3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
Zehapenerako eskumena onartzea
Aiegiko Udalak Nafarroako Trafikoko Probintziako Burutzari trafiko arloko zehapenerako eskumena eskuordetzeko erabakia hartu duela ikusirik, eta honakoak kontuan harturik:
Aurrekariak:
Lehena.–2015eko urtarrilaren 19an sartu zen Trafikoko Probintziako Burutza honetan Aiegiko Udalaren Osoko Bilkurak 2014ko abenduaren 18an hartutako Erabakia, trafikoaren, motordun Ibilgailuen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko zehapenerako eskumena, udalerri horretako hiriguneko bideetan egindako arau-hausteei dagokienez, Nafarroako Trafikoko Probintziako Burutzari eskuordetzen diona, udal zerbitzuak aski gaitasunik ez dutelako zehapenak tramitatzeko.
Zuzenbideko oinarriak:
Lehenbizikoa.–Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 12. artikuluak dioenez, “Eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, baldin eta, lege honetan zein beste batzuetan ezarritako moduan, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu”.
Bigarrena.–Trafikoaren arloko zehapen prozeduraren arloan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onetsi zuen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 71. artikuluak laugarren idatz-zatian ezartzen duenez, “Zirkulazio-arauen aurka herri-barruan egiten diren arau-hausteengatiko zehapenak alkateek emango dituzte, eta eskumen hori eskuordetzan utz dezakete, aplikagarri den legeriaren arabera”.
Hirugarrena.–Trafikoari buruzko aipatutako legearen 71. artikuluaren zazpigarren idatz-zatiak dioenez, berriz, “Justifikatutako arrazoiengatik edo udal-zerbitzu nahikorik ez dagoelako, alkateek eskumen hori gauzatu ezin dutenean, Trafikoko probintziako buruek eta organo eskudunek hartuko dute beren esku”.
Laugarrena.–Lege baldintzei dagokienez, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 47.2 artikuluan ezartzen du udalbatzako kideen gehiengo osoa beharko dela eginkizunak edo jarduerak beste administrazio publiko batzuei eskualdatzeari buruzko erabakiak hartzeko.
Aurrekariak eta zuzenbide oinarriak aintzat harturik, aipatutako aginduak eta lege xedapenak ikusirik, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak emandako eskumena eskuordetzeko Aiegiko Udalak adierazi dituen arrazoiak eta alegazioak justifikatuta daudela iritzirik,
Erabaki dut Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen arau-hausteak, Aiegiko udalerriko hiriguneko bideetan egindakoak, zehatzeko eskumena burutza honen gain hartzea ebazpen honen datatik aurrera, ohar hau eginda, betiere:
1. Zehapenerako eskumena aldi baterako hartuko du bere gain burutza honek, Aiegiko Udalak azaldutako arrazoiek iraun bitartean eta udal zerbitzuak lan hori betetzeko aski gaitasun izan arte.
Iruñean, 2015eko otsailaren 17an.–Nafarroako Trafikoko Probintziako burua, María Belén Santamaría Maeso.
Iragarkiaren kodea: E1502785