51. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

98/2015 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze eta elkarlan jardueretarako laguntzen deialdia onesten da, 2015erako.

Gaur egungo ingurune makroekonomikoak, oso konplexua eta ezegonkorra baita, eragin handia izan du erakunde, enpresa eta administrazio guztien lehiakortasunean, eta, hortaz, baita zerbitzu teknologikoen sektorean ari diren entitateetan ere.

Bizi dugun testuinguru honek, azkeneko urteetan, teknologia zentroen antolakuntza ereduan eragina izan du. Inguruneko joerek zentro teknologikoak behartzen dituzte beren eredu propioen alde egitera, zeinek eskaintzari baliorik handiena emanen baitiote, espezializazioa, lidergoa edo emaitzen balorizazioa bezalako kontzeptuak bultzatuz. Exijentzia horiei (estrategia fokalizatua, hautatutako eremuetan lider izatea, intereseko sektore eta merkatuak oso ongi ezagutzea, gako diren alderdietan aliantzak eta elkarlanak edo presentzia globala izateko beharra) nekez eginen zaie aurre baldin eta ez bada tamaina eta masa kritiko gutxieneko bat.

Nafarroako Gobernuak zenbait ekintza gauzatu ditu Nafarroako teknologia eta ikerketa zentroei laguntza emateko. Gaur egun, ikusirik deskribatu diren inguruabar ekonomikoak eta enpresen beharrak, beharrezkoa da ekintza horiek bideratzea, zentro horien finkatzea eta haien arteko elkarlana babesteko, eta, bestetik, zentroak gaitzeko ekintzak gauzatzea, espezializazio tematikoa eta eskaeran oinarrituta potentzial industrial eta ekonomiko handia duten lerroak bultzatuz eta lankidetza ingurune batzuk sustatuz, zeinek ahalbidetuko baitute honako helburu hauek lortzea:

a) Zentroen finkatzea eta haien arteko elkarlana bultzatzea lehiakortasunaren hobekuntzaren bidez.

b) Bikaintasun eta espezializazio maila handiagoa erdiestea.

–Produktuen, prozesuen edo zerbitzuen gaineko ezagutzak garatzea.

–Espainiaren eta Europar Batasunaren finantziazioa handitzea.

c) Enpresei ematen zaien zerbitzua hobetzea:

–Zerbitzu integrala emanez.

–Enpresen eta zentroen arteko elkarlana handituz.

Helburu horiek lortzeak berarekin ekarriko du Nafarroako Garapen Ekonomikorako Ereduan ezarritako helburuak betetzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze eta elkarlan jardueretarako laguntzen deialdia onestea, 2015erako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean biltzen dira.

3. 6.709.412 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo kontu-sailaren kargura: 180011 18210 7819 467300 “Nafarroako Sare Teknologikoaren Transferentziak”.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuaren Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoari eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

ERANSKINA

Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen gaitze, finkatze, elkarlan eta koordinazio jardueretarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Diru-laguntza honen xedea da Nafarroan kokatutako teknologia eta ikerketa zentroen (aurrerantzean, “zentroak”) gaitzea, finkatzea, elkarlana eta koordinazioa bultzatzea.

2. Laguntza hauen bidez honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Zentroen finkatzea eta haien arteko elkarlana bultzatzea lehiakortasunaren hobekuntzaren bidez.

b) Bikaintasun eta espezializazio maila handiagoa erdiestea.

–Produktuen, prozesuen edo zerbitzuen gaineko ezagutzak garatzea.

–Espainiaren eta Europar Batasunaren finantziazioa handitzea.

c) Enpresei ematen zaien zerbitzua hobetzea:

–Zerbitzu integrala emanez.

–Enpresen eta zentroen arteko elkarlana handituz.

3. Laguntza hauen bidez onuradunak egiten duen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena, Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2014/C 198/01). 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, jarduera ez-ekonomikoen finantzazio publikoari ez zaio aplikatuko EE Itunaren 107. artikuluko 1. atalean xedatutakoa, hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzazioa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Nafarroan kokatutako teknologia zentroak eta ikerketa erakundeak izan daitezke onuradunak.

