54. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2015 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, artisautza enpresen inbertsioetarako laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.

Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak diru-laguntzak ematen ahalko zizkiela artisautza enpresei haien egitura, errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo lehiakortasuna hobetzeko jardueretarako.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da hainbat neurri hartzea sektoreko enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsoei laguntzeko, haien azpiegiturak eta ekipamendua hobetzeko, enpresa horien lehiakortasuna bultzatuz.

Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileko kide diren artisautza elkarteei informazioa eman eta haien iritzia entzun zen 2015eko otsailaren 5eko bilkuran.

Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 28.000 euroko gastua baimentzea laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10003-A1140-7701-431400: Artisautzako enpresen inbertsioak finantzatzeko transferentziak

4882

2015

28.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 9an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Nafarroako artisautza enpresek inbertsioak egiteko diru-laguntzen araubidea onestea da deialdi honen xedea, haien tailer eta ekipamenduak modernizatzeko, lehiakorragoak izan daitezen eta haien egitura eta kudeaketa hobea izan dadin.

2. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzaren onuradunak izaten ahalko dira hurrengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak:

a) 2014ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izen emanda egotea.

b) Laguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea.

Laguntzaren eskaera egiten den momentuan artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela iraungia baldin badago, indarraldia bukatu baino lehen eskatzaileak hura berritzeko eskaera aurkeztu duela frogatu beharko du. Nolanahi ere, artisautza enpresa dela dioen txartela berritzeko eskaerak eskatzen diren betebehar guztiak bete beharko ditu.

Laguntzarako eskaera aurkeztuta artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela iraungitzen bada, diru-laguntza eman baino lehen eskatzaileak hura berritzeko eskaera aurkeztu duela frogatu beharko du, eta horretarako eskatzen zaizkion betebeharrak bete.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku ez urratzea. Diru-laguntzaren eskabide-orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da baldintza hau betetzen dela.

Zerga arloko eginbeharrak eta, kasua bada, Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinaraziko zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2014ko abenduaren 1etik 2015eko azaroaren 30era bitartean egindako inbertsio proiektuak izan daitezke diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.

2. Zehazki, inbertsio hauek jasotzen ahal dute diru-laguntza:

a) Tailer eta lokalak ezarri, modernizatu, zaharberritu, eraberritu edo egokitzeko beharrezko obrak egitea, haietan, aparte eta bereizita, artisautzako enpresa jarduera gauzatuz gero.

Artisautza jarduera garatzeko baldintzak hobetzeko asmorik gabe etxebizitza partikularra hobetzeko egiten diren obrei ez zaie inola ere diruz lagunduko; obrak bi tokietan egiten direnean, soil-soilik, tailerrerako egiten diren eraikuntzen eta inbertsioen zati proportzionalari ematen ahalko zaio diru-laguntza, artisautzaren lanbidearekin lotura zuzena eta agerikoa baldin badute.

Diruz laguntzeko kontzeptuen artean, proiektu teknikoaren prestaketa, obraren zuzendaritza eta obra-lizentzia sartzen dira.

b) Jarduera gauzatzeko premiazkoak eta ezinbestekoak diren makineria, instalazioak eta produkzio berariazkorako tresnak eskuratu, muntatu eta paratzea. Ondasun suntsigarriak, lehengaiak edo produktua prestatzeko behar diren gastuak baztertzen dira, bai eta bigarren eskuko makineria edo ekipoak eta bulegoko altzariak ere.

3. Kontzeptu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

–Edozein motatako zerga, lizentzia edo tributuak (obra-lizentziak bai).

–Lokalaren edo tailerraren erosketa.

–Diru-laguntza eskatzen duen enpresak eta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindako lanak.

4. Gutxieneko inbertsioaren zerga oinarria 6.000 eurokoa izanen da 2.a) atalerako eta 500 eurokoa 2.b) atalerako.

5. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioen zenbatekoaren %50ekoa izanen da diru-laguntza (BEZa kanpo dela), gehieneko muga hauekin:

–2.a) atalean ezarritako inbertsioak: 6.000 euro onuradun bakoitzeko.

–2.b) atalean ezarritako inbertsioak: 3.000 euro onuradun bakoitzeko.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería, 1; 31001 - Iruña) aurkezten ahalko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Ordua eta minutua agertu ezean, ulertuko da datu horiek dituen egun bereko azken eskaeraren ondoren aurkeztu dela 5. oinarrian ezarritako ondorioetarako.

