33ko desgaitasuna edo mendekotasun moderatu edo larri bat duenean, edo mendekotasun handia, eta familia-unitateko adingabeetako bat gutxienez, jaioberria ez dena, 9 urtetik beherakoa denean eta desgaitasuna edo mendekotasuna badu, edo 6 urtetik beherakoa bestela. Seme-alaben kontsiderazio bera izanen dute harrerapean edo tutoretzapean diren familiako adingabeek.

d) Jaiotzeagatik seme-alaba adingabeak zaintzeko, hirugarren edo hurrengo semea edo alaba denean, eta familia-unitateko adingabeetako bi kide gutxienez 6 urtetik beherakoak direnean, jaio berria(k) barne. Seme-alaben kontsiderazio bera izanen dute harrerapean edo tutoretzapean diren familiako adingabeak.

e) Urtebeterako edo gehiagorako adopziorako edo harrerarako.

f) Haur bat baino gehiago erditu, adoptatu edo harreran hartzeko.

2.2. Eritasunagatik edo istripuagatik, odol bidezko lehen graduko ahaide helduak ospitalizatu eta haiek zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzea behar dutela edo behar izan dutela egiaztatzeko, Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagile batek egindako ziurtagiria beharko da.

2.3. a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, eritasun edo istripu larriak ospitalizatu beharra ekarri beharko du eta, zein den kasua, tratamendua edo zainketa etxean jarraitzea diagnostikoaren eta ospitalizazioaren ondotik.

2.4. Ez dira inola ere familiako kidetzat hartuko aldi baterako desplazatutako adingabe atzerritarrak, ezta tratamendu mediko baterako, oporretarako edo eskolatzeko aldi baterako etorri direnak ere.

Hirugarrena.–Laguntzaren zenbatekoa eta hura jasotzeko aldia.

3.1. Eszedentzia lanaldi osoko kontratua dutenek eskatzen dutenean, laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) 645,30 euro hilabetean, deialdi honen 2.1 oinarriko a) eta b) letretako kasuetan.

b) 450 euro hilabetean, deialdi honen 2.1 oinarriko c), d), e) eta f) letretako kasuetan.

3.2. Eszedentzia lanaldi partziala izanik eskatzen denean, aurreko sei hilabeteetan kotizatutako lanaldiaren araberakoa izanen da laguntza, edo, aldizkako langile finkoen kasuan, aurreko urtean kotizatutako 180 egunen araberakoa.

3.3. Laguntzak aldi hau hartuko du:

–Eszedentzia 2015ean duten pertsonentzat, laguntza emanen da 2015ko urtarrilaren 1etik edo, gerokoa bada, eszedentzia hasten denetik hura sortu duena bukatu arte eta, gehienez ere, 2015eko abenduaren 31 arte.

–Eszedentzia 2014ko azaroaren 15etik abenduaren 31 arte hasi bada, eszedentzia hasten denetik hura sortu duena bukatu arte eta, gehienez ere, 2015eko abenduaren 31 arte.

–Aurrekontu kreditu eskasiagatik 2014ko deialdian laguntza ukatu zitzaienentzat, eszedentzia hasi zutenetik (beti, gehienez ere, 2014ko urtarrilaren 1etik) hura sortu duena bukatu arte eta, gehienez ere, 2015eko abenduaren 31 arte.

3.4. Langileen hilabeteko ordainsarian benetako murrizketa eragiten duten eszedentziek bakarrik izanen dute diru-laguntza. Nolanahi ere, laguntza ez da izanen hilabeteko ordainsariaren murrizketa baino handiagoa.

Laugarrena.–Betebeharrak.

4.1. Eszedentzia hartzeagatik oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izateko, diru-laguntza izan dezaketen kasuetako batean egon beharko da eta honako baldintza hauek bete eta mantendu beharko dira laguntza hartzen den bitartean:

a) Nafarroan bizitzea.

b) Laguntza emateko kontuan hartzen diren familiako kide guztiek foru komunitate honetan bizilekua dutela frogatzea, eszedentzia hasteko egunaren aurreko bi urteko antzinatasunaz gutxienez ere edo, bizileku hori frogatzerik ez badute, aurreko zazpi urteetatik gutxienez bost urtez jarraian Nafarroan benetan bizi izan direla frogatzea.