2. Laguntza hauen helburuak lortzeko, zentroek bere egin beharko dituzte zentroen arteko elkarlanerako eta koordinaziorako konpromisoak, Baterako Ekintza Plan batean formalizatuko direnak. Baturik parte hartu beharko dute zentroek. Zentro berak ezin izanen du parte hartu bi Batasunetan. Nafarroako Garapen Ekonomikorako Planaren helburu diren zenbait esparru sektorial hartu beharko ditu Batasunak.

3. Batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatu beharko da.

4. Onuradun izateko, beharrezkoa da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarrita dauden debekuetako bat ere ez urratzea.

5. Halaber, Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunak baimena emanen dio departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Proiektuen modalitateak.

Proiektuen modalitate hauek jaso dezakete laguntza:

a) Finkatze, elkarlan eta zentroen arteko koordinaziorako proiektuak.

b) Gaitze proiektuak:

–Espezializazioa.

–Bultzatzaileak.

Finkatze, elkarlan eta koordinaziorako proiektuek Batasuneko zentroen jarduketa partekatuak biltzen dituzte.

Espezializazio proiektuak elkarguneak dira zentroen abantaila teknologikoaren inguruko interesen eta espezializazio adimendunerako arloen artean. Nafarroako Garapen Ekonomikorako Planean definitzen dira arlo horiek.

Proiektu bultzatzaileak eta espezializazio proiektuak antzekoak dira. Proiektu bultzatzaileetan proiektua entitate bultzatzaile batekin lerrokatzen da, zentroen garapen teknologikoa potentzial industrial eta merkaturatzeko aukera handiak dituzten lerroetara bideratzeko.

4. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Oinarri hauetan deskribatutako Baterako Ekintza Plana gauzatzeko jarduera ez-ekonomiko guztien kostu osoaren %100ek jaso dezake diru-laguntza.

2. 2015. urtean egindako proiektuetako ekintzek jaso dezakete diru-laguntza, laguntzen eskaerak aurkeztu baino lehen egindakoak barne.

3. Zentro bakoitzari emanen zaio diru-laguntza, berak egindako eta Baterako Ekintza Planean jasotako proiektuengatik.

4. Finkatze, elkarlan eta koordinaziorako proiektuak Baterako Ekintza Planaren aurrekontu osoaren %20 izanen dira gehienez, eta proiektu bultzatzaileak gaitze proiektuen aurrekontu osoaren %25 gutxienez.

5. Diruz laguntzen ahal dira ikerketaren eta garapenaren jarduerekin lotura zuzena duten gastuak. Zehazki:

a) Langileria gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), zuzenean I+G proiekturako direnean, horretan aritzen diren neurrian eta denboran. Gehienez 50 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Onuradunak material horiek eskuratzen baditu enpresaren beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko, horiek banatzeko irizpide bat ezarri beharko da, I+G jardueran erabilitako kantitatearen arabera, hura behar bezala frogaturik.

c) Ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek I+G proiektu batean erabiltzen diren neurrian eta denboran. Halaber, ondareko elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituztenenak.

e) I+G proiektuarekin lotura zuzena duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio. Joan-etorrien gastuei dagokienez, haien ekonomia eta efizientzia segurtatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arloko jarraibideetan garraiobideen erabilerari, otorduen eta ordezkaritza gastuei eta ostatua hartzearen gastuei buruz biltzen diren mugak aplikatuko dira. Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakiaren bidez onetsi ziren jarraibide horiek, eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, abenduaren 17an.

f) Halaber, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira zeharkako gastu orokorrak, barnean direla langileriaren gastuak eta bidezkotzat jotzen diren beste batzuk, zentroek gauzatu dituztenak Baterako Ekintza Plana gauzatzeko, betiere kostu errealetan oinarritzen direnean, delako eragiketa hori gauzatzera bideratutakoetan, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo batez besteko kostu errealetan, mota bereko eragiketetarako bideratutakoetan.

6. Ondoko gastu hauek ezin dira diruz lagundu, I+G jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta I+G egiteagatik diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

e) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, ostatuarena eta joan-etorriarena, non ez den frogatzen lotura zuzena eta beharrezkoa dutela I+G proiektuarekin, kontuan harturik 4.2.e) oinarrian ezarritako mugak.

f) Patenteak, markak edo industriaren jabetzaren beste modalitate batzuk inskribatzeko eskaerarekin lotura duten gastuak.

