53. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

FC179/2015 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2015eko deialdia onesten da nekazaritzako elikagaien industrietako inbertsioetarako laguntzak emateko.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Industria sektoreetako enpresek, beste sektoreetakoekin alderatuta, I+G eta berrikuntza maila altuagoak dituzte. Orobat, gehien esportatzen duen sektorea da, eta haren produktibitatea altuena da. Halaber, efektu mugiarazle handia du gainerako ekonomian, eta zeharkako lanpostu asko sortzen ditu gainerako sektoreetan. Nekazaritzako elikagaien industria zutabe sendoa da, Batasuneko landa ekonomiaren oinarrian. Landa ingurunean errotuena dagoen sektore industriala da, lehen sektorearen mugiarazle, eta nekazaritzako produktuen balio erantsia handitzea errazten du. Nekazaritzako enpresen garapenari ematen zaion bulkadak bideraturik egon behar du landa eremuetan enplegua sustatzera eta kalitatezko lanpostuak sortzera, daudenak mantentzera eta enpleguaren sasoiko gorabeherak murriztera.

Gainera, sektore hau etengabeko modernizatze prozesuan dago, eta prozesu horrek ahalbidetzen dio lehiakorragoa izatea, gero eta zorrotzagoa den ingurune ekonomikoan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoak, 17. artikuluan aurreikusten du “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria. Hark, halaber, 3 azpineurri ditu, eta hau da horietako bat: “nekazaritzako produktuak (Ituneko I. eranskinean jasotakoak edo kotoizkoak, eta arrantzako produktuak salbuesten dira) eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio materialak eta immaterialak egiteko laguntza”.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren proposamenak azpineurri hori jasotzen du (4.2 kodea).

Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa kudeatzeko ardura dutenek kontsulta egin diote Jarraipen Batzordeari, laguntza hauen oinarri arautzaileetako aukeraketa irizpideei buruz. Batzordeak adostasuna adierazi du, eta laguntzetarako baldintza izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onets dezala.

Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritzako elikagaien industrietan inbertsioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia onestea.

Laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 14.300.000 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Nekazaritzako produktuak industrializatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak (LGENF)” izeneko kontu-sailaren kargura, eta 2016ko gastuen aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kargura, muga hauekin:

URTEA

ZENBATEKOA (EUROTAN)

2015

2.300.000

2016

12.000.000

GUZTIRA

14.300.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 9an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea

Laguntza hauen helburua da nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsioak sustatzea, nekazaritzako eta elikadurako sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.

Laguntza hauek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan (LGP) daude, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an eman zuten 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapena laguntzeari buruzkoa zen erregelamendu hura.

2. oinarria.–Definizioak

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

1) “Nekazaritzako produktuak”: Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren I. eranskinean agertzen direnak, salbu arrantzako produktuak eta akuikulturakoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutakoak.

2) “Nekazaritzako produktuak eraldatzea”: nekazaritzako produktu batean egiten den eragiketa, horren emaitza ere nekazaritzako produktua duena. Lehenbiziko salmentarako ustiategian egiten diren jarduketak, beharrezkoak direnak animalia edo landare produktu bat prestatzeko, salbuetsi egiten dira.

3) “Enpresaren tamaina”: enpresa baten tamaina baloratzeko, erreferentzia gisa hartuko da laguntza eskatzeko data eta Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz. Akziodunen artean aldaketak izatearen ondorioz tamaina aldatzen bada, ulertuko da aldaketa hori gertatu dela akzioak eskuratzeko erabakia hartu den egunean.

4) “Elkarteak”: Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65 a) artikuluan definitutako landako nekazaritzako kooperatibak eta bigarren mailako kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta entitate zibilak eta merkataritzakoak, baldin beren kapitalaren %50 gutxienez sozietate kooperatibena bada.

5) “Lehentasuneko sektoreak”: lehentasuneko sektoretzat hartzen dira honako hauenak: zerealak, frutak eta barazkiak, haragiak, esnekiak eta oliba olioa.