Betekizun horretatik salbuesten dira legez eraturiko harrera egoeretan dauden adingabeak, tutoretzapeko seme-alaba adoptatuak edo adin horretara iritsi ez diren adingabeak, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen baldin badira. Kasu horietan frogatu beharko da adingabe horiek jaio, adoptatu, tutoretzapean edo harreran hartu zirenetik Nafarroan izan dutela bizilekua.

c) Eszedentzia norentzat eskatzen den, pertsona horren familiako kideak elkarrekin bizi direla frogatzea, eta eskaera egiten den unean familia unitatea osatzen dutela. Familia unitate horri eutsi beharko zaio laguntza jasotzen den bitartean.

d) Eszedentzia eskatu duenak besteren kontura lan egiten duela, eta haren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak bere edo besteren kontura, edo lanerako erabateko ezintasuna duela.

Guraso bakarreko familien kasuan, semearen edo alabaren zaintza esleitua duen edo familiako kide eria edo istripuz joa zaintzeko ardura duen eskatzaileak egon beharko du eszedentzian.

Deialdi honen 2.1 oinarriko b) letran aurreikusitako kasuan, beharrezkoa izanen da, bakarrik, odol bidezko lehen graduko ahaide heldua zaintzeko eszedentzia eskatu duena aritzea lanean.

e) Eskatzailea eszedentzian egotea 2015ean, edo eszedentzian egon izana 2014an, 1.2.2 eta 1.2.3 oinarrietan bildutako kasuetan, nahiz eta eszedentziak ez jarraitu 2015ean.

f) Eszedentzia ziurtatzen duen enpresa Gizarte Segurantzan inskribatuta eta alta emanik egotea.

g) Eszedentziagatik laguntza eskatu duen pertsona laguntza eskatu aurreko sei hilabeteetan Gizarte Segurantzan alta emanik egotea, salbu eta eskatzailea seme-alabak zaintzeko eszedentzian bada. Aldizkako langile finkoen kasuan, eszedentziagatiko laguntza eskatu aurreko urtean 180 egun kotizatuta eduki beharko dituzte gutxienez.

h) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

i) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debekurik ez haustea.

j) Eszedentzia eskatzen duen pertsonaren familia-unitatearen errenta ondoren zehazten diren kopuruak baino txikiagoa izatea:

–Familia-unitatearen errentaren guztirako likidazio-oinarria IPREMa (37.275,70 euro) halako bost edo txikiagoa izatea 1 edo 2 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako likidazio-oinarria IPREMa (44.730,84 euro) halako sei edo txikiagoa izatea 3 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako likidazio-oinarria IPREMa (52.185,98 euro) halako zazpi edo txikiagoa izatea 4 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako likidazio-oinarria IPREMa (59.641,12 euro) halako zortzi edo txikiagoa izatea 5 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako likidazio-oinarria IPREMa (67.096,26 euro) halako bederatzi edo txikiagoa izatea 6 kideko familia-unitateentzat.

Gutxienekoa IPREMa halako bat igoko da familia-unitateko 6. kidetik gorako kide bakoitzeko.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzarako kontuan hartzen direnen pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aitorpenaren guztirako likidazio-oinarrien batuketa hartuko da kontuan, eritasun edo istripu larria duen lehen graduko ahaidearena salbu, laguntza eskatzailearekin bizi ez bada.

2015erako aurreikusitako errentaren kanpainaren hasiera baino lehenagoko eszedentzien kasuan, 2014ko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. 2015erako aurreikusitako errentaren kanpaina hasi ondoko eszedentzien kasuan, 2015eko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan.

4.2. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek osatuko dute familia-unitatea:

a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

b) Bikote iraunkor batek (berariazko legeriaren arabera) eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatu baldintzak betetzen badituzte. Berriz osatutako familien kasuan, eskatzaileak frogatu beharko du laguntzarako eskubidea ematen dion semearen/alabaren aurreko seme-alaben zaintza eskatzaileak berak edo bere ezkontideak edo bikotekideak duela, eta denak elkarrekin bizi direla.

4.3. Gainera, kasu guztietan, familia-unitateko 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak sartuko dira, gurasoen mende bizi badira.

4.4. Odol bidezko lehen graduko ahaidearen eritasun edo istripuaren kasuan, familia-unitatean sartuko da eszedentzia eskatzailearekin bizi denean.