7. Ikerketaren eta garapenaren jardueran sortzen diren prototipoen kasuan, produkziorako jardueran merkaturatzen edo erabiltzen badira, haien kostua ez da I+G gastuen parte izanen.

Tratamendu bera jasoko dute I+G jardueran lortzen diren beste azpiproduktuek, hondakinek eta lehengoratze materialek, haiek merkaturatzen badira edo produkziorako aprobetxatzen badira.

5. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabide orokorra aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

–Baterako Ekintza Plana, oinarri honetako 3. eta 5. ataletan zehazten den edukia duena.

–Oinarri honetako 4. atalean eskatzen diren agiriak, espezializazio proiektu eta proiektu bultzatzaile bakoitzeko.

3. Baterako Ekintza Planean, Batasuneko kide guztiek sinatua, horietako bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak agertuko dira. Baloratu ahal izateko behar den xehetasunak izanen ditu, diru-laguntza emateko irizpideekin bat.

Baterako Ekintza Planeko proiektuen barnean izanen dira bai zentroak gaitzeko jarduerak (espezializazioa eta bultzatzaileak) bai zentroak finkatzeko, koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko jarduerak.

4. Gaitze proiektu bakoitzeko (espezializazioa eta bultzatzaileak), dokumentazio hau erantsiko zaio Baterako Ekintza Planari:

a) Memoria teknikoa, proiektuaren helburuak barne.

b) Lan plangintza, egin beharreko zereginen deskribapena barne.

c) Proiektuko ekintza bakoitzaren aurrekontua, honela xehakatua: aktiboen amortizazioa, langileria gastua, materialena, kanpoko kolaborazioak eta zeharkako kostuak.

d) Teknologiaren ebaluazioa eta proiektuaren balioaren azterketa, hauek adierazita:

–Heldutasun maila.

–Potentzial komertziala (estrategia, banaketa, lehiakortasuna eta bezerogaiak).

–Inbertsioaren itzulkin-potentziala.

e) Proiektu bultzatzaileen kasuan, aurrekoez gain zentroaren eta entitate bultzatzailearen arteko elkartze akordioa aurkeztu beharko da edo, akordioa prestatzen ari bada, asmo-gutuna. Nolanahi ere, proiektuaren azken justifikazioan aurkeztu beharko da akordioa.

5. Finkatze, elkarlan eta koordinaziorako proiektuen kasuan, Baterako Ekintza Planaren agirian informazio hau agertuko da:

–Batasunaren estrategiaren deskribapena, oinarri hauetan azaldutako helburuak lortze aldera.

–Lan plangintza, egin beharreko zereginen deskribapena barne.

–Proiektuko ekintza bakoitzaren aurrekontua, honela xehakatua: aktiboen amortizazioa, langileria gastua, materialena, kanpoko kolaborazioak eta zeharkako kostuak.

–Batasuna osatzen duten zentroen zerrenda eta, eskabidea aurkeztean, horietako bakoitzean zenbat lagun ari diren I+G+B jardueretan.

–Zentroen gaitze proiektuen aurreratze maila berrikusteko metodologia.

–Aurreratze hori aurkezteko txostenaren eredua. Zentro guztien proiektu guztietan erabili beharko da.

–Batasunaren eta zentro bakoitzaren arteko konpromisoak, alderdi hauei buruz:

  • Plan estrategikoen lerrokadura.
  • Urteko kudeaketa planen lerrokadura.
  • Batasunaren egitura mantentzea.
  • Alderdien artean hitzartzen den beste edozein, ondokoari buruz esaterako: inbertsioen lerrokadura, hirugarrenekiko akordioak, sektore askotariko entitateekiko harremanak –unibertsitateekikoak, adibidez–, etab.

–Batasunaren eta zentro bakoitzaren helburu partekatuak, alderdi hauei buruz:

  • Komunikazioa.
  • Negozioaren garapena.
  • Emaitzen balorizazioa.
  • Koordinazioa.
  • Europar Batasuneko proiektuak.
  • Zaintza teknologikoa.
  • Beste eragile batzuekiko harremanak.
  • Bidezkotzat jotzen diren beste batzuk.

6. Eskaerak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1; 31005 Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agerrarazteko; datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

7. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazpenetik edo argitalpenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

6. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Behin ebaluazioa eginda, deialdiaren helburua betetzen dutela egiaztatutako ekintza planei emanen zaizkie laguntzak.

2. Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez eginen da.

Eskabideen lehentasunak ezartzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zentroak gaitzeko proiektuak (espezializazioa eta bultzatzaileak). 50 puntu arte.

–Garrantzi teknologikoa.

–Berritasun maila.

–Aurkezten diren proiektuen kalitatea.

–Ekarpena bikaintasun eta espezializazio handiagoa lortzeko.

–Proiektuen balioaren azterketa.

b) Zentroen finkatze, elkarlan eta koordinaziorako proiektuak. Oinarri hauetan deskribatutako laguntzen helburuak lortzeko plana. 25 puntu arte.

c) Zer neurritan lerrokatzen diren proiektuak Nafarroako Garapen Ekonomikorako Planeko sektore estrategikoekin. 15 puntu arte.

d) Parte hartzen duen Batasunaren tamaina: zentro eta ikertzaile kopurua. 10 puntu arte.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Puntuazioaren arabera emanen da diru-laguntza, aurrekontuko dirua bukatu arte.

2. Diru-laguntza esleitu eta, hala balegokio, ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik bi hilabetera eman eta jakinaraziko da.

3. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. I+G+B proiektuen justifikazio teknikorako eta ekonomikorako eskuliburuaren araberakoa izanen da gastu zuzenen justifikazioa. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian dago eskuliburua, www.navarra.es helbidean.

Halaber, onuradunak zeharkako gastu orokorrak justifikatuko ditu, barnean direla langileriaren gastuak eta bidezkotzat jotzen diren beste batzuk, zentroek gauzatu dituztenak Baterako Ekintza Plana gauzatzeko, kostu errealetan oinarritzen den kalkulu metodoan zehaztuta, delako eragiketa hori gauzatzera bideratutakoetan, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo batez besteko kostu errealetan, mota bereko eragiketetarako bideratutakoetan.

2. Justifikazio partziala edo azkena egiteko, gauzatze memoria bat aurkeztuko da, agiri hauekin batera:

a) Jardueren gastuen eta ordainketen frogagiriak.

b) Memoria ekonomikoa, eduki hau izanen duena:

–Zentro bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereiziko dituena.

–Laguntza hauen xede diren jarduera ez-ekonomikoen kostua, proiektuka eta gastu-kontzeptuka xehakatua.

–Laguntza hauen xede diren jarduera ez-ekonomikoaren diru-sarrerak, finantzazioaren jatorriaren arabera xehakatuak.

c) Finkatze, elkarlan eta koordinaziorako proiektuen kasuan, txosten bat aurkeztuko da ekintza planean zentro bakoitzerako zehaztutako konpromisoak eta helburuak noraino bete diren zehazteko. Horren arabera, %0tik %100era bitarteko balioa bat esleituko zaie. Zentro baten helburuak eskaerako proposamen metodologikoaren arabera haztatuko dira, eta balio bakarra ezarriko da neurtzeko helburuak oro har noraino bete diren. Zentroaren arduradunak eta entitate koordinatzailearenak sinatu behar dute zentro bakoitzaren txostena.

d) Espezializazio proiektuen kasuan, txosten bat aurkeztuko da helburuak noraino bete diren zehazteko.

e) Proiektu bultzatzaileen kasuan, baterako txosten bat aurkeztu beharko da, zentro arduradunak, entitate bultzatzaileak eta entitate koordinatzaileak sinatua, proiektuan aurreikusitako helburuak noraino bete diren ebaluatzeko eta, erabat bete ez badira, desbiderapenak justifikatzeko, proiektuen aurreratze maila berrikusteko metodologiaren arabera eta eskaeran aurkeztu eta kontzesioan onetsitako txosten ereduaren arabera. Zentroaren eta entitate bultzatzailearen arteko elkartze akordioa eskaeran aurkeztu ez bada, justifikazioan egin beharko da.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin bat, jardueran diru-laguntza jaso dezakeen gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak justifikatuko.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, justifikatzen duenean diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudela.

4. Diru-laguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren %50era arte azpikontratatu daiteke hirugarrenekin.

Ulertzen da onuradun batek azpikontratatzen duela hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektuaren gauzatze partziala. Ez da azpikontrataziotzat joko onuradunak gastuak kontratatzea diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko, beharrezko baliabideak ez edukitzeagatik.

Azpikontratatutako jarduera 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, azpikontrataziorako baldintza izanen da kontratua idatziz egitea, eta horren berri eman behar zaio deialdia kudeatzen duen organoari.

5. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatu dezake hari lotutako enpresekin, baldin eta ondokoa betetzen bada:

a) Laguntzen eskabidean jasotzen bada eta organo kudeatzaileak kontzesioaren ebazpenean irizten badu gastu hori diruz laguntzen ahal dela.

b) Diruz laguntzen ahal diren gastuetako bati badagokio hitzartutako jarduera.

Onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiri bidez justifikatu behar dira gastuak. Orobat, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, langileria kostuak justifikatzeko, hirugarren baten faktura, materialetarako, etab.).

Ez da onartuko industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik kostuak gainetik egoztea.

Ondorio horietarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat elkarren artean dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzak ematea eragin zuten proiektuak burutu direla egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzok.

2. Nolanahi ere, diru-laguntza jaso duten proiektuak modu egokian eginen direla bermatzeko, diru-laguntza zatika ordaindu daiteke, konturako ordainketen bidez, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoaren arabera.

Konturako ordainketa horiek egiteko, onuradunak 8. oinarriko 2. atalean adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko ditu epe hauetan:

–2015eko apirilaren 1era bitarteko jarduerak: 2015eko ekainaren 1a baino lehen.

–2015eko uztailaren 1era bitarteko jarduerak: 2015eko irailaren 1a baino lehen.

–2015eko urriaren 1era bitarteko jarduerak: 2015eko abenduaren 1a baino lehen.

3. Azken ordainketa egiteko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–2016ko urtarrilaren 1a baino lehen: oraindik ordaindu ez diren gastu guztien xehetasuna, diru-laguntzaren xedeko gastu guztien fakturen zerrenda bat barne, datu hauekin: data, zenbakia, hornitzailea eta zenbatekoa.

–2016ko martxoaren 1a baino lehen: 8. oinarriko 2. atalean adierazitako frogagiriak.

4. Onuraduna behartuta dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, bidezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

5. Frogagiriak jaso eta baliozkotu ondoren, likidatzeko ebazpena emanen da.

6. Zentro bakoitzak azken justifikazioa egin ondoren, bere espezializazio proiektuen diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa doituko da, formula honen arabera:

Azken diru-laguntza = emandako diru-laguntza × helburuak bete izanaren faktorea

Azalpena:

Helburuak bete izanaren faktorea = (%50 + %50 × HEL).

Azalpena: HEL = helburuak noraino bete diren (oinarri honetako aurreko puntuan adierazia). Helburuak erabat betetzen badira (HEL = %100), azken diru-laguntza emandako diru-laguntza izanen da. Helburuak hein batean betetzen ez badira (adibidez: HEL = %50), azken diru-laguntza emandakoaren %75 izanen da.

7. Ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta justifikatzen bada diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla. Aurrerakinak pagatzeko ez dira bermeak eskatuko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 artikuluan aurreikusitako salbuespenak gertatzeagatik, baita 2012ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoak gertatzeagatik ere.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek telematikoki aurkeztuko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Aurkeztutako Baterako Ekintza Planean jasotako proiektuak eta jarduerak egitea.

c) “Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa” oinarrian aipatutako frogagiriak aurkeztea.

d) Behar denean, izandako eta justifikatutako gastuak kontuan izanik, aurrerakinaren soberakina itzultzea.

e) Ondasun inbentariagarririk eskuratzen bada, diru-laguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu onuradunak ondasun horiek, eta erabilera hori 7 urtekoa izanen da gutxienez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta 2 urtekoa gutxienez gainerako ondasunen kasurako, ondasuna eskuratu zen egunetik.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Diru-laguntzak bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Diru-laguntza jaso duten jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostuaren %100.

2. Baldin aurreko atalean ezarritako muga gainditzen badute jasotako diru-laguntzek, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek, aipatutako mugara iritsi arte.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diruz lagundutako proiektuaren izenburua.

Iragarkiaren kodea: F1502837