Iragarkia
50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
11E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, merkataritzaren sektoreko prestakuntza programarako diru-laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.
Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III. Planak, besteak beste, “Lehiakortasunaren hobekuntza” izeneko 1. programa ezartzen du.
Programa hori bost jarduketa lerroz osatua dago eta, zehazki, “Prestakuntza eta enplegu sustapena” izeneko 1.2 lerroak txikizkako merkataritza sektoreko enplegatuen gaitasuna hobetzea du helburu, prestakuntza jarduketa jakin eta bereizitako batzuen bitartez, sektoreko eragile bakoitzaren profilaren arabera.
Orobat, berariazko jarduketa eta prestakuntza planak diseinatu eta laguntzea da jarduketa lerro horretan aurreikusitako neurrietako bat, beharren araberako prestakuntza eskaintza egokirik ez duten merkataritza jardueretan lagungarri izan daitezen.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak uste du beharrezkoa dela txikizkako merkataritzaren sektoreak behar duen berariazko prestakuntza hori bultzatzea, sektoreko eragileen eskaerak sustaturik eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esparruan eskaintzen den prestakuntzaren osagarri.
Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. Merkataritzaren sektoreko prestakuntza programarako diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.
3. 28.000,00 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, diruz laguntzen ahal diren jardueren arabera. Hona hemen:
–26.000,00 euro, prestakuntza jarduerak antolatzeko.
–2.000,00 euro, Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzeko.
4. Gastu hori 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | RCSA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A10003-A1140-4709-431404: prestakuntza jarduerak (Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa) | 4880 | 2015 | 28.000,00 |
5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2015eko otsailaren 19an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
ERANSKINA
1. oinarria. Xedea.
Merkataritzaren sektoreko eragileen prestakuntza espezializaturako eskaintza sustatzea da diru-laguntza honen onura publikoa, merkatarien elkarteekin eta beste entitate eta erakunde batzuekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskainitako lanerako etengabeko prestakuntzaren osagarri izan dadin.
Halaber, sektoreari ezagutzera eman nahi dizkio, haren erakundeen bitartez, merkataritza dinamizatzeko esparruan izandako esperientziak.
2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen jarduerak.
1. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko epea 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitartekoa izanen da, biak barne. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.
2. Ondoren aipatzen dira zein jarduerak izan dezaketen diru-laguntza; dena dela, ez zaie inoiz diru-laguntzarik emanen funtzionamenduaren gastu arruntei, langileria arlokoei eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari (zerga berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean).
A) Prestakuntza jarduerak antolatzea.
A.1) Gai monografikoetan sakonduko duten edo merkataritzako banaketaren oinarrizko alderdiak landuko dituzten jardunaldi tekniko, biltzar, mintegi monografiko edo sentsibilizazio jarduerak, sektoreko estamentu guztien arteko harremana izateko eta ezagutzak eta esperientziak bateratzeko aukera emanez. Jarduera horiek 2 ordu iraunen dute gutxienez.
A.2) Prestakuntza ikastaroak, baldintza hauek bete beharko dituztenak:
–Haien edukiak berariazkoa izan beharko du merkataritza enpresaren kudeaketari edo sektoreko profesionalen espezializazioari buruz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esparruan ematen den prestakuntza etengabearen eta lanerako prestakuntzaren osagarria den prestakuntza bultzatu behar du.
–Ez dira onartuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza eskaintzaren parte diren edo izan diren ikastaroak, ezta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzaren gai edo alderdiei buruzko ikastaroak ere, edozein enpresa jardueratan ematen baitira.
–Parte-hartzaile gehienek merkatariak edo merkataritza sektoreko enplegatuak izan beharko dute, eta ez dira 8 baino gutxiago izanen; aldiz, langabeak parte hartzen dutenen %25 izanen dira, gehienez ere, ikastaro bakoitzeko.
–Ikastaroaren iraupena 10 ordukoa izanen da, gutxienez.
–Salbuespenez, parte-hartzaile gutxiagoko eta/edo iraupen laburragoko ikastaroak onartzen ahalko dira, gutxieneko kopuru horietara iristea galarazten duten arrazoi objektiboak daudenean. Arrazoi horiek eskaeran zehaztu eta azaldu beharko dira eta, betiere, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onartu beharko ditu.
B) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea: banaketa komertzialari edo merkataritza enpresen berariazko kudeaketaren alderdiei loturik, Nafarroatik kanpo antolatzen diren biltzar, jardunaldi tekniko, mintegi monografiko eta hitzaldietan parte hartzea.
3. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak jarraian aipatzen dira diru-laguntza izan dezakeen jarduera bakoitzerako:
A) Prestakuntza jarduerak antolatzea.
Defizitaren %100eko diru-laguntza jasotzen ahalko dute, betiere antolaketarako onartutako beharrezko gastu guztien %50 arte. Muga hori onartutako beharrezko gastuen %70era igoko da, ekitaldi berean merkataritza jarduketarako programa bat egiteko diru-laguntza jasotzen duten merkatarien elkarteen kasuan.
Jarduerek sortzen duten defizita zehazteko, ondoko diru-sarrerak eta gastuak hartuko dira kontuan:
Gastuak: irakasle eta hizlarien ordainsariak, joan-etorrien gastuak, irakasleen ostatua eta mantenua, egin beharreko jardueraren sustapena, publizitatea eta zabalkundea, dokumentazioaren edizioa, prestakuntza jarduera zuzendu eta antolatzeko gastuak eta beste gastu arrunt batzuk, jarduera gauzatzeari zuzenean egozten ahal zaizkionak, entitate eskatzailearen langileria gastuak kanpo (elkartuak, zuzendaritza batzordeko kideak, kudeatzaileak edo lan-kontratudunak).
Diru-sarrerak: entitate antolatzailearen ekarpenak, partaideek izena emateagatik lorturiko diru-sarrerak, beste entitate babesle batzuen diru-ekarpenak, jarduerari zuzenean loturiko bestelako diru-sarrera arruntak eta jarduerarako laguntzak edo diru-laguntzak.
Honako hau izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, diru-laguntza izan dezakeen jarduera bakoitzeko:
A.1) Jardunaldi teknikoak, biltzarrak, mintegi monografikoak edo sentsibilizazio jarduerak: 4.000 euro.
A.2) Prestakuntza ikastaroak: hurrengo bi zenbatekoetatik txikiena: 10 euro ikasle eta orduko, edo 4.000 euro.
B) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea: inskripzio, joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuetarako diru-laguntza jaso daiteke, gehienez ere gastuen %50, eta diru-laguntza izan dezakeen jarduera bakoitzeko 400 euro gehienez.
Laguntza emanen da soilik elkarte edo entitate bakoitzeko pertsona batentzat eta elkarte edo entitate eskatzaile bakoitzeko jarduera baterako.
Mantenuaren kontzeptuan, 20 eurokoa da laguntzen ahal den gasturik handiena, otordu eta lagun bakoitzeko.
4. oinarria. Onuradun izateko baldintzak.
Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, diru-laguntzaren xede diren jardueren arabera:
A) Prestakuntza jarduerak antolatzea.
–Honako hauek eginen dituzte halako jarduerak: merkataritzaren sektoreko agenteentzako prestakuntza jarduerak antolatzen dituzten merkatarien elkarteek, enpresaburuen elkarte mistoek, irabazi asmorik gabeko entitateek eta merkatari elkarteen batasunek. Helbidea, betiere, Nafarroan izan behar dute.
B) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea.
–Honako hauek eginen dituzte halako jarduerak: merkatarien elkarteek, enpresaburuen elkarte mistoek, merkatari elkarteen batasunek eta antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten entitateek, betiere legez osatuak badira, behar den ordezkaritza badute eta helbidea Nafarroan badute. Jardueretara joaten direnak entitate eskatzaileko kudeatzaileak, zuzendaritza batzordeko edo organo baliokideko kideak edo teknikari kualifikatuak izanen dira, eta zuzendaritza batzorde horren oniritzia izan beharko dute.
–A) atalean zein B) atalean, merkatarien elkarteek edo enpresaburuen elkarte mistoek Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute; betiere, legezko inskripzioaren datak 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan behar du, ondorio guztietarako. Informazio hori, ofizioz, aipatu erregistroan kontsultatuko da.
5. oinarria. Baldintzak betetzen direla frogatzea.
1. Diru-laguntza eskatzen duenak “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez adierazi beharko du ez duela Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekurik urratzen.