3. Eskabidea Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakiaren araberakoa izanen da, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Diru-laguntza eskatu duenaren erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku urratzen ez duela adierazten duena.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne.

c) 2014ko abenduaren 1etik eskaera aurkezteko azken eguna arte egindako inbertsio-proiektuetarako, 6. oinarrian ezarritako dokumentazioa.

d) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2015eko azaroaren 30era arte egin gogo diren inbertsio-proiektuetarako, hurrengo dokumentazioa:

–Egin beharreko inbertsioak deskribatzen dituen memoria, ondoko alderdi hauek zehaztuko dituena:

–Egin beharreko inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak eta haiek gauzatzeko faseak.

–Zergatik egin behar diren inbertsio horiek eta noraino diren baliogarriak produkzio prozesuan.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituzten aurrekontuak, proiektuak edo proforma fakturak. Diru-laguntzak kalkulatzeko, ez dute balio izanen eskatzaileak berak egindako estimazioek.

–Tailerrak egokitzeko obren proiektuen kasuan, tailerraren argazkiak, aurreikusitako inbertsioak egin aurreko egoera zein den ikusteko.

4. Oinarri honen 3.a) eta 3.b) ataletan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak laguntza eskatzeko inprimakian daude sarturik.

5. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidearen bitartez emanen dira. Hortaz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak amaitutakoan, gainerako eskaerak atzera botako dira.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa gorabehera, lehen-lehenik, artisautza sektoreko inbertsioetarako 2013ko eta 2014ko deialdietan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ez ziren artisautzako enpresek aurkezten dituzten laguntza eskaerak ebatziko dira.

2. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

3. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak isiltasun administratiboaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

4. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria. Egindako jarduketen justifikazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin ondoren, egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte onuradunek eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataritik eskuratzen ahal den inprimakia erabiliko dute (http://www.navarra.es/home_es/Servicios). Honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria, xehetasun guztiekin adierazten dituena inbertsioen kapituluak eta zenbatekoak, baita inbertsio horiek egiteko arrazoiak eta ekoizpen prozesuan izanen duten onura ere.

b) Inbertsioen kapitulu bakoitzean aurkeztutako fakturen zerrenda ordenatu eta zenbakitua, behar adina xehetasunekin (3. oinarriko 2. puntuko a) eta b) ataletan ezarritako kapituluei dagokienez).

c) Egindako inbertsioen fakturen kopia. Diru-laguntza eskatzen duen enpresaren izenean eginak izanen dira faktura guztiak, eta Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari jarraituko diote.

d) Fakturatutako zenbatekoen ordainketa justifikatzen duten banku agirien kopia. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan zenbatekoak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.

e) Egindako inbertsio guztien froga grafikoa. Tailerretan edo lokaletan obrarik egiten bada, argazkiak aurkeztu behar dira, inbertsioak egin aurreko eta ondoko egoera ikusi eta konparatzeko.

f) Obra-lizentzia, tailer eta lokaletan egindako obrak direnean.

2. Ekintzen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

–2014ko abenduaren 1etik eskaera aurkezteko azken eguna arte, biak barne, egindako jarduerak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2015eko azaroaren 30era arte egindako jardueren kasuan: 2015eko abenduaren 14ra arte, egun hori barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, instrukzio organoak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

7. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den diru-laguntza ordaintzeari buruzko ebazpen-proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko dute.

2. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

a) 2014ko abenduaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, diru-laguntza ematearekin batera eginen da ordainketa.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2015eko azaroaren 30era arte egiten diren jardueren kasuan, aurreko oinarriak aipatzen dituen agiriak aztertu ondoren eginen da ordainketa.

3. Edozein kasutan, emandako diru-laguntzaren lehen ordainketa egin ahal izateko, diru-laguntza jaso dezakeen proiektu mota bakoitzari (3.4 oinarri arautzailean zehaztutakoei) eskatzen zaion gutxieneko inbertsio-bolumena berdindu behar du justifikatutako gastu onartuak. Hala izan ezean, diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da diruz lagundutako proiektuaren gastu guztiak justifikatu ondoren.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak betetzea.

b) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.

c) Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, laburragoa bada.

d) Publizitatean behar bezala adieraztea diru-laguntza honen xede diren jardueren finantzabidea publikoa dela.

2. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin. Gainera, diru-laguntza hau bateraezina da Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak artisautza sektorerako eman dezakeen beste edozein laguntzarekin.

2. Foru agindu honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2014ko abenduaren 18an emandako 1407/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako “de minimis” laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

10. oinarria. Diru-laguntzaren jarraipena eta kontrola.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

Era berean, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak badauka diru-laguntzaren xede diren obrak in situ ikuskatzeko ahalmena, eta, beraz, ikuskatze lan hori oztopatu edo eragozteak diru-laguntza itzuli beharra ekarriko du.

11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1503718