54. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Udal ordenantza, Autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Udalak, 2014ko abuztuaren 28ko osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Aiegin horretarako prestatu den eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen ordenantza eta 2014ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen irailaren 24an.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada.

Horrenbestez, bidezko da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Aiegin horretarako prestatu den eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen ordenantzak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Aiegin, 2015eko urtarrilaren 7an.–Alkate udalburua, Esperanza Gastea Hernández.

AIEGIN HORRETARAKO PRESTATU DEN EREMUAN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, arautzea autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatatzeko Aiegiko udalerrian, Ardantze alderdian, prestatu den eremuaren erabilera, helburua izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea, eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea eremu publikoen erabiltzaile guztien artean, eta bestetik, araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua betetzen dela bermatzea.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Aiegiko udalerrian autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko diferentzia.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo, eta erraz garraia daitezkeen eta zimentaziorik ez duten elementuak erabiltzea.

b) Ordenantza honetan ezarri den baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Aiegiko Udaleko langileen edo foruzainen iritziz beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen den edozein motatako jarduera.

4. artikulua. Aparkatzearen eta akanpatzearen arteko ezberdintasuna.

Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; betiere gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheititurik hanka egonkortzaileak, ezta bertze edozein tramankulu paraturik ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez delarik, hau da, ez dago leiho irekirik (leihoa irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik, eta abarrik.

3.–Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direlarik, hala nola urak eremu publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipo akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal mugape osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Gainera, nahitaezkoa izanen da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiek gaua Aiegiko udalerrian horretarako prestatu den aparkalekuan, Ardantze alderdian, pasatzea.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Ibilgailu hauek gehienez ere 72 orduz egon ahalko dira aparkatuta, salbu eta Aiegiko iraileko herriko festetan, orduan 96 orduz egon ahalko baitira.

Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

Epe horretan tasa bat ezarriko da urak aldatzeko zerbitzuagatik.

7. artikulua. Zerbitzu eremuak.

Autokarabanendako zerbitzu eremua izateko Ardantze alderdian kokatutako zonaldea, Udalaren kirol instalazioen ondoan, arau hauei jarraituz erabiliko da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, betiere kanpoaldera mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.

3.–Gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte. Ezinbertzean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere Alkatetzak baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita tratatu gabeko uraren hargune bat ere. Eremu horretan ezin da aparkatu; erabiltzaileen eskura egonen da eta horiek garbi mantendu beharko dute erabili ondotik. Espresuki debekatua dago, orobat, edozein motatako ibilgailuak garbitzea.

5.–Zerbitzugunetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak edo foruzainek ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzugunetako eremuek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

6.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, kadirak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

8. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udal korporazioaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

9. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1.–Aiegiko Udaleko alkatea edo hark eskuordetutakoa dira zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duten organoak.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.–Arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da paratzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

11. artikulua. Kautelazko neurriak.

Zirkulazioaren gainean indarra duen udal ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua mugigaiztuko du.

12. artikulua. Erantzukizuna.

Aiegiko autokarabanak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Aiegiko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da lege honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

Tasak

–Bornea erabiltzeagatik: 2 euro/fitxa.

Iragarkiaren kodea: L1503393