2. Aurreko oinarrian aipatzen diren berariazko baldintzak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:
a) Kasu guztietan:
Erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar da datu hauen berri emateko: eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak; zuzendaritza batzordearen, administrazio kontseiluaren edo organo baliokidearen osaera; eta organo horietan gaur egun aritzen diren kargudunen datuak.
b) Merkataritza sektoreko prestakuntza programarako diru-laguntzen programan lehen aldiz aurkezten den kasuan, eskatzaileak beren nortasuna frogatu beharko du eraketa eskrituraren edo estatutuen kopia aurkeztuz, zein den kasua.
6. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakiari jarraituko dio, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:
a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak daudela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeko orrian eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
b) Eskabidean sartutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne.
c) Aurreko oinarrian ezarritako betebeharrak justifikatzen dituzten agiriak. Horretarako, kasu guztietan, oinarri horretako 2.a) atalean eskatutako erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da. Eskatzailea oinarri horretako 2.b) atalean ezarritako egoeran badago, atal horretan eskatutako dokumentazioa ere aurkeztuko da.
d) Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbide egokia egina, non batzar nagusiaren edo organo eskudun baliokidearen erabakia jasoko baita, diru-laguntzaren xedeko prestakuntza plana onetsi izanari buruz.
e) Prestakuntza jarduerak antolatzeko:
–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egindako jardueren kasuan, foru agindu honen 9. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztuko dira.
–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31 bitarte egin gogo diren jardueren kasuan, berariazko txosten bat aurkeztuko da prestakuntza ekintza bakoitzeko, honako alderdi hauek zehaztuko dituena:
- Prestakuntza ekintzaren izena.
- Programa, deskribapena, edukiak eta aurreikusitako helburuak.
- Jardueraren arduraduna.
- Iraupena.
- Bertaratutako kideen kopurua.
- Irakasleak edo hizlariak, eta haien lanbide-prestakuntza.
- Jarduera gauzatzeko behar diren baliabide materialak.
- Aurreikusten diren gastuen deskribapen xehakatua.
- Aurreikusten diren diru-sarreren deskribapen xehakatua.
f) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzeko:
–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egindako jardueren kasuan, foru agindu honen 9. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztuko dira.
–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31 bitarte egin gogo diren jardueren kasuan, txosten bat aurkeztuko da egin nahi den ekintza bakoitzeko, honako alderdi hauek zehaztuko dituena:
- Prestakuntza ekintzaren izena.
- Programa, deskribapena edo edukiaren laburpena.
- Iraupena.
- Non eginen den.
- Noiz eginen den.
- Aurreikusten diren gastuen deskribapen xehakatua.
- Aurreikusten diren diru-sarreren deskribapen xehakatua.
–Edozein kasutan, laguntza-eskaera aurkezten den egunean jarduera egina nahiz aurreikusita dagoen, bertaratuaren izena eta elkarte edo entitate eskatzailearekin duen harreman profesionala adieraziko dira, laguntza eskatzeko inprimakiaren atal egokia betez.
g) Erantzukizuneko aitorpena, non argituko den deialdi honetan aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien BEZa eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa den ala ez.
h) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen” jatorrizko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik inoiz lortu ez bada.
4. Laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira oinarri honen a), b) c) eta g) ataletan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, erantzukizuneko aitorpenek deialdian zehaztutako ondorioak sortuko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak galarazi gabe.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egindako erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, ez du segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.
5. Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
7. oinarria. Laguntzak emateko irizpide objektiboak.
1. Deialdi hau lehia bidez ebatziko da; izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eginen dira diruz laguntzen ahal diren jardueren mota bakoitzeko, 2.A) eta B) oinarrian ezarritakoen artean, eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituen deialdiko irizpideak eta zeinek ez.
2. 2.A) eta B) oinarrian ezarritakoen artean diruz laguntzen ahal diren jardueren mota bakoitzaren barrenean, irizpide objektibo hauen arabera emanen da diru-laguntza:
a) Prestakuntza jarduera bakoitzeko zenbatekoa zehaztuko da, deialdiaren 3. oinarrian ezarritako portzentajeen eta gehieneko zenbatekoen arabera.
b) Diruz laguntzen ahal den jarduera mota bakoitzerako baimendutako gastua kontuan hartuta, aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman beharreko diru-laguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak aurreko ekitaldian programa honen babeseko ekintzak zenbateraino gauzatu zituen aztertuko da, eta hori aurreko kopuruari aplikatuko zaio.
