Iragarkia
55. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko martxoaren 4an hartua, Tafallan merkataritza barruti bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onesten duena. Sustatzailea “Plenix SL” da.
Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 23an egindako bilkuran, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea erabaki zuen Tafallan merkataritza barruti bat ezartzeko proposamena, “Plenix SL”k sustatua, eta hilabetez jartzea jendaurrean eta, aldi berean, entzutea ematea Udalari, haren mugapean baitu eragina. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean (LAHFL aurrerantzean), Nafarroako Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Erabaki hori 2014ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 18an.
Merkataritza establezimendu kolektibo bat ezartzea du xede nagusia aurkeztu den planak, hau da, bi merkataritza establezimendu merkataritza eremu edo barruti berean elkartzea. Jarduketa Tafallako herrigunearen iparraldean kokatzen da, Iruñetik gune horretara sartzeko bidean, NA-8607 errepidearen (Tafallako zeharbidea) alde batean, eta Tafallako katastroko 26. poligonoko 2. eta 3. lurzatiak eta 4.aren zati bat hartzeaz gain, haien ondoko errepide horren zerrenda hartzen du.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak txostenean adierazitakoa kontuan hartuta, proposatu den merkataritza formatuan bada establezimendu bat, non Mercadona enpresa ariko den supermerkatu gisa saltzen, eta beste bat, sustatzaileak kudeatuko duena eta hainbat gauza txikizka saltzen ariko dena, baita jarduera osagarrietan edo zerbitzukoetan ere, hala nola, jatetxeak, bidaiak, telefonia, aseguruak, finantzak eta abar. Merkataritza establezimendu bakoitzak badu bere aparkalekua ondoan.
Orobat, bere esparruan hirigintza antolamenduko determinazioak ezartzea du xede plan honek, horietako batzuk udal planeamenduan ezarritakoez bestelakoak. LAHFLaren 42.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, UPSaren determinazioak onetsiz gero, udal planeamendua haietara egokitu beharko da.
I.–Jendaurreko epea eta entzutea Udalari.
Espedientea jendaurrean egon den bitartean alegazio idazki bakar bat aurkeztu da. Entzutearen tramitean, Tafallako Udalak Alkatetzaren ebazpen bat aurkeztu du, Udalaren txosten tekniko batekin.
Ondoren, laburtuta ematen dira idazki horiek eta erantzun egiten zaie.
I.1.–Antonio Lauroba Orzanco jaunak eta José Ignacio Lauroba Orzanco jaunak, Comercial Maderas y Chapas Tropical SA merkataritza enpresa ordezkatuz aurkeztutako alegazio idazkia.
Laburpena:
Alegazioak 8 puntu eta bi eskaera ditu.
1. Alegatzaileak txostenean dio Comercial Maderas y Chapas Tropical SA katastroko 26. poligonoko 4. lurzatiko 8.900 m²-ren jabea dela, eta bertan zuraren industriako jarduera bat burutzen duela.
2. Lurzatia Tafallako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) hiri-lurzoruaren UU-21aren barrenean dela adierazten du, eta %50eko gehieneko okupazioa esleitzen dio, eta %25ekoa solairuarteari, behe solairuko azalera eraikigarriaren gainean. UPSak bere eremutik kanpo uzten du katastroko lurzatitik dagokion zatia.
3. Alegatzaileak azaltzen du Tafallako Udalaren txostenak dioela, erabileren antolamenduan koherentziaz jokatuz gero, finka horrek UPSaren barrenean egon beharko lukeela, eta Sustapen Departamentuaren txostenean adierazten dela zergatik ez dagoen barrenean arrazoitu beharko litzatekeela, baita HAPOn ezarritako hirigintza aprobetxamendua gauzatzeko aukera ere. Uste du UPSak HAPO aldatzen duela UU-21 unitateari dagokionez, baina argitu gabe nola gelditzen den (kargak, aprobetxamendua eta bideragarritasuna); horregatik dio arbitrariotasuna dagoela haren mugaketan.
4. Alegatzailearen iritziz, UPSak UE zatitzea proposatzen duenean, Tafallako HAPOko UU-21 exekuzio unitateko onura eta kargen zuzeneko banaketaren printzipioa urratzen da, haren ustez UU-21 bi exekuzio unitatetan banatzen denean UPSean sartutako unitate zatian gauzatzen da haren hirigintza aprobetxamendu ia guztia. Gainera, banaketa eremuetan integratzen ez diren exekuzio unitateen batez besteko aprobetxamendua (LAHFLaren 103. art.) ezin izanen da haietako handiena baino %15 txikiagoa izan. Kasu horretan, alegatzailearen ustez, batek bereganatzen du aprobetxamendu guztia eta besteak ia ez du aprobetxamendurik.
