54. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2014ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamendua.

Onespenaren erabakia 2014ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ean, argitaratu zen, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Orkoienen, 2015eko martxoaren 3an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

ORKOIENGO UDAL LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Orkoiengo Udalaren ludotekaren funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek. Ludotekak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen du bere zerbitzua.

2. artikulua. Oinarria.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

3. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

Udal ludotekaren titulartasuna Orkoiengo Udalarena da; hortaz, berak kudeatzen ahal du zuzenean edo administrazio publikoen kontratuen gaineko legerian bildutako prozedurak baliatuz.

4. artikulua. Zerbitzuaren helburua.

Josteta da haurrak gero beharko dituen trebetasun sozialak eskuratzeko faktoreetako bat eta, horrenbertzez, hona etortzen diren haurrek bizipen ludikoak izan ditzaten diseinatu da, nahita, ludoteka.

Haurrak jostatzeko tokia da ludoteka, eta helburua haurren parte hartzea bultzatzea da, aisia eta astialdiko aukerak ematea, haurren garapen integralean lagunduko duten balore, jarrera eta portaerak jostetaren bidez bultzatzea eta hainbat lantegi eta jarduera egitea.

Dituen baliabideak haurren garapen integrala laguntzeko balio izatea da udal ludotekaren lehen helburua. Garapen integral hori bilatuko du ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeak, eta helburu partikular hauei jarraituko die bere hezkuntza jardueran:

–Haurren josteta bultzatu eta indartzea.

–Haurrei aukera berriak eskaintzea josteta eta hezkuntza aldetik eta aisialdirako.

–Topaleku bat eskaintzea haurrei, josteta lagunekin elkartzeko.

–Garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala bultzatzea, inguru ludiko batean, ahalik eta modurik osasungarrienean.

–Jostetaz gain, komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako errespetua bultzatzea.

–Haurren autonomia sustatzea, hautatu, erabaki eta ardurak hartzeko aukera emanez.

–Portatzeko ohitura eta jarraibideak indartzea hainbat arloren inguruan: higienea, errespetua, ordena eta bizikidetza, arau eta ohitura sozialak eskura ditzaten lagunduz (lagunekiko, hezkuntza taldearekiko eta materialeekiko errespetua).

–Guztiei aukera berak eskaintzea jostatzeko, sexu, arraza, maila ekonomiko, ezintasun eta abarrengatik inor ez baztertzeko lan eginez.

–Gizarte integrazioa, elkartasuna eta dibertsitatearen aldeko begirunea sustatzea.

–Generoen berdintasuna lantzea, bai jostetan, bai ludotekan gauzatzen den hezkuntza jardueran, neskek zein mutikoek era guztietako jostailuak erabiltzea bultzatuz.

–Irudimena eta sormena bultzatzea jostetaren bidez.

–Naturaren eta ingurumenaren aldeko begirunea bultzatzea.

–Gaztelaniaren eta euskararen arteko bizikidetza bultzatzea elkarrenganako errespetuaren giroan.

–Gurasoak orientatzea, pedagogia eta hezkuntza arloetan dituzten eskaeren aurrean.

Haurrak dira, beraz, ludotekaren erabiltzaileak, haientzat sortu baita.

Horregatik sortu da zerbitzua, eta arau honen bidez erregulatzen da Udalaren prestazioa.

5. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Aitak, amak edo tutoreak ordezkatuta, 3tik 12 urte arteko haurrek erabiltzen ahal dute udal ludotekaren zerbitzua, baldin Orkoiengo erroldan badaude. Erabiltzaileek eskolaturik egon behar dute haien izena ematen den urtean. Haur Hezkuntzako 1. mailan daudenak azarotik aitzina hasiko dira ludotekaren zerbitzuan. Funtzionamendu arloko irizpideak direla-eta, beharrezkoa da haurrak bere esfinterrak kontrolatzea, eta heldu baten arreta etengabe eta erabatekoa behar ez izatea.

Banandurik edo banantzekotan dauden aita eta amen kasuan, bietariko bat Orkoienen erroldaturik baldin badago haien seme-alabek erroldatutzat joko dira ludotekaren zerbitzuari dagokionez.

Subsidiarioki, eta lekurik baldin bada, ludotekara etortzen ahalko dira, Orkoienen erroldaturik egon gabe ere, herriko ikastetxeetan eskolatuak daudenak, Orkoienen erroldatutako lehen eta bigarren mailako ahaide odolkideak dituztenak edo beren guraso edo tutoreetariko bat Orkoienen lanean dituztenak.

Eguneko asistentzia zerbitzuaren edukiera baino handiagoa izanez gero, udalerrian erroldatuta daudenek izanen dute lehentasuna hura erabiltzeko, eta horien artean, txosten teknikoen bidez haren erabileraren gomendioa dutenek (osasun txostena, Gizarte Zerbitzuena etab.).

6. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko araubidea.