6) “Kalitatezko ekoizpeneko enpresak”: honako bi baldintza hauetako bat betetzen duten enpresak hartzen dira halakotzat:

a) Artisautza-enpresak eta jatorrizko deiturarekin edo adierazpen geografiko babestuekin babesturik dauden produktuen ekoizpena dutenak, edo produktu ekologikoen ekoizpena dutenak, baldin ekoizpen ekologikoak fakturazioaren %50 gainditzen badu.

b) Elikagaien segurtasuna ziurtatzeko nazioartean aitortutako sistemak dituzten enpresak, esaterako UNE-EN ISO 22000, IFS, BRC sistemak eta antzekoak.

7) “Kooperatiba integratuak”: halakotzat joko dira honako entitate hauek:

a) Nekazaritzako kooperatibak, bigarren mailako kooperatibak eta kooperatiba-taldeak, kooperatiba integrazio prozesuetan parte hartzen ari direnak, bat-egiteen bidez, xurgatzeen bidez edo kooperatiben arteko akordioen edo sartzeko prozesuen bidez, betiere 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen hasi direla.

b) Aurreko lerroaldean aurreikusitako kooperatiba integrazioko prozesu batean parte hartzen ari diren nekazaritzako kooperatibak partaide dituzten entitateak, baldin prozesu horretan aurreikusten bada kooperatiba integrazioaren xede den jarduera bat garatzea, eta entitate horren kapital sozialaren erdia gutxienez nekazaritzako kooperatiben esku badago.

c) Kooperatibak bateratzeko prozesuetan ez dauden nekazaritzako kooperatiben kasuan, frogatu beharko dute gutxieneko parte-hartzea lortu dutela beren jarduera nagusia gauzatzen duten sektore kooperatibizatuan, eta behar bezalako enpresa-egitura badutela, bai dotazioaren aldetik bai antolakuntza aldetik, epe ertain eta luzera enpresa bideragarriak izanen direla ziurtatu ahal izateko. Nolanahi ere, eskaera egiten duten unean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Enpresa kudeaketarako egitura berekia edukitzea, egonkorra eta iraunkorra.

–Merkataritza egitura berekia edukitzea, egonkorra eta iraunkorra.

–Laneko arriskuen prebentziorako planei dagozkien zerbitzuak eduki eta bermaturik izatea.

–Kalitatea ziurtatzeko sistemak eduki eta bermaturik izatea.

–Urtero auditoretza edo kudeaketa txostena egitea.

–Honako baldintza hauetako bat bete:

1. Bere jarduera kooperatibizatutako sektoreko negozio bolumenaren %40tik gorakoa izatea, unitate fisikotan edo dirutan neurtua.

2. Enpresa-egituran gutxienez ere lau langileko plantilla izatea eta horietatik hiru gutxienez modu jarraituan aritzea.

8) “Kooberatiba integrazio prozesu batean dauden kooperatibak”: halakotzat joko dira honako entitate hauek:

a) Nekazaritzako kooperatibak, bigarren mailako kooperatibak eta kooperatiba-taldeak, kooperatiba integrazio prozesuetan parte hartzen ari direnak, bat-egiteen bidez, xurgatzeen bidez edo kooperatiben arteko akordioen edo sartzeko prozesuen bidez, betiere 2010eko urtarrilaren 1aren ondoren hasi direla.

b) Aurreko lerroaldean aurreikusitako kooperatiba integrazio prozesu batean inplikaturik dauden nekazaritzako kooperatibak partaide dituzten entitateak, baldin prozesu horretan aurreikusten bada kooperatiba integrazioaren xede den jarduera bat garatzea, eta entitate horren kapital sozialaren erdia gutxienez nekazaritzako kooperatiben esku badago.

9) “Produkzioko instalazio berria”: bai Nafarroan berria den enpresa batek egindako hasierako inbertsioak bai Nafarroan dauden enpresen produkzioko instalazio berriak.

10) “Nafarroako enpresa berri batek hasieran egindako inbertsioak”: aurretik Nafarroan ez zegoen enpresa batek produkzioko instalazio berri bat abiarazteko inbertsioak, betiere, eta Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioarekin bat (mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzkoa), Nafarroan dagoen enpresa bati loturik ez badago.

11) “Nafarroan dauden enpresen produkzioko instalazio berria”: aurretik Nafarroan zegoen enpresa batek edo jadanik Nafarroan zegoen enpresa bati loturik dagoen enpresa batek egindako inbertsioak, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera (mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzkoa), betiere aurrekoa ez den beste kokapen batean egiten badira, laguntzak eskatzen dituenaren titulartasunarekin edo hari lotutako enpresen titulartasunarekin. Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta ekoizpen jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da, beharrezkoa izan gabe aldez aurretik dauden eraikinak konektatzea edo partekatzea azpiegiturekin eta ekoizpenerako instalazioekin edo instalazio lagungarriekin.