5. Txosten teknikoa gehitzen du, eta bertan ondorioztatzen, UPSean sartu gabeko UU-21 unitatearen zatiak ezin duela gauzatu Tafallako HAPOko determinazioen arabera dagokion aprobetxamendua. Txosten horri jarraituz, UPSa onartuz gero, eraikuntzaren gehieneko okupazio azalera 539,55 m²-koa da, HAPOren determinazioetatik ateratzen dena baino askoz txikiagoa; gainera, okupatzen den azaleraren triangelu itxuragatik (10 bat m-ko zabalera gehienez), guztiz baliaezina da. Haren ustez, finka hori UPSaren barrenean sartzea arrazoizkoa eta ezinbestekoa da, lagapeneko lurzoru gehienak bederen kokatzen lagunduko baitu, aurreikusitako eraikinen okupazio azaleratik edo merkataritzarako beharrezkoak diren aparkalekuetatik hartu beharrekoak, alegia.
6. Alegatzaileak uste du UPSean sartu gabeko UU-21aren zatian HAPOk esleitzen dion aprobetxamendua gauza daitekeela justifikatzea eskakizun beteezina dela eta, beraz, UPSa onesteko ezintasuna dakarrela.
7. Alegatzaileak dio finka hori UPSaren eremuan sartuz gero, sektoreko planeamenduaren ondorioz gauzatu ezin diren eraikuntza eskubideen kalte-ordain ekonomikoa saihestuko dela.
8. Alegatzaileak akats material batez ohartarazten du Sustapen Departamentuaren txostenean, 26. poligonoko 4. lurzatitik UPSean sartu gabeko zatiaren azalerari buruz.
Hori horrela, alegatzaileak honako hau eskatzen du:
–Tafalla iparraldeko 12.984. finka UPSaren eremuan sartzeko, hau da, urbanizatu beharreko UU-21 unitatea osorik sartzeko UPSaren eremuan.
–Finkaren azalerari buruz Sustapen Departamentuaren txostenak duen akatsaz ohartarazten da.
Erantzuna:
Aurkeztutako alegazioak azterturik, bat egiten da alegatzailearekin; alegia, dokumentuak ez duela aztertzen haren jabetzako lurzatia zer hirigintza egoeratan gelditzen den (onuren eta kargen banaketa, aprobetxamenduak eta bideragarritasuna). Horregatik, erreferentziako erabakian eskaera egiten zaio sustatzaileari “Plan sektorialak bere eremuan sartu gabeko UU-21 unitatearen zatiak dagokion hirigintza aprobetxamendua gauzatu dezakeela justifikatu behar duela, Tafallako HAPOko determinazio indardunen arabera.”
Sustatzaileak justifikazio bat edo bestea aurkeztu, esan behar da alegatzaileak bere jabetzako eraikuntza aukerei buruz aurkeztu dituen kalkuluak ezin direla erabat zuzentzat jo, ez baitira behar bezala kontuan hartu HAPOn finkatutako lerrokadurak eta dauden azpiegituren ondoriozkoak, ezta biribilgune bat egiteko betebeharra eta unitatearen gainerakoaren aprobetxamendua ere.
Hirigintzako edozein antolamendutan, lurzoruaren jabe bakoitzari bere hirigintza aprobetxamendua dagokio, berak jartzen duen azaleraren eta eremuaren guztirako azaleraren arabera.
Alde horretatik, alegatzailearen jabetzako lurzatiaren hirigintza aprobetxamendua kalkulatzeko, UU-21aren guztirako aprobetxamendutik abiatu behar da. UU-21eko guztirako aprobetxamenduaren zati proportzionala dagokio jabe bakoitzari, unitatearen guztirako azalerari buruz norberaren lurzatiei dagokien azaleran oinarrituta.
HAPOk,”eraikuntzarako baldintza” batzuk ezartzen ditu UU-21 unitaterako, baina ez du aprobetxamendu jakin bat finkatzen harentzat. Edozein modutan, unitate horren aprobetxamendua kalkulatzeko, HAPOren hirigintza araudian ezarritako baldintza guztiak kontuan hartzeaz gain, eremuan parte hartzen duten azpiegituren ondoriozko mugak edo/eta zortasunak izan behar dira kontuan.
Alegatzailea, bere lurzatiaren gehieneko aprobetxamendua kalkulatzeko, %50eko okupazio baimendutik abiatu da, kontuan hartu gabe eremu horretan biltzen diren azpiegituren ondoriozko gainerako determinazioak eta zortasunak. Horrela, zortasun horiek kontutan hartuta, gehieneko okupazioa ez litzateke %40ra iritsiko.