4.5. Seme-alaba adingabeen kontsiderazio bera izanen dute harrerapean edo tutoretzapean diren adingabeak.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia.

5.1. Eskaerak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Abejeras kalea, 9, Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako gainontzeko tokietako edozeinetan, eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari zuzenduko zaizkio.

Ondorio horietarako, dokumentuak Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen erregistroetan aurkeztea ez da erregistro ofizialtzat hartuko, non ez dagoen hitzarmen bat Foru Administrazioaren eta gizarte zerbitzu oinarrizkoaren titularra den toki entitatearen artean.

5.2. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetzaren bulegoetan, gizarte zerbitzu oinarrizkoetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan jasoko dira, baita Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere (www.navarra.es).

5.3. Laguntza eskatzen duen pertsonak sinatu beharko du eskaera, edo bere ordezkariak.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko, hura osatzen duten pertsona guztiek eskaera berean baimendu beharko dute organo kudeatzailea, horrek beharrezko informazioa eskura dezan laguntza horiei buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko, zuzenean edo telematika bidez, Zerga Ogasunetik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaletik edo espedientea ebazteko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko informazio garrantzitsua duen edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik.

Familia unitatean 18 eta 25 urte bitarteko kiderik badago, haien baimen espresua beharko da aurreko lerroaldean aipatutako informazioa lortzeko.

5.4. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean okerra zuzen dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

6.1. Laguntza eskabideak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak bete eta sinatuak, eredu normalizatuan aurkeztuko dira eskatzen den dokumentazioarekin batera, epe hauetan:

a) Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean eszedentzia hasita dutenen kasuan, epea 30 egun naturalekoa izanen da, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Gainerako kasuetan, epea 30 egun naturalekoa izanen da, eszedentzia hasten den egunetik aurrera.

6.2. Betiere, 2015eko azaroaren 2an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Zazpigarrena.–Dokumentazioa.

7.1. Laguntza eskabidea eredu normalizatuan aurkeztu beharko da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Familia-unitateko kideen NANaren, AIZren edo nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia; betiere, hura izatera behartuta badaude.

b) Erroldaren ziurtagiri eguneratua, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean duela egiaztatzen duena, laguntza honen ondorioetarako kontuan hartzen diren familia unitateko kide guztiena.

Erroldaren ziurtagiria benetako bizilekuaren proba ez bada, deialdian eskatutako epean eskatzaileak benetako bizilekua Nafarroan izan duela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, laguntza kudeatzen duen organoak eskatuta.

c) Eszedentzia eskatzen duenaren familiako kideen bizikidetza frogatzen duen erroldaren ziurtagiri eguneratua, hau da, familia unitatea osatzen dutenena. Gehienez ere hiru hilabete izanen ditu ziurtagiriak.

d) Eszedentzia eskatzen duen pertsonaren familia liburu osoaren fotokopia; hartan, laguntzarako kontuan hartzen diren pertsonak agertuko dira, harekin bizi ez diren adin nagusikoak salbu.

e) Zein den kasua, adopzioaren, tutoretzaren epaia edo harrera onesten duen ebazpena. Atzerriko ebazpenak behar bezala itzulita eta legeztatuta aurkeztu beharko dira.

f) Eszedentzia eskatzailearen ezkontideak edo bikotekideak zer enpresatan egiten duen lan, haren ziurtagiria, hartan lan egiten duela agerrarazten duena. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kotizatzen ez duten langileek, autonomoek edo araubide orokorrari atxikirik ez dauden profesional liberalek beren ezkontideak edo bikotekideak eszedentzia eskatu aurreko sei hilabeteetan kasuan kasuko araubidean kotizatu dutela frogatzen duten ordainagiriak edo dagokion mutualitateko ordainagiria aurkeztu beharko dituzte.