6.1. Ludotekaren zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileen aitak, amak edo tutoreak izen emateko fitxa bete beharko du udal jarduerei buruz urtero argitaratzen den programan ezartzen den epean. Fitxa horretan adingabearen datu guztiak agertuko dira, baita bi pertsonaren datuak ere, edozein gorabehera dela eta, haiekin berehala harremanetan jartzeko. Orobat, haurra biltzeko baimena nork duen, haren datuak agertuko dira eta zerbitzua erabiltzeko baldintzen onarpena. Haien berri, ludotekaren funtzionamenduari buruzko gainerako informazioarekin batean emanen zaio erabiltzaileari.

6.2. Ludotekaren zerbitzua euskarazko ordutegian erabili ahal izateko, haurrek euskaraz mintzatzeko eta ulertzeko gaitasuna izan behar dute, betiere beren adinaren araberakoa.

6.3. Ludotekaren ardura duten langileek eginkizun hauek bete beharko dituzte, bertzeak bertze:

1.–Jarduera eta programak diseinatu eta garatzea.

2.–Jardueren plangintza eta betearazpena.

3.–Jarduerak ebaluatzea.

4.–Orkoiengo Udalarekiko informazioa eta koordinazioa, Kultura, Euskara eta Gizarte Zerbitzuen arloetan dituen teknikarien bidez.

6.4. Jostetarako espazioa, hezkuntza ez formalaren esparrukoa eta nor bere gogoz etortzekoa; horrelakotzat hartzen da ludoteka.

6.5. Aldi berean ludotekan egon daitekeen haur kopurua instalazioaren edukieraren araberakoa izanen da, indarra duen araudiari jarraikiz.

6.6. Desgaitasun mailen bat duten haurrek edo hezkuntza-laguntzako behar berariazkoren bat dutenek ludotekaren zerbitzua erabili nahi badute, balorazioa eskatuko zaie profesionalei (lan-talde psikopedagogikoak, osasun etxea, gizarte zerbitzuak etab.) eta Udalak aztertuko du zerbitzua indartzeko aukera, behar bezalako arreta bermatu beharrez.

Arreta hobea izateko eta haien gaitasunak hobeki garatzeko erabakitzen delarik komenigarriagoa dela talde edo ordutegi berariazko bati atxikitzea, adingabea ezarritako egun eta orduetan baizik ez da etortzen ahalko, eta horiek ez dira aldatuko aldatzeko beharra sendotzen duen txostenik ez bada.

6.7. Erabiltzaileak portaera arazoak dituela ohartuz gero, enpresa esleipen hartzaileak edo zerbitzua kudeatzen duten langileek bilera baterako deia eginen diete aita-ama edo tutoreei, konponbide zehatzak bilatzeko. Adostasunik ez bada, behar diren udal zerbitzuen bitartekaritza eskatuko da.

6.8. Oro har:

–Haur eriak ez dira ludoketara etortzen ahalko. Bizkarroiak edo eritasun kutsakorrak dituzten haurrak ere ez dira etorriko.

–Ludotekan dela, haurrak eritasun seinalerik izanez gero, gurasoei gaztigatuko zaie, lehenbailehen hartzera etor daitezen. Istripua gertatu edo sukar oso handia izanez gero, haurra osasun etxe hurbilenera eramanen da, eta familiari jakinaraziko zaio.

–Ludotekan ez da sendagairik emanen.

–Haurren guraso edo tutoreak ez dira ludotekaren barrutian egonen haren ordutegiaren barnean. Haurrak ludotekan egon beharreko denbora bukatuta, pertsona baimenduak, horretarako dokumentuan ageri denak, hartuko du adingabea. Aita-ama edo tutoreen ardura da haurra biltzea ludotekako ordutegia bukatuta; hori ez betetzeak erregelamendu honen 13. artikuluan jasotzen den zehapena ekarriko du.

–Haurrak ez du gauzarik batere ekarriko ludotekara (jostailua, kartera etab.), ezta janaririk ere, eta ludotekako portaera arauak beteko ditu. Betiere, ez Udalak, ez ludotekako hezkuntza taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.

–Haurra eroso jantzita etorriko da ludotekara, haren autonomia galarazten duen arropa ez baita gomendagarri. Bertzetik, on da gurasoek jakitea, jardueretan erabiltzen diren materialen ondorioz, inoiz edo behin haurraren arropa hondatzen ahal dela.

6.9. Ludotekan bada erreklamazio liburua aita, ama edo tutoreen eskura, eta haren bitartez bideratuko dira sortzen diren aferak.

7. artikulua. Zerbitzua emateko ordutegia.

Ludotekako ordutegia urtero onetsiko da.

Oporretan antolatzen diren lantegiek goizeko ordutegia izanen dute. Orkoiengo Udalak aldatzen ahalko du ordutegi hori, zerbitzuaren beharretara egokitzeko, komenigarria iruditzen bazaio eta erabiltzaileei horren berri eman ondoan.

Ludotekak jarduera bereziren bat antolatzen duenean, bertan behera utziko da ohiko dinamika. Horren berri ere emanen zaie erabiltzaileei, aitzinetik.

8. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

8.1. Udal ludotekako ondasun eta zerbitzuak erabiltzea araudi honetan jasotako baldintzen arabera.

8.2. Ludotekan egiten diren jarduera eta lantegietan parte hartzea eta bertan eskura dauden instalazio eta materialak erabiltzea.

8.3. Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea, zerbitzuko gainontzeko erabiltzaileen baldintza beretan.

8.4. Ludotekan egiten diren programa eta jardueren gaineko informazioa eskatzea.

8.5. Zerbitzua gaztelaniaz zein euskaraz hartzea.

8.6. Aldiro eskura izatea Orkoiengo udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamenduaren ale bat.

8.7. Iradokizun eta erreklamazioak egitea aita, ama edo tutoreen bidez, erregelamendu honen 6.10 artikuluan ezarritako erreklamazio liburua baliatuz.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

9.1. Errespetua agertu beharko die gainontzeko erabiltzaileei eta zerbitzuaz arduratzen den hezkuntza taldeari, eta behar bezala erabiliko ditu jostatzeko materialak eta altzariak, honda ez daitezen. (Betebehar hau behin eta berriro saihestuz gero, dagokion zehapena aplikatuko du Udalak).

9.2. Denen eskura dauden materialak biltzen hartu beharko du parte, bere gaitasunaren barrenean.

9.3. Zerbitzua erabiltzen dutenek ludotekako hezkuntza taldearen oharrei eginen diete kasu.

9.4. Erabiltzaileek udal ludotekaren erregelamendua beteko dute; orobat, aita, ama eta tutoreek erregelamendu honetan jasotzen diren arauak onartuko dituzte, eta behartuta daude talde pedagogikoaren oharrei kasu egitera; bereziki, ezarritako ordutegia betetzen ahaleginduko dira.

9.5. Aita, ama edo tutoreak behartuta daude Orkoiengo Udalak zerbitzua emate aldera urtero onartzen dituen tasak ordaintzera.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

–Hona arau-hauste arinak:

a) Instalazioak eta materiala behar bezalako arduraz ez erabiltzea.

b) Zerbitzuarenn ardura dutenek ematen dituzten ohar eta aginduei kasurik ez egitea.

c) Aita, ama edo tutoreak berandu agertzea zerbitzua erabiltzen duten haurrak hartzera.

–Hona arau-hauste larriak:

a) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

b) Jokabide bortitz eta erasokorrak izatea behin eta berriz gainerako lagunekin edo hezkuntza taldearekin.

c) Istiluak izatea gainontzeko erabiltzaileekin, zor zaien errespetua agertu gabe.

d) Ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeari zor zaion errespetua ez agertzea.

e) Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

d) Sei hilabetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

–Hona arau-hauste oso larriak:

a) Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

b) Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

c) Sei hilabetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

Arau-hauste horiek arautu eta zehapen prozedura aplikatu ahal izateko, organo instruktorea sortuko da eta haren kideak izanen dira Kultur Zinegotzigoaren arduraduna, enpresa esleipen hartzailearen ordezkaria eta Udalak bere teknikarien artean hautatzen dituenak.

11. artikulua. Erantzuleak.

Beti dira adingabeen aita, ama edo tutoreak arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak.

12. artikulua. Prozedura.

–Arau-hausterik izanez gero, lehen neurria izanen da sortutako gorabeheraz solastatzea ludotekaren berezko esparruan.

–Bigarren neurria zehapen prozedura irekitzea izanen da. Prozedura horretan sartu beharko da egindako hutsegitearen erregistroa, egindako urratsena, haren larritasuna eta egin zen eguna, haren segimendua egin ahal izateko.

–Hirugarren neurria hutsegite arin edo larriak direlarik hartuko da. Kasu honetan, horretarako tramitatzen den diziplina espedientearen aitzinetik eta interesdunei entzutea emanda, zehaztuko da bidezko den zehapena, egindako hutsegitearen arabera.

–Laugarren neurria hutsegite oso larria eginez gero aplikatuko da. Halakoetan, espedientea irekiko da eta zehapen organoari eginen zaio dei, zehapen mota erabaki dezan.

13. artikulua. Zehapenak.

Ludotekako instalazioak astebetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste arinak.

Ludotekako instalazioak hilabetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Ludotekako instalazioak erabiltzeko eskubidea erabat kenduta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Arau-hausteen jakinarazpena.

Arau-hauste arin edo larriak gertatuz gero, adingabearen ardura dutenei jakinaraziko zaie egindako arau-hauste mota eta erregelamendu honen aplikazioa. Aita-ama edo tutoreek astebeteko epea izanen dute bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko.

Arau-hauste oso larriak gertatuz gero, idatziz eta hartu izanaren adierazpenarekin jakinaraziko zaie zehapen espedientea ireki dela, arrazoia eta arau-haustearen eguna zehaztuta. Halaber, entzutea emanen zaie aita-ama edo tutoreei, organo eskudunak bidezko zehapena ezarri aitzin, erregelamendu honek dioenez. Zehapen espedientea tramitatzean indarra duen araudiari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aplikatuko da, eta indarra izanen du harik eta espresuki aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L1503495