Alegatzaileak aurkezten dituen datuak gorabehera, gehieneko hirigintza aprobetxamendua suposatuz gero UU-21 unitaterako, hau da, eraikinentzat 20 m-ko gehieneko sakonera duten bi lerrokadura planteatuta unitatearen zatirik sakonenean, ondorioa da, aipatu hirigintza determinazio indardunak eta lurzatian biltzen diren azpiegituren mugak edo zortasunak beteta, alegatzailearen lurzatiari kasu horretan legokiokeen aprobetxamendua ezin izanen litzatekeela bertan gauzatu. Gorabehera hori konpentsatzeko, unitatearen gainerakoan gauzatu beharko litzateke, edo dirutan ordaindu.
Adierazitakoagatik, eta UU-21 unitateko erabileren antolamendua koherentea izan dadin, hala izateko eskatu baita hurrengo atalean aipatzen den Tafallako Udalaren txostenean, uste da urbanizatu beharreko Tafallako HAPOko UU-21 unitate osoa sartu behar dela UPSaren eremuan.
Alde horretatik, sustatzaileak UPSaren dokumentu berri bat igorri du, eta 2015eko otsailaren 10ean aurkeztu, non erreferentziako erabakiari eta egin diren sektoreko txostenei erantzuteko, urbanizatu beharreko Tafallako HAPOko UU-21 unitate osoa UPSaren eremuan sartzeaz gain, beste antolamendu bat eta oinarrizko beste proiektu batzuk planteatzen baititu merkataritza establezimenduentzat.
Proposamen berri horrek (erabaki honen hurrengo atalean azaltzen dira hasierako proposamenetik egin diren aldaketak) alegatzailearen lurzati osoa sartzen du UPSaren eremuan, baina ez baterako antolamendu batean, bi sektore independente planteatzen baititu: S1 sektorea, hasieran aurkeztutako UPSaren eremua hartzen duena, eta S2 sektorea, alegatzailearen lurzatia eta haren ondoko NA-860 errepideko zerrenda hartzen dituena.
Hasieran aurkeztutako UPSeko edo S1 sektoreko sailkapen, kategorizazio, kalifikazio eta hirigintza aprobetxamendu berekin erantsi da alegatzailearen lurzatia, eta hirigintza antolamenduko egiturazko determinazioak ditu; horiek, LAHFLaren 43.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, xehakatuta garatzen ahalko dira hirigintza antolamenduko tresna egokiaren bidez.
Testuinguru horretan, 1. sektorean ezarritakoaren antzeko antolamendu batetik abiatuta (biribilgunea salbu, orain egin beharrik ez baitago UPSaren sustatzaileak bere egiten duelako), 2. sektorea garatzeko, balio anitzeko ekipamendurako lurzati baterako bakarrik laga beharko litzateke lurzorua (koherentea litzateke gaur egungo erreserban kokatzea) eta aginduzko berdeguneetarako (sektorearen iparraldean kokatzen ahalko lirateke, lerrokadurengatik eraiki ezin den tokian).
Azkenik, sustatzaileak justifikatu egin du S2 sektoreari esleitutako hirigintza aprobetxamendua alegatzailearen lurzatian sartzen dela, kontuan izanda elkartzen diren azpiegituren eta dagozkien lagapenen ondoriozko nahitaezko atzeraemanguneak.
Eraikuntzaren gehieneko lerrokadurek edo atzeraemanguneek bide ematen dute 2.807 m²-ko gehieneko okupaziorako alegatzailearen lurzatian; horrexek, UPSaren gainerako hirigintza aprobetxamendu berarekin (0,4624 UA/m²) eta aprobetxamendu eskubiderako 8.421 m²-ko azalerarekin (katastroko datuen arabera) 3.893,87 UA hirigintza aprobetxamendua ematen dio aipatu lurzatiari, merkataritza eremu honetarako definitutako erabilera izan dezan.
S1 sektorean bezala, PB+1eko solairu kopurutik abiatuta, aprobetxamendua alegatzailearen lurzatian gauza liteke; izan ere, okupazioaren gehieneko azalera, bi solairutan banatua, 5.614 m²-koa da guztira; nahitaezko lagapenak kontuan hartuta ere, balio behar bezain handia da gehieneko aprobetxamendua lortu ahal izateko.
Azkenik, bat egin behar da alegatzaileak Sustapen Departamentuaren txostenean atzeman duen akatsarekin, alegatzailearen finkaren azalerari buruz.
Horrenbestez, alegazioa baiesten da.