Guztira egindako eta justifikatutako gastuen zenbatekoa zati hasierako eskaeran aurreikusten ziren gastuak eginez ateratzen da zer portzentajetan gauzatu zen merkataritza sektoreko programarako diru-laguntzen 2014ko deialdian.
Orobat, eskatzaileak lehen aldia badu laguntzen deialdira aurkezten dela, %100eko gauzatze maila aplikatuko da.
c) Aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da diruz laguntzen ahal den jarduera mota bakoitzaren barrenean, 2.A) eta B) oinarrian ezarritakoen artean.
8. oinarria. Diru-laguntza ematea.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eta justifikatutako ekintzetarako diru-laguntza pagatzeko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.
Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
9. oinarria. Egindako jardueren justifikazioa.
1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin ondoren, onuradunek haiek egin direla justifikatu beharko dute eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan, eskuratzen ahal den inprimaki egokia aurkeztu beharko dute, honako dokumentazio honekin batera:
a) Prestakuntza jarduerak antolatzeko:
–Egindako prestakuntza jarduera bakoitzaren exekuzio- eta ebaluazio-memoria, informazio zehatza emanez aurreikusitako prestakuntza jardueren memorietarako 6.3.e) oinarrian eskatzen diren alderdi guztien gainean.
–Jardunaldi tekniko, biltzar, mintegi monografiko edo sentsibilizazio jardueren kasuan: bertaratutakoen zerrenda, zein elkarte, enpresa edo entitateren ordezkari edo parte diren adierazita.
–Ikastaroen kasuan:
- Eguneroko bertaratze-orriak, behar bezala sinatuak.
- Parte-hartzaileen zerrenda, ezarritako ereduaren araberakoa, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orrian, zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/), eskuratzen ahal dena.
–Kasu guztietan: diru-laguntzaren xedeko jarduerak sustatu, aditzera eman edo zabaltzeko materialaren ale bat.
b) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzeko:
–Egindako prestakuntza jardueraren ebaluazio-memoria, informazio zehatza emanez aurreikusitako prestakuntza jardueren memorietarako 6.3.f) oinarrian eskatzen diren alderdi guztien gainean.
c) Kasu guztietan:
–Prestakuntza jarduera bakoitzeko, aurkeztutako fakturen zerrenda zehatza, faktura-dataren arabera ordenatu eta zenbakituta daudela, eta eskuratutako diru-sarrerena, ereduaren araberakoa, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orrian, zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/), eskuratzen ahal dena.
–Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2014 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzailearen izenean jaulki beharko dira.
–Aurkeztutako gastu guztiak ordaindu direla justifikatzeko banku-agirien kopia, konparazio batera, erreziboak, banku-karguak edo banku-kontuen mugimenduen laburpenak. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.
Jarduera baten baino gehiagoren kontzeptuak jasotzen dituzten fakturetan diru-laguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzaren zenbatekoa ongi zehaztu beharko da.
2. Diru-laguntza izan dezaketen jardueren justifikazioa epe hauetan aurkeztu beharko da:
–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egindako jarduerak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.
–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitarte egindako jarduerak: 2015eko azaroaren 16a arte, egun hori barne.
Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean dokumenturen bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu. Hori departamentuak onartu beharko du eta, hala gertatuz gero, epe berria jakinaraziko dio interesdunari.
3. Oinarri honetan ezarritako moduan eta epeetan justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:
–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egin diren jarduerei dagokienez, ordainketa diru-laguntzaren kontzesioarekin batera eginen da.
–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitarte egiten diren jarduerei dagokienez, aurreko oinarriak aipatzen dituen agiriak aztertuko ondoren ordainduko da, proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten agiriak aztertuta alegia.
11. oinarria. Baldintzak aldatzea.
2. oinarrian diru-laguntzetarako aipatutako kontzeptuei dagokionez beheranzko aldaketarik gertatzen bada aurreikusitako edo gauzatutako zenbateko globaletan, eskatzaile edo onuradunak aldaketa jakinarazi beharko dio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza Sustatzeko Atala), haren berri izan eta berehala, eta, betiere, 2015eko irailaren 30ean beranduenez, mezu elektroniko bat igorriz helbide honetara: scomcerci@navarra.es.
Aipatu epean