12) “Enpresa dibertsifikatzeko inbertsioa”: horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jardueretako 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren 4. digitua eta jarduera berrietakoa ezberdinak badira.

13) I+G+Bko proiektuen ondoriozko inbertsioak: I+G+Bko proiektuen emaitzak gauzatzen hasteko behar direnak. Horretarako, beharrezkoa izanen da Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak I+G+Bko proiektutzat hartzea.

14) “Industria instalazio berria, azpiegitura partekatuko industrialdean”: enpresa instalazio berriak, industrialdeetan, baldin industrialde horiek trigenerazioa (lurruna, gasa eta argindarra) eskaintzen badute, bai eta hondakinen kudeaketa eta/edo uren arazketa bateratua ere.

3. oinarria.–Onuradunak

1. Laguntza hauen onuradunak izanen dira lantokia Nafarroan duten enpresak (pertsona fisikoak nahiz juridikoak), baldin honako beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren I. eranskinean agertzen diren nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jardueraren bat egitea. Salbuespena dira ardoaren eta arrantzaren sektoreetako enpresak, baita beren emaitza I. eranskinean jasoa dutenak ere.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio, honako honekin bat: Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluetan xedatutakoa.

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Ez dira onuraduntzat hartuko erakunde, organismo, sozietate eta fundazio publikoak.

3. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta laguntzak eskatzeko unean aurkeztuko da.

4. oinarria.–Inbertsio proiektuen ezaugarriak

1. Diru-laguntzaren xede izan daitezke, aktibo material eta immaterialetan, honako alderdi hauetako batean aurrerapenak erakusten dituzten inbertsio proiektuak:

a) Eraldaketan eta merkaturatzean hobekuntzak egitea.

b) Produktuaren balio erantsia handitzea.

c) Kalitatea hobetzea.

d) Ekoizpen gaitasuna handitzea.

e) Efizientzia, energian eta inputen erabileran.

f) Enplegua ugaritzea.

g) Jardueren dibertsifikazioa.

h) Ingurumen arloko babesa.

i) Laneko segurtasuna.

2. Eskaera egunaren eta 2016ko urriaren 31ren artean gauzatu beharko dira proiektuak.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, produkzioko instalazioko langileen arabera:

ENPRESAKO LANGILEEN KOPURUA

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

10.000 euro

10 - 49

30.000 euro

50 - 249

50.000 euro

250 edo gehiago

100.000 euro

4. Enpresak Nafarroan duen produkzioko instalazio bakoitzeko inbertsio proiektu bakarrak jaso dezake diru-laguntza.

5. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten inbertsioek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Inbertsio mota hauetako batekoa izatea:

1. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

2. Makina eta ekipamendu berriak erostea edo errentamendu finantzarioan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak merkatuan duen baliora bitarte.

3. 1. eta 2. motako inbertsioekin lotutako kostu orokorrak, esaterako arkitektura, ingeniaritza eta aholkularitza enpresei ordainsariak ordaintzea, bideragarritasun azterlanak barne, balioaren %10 arte.

4. Honako aktibo ukiezinetan inbertsioak egitea: programa informatikoak eskuratzea edo garatzea eta patenteak, lizentziak eta know-howak eskuratzea.

b) Nafarroan egiten direnak eta proiektuaren helburua edo xedea lortzeari zuzenean laguntzen diotenak.

c) Laguntzen eskaera egunaren ondoren egiten direnak. Ulertuko da lehenbiziko fakturaren edo aurreratutako ordainketaren egunean hasi dela inbertsioa.

Beharkizun horretatik salbuesten dira 3. puntuko a) letrako kostu orokorrak. Horiek 2015aren urtarrilaren 1aren ondokoak izan daitezke.

d) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

e) Kostuak gehiegizkoak ez izatea. Horretarako, baldin diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastu bat, BEZa kanpo, 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitzako edo laguntzako enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, onuradunak “hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta hiru eskaintza gutxienez aurkeztu. Inprimakia laguntzen fitxan dago eskura.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntzen kudeatzailea den organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez badator bat laguntzak eskatzean aurreikusitakoarekin, frogatu egin beharko da, inbertsioaren justifikazioa egiteko unean, 12. oinarriarekin bat, oinarri honetan deskribatutako moduan.

Onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharko, baldin aipatutako inprimakian justifikatzen badu diru-laguntzaren xede den gastuaren ezaugarri bereziengatik merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez aktiboak eskuratzeak diru-laguntza jaso dezake baldin enpresak konpromisoa hartzen badu ondasuna erosteko aukera erabiltzeko. Proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko aldian ordaindutako kuotek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Honako hauek ez dira diruz lagunduko: errentatzailearen marjinak, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguru gastuak.

3. Inbertsio hauek ezin dute diru-laguntzarik jaso:

a) Lurrak, urbanizazio obrak eta horiek lortzearekin lotutako gastuak (notariotzak, zergak eta antzekoak).

b) Luxuzko inbertsioak.

c) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

d) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin bat ez datozenak.

e) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

f) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

g) Hauetarako inbertsioak: makinak eta instalazioak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak. Salbu teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

h) Ibilgailuak, salbu barnean erabiltzekoak, esaterako orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

i) Erabilitako makinak eta ekipamendua.

j) Zorraren eta BEZaren interesak.

k) Eraikinak edo lokalak erostearekin lotutakoak, baldin diru-laguntzarik jaso badute azken 10 urtean.

6. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresa eta proiektuaren ezaugarrien eta proiektuak enpleguan duen eraginaren arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Ondoko azpiataletako portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea proiektuan diruz lagun daitezkeen inbertsioen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.

1.1. Enpresaren ezaugarriak:

a) Enpresaren tamaina eta mota:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Handia

4

Ertaina

8

Txikia

10

Mikroenpresa

12

Elkartea

12

b) Enpresaren esportazioa, fakturazioaren portzentajean (2014ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuak).

MIKROENPRESEN ESPORTAZIOAREN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 5

1

≥ 25

2

ENPRESA TXIKIEN ESPORTAZIOAREN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 10

1

≥ 35

2

ENPRESA ERTAINEN ESPORTAZIOAREN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 15

1

≥ 45

2

ENPRESA HANDIEN ESPORTAZIOAREN %

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 20

1

≥ 50

2

c) Plantillako emakume langileen kopurua, laguntzak eskatu aurreko hilabetean:

EMAKUMEZKOEN % PLANTILLAN

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 40

1

≥ 60

2

d) Minusbalio maila % 33koa edo handiagoa duten langileen kopurua, laguntzak eskatu aurreko hilabetean, edo 27/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako neurri alternatiboak:

PLANTILLAN MINUSBALIOA DUTEN LANGILEEN % (NEURRI ALTERNATIBOAK BARNE)

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ 2

1

≥ 6

2

e) Lehentasuneko sektoreak: %2.

f) Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2014ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO ENPRESATZAT HARTZEKO BALDINTZAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

a) edo b) betetzen du

1

a) eta b) betetzen ditu

2

g) Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioa:

ELKARTE MOTAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Lehentasuneko elkartea (Lehen. El.)

7

Lehentasuneko elkarte batean sartutako elkartea

4

h) Nafarroako nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

KOOPERATIBA MOTA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Kooperatiba integratua

8

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba

16

1.2. Proiektuaren ezaugarriak:

a) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio osoan:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN
%

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

≥ %25 eta <%50

1

≥ %50 eta <%75

2

≥ %75

3

b) Produkzioko instalazio berria: %8.

c) Enpresa dibertsifikatzeko inbertsioa: %4.

d) I+G+Bko proiektuen ondoriozko inbertsioak: %2.

e) Industria instalazio berria, azpiegitura partekatuko industrialdean: %5.

1.3. Proiektuak enpleguan duen eragina:

Enpresak guztira sortutako enplegua baloratuko da. Horretarako, E ratioa erabiliko da. Ratioa honela kalkulatzen da: ET/IA. ET da enpresak Nafarroan proiektuak dirauen bitartean guztira sortutako enplegua, eta IA diruz lagun daitekeen inbertsioa da (milioi eurotan).

E BALIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

2 ≤ E < 4

1

4 ≤ E < 6

2

6 ≤ E < 8

3

8 ≤ E< 10

4

10 ≤ E

5

Enpresak Nafarroan guztira sortutako enplegua (ET) honela kalkulatuko da: enpresak Nafarroan inbertsio proiektuaren bukaeran guztira aurreikusten den plantilla ken proiektua hasi aurreko hilabetean zuena.

Enpresak Nafarroan duen enplegu finkoa murrizten bada proiektuak dirauen bitartean, zenbakitzailea honela kalkulatuko da: enpresak guztira sortutako enplegua ken murriztutako enplegu finkoak.

Enpresak laguntza eskatzen badu zenbait inbertsio proiektutarako, “IA” balioa izanen da aurkeztutako proiektu guztiak diruz laguntzeko inbertsioaren batura.

2. Taula honetan zehaztutako laguntzen gehieneko intentsitateak ez dira inondik inora gaindituko:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO INTENTSITATEA (%)

Enpresa handia

20

Ertaina

22

Txikia

24

Mikroenpresa

26

Elkartea

26

Lehentasuneko elkartea

30

Kooperatiba integratua

30

Integrazio prozesuan dagoen kooperatiba

32

3. 1.2 eta 1.3 azpiataletan aurreikusitako laguntzaren intentsitate osagarria lortzen duten enpresa onuradunek baldintza berberak bete beharko dituzte laguntza ordaindu aurretik egiten den egiaztapenean; bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie. 1.3 azpiatalaren kasuan, gainera, betebehar hori ordainketa egin eta hurrengo urtera arte luzatuko da. Hori bete ezean, laguntza osagarria itzuli beharko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko epea eta eskatzen den dokumentazioa

1. Laguntzak eskatzeko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko maiatzaren 31n bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez eginen dira, laguntzen fitxa erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Identifikaziorako, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Honako hau izanen da laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta laguntzen fitxa horretan eskura dauden ereduekin bat egin behar du:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) Proiektua deskribatzen duen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) 3. oinarriko erantzukizuneko aitorpena.

d) Kostuak apalak direla frogatzen duen dokumentazioa, 5.1.e) oinarrikoa.

3. Aurkeztutako dokumentazioak akatsik izanez gero, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten proiektuei aplikatuko zaie 6. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Hauek dira inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

a) Enpresaren tamaina eta mota:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

Handia

1

Ertaina

2

Txikia

3

Mikroenpresa

4

Elkartea

4

b) Enpresaren esportazioa, fakturazioaren portzentajean (2014ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuak).

–Enpresak esportatzen badu: 1 puntu.

–Gainera, ondoko puntuak gehituko zaizkio, taularen arabera:

MIKROENPRESEN ESPORTAZIOAREN %

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

≥ 5

1

≥ 25

2

ENPRESA TXIKIEN ESPORTAZIOAREN %

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

≥ 10

1

≥ 35

2

ENPRESA ERTAINEN ESPORTAZIOAREN %

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

≥ 15

1

≥ 45

2

ENPRESA HANDIEN ESPORTAZIOAREN %

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

≥ 20

1

≥ 50

2

c) Kalitatezko ekoizpeneko enpresatzat hartzeko baldintzak, 2. oinarriko 6) definizioan ezarriak (2014ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera):

KALITATEZKO EKOIZPENEKO ENPRESATZAT HARTZEKO BALDINTZAK

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

a) edo b) betetzen du

1

a) eta b) betetzen ditu

2

d) Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legearen aplikazioa:

ELKARTE MOTAK

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

Lehentasuneko elkartea (Lehen. El.)

2

Lehentasuneko elkarte batean sartutako elkartea

1

e) Nafarroako nekazaritzako kooperatiben integrazioa sostengatzeko neurriak:

KOOPERATIBA MOTA

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

Nekazaritzako kooperatiba integratua

2

Integrazio prozesuan dagoen nekazaritzako kooperatiba

4

f) Produkzioko planta berria.

PRODUKZIOKO PLANTA BERRIAREN MOTA

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

Nafarroan kokatutako enpresa

2

Enpresa berria Nafarroan

6

g) I+G+Bko proiektuen ondoriozko inbertsioak: 1 puntu.

h) Enpleguaren gaineko eragina:

–Enpresak enplegua sortzen badu: 1 puntu.