I.2.–Tafallako Udaleko Alkatetzaren ebazpena.
Nafarroako Gobernuaren erreferentziako erabakiaren ondotik, 2014ko urriaren 23an eta 30ean, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen erabakiari eta sektoreko txostenei erantzuteko. Dokumentazio hori, lehen aipatu alegazioa kontuan hartzen ez bazuen ere, Tafallako Udalari igorri zitzaion. Udal horrek, 2014ko azaroaren 20an, Alkatetzaren ebazpen bat eman zuen, honako hau xedatzen zuena:
“–Udal Zerbitzu Teknikoen 2014ko azaroaren 17ko txostena Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuari igortzea.
–Balio anitzeko ekipamendurako gordetako guneari dagokionez, hura handitzea bere kokaguneko lurzati osoa hartuta, eta ondoko berdegunea kenduta, halako moduan, non lurzati osoa izanen baita balio anitzeko ekipamendurako.
–Balio anitzeko ekipamendurako lurzati horretan eraikuntzaren lerrokadurak eta aparkalekuak seinala daitezela.
–Berdeguneetarako lagapen eskasia arboladiarekin konpentsatzea lurzati partikularren barrenean.
–Indar egitea, lurzatien artean ibilgailuz mugitzeko aukera izan dadin, kanpoko bidera atera beharrik gabe; behintzat, merkataritza orduetan”.
Erantzuna:
Balio anitzeko ekipamendurako gordetako lurzatiari buruz adierazitakoari dagokionez, haren azalera txikia, kokalekua eta bide-sare publikoan aparkaleku gutxi dagoela kontuan izanda, bat egiten da Udalarekin, ondoko berdegunearen bidez handitu behar dela. Horren ondorioz, lerrokadura eta sestra berriak seinalatu behar dira zuzkidurako lurzatian eraikuntzarako, baita dagozkion gehieneko okupazioa eta aparkalekuak ere.
Berdegune eskasiari dagokionez, Erabaki honen III.1 atalean erantzuten da.
Arbola kopuruari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 85/1995 Foru Dekretuaren 28. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, aipatu artikuluan eta LAHFLaren 53.8 artikuluan aurreikusitako arbola kopuru txikiena jaso behar da UPSaren araudian.
Bestetik, 2015eko otsailaren 10ean aurkeztutako azken dokumentazioan, sustatzaileak kontuan hartu du lurzatien artean ibilgailuz eta oinez ibiltzeko determinazioa.
Udal txosteneko oharrei dagokienez, hurrengo lau ataletan banatu dira: Antolamenduaren eremua, Hirigintzako estandarrak, Sarbideak eta zirkulazioak eta Eraikuntzaren oinarrizko proiektuei loturiko alderdiak.
Antolamenduaren eremuari dagokionez, toki entitateak berriz dio baterako antolamendua egin beharko litzakeela Tafallako HAPOko gaur egungo UU-21 unitatearen eremu osorako, UPSarekin desagertuko litzatekeen koherentziaren bila; izan ere, UU-21etik geldituko litzatekeen zatian industria erabilerek jarraituko lukete, eta lurralde antolamenduaren tresna horren bidez merkataritzakoek hartzen dute haien tokia. Orobat, UPSak bere eremuan urbanizazio obrek ukitutako gune guztiak hartu beharko lituzkeela uste du: zehazki, NA-8607 errepidearen tartea,Tafallako zeharbidea, edo bidearen erdia, gutxienez ere, kontuan hartuta ur beltzen eta euri uren saneamenduko kolektore berri bat egitea aurreikusita dagoela Mairagako Mankomunitatearen baldintza zerrendaren arabera.
Sustatzaileak kontuan hartu ditu eskaera horiek aurkeztu den azken dokumentazioan. Orain aurkeztu den eremuan ondoko NA-8607 errepidearen zatia sartzen da, eta UU-21 osorik hartzen du erabilera berberekin.
Bestetik, hirigintzako estandarrei dagokienez, erreserbako guneen kokalekua (balio anitzeko ekipamendua eta gune libreak) onartzeko modukoa da Udalaren txosten teknikoarentzat, baina ez haien neurriak, LAHFLaren artikuluetan ezarritakoak baino txikiagoak baitira. Estandarren neurriak Erabaki honen III.1 atalean baloratu dira.
“Sarbideak eta zirkulazioak” atalari dagokionez, bat egiten da udal txostenarekin, eraikuntzaren lerrokadurek bat egin behar dutelako aparkalekuen barrenean planteatzen diren ibilgailuen zirkulazioekin. Horregatik, sustatzaileak merkataritzako eraikinen lerrokadurak aldatu behar ditu.
