50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

199/2015 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 87/2015 Ebazpenaren III. eranskineko bigarren oinarria (“Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta inbertsioak”) aldatzen duena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 87/2015 Ebazpenaren bidez, oihangintzako industriek eta enpresek sustatutako baso jardueretarako laguntzen oinarri arautzaileak ezarri ziren 2015eko kanpainarako, besteak beste, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean.

Mendiko produktuen lehen mailako transformaziorako ekintzak bultzatzea da laguntza horien helburu nagusia. Horretarako, beharrezkoa da hobekuntza teknologikoak sustatzea halako enpresetan, basogintzako lanen baldintzetan aurrerapenak izan daitezen. Beraz, besteak beste, lan segurtasuna hobetu behar da, eta oihan aprobetxamendu mota bakoitzean edo produktuen lanketan erabili beharreko makinak egokitu, merkatuaren eskaria asetzeko.

Laguntzen deialdiaren III. eranskineko bigarren oinarrian (“Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta inbertsioak”) ezartzen da laguntza jaso dezakeen enpresa jakin baten inbertsioa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izanen.

Oihanak Kudeatzeko Atalak berrikusi du alde hori, eta ondorioztatu du aurrerapen teknologiko nagusiak dakartzaten basoko makinen inbertsioek aise gainditzen dutela muga hori. Asociación de Empresarios de la Madera de Navarra elkarteak iritzi bera du, eta eskatu du muga hori aldatzeko. Bestela, inbertsio askok ez lukete laguntzarik jasoko, eta laguntzen helburua (inbertsioen sustapena) hein handi batean ez litzateke beteko.

Berrikuspen horretan enpresen ezaugarriak eta egungo egoera ekonomikoa hartu dira kontuan, eta ondorioztatu da onartzen ahal den inbertsioaren muga hori (200.000 eurokoa) oso eskasa dela aipatu den modernizazio helburua betetzeko.

Aldaketaren eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean egin beharreko argitalpenaren ondorioz, beharrezkoa da laguntzak eskatzeko epea luzatzea hamar egun baliodunez, ebazpen hau argitaratzen denetik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 20an emandako 87/2015 Ebazpenaren III. eranskineko bigarren oinarria (“Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta inbertsioak”) aldatzea, honela:

Honela dioen tokian: Laguntza jaso dezakeen enpresa jakin baten inbertsioa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen.

Honela behar du: Laguntza jaso dezakeen enpresa jakin baten inbertsioa ez da 425.000 eurotik gorakoa izanen.

2. Laguntzak eskatzeko epea luzatzen da hamar egun baliodunez, ebazpen baten aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

3. Ebazpen hau Mendi Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko martxoaren 3an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1503286