–Gainera, 6. oinarrian zehaztutako E ratioaren balorazioaren puntuak gehituko zaizkio, ondoko taularen arabera:

E BALIOA

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

2 ≤ E < 4

1

4 ≤ E < 6

2

6 ≤ E < 8

3

8 ≤ E< 10

4

10 ≤ E

5

i) Energia eraginkortasunez erabiltzea. Bi mota hauek bereizten dira:

–Hondarreko energiez baliatzea.

–Energia berriztagarriak erabiltzea.

ERABILITAKO MOTAK

BAREMOAREN PUNTUAZIOA

Bietako bat

1

Biak

2

2. Proiektu bat diru-laguntzaren xede izan ahal dadin, 4 puntu lortu behar ditu gutxienez.

Berdinketarik bada, h) letran (Enpleguaren gaineko eragina) izandako balorazioaren arabera ebatziko da; berdinketak badirau, eskaerak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio.

10. oinarria.–Diru-laguntza ematea

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak 9. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aipatu Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntzak ukatuko direla.

2. Diru-laguntza emateko proposamenak onuradunen bi zerrenda izanen ditu, proiektua noiz bukatzen den:

–1. multzoan, 2015eko urriaren 1a baino lehenago bukatzen diren proiektuak. Horiei, 2015eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura emanen zaie laguntza.

–2. multzoan, 2015eko urriaren 1aren ondotik bukatzen diren proiektuak. Horiei, 2016ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura emanen zaie laguntza.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia da diru-laguntzen ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebatzi eta jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, laguntzak eskatzeko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. araua.–Inbertsio proiektuak aldatzea

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimena eman beharko du diruz lagundutako inbertsioak aldatzeko, horren ondorioz kokapena edo enpresa onuraduna aldatu, gauzatzeko epea luzatu eta proiektua modu nabarmenean aldatzen denean.

2. Eskatutako aldaketak baimenduko dira, baldin eta proiektuaren helburuari eusten bazaio, ondoko muga hauek izanik:

a) Lekuz aldatzea: ez da onartuko.

b) Enpresa onuraduna aldatzea: soilik baldin eta enpresa berria fusioaren, xurgapenaren edo sozietate mota aldatzearen ondoriozkoa bada. Inbertsio proiektua justifikatzeko epea bukatzen denera arte eska daiteke aldaketa.

c) Gauzatzeko epea luzatzea: onargarriak dira 2015eko abenduaren 31 gainditzen ez duten luzapenen kasuan, 2015eko aurrekontuaren kargurako diru-laguntza duten proiektuetarako, eta, 2016ko azaroaren 30a, berriz, 2016ko aurrekontuaren kargurako diru-laguntza duten proiektuetarako.

Diru-laguntza emateko ebazpenean inbertsio proiektua gauzatzeko aurreikusitako epea bukatzen denera arte eska daiteke epea luzatzea. Edonola ere, justifikazio epeak 2015eko abenduaren 31 eta 2016ko azaroaren 30a izanen dira.

d) Proiektuaren aldaketa nabarmenak:

a. Ez gauzatzea:

i. Guztira onetsitako aurrekontuaren %20 edo handik behera denean, ez da proiektua aldatzeko eskatu behar.

ii. %20tik %50era bitartekoetan, onargarriak izanen dira, eskaera egiten bada inbertsio proiektua justifikatzeko epea bukatu baino hiru hilabete lehenago.

iii. %50etik gorakoak ez dira onartuko. Kasu horretan, adieraziko da emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela.

b. “Eraikinak eta instalazio orokorrak” eta “Mankineria eta ekoizpen ekipamendua” kontu-sail bakoitzaren kostua handitzea.

i. Laguntza emateko balioaren %20koa edo handik beherakoa denean, ez da proiektua aldatzeko eskatu behar.

ii. %20tik gorakoak onargarriak dira, ez bada handitzen guztira onetsitako inbertsioaren balioa. Aldatzeko eskaera muga horiek gainditu baino lehenago egin beharko da.

c. “Beste inbertsio batzuk” kontu-sailaren kostua handitzea: ez dira onartuko.

d. Diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusi gabeko inbertsioak egitea, betiere 5. oinarrian xedatua beteta:

i. Haietako bakoitzaren aurrekontua kostuak apaltzeko betebeharretarako aurreikusi diren mugak edo kontu-sailaren hasierako aurrekontuaren %5 baino txikiagoa denean, ez da proiektua aldatzeko eskatu behar.

ii. Haietako bakoitzaren aurrekontuak kostuak apaltzeko betebeharretarako aurreikusi diren mugak eta kontu-sailaren hasierako aurrekontuaren %5 gainditzen dituenean, onargarriak dira, betiere eskatzen badira egin baino lehen.