Eraikuntzaren oinarrizko proiektuekin (higiene zerbitzuen zuzkidura) zerikusia duten alderdiekin, uste da lizentziak emateko eskumena duen organoak ebaluatu behar dituela zuzkidura horiek aplikatzen den legeriaren arabera.
Horrenbestez, esan daiteke kontuan hartu direla Tafallako Udalaren eskaerak.
II.–Eremuan eta antolamenduan proposatutako aldaketak.
Sustatzaileak, erreferentziako erabakiari, egin diren sektoreko txostenei, aurkeztu den alegazioari eta Tafallako Udalaren txostenari erantzunez, hainbat dokumenturekin osatu du espedientea.
Ondoren, laburbilduta, adierazten dira dokumentu horietan planteatu diren aldaketa aipagarrienak.
II.1.–Aldaketak hirigintzako antolamenduan.
Eremuari 12.075 m² gehitu zaizkio, eta guztira 32.592 m² dira. Bi sektore planteatzen dira. S1 sektoreak hasieran aurkeztutako UPSaren eremua hartzen du; aldiz, S2 sektoreak alegatzailearen lurzatia eta ondoko NA-8607 errepidearen zerrenda (Tafallako zeharbidea).
Hirigintza antolamenduko egiturazko determinazio berak proposatzen dira bi sektoreeentzat, hau da, sailkapen, kategorizazio, kalifikazio eta hirigintzako aprobetxamendu berak. Dena dela, S1 sektorearentzat, hau da, hasieran aurkeztutako UPSaren eremuarentzat, determinazio xehakatuak biltzen dira, LAHFLaren 43.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera; aldiz, S2 sektorearentzat, hirigintza antolamenduko tresna egokiaren bidez geroago garatzeko uzten dira.
Sarbideei dagokienez, antolamendu berriak zuzeneko sarbide bat planteatzen du S2 sektorerako, bide-sare publikotik: zehazki, egin gogo den biribilguneko adar batetik; eta S1 sektorean, zuzeneko sarbide-irtenbideetako bat kentzen da 2. lurzatiaren eta NA-8607 errepidearen artean.
Bestetik, S1 sektorean bi lurzati, “gune libre publiko-berdegune”, eta balio anitzeko ekipamenduko lurzati bat planteatzen dira, eta haien arteko komunikazioa segurtatzeko, bi pasabide prestatu dira S1 sektoreko bi aparkalekuen edo merkataritzako lurzatien artean, bata oinezkoentzat eta bestea ibilgailuentzat, irekita egotera behartuta daudenak merkataritza ordutegi komunean.
II.2.–Aldaketak merkataritza establezimenduetan.
S1 sektoreko bi merkataritza lurzatietako bakoitzean proposatu diren establezimenduetan aparkalekuen kokaera eta zirkulazio ibilbideak aldatu dira, baita eraikinen kokalekua ere haien barrenean. Halaber, eraikinen oinplanoaren forma eta banaketa aldatu dira, eta sestra gainean eraikiko diren gehieneko azalerak eta salmentarako azalera erabilgarriak gutxitu dira.
III.–Nafarroako Gobernuak 2014ko abuztuaren 18an hartutako Erabakiko oharrei buruz.
Nafarroako Gobernuaren aipatu erabakiak zenbait puntu ezartzen ditu, sustatzaileak bete beharrekoak; ondoren azaltzen dira eta, orobat, erantzuna ematen zaie:
III.1.–“Jarduketak ukitutako lurzorua hiri-lurzoru finkatu gabetzat jo behar da, edo urbanizazio jarduketa gisa ulertu eta, horrenbestez, LAHFLaren 53. artikuluan ezarritako hirigintza estandarren arabera zuzendu eta osatu behar da plan sektoriala, eta dagozkion exekuzioarekin eta hirigintza kudeaketarekin.”
Orain aurkeztu den UPSak hiri-lurzoru finkatu gabetzat jotzen du lurzorua; gainera, hirigintza aprobetxamendua laga beharra jasotzen du araudian, borondatezko birzatiketa du kudeaketa sistema, eta bi lurzati hartzen ditu kontuan berdeguneetarako, eta bat zuzkiduran erabiltzeko. Lurzoru erreserben aurreikuspen horien azalerak, LAHFLaren 53. artikuluko 8. puntuan adierazitakoaren arabera, aipatu artikuluko 4. puntuan aipatutakoetara hurbildu dira.
III.2.–“Plan sektorialak bere eremuan sartu gabeko UU-21 unitatearen zatiak Tafallako HAPOko determinazio indardunen arabera dagokion hirigintza aprobetxamendua gauzatu dezakeela justifikatu behar du.”