Araubide orokorrean kotizatzen ez duten langile funtzionarioek zerbitzuak zer administraziotan egiten dituzten, hark igorritako zerbitzu orria erantsi beharko dute; eszedentzia eskaera aurkeztu aurreko sei hilabeteetan administrazio horretan lan egin dutela jaso beharko du orriak.

g) Eszedentzia eskatu duen pertsonak zer enpresatan lan egiten duen, hark igorritako ziurtagiria; hartan agerraraziko da baimena duela diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion semea/alaba edo ahaide heldua zaintzeko egoera horretara igarotzeko, baita eszedentziaren hasierako eta bukaerako datak ere.

h) Behar denean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera, laguntza jasoko duen pertsonaren izenean.

i) Berriz osatutako familien kasuan, laguntzaren ondorioetarako kontuan hartzen diren aurreko bikote-elkarketetako seme-alaben zaintza eta jagoletza eskatzaileari edo haren bikotekideari edo ezkontideari ematen dizkion epaia.

j) Eszedentzia hartzen duen pertsonaren azken sei nominen fotokopia, edo horren frogagarri den enpresaren ziurtagiriaren fotokopia.

k) Guraso bakarreko familien kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dira:

k.1) Pertsona eskatzailea guraso bakarra dela jasotzen duen familia liburuaren fotokopia.

k.2) Alarguna dela alegatuz gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa, familia liburuan jasotzen ez bada.

k.3) Ezkondu gabeko bikoteen kasuan, ezkontzaz kanpoko semearen edo alabaren gaineko neurriei buruzko epai irmoa, edo bitartekotza bidean lortu diren balio bereko akordioak, epaile batek berretsiak, eta, horrez gainera, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren seme-alaben zaintza laguntzaren eskatzaileak edo haren ezkontideak edo bikotekideak duela ere frogatu beharko da.

l) Deialdi honen bigarren oinarrian aurreikusitako kasuen frogagiriak.

m) Familia-unitateak eskatu edo/eta hartzen dituen laguntza ekonomiko guztiak aitortzea, haien eta laguntza ekonomiko honen arteko bateragarritasuna baloratzearren.

n) Familia-unitateko 18tik 25 urte bitarteko kideen kasuan, lan bizitzaren txostena eta 2014. eta/edo 2015. urteetan jasotako diru-sarreren egiaztapena, dagokionaren arabera. Diru-sarrerarik ez badago, inguruabar hori agertzen duen zinpeko aitorpena.

7.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioak ziurtatu behar dituenean, edo lehendik bere esku dituen agiriak badira. Kasu horretan, eskatzaileek identifikatu beharko dute zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.

7.3. Familia liburuaren ordez nahikoa den ziurtagiria edo frogagiria aurkez daiteke, indarreko araudiak ezartzen duenaren arabera.

Zortzigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzaren Familien Atalari esleitu zaizkio aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

8.2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

8.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean tramitatu eta ebatziko dira espedienteak. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpena.

9.1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena igorri ondoren, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, arrazoiak azaldurik, eta eskatzaileari ebazpena jakinaraziko dio, eskaera aurkeztu zenetik hiru hilabete iragan baino lehen.

9.2. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, interesdunek dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izateko bakar-bakarrik.

Hamargarrena.–Laguntzaren ordainketa.

10.1. Hilabeteak amaitu ondoren eginen da ordainketa transferentzia bidez, eskatzaileak eskaeran adierazitako kontu korrontean.

10.2. Lehenengo ordainketa, eszedentzia hasten denetik ebazpena sinatzen den hilabetera arteko aldiari dagokiona, laguntza emateko ebazpenarekin batera eginen da. Gainerako ordainketak hilabetea bukatuta eginen dira.

Hamaikagarrena.–Laguntzaren iraungipena.

Laguntza iraungiko da hura emateko kontuan hartu ziren betekizunetatik bat bete gabe denean.

Hamabigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan araututako laguntzak eskatu eta jasotzen dituztenek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Gainera, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko diote laguntza jasotzea eragin duten/zuten baldintzen aldaketa guztiak, haiek gertatu eta 15 eguneko epean.

Hamahirugarrena.–Diru-itzulketak.

13.1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta diru-laguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutza interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, berandutza interesik eskatu gabe.

13.3. Halaber, jasotako diru-laguntzak, osorik edo partez, itzuli beharko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatutako kasuetan.

Hamalaugarrena.–Laguntzen bateraezintasuna.

14.1. Foru agindu honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok helburu berarekin eta aldi bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin.

14.2. Deialdi honen laguntza bateraezina izanen da laguntza berri honen xedeko adingabearen edo helduaren mendekotasuna dela-eta ematen diren laguntzekin.

Hamabosgarrena.–Publizitate araubidea.

Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

16.1. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

16.2. Foru agindu honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Hamazazpigarrena.–Legeria aplikagarria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1503943