Iragarkia
54. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
346/2015 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, prestakuntzako beka baten deialdirako oinarriak onesten dituena, kazetaritzako lizentzia edo gradua dutenentzat, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan aritzeko.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak, berdintasunaren arloko erakunde autonomo eskuduna baita eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikia baitago, uste du interesgarria dela unibertsitateko titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea, kazetaritzako lizentzia edo gradua dutenena, zuzenago ezagut ditzaten erakunde horretan gauzatzen diren berdintasunerako politikak. Laguntza-eginkizunak izanen dituzte, ikasketekin eta informazioaren eta dokumentazioaren kudeaketarekin loturik, baita agintzen zaizkien beste batzuk ere, arlo horrekin loturik.
Beka ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoei jarraituko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari, eta, modu osagarrian bakarrik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.
Espedienteko txostenak ikusirik eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen uztailaren 25eko 75/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Prestakuntzako beka baten deialdirako oinarriak onestea, kazetaritzako lizentzia edo gradua dutenentzat, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan aritzeko. Oinarriak ebazpen honen eranskinean agertzen dira.
2. 10.209,25 euroko gastua baimentzea, 2012tik 2015era luzatutako gastuen aurrekontuko “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko 930001 94100 4809 232200 kontu-sailaren kontura.
3. 11.856,64 euroko gastua erreserbatzea –horietatik 34,72 euro 2015eko abenduko gizarte segurantzakoak dira eta gainerakoa (11.821,92 euro) erreserbatu egin da izaten ahal den luzapenerako–, 2016ko gastuen aurrekontuko “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko 930001 94100 4809 232200 kontu-sailaren kargura edo ekitaldi horretan gaitzen den horren pareko kontu-sailaren kargura, betiere kontu-sailean krediturik bada.
4. 34,72 euroko gastua baimentzea, 2015eko abenduko gizarte segurantzari dagokiona, 2016ko gastuen aurrekontuko “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko 930001 94100 4809 232200 kontu-sailaren kargura edo ekitaldi horretan gaitzen den horren pareko kontu-sailaren kargura, betiere kontu-sailean krediturik bada.
5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora eta Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2015eko otsailaren 16an.–Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Teresa Nagore Ferrer.
ERANSKINA
Oinarriak, prestakuntzako beka baten deialdirako, kazetaritzako lizentzia edo gradua dutenentzat, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan aritzeko
1. oinarria. Xedea.
Deialdiaren xedea da kazetaritzako lizentziadunak edo gradudunak prestatzeko beka bat ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzan aritzeko.
Deialdiaren xedea da unibertsitateko lizentzia edo gradua dutenen prestakuntza bultzatzea, institutuan berdintasunaren arloan gauzatzen diren jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.
2. oinarria. Aurrekontu erabilgarria.
2015. urtean 10.209,25 euro izanen dira bekarako, 2012tik 2015era luzatutako gastuen aurrekontuko “Beketarako eta ikerketa proiektuetarako transferentziak” izeneko 930001 94100 4809 232200 kontu-sailaren kargura edo ekitaldi horretan gaitzen den horren pareko kontu-sailaren kargura, betiere kontu-sailean krediturik bada.
3. oinarria. Iraupena.
Bekaren iraupena 2015eko martxoaren 16tik abenduaren 31ra artekoa izanen da. Kontzesioaren ebazpenean zehazten den egunean hasiko da beka; 2015eko martxoaren 16an hastea aurreikusten da.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenez beka 2016ko azarora arte (hori barne) luzatzen ahalko da. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko du bekaren tutoreak. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.
4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 1.040 euroko zenbateko gordina izanen du hilean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da: 6,09 euro hilean. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.
Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko edo alta hartzeko, baita araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen hura, dagokion erregelamenduan ezarritako modu, epe eta ondorioekin: enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko erregelamendu orokorra, urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsia.
Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.
5. oinarria. Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
6. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak.
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortu izana.
f) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko du adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik.
g) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
7. oinarria. Baloratzeko baremoa.
Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:
a) Ikasketen espedientea.
Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 4 punturekin baloratuko da.
Nahikoa: puntu 1; oso ongi: 2 puntu; bikain: 3 puntu; eta ohorezko matrikula: 4 puntu.
Hala bada, 5,0-6,9: nahikoa (N); 7,0-8,9: oso ongi (OO); eta 9,0-10: bikain (B).
Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira.
b) Informazioaren teknologiak.
Hauen gaineko ezagutzak: informatika, bulegoko paketeak, posta elektronikoa, Internet, web orrien editoreak eta irudien tratamendua. Egindako ikastaroengatik, 0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, eta gehienez ere puntu 1. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
c) Ingelesa jakitea.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako ziurtagiria izanez gero, puntu 1 bitarte, baremo honen arabera:
HEOko MAILA | ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
1.a | A1 | 0,20 |
2.a | A2 | 0,40 |
3.a | B1 | 0,60 |
4.a | B2 | 0,80 |
5.a | C1 | 1 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.
d) Euskara jakitea.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako ziurtagiria izanez gero, puntu 1 bitarte, baremo honen arabera:
HEOko MAILA | ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
1.a | A1 | 0,20 |
2.a | A2 | 0,40 |
3.a | B1 | 0,60 |
4.a | B2 | 0,80 |
5.a | C1 | 1 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.
e) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza.
0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, eta gehienez ere 2 puntu. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
f) Buruz buruko elkarrizketa.
Baremazioa amaitutakoan, puntu gehien lortu dituzten hiru pertsonei dei eginen zaie, Ebaluazio Batzordearen aurrean buruz buruko elkarrizketa egin dezaten. Gehienez 3 puntu lortzen ahalko dira.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.
Aipatu a) letratik e) letrara bitarteko balorazioetan puntuaziorik handiena lortzen duten hiru eskatzaileei dei eginen zaie telefonoz eta posta elektronikoz, gutxienez ere 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
8. oinarria. Eskaerak.
8.1. Interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Erregistroan (Karlos III.aren etorbidea, 36-2.a eskuina, 31002 Iruña), edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan, deusetan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren gainerako tokietakoren batean aurkeztea.
Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.
8.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa. Eredua Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan jaso daiteke (Karlos III.aren etorbidea, 36-2.a, eskuina, 31002 Iruña), edo http://www.navarra.es web orrian.
b) Kazetaritzako lizentzia edo gradu tituluaren (kazetaritzako espezialitatea) fotokopia konpultsatua.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.
d) Alegatutako gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez frogatuta. Hizkuntzetan, zehaztuko da ea ziurtagiria tarteko mailakoa edo maila aurreratukoa den. Kasuan kasuko taulak webgune honetan agertzen dira: http://www.inapidiomas.net/es/acreditaciones.
e) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia fonpultsatua.
f) Nafarroako erroldatze agiria, antzinatasuna zehazten duena.
g) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.
8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera hori jakinaraziko zaiola.
Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren jakinarazpenak jasotzeko.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9. oinarria. Ebaluazio Batzordeen osaera eta beka emateko prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz. Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu: Genero Berdintasuneko Politiken zuzendariordea, Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Ataleko burua eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko administrazioko teknikaria.
9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskaerak jasotakoan.
9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Ebaluatzen hasi aurretik, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
9.4. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duen izangaiari beka emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.
9.5. Beka Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko iragarki oholean jarriko da (Karlos III.aren etorbidea, 36-2.a eskuina, 31003 Iruña), baita http://www.navarra.es web orrian ere, eta, horrekin batera, eskatzaileen zerrenda, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera ordenaturik.
Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Puntuaziorik altuena lortzeagatik beka jasoko duen interesdunari jakinaraziko zaio ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak ezetsitzat joko dira, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada.
10. oinarria. Tutoretza.
10.1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Zuzendaritzak aukeratuko du nork eginen dituen bekaren onuradunaren jardueren tutoretza, zuzendaritza eta gainbegiratze lanak.
10.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
11. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunak urteko txostena aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetzeari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2015eko abenduaren 15etik 31ra bitarte aurkeztuko da eta, beka luzatuz gero, 2016ko azaroaren 15etik 30era bitarte, hurrengo txostena.
12. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Organo eskudunari adieraztea hartutako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
f) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko bekaduna dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpen edo jardueratan.
g) Prestakuntza jardueran ezagutzen den eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta isilpekotasuna gordetzea.
h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
i) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.
13. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, Institutuari horren berri eman gabe, eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.
Bekari uko eginez gero, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari horren berri eman beharko zaio. Beka erabiltzen hasi ondoren, bekari uko eginez gero, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari berariazko ukoaren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
14. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaduna Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren egoitzan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.
15. oinarria. Jabetza intelektuala.
Jabetza intelektualaren gainean bekadunek dituzten eskubideak, bekaldian eskuratzen direnak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuan egindako jardueraren ondorioz, erabiliko dira eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz, eta Administrazio Publikoak ez die uko egiten dagozkiokeen agiriei, azterlanei, ikerlanei, lanei, eskubideei, emaitza zientifikoei eta izan litezkeen asmakuntzei.
16. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak egitea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko bere gain beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko administrazio publikoarekin duen harreman juridikoa deusetan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. oinarria. Ez-betetzeak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, errendimendu edo aprobetxamendu eskasa edo batere ez izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntza bat.
c) Azken hilekoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.
19. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, honako hauekin bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115.1 artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 115.2. artikulua.
20. oinarria. Aplikatu beharreko legeria.
Ager daitezkeen gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honetako oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, osagarri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Argibide gehiago izateko, bidali mezu bat posta elektronikoz placunzc@navarra.es helbidera, edo deitu 848 421 583 telefonora, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
Iragarkiaren kodea: F1502639
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