Puntu honi buruz emandako erantzuna jakiteko, aurkeztu den alegazio idazkiari emandako erantzunera jo behar da.
III.3.–“Bide-sare orokorrarekin aurreikusitako loturak egokiak direla aurreikusi eta justifikatu behar du plan sektorialak, eta dauden azpiegiturak eta hirigintza zerbitzuak, edo aurreikusita direnak, nahikoa direla. Aurreikusitako sarbideak justifikatzean, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko otsailaren 18ko txostenean bildutako determinazioez gain, IV. atalean adierazitako alderdiak hartu beharko dira kontuan. Erabaki honen azalpen zatiko beste ohar batzuk eta, bereziki, beste soluzio batzuk aztertu beharko dira sarbideentzat, NA-8607 errepideko (Tafallako zeharbidea) trafiko pilaketak galarazteko.”
Atal honi emandako erantzuna jakiteko, Erabaki honen V.1 puntura jo behar da, hau da, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenera.
III.4.–“Egin gogo den espaloian berdegune zerrenda bat diseinatu beharko da, eta bidegorri bat edo oinezkoak eta bizikletak aldi berean ibiltzeko bezain zabala izanen da. Gainera, luzatu beharko da eta planaren eremu osoan egin.”
Bideen antolamendu berri bat aurkeztu da, udal entitatearekin adostuta, eta hartan, zerrenda berdea gehitu beharrean espaloia zabaltzen da, oinezkoak eta bizikletak aiseago ibil daitezen.
Espaloi hori UPSaren eremu osoan luzatzen da, baita UU-21 unitatetik gehitu den zatian ere, eta 3,15 eta 3.35 m-ko zabalera du.
III.5.–“Plan sektorialaren araudiak beharrezko baldintzak ezarri behar ditu lurzatien barrenean ibilbideak izatea bermatzeko, ibilgailuen eta oinezkoen trafikoa izan dadin haien artean; orobat, oinezkoentzako lotura, egin gogo den espaloiaren eta proiektatzen diren eraikinetako sarbideen artean. Aurkeztu diren oinarrizko proiektuetan hartu behar dira kontuan afera horiek, oinezkoen eta bizikleten ibilbideen eta ibilgailuen trafikoaren plano baten bitartez, aipatu araudian adierazitakoa bete dadin.”
UPSaren araudiari 40. artikulua erantsi zaio, “Lurzatien arteko komunikazioa” izenekoa, beharrezko baldintzak ezartzen dituena oinezkoek eta ibilgailuek komunikazioa izan dezaten S-1 sektoretik ateratzen diren P-1 eta P-2 lurzatien artean, zein den ere bide publikoa. Zehazki, bi bide-zor jasotzen dira, bata oinezkoak pasatzeko eta beste ibilgailuak pasatzeko; birzatiketa proiektuan eta jabetza erregistroan inskribatu beharko dira, eta bi establezimenduak ezarri eta jendearentzat irekitzen direnean bakarrik ireki beharko dira, eta merkataritzaz bestelako egun eta ordutegi komunean itxi edo murriztu, edo saltokietako batek ixten duen egun eta orduetan, haien segurtasuna bermatua izan dadin jendearentzat irekita egoten diren egun eta ordutegietatik kanpo.
III.6.–“Plan sektorialaren aparkalekuetarako araudiak honako hauek jaso behar ditu: motozikleta eta bizikletak aparkatzeko aurreikuspena edo bizikletak aparkatzekoa, eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako aparkalekuen aginduzko erreserba; orobat, erabilera publikoaren zortasuna eratu beharko da, eta zortasun hori aparkaleku horietan erabiltzeko baldintzak jasoko dira. Alde horretatik, jasota egon behar du ez direla itxiko ez lan ordutegiaren barrenean ez ordutegitik kanpo, eta sustatzaileak ezin izanen duela inoiz ordain ekonomikorik eskatu zortasunagatik.”
Eskatutakoa kontuan hartuta, araudiaren 39. artikuluan, aparkalekuak izenekoan, motozikleta eta bizikleten aparkalekuetarako edo bizikletak aparkatzeko adierazitako erreserbak jaso dira, baita mugikortasun murriztuko pertsonentzat erreserbatutako plazak ere (plaza bat, 33tik).
Erabilera publikoko zortasun bat eratzeko eskakizunari dagokionez, dokumentuaren arabera, “eskakizun hori ez da aginduzkoa, LAHFLaren53. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez baitu inoiz esaten merkataritza erabilerako aparkalekuen zuzkidurak publikoa izan behar duenik.”
Alde horretatik, Sustapen Departamentuko Zerbitzu Juridikoak txosten bat egin du, eta haren ondorioetan ikusmolde hori babesten da.
III.7.–“Plan sektorialean sartu gabeko UU-21 unitate zatirako sarbideak, orain arte bezala, 2. lurzatiaren bidez (lurzoru pribatua), plan sektorialaren araudian propio jaso beharko da zortasun hori.”
Antolamendu berriak zuzeneko sarbidea planteatzen du bide-sare publikotik aipatu UU-21 unitate zatirako: zehazki, egin gogo den biribilguneko adar batetik; hortaz, ez da eskatu den erabilera publikoko zortasuna eratu beharrik.
III.8.–“Aurkeztu den parte-hartze plana ondorioen txosten batekin osatu behar da, eta bertan bildu jasotako ekarpenei buruzko oharrak.”
Adierazitako txostenarekin osatu da UPSa.
III.9.–“Sustatzaileak 2. lurzatian proiektatutako eraikinaren kalifikazio energetikoaren ziurtagiriarekin osatu beharko du espedientea.”
Eskatutako ziurtagiria gehitu zaio UPSari, eta hark, aurrerago esaten den moduan, aldeko txostena jaso du Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzutik.
III.10.–“Merkataritza proiektua guztiz definitzeko, eskatzaileak 2. lurzatian proposatzen duen merkataritza establezimendurako operadoreak/ikur komertzialak zehaztu beharko lituzke.”
Sustatzaileak dio gaur egun ezin dela zehaztu 2. lurzatiko operadore/ikur komertziala; merkataritza garatzen aritzen den Plenix enpresari esleitu zaio lurzatia.
III.11.–“2. lurzatiaren oinarrizko proiektuaren indizea zuzendu behar da, proiektu horren edukiekin bat heldu ez delako.”
2. lurzatiaren konfigurazio berriarekin, sustatzaileak lurzati horren oinarrizko proiektu berri bat aurkeztu du, edukiekin bat heldu dena.
III.12.–“Aurkeztutako dokumentuen koherentzia berrikusi behar da, sarbideei dagokienez (1. lurzatian -Mercadona- proiektatutako merkataritza establezimenduaren oinarrizko proiektuan jasotako sarbideak ez dira bat heldu UPSaren dokumentuan jasotakoekin).”
UPS berriak koherentziaz jasotzen du bide-sarearen antolamendu berria dokumentu guztietan.
III.13.–“LAHFLaren 43. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, ebatzi aurretik, jarduketaren ondoriozko obligazioak betetzeko behar diren bermeekin osatu behar da espedientea.”
Sustatzaileak eskatu zaion abala, 34.198,28 eurokoa, jarri du gordailuan Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan.
IV.–Sektoreko txostenak.
Ondoren aipatzen diren txostenekin osatu da espedientea; besteak beste, Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzarenarekin eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuarenarekin, beharrezkoak baitziren erreferentziako erabakiaren arabera. Orobat, atal honetan Mairagako Mankomunitateak eskatutakoari nola erantzun aipatzen da.
IV.1.–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.
Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak UPSaren gaineko txostenak egin ditu 2014ko martxoaren 18an, 2014ko abenduaren 9an eta 2015eko otsailaren 20an.
Txosten horietako azkenean, aurkeztu den azken dokumentazioari buruzkoan, aurreko txostenetan adierazitakoa betetzen dela egiaztatzen da, eta zenbait ohar egiten dira 1. sektoreko 1. merkataritza lurzatirako (Mercadona) planteatutako sarbideei buruz. Bereziki, aditzera ematen da oinarrizko proiektuetan eta urbanizaziokoan haien guztirako zabalera zehaztu beharko dela, behar bezain zabala ibilgailuentzat (ibilgailu astunak barne) sartu eta ateratzeko maniobretan, ez daitezen kontrako norabidean sartu gurutzatzen diren bideetan. 2. sarbideari dagokionez, norabide bakarrekoa baita, uste da, aparkalekuko barne zirkulazioaren diseinu berriaren arabera, ibilgailu astunak gauza direla biribilgune berritik ateratzeko; hortaz, irtenbide hori ibilgailu arinentzat bakarrik uzten ahalko litzateke.
IV.2.–Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren txostena.
Administrazio honek kontra emandako txostena kontuan izanda, sustatzaileak UPSeko araudia zuzendu du, telekomunikazioen azpiegitura komunei aplikatzen zaien legeria ere jasota.
2014ko abenduaren 3an, aipatu idazkaritzak aldeko txostena egin zuen telekomunikazioen sektoreko araudiari egokitzearen gainean, eta adierazi zuen lerrokadurako hutsegiteak behar bezala zuzendu direla.
IV.3.–Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren txostena.
Zerbitzu honek merkataritza lurzatien oinarrizko proiektuen ziurtagiri energetikoari buruzko txosten batzuk egin ditu, bi azkenak 2014ko abenduaren 9koa eta 2015eko otsailaren 17koa, eta haien arabera, espedientearen balorazioa ona da esparru energetikoari dagokionez.
IV.4.–Mairagako Mankomunitatearen txostena.
Entitate horrek, 2014ko martxoaren 17ko txostenean, hodi berri bat jartzeko eskatu zuen hornidura sareari buruzko berariazko determinazio gisa, oraingoa, oso zaharra izanik, gauza ez delako egin gogo den merkataritza barruti berria hornitzeko.
Sustatzaileak 43. artikulua, “Hornidura sarea eta saneamendu sarea” deitua, erantsi du araudian, eta bertan ezartzen du “Hornidura eta saneamendu sareak Mairagako Mankomunitatearen araudiari egokituko zaizkiola, dokumentu honi erantsi zaizkion baldintzen arabera.” Horretarako halaber, NA-8607 errepide tartea (Tafallako zeharbidea) sartu du UPSaren eremuan; hark muga egiten du UPSaren eremurako proposatutako hirigintza antolamenduarekin, eta horren barrenean dago aipatu hornidura sarea.
IV.5.–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren txostenak.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak bi txosten egin ditu, 2014ko azaroaren 10ean bata, eta 2015eko otsailaren 18an bestea, eta ondorioa da proiektua behar adina definituta dagoela Zerbitzu horren eremuarekin zerikusia duten alderdietan, honako hauek aztertu ondoren: merkataritza establezimenduaren edo barrutiaren ezaugarriak, merkataritza establezimendu handien instalazioa arautzen duten printzipioak, 17/2001 Foru Legearen 19.6 artikuluan ezarritako ezaugarriak dituzten lurzoruetan instalatu beharra, merkataritzaren formatua, eskakizun energetikoak eta hondakinen plana.
IV.6.–Garraio Idazkaritza Nagusiaren txostena. Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.
2014ko ekainaren 18an, administrazio horrek aldeko txostena eman dio UPSari zortasun aeronautikoei dagokienez.
V.–Ingurumen ondorioen adierazpena.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 20ko 120E/2015 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Tafallan merkataritza barruti bat jartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari buruz (Plenix SLk sustatua), eta UPSean proposatutako zonifikazio akustiko berria onesten da, jarduketaren eremua hirugarren sektoreko erabilera duen eremu akustikoa izanen baita. Ebazpen horrek ez du determinaziorik ezartzen.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko otsailaren 24ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Aurkeztutako alegazio idazkiak ebaztea, Erabaki honen I. epigrafean adierazitako moduan.
2. Tafallan merkataritza barruti bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onestea. Sustatzailea “Plenix SL” da.
3. UPSa dokumentuaren testu bategina eta dokumentazio grafikoa aurkezteko eskatzea sustatzaileari, alegazio idazkiak ebaztetik ateratzen diren aldaketak eta Erabaki honen III. atalean bildutako oharrak jasota, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2015eko otsailaren 20ko txostenean bildutakoak ere. Behin testua balioztaturik, UPSaren araudia argitaratuko da, 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan.
4. Espedienteari buruz egin diren sektoreko txostenetan xedatutakoaren arabera garatu eta gauzatuko da UPSa.
5. Nolanahi ere, obrak egiteagatik ukituta izan daitezkeen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.
6. Sustatzaileari adieraztea UPS honen bidez onesten den merkataritza establezimenduen ezarpena ez gauzatzeko edo hura handitzeko eta aldatzeko, UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko dela.
7. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, baimena ematea Tafallako Udalari garapen tresnak (plan partzialak, plan bereziak eta xehetasun azterlanak) tramitatu eta onesteko, baita tramitatzen diren determinazio xehakatuen aldaketak ere.
Udalak telematika bidez igorri beharko dio Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari onetsitako tresna, udal idazkaritzak behar bezala eginbidetua, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoaren ondorioak izan ditzan.
Adieraztea UPSaren 2. sektorea garatzeko, merkataritzako legerian ezarritakoari lotu beharko zaiola, eta erakunde eskudunaren txostena behar dela Nafarroako Ubidetik eraikitzeko utzi beharreko tarteei buruz.
8. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura igortzea.
9. Erabaki hau Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Mairagako Mankomunitateari, Tafallako Udalari, sustatzaileari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2015eko martxoaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1503582
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