3. Salbuespenez, laguntzak kudeatzen dituen organoak aldaketak onets ditzake, proiektuari modu nabarmenean eragiten diotenean enpresatik kanpoko kausa ustekabe, saihestezin eta naturalek (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere). Salbuespen honen barnean egonen da enpresaburuaren heriotza edo gaixotasun larria, hura denean laguntzen onuradun indibiduala.

12. oinarria.–Ordaintzeko eskaera, justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa

1. Hiru hilabeteko epean inbertsio proiektua bukatzen denetik aurrera, eta 11. oinarrian ezarritako datak baino lehenago, onuradunek ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, inbertsioa egin dutela frogatzen duen dokumentazioarekin batera, laguntzen fitxan dagoen ereduaren arabera.

2. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, 13.1.a) oinarriko gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

3. Ordainketa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira inbertsioaren justifikazioa egiaztatu ondoren onargarri diren zenbatekoak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko du enpresa onuradunak ordaintzeko aurkeztutako eskaera, eta zehaztuko du zer zenbateko den onargarri. Orobat, honako hau zehaztuko du:

a) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeraren arabera eta hura emateko erabakiaren arabera.

b) Onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, ordaintzeko eskaeran jasotzen den gastua noraino den onargarri aztertuta.

a) letraren arabera finkatutako zenbatekoa b) letraren arabera finkatutakoa baino handiagoa bada (%10etik gora), b) letraren arabera finkatutako zenbatekoari penalizazio bat ezarriko zaio. Penalizazioa bi zenbateko horien artekoa adinakoa izanen da, baina ez da laguntza osoa kentzeaz haratago joanen.

Edonola ere, ez da penalizaziorik ezarriko onuradunak frogatzen badu bera ez dela onargarria ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo organo kudeatzailea beste nonbaitetik jabetzen bada onuraduna ez dela horren erantzulea.

4. Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, betebehar hau urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

b) 12. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko da diru-laguntzaren xedeko inbertsioa.

c) Nork bere gain hartzea inbertsioen karga finantzarioa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

d) 6. oinarriko 1.3 azpiataleko laguntza osagarriaren onuradunek eutsi beharko diete hura ekarri zuten baldintzei, laguntzak ordaindu eta hurrengo urtean.

e) Lortutako puntuazioa ekarri duten baldintzei eustea, 9. oinarriko 1. ataleko h) eta i) balorazio irizpideak aplikatuz. Hala ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, baldin eta proiektuak diruz laguntzeko modukoak izateko behar zen puntuazioa baino gutxiago lortzen badu proiektuak.

f) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jardun ekonomikoari loturik eta haren jabetzan mantentzea hiru urtez, ETEen kasuan, eta 5 urtez enpresa handien kasuan, laguntza ordaintzen den egunetik aurrera.

g) Laguntzaren ebazpenean haren %31 Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren 2014-2020 funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 14. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

h) Laguntzaren onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantziazioa.

Deialdi honen laguntzen %31 kofinantzatzen ahal ditu Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF), Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez.

Onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, baita kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketak frogatzen dituen dokumentazioa gorde beharko dute 3 urteko epean, Nafarroako LEGENF 2014-2020 Programa Operatiboaren programazioaren epea bukatzen denetik aurrera.

c) Halaber, LEGENFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko dute, web orrian ondokoa ikusgai jarriz, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

Enpresa honek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantziatutako laguntza jaso du, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programaren bidez

15. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste laguntzekin.

Bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten beste laguntza batzuekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

16. oinarria.–Laguntzen sailkapena.

Laguntza hauek sailkatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan (aktibo fisikoak). Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

18. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzen helburua.

19. oinarria. Laguntzak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldiko programa onestearen baldintzapean.

Laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onestea.

Iragarkiaren kodea: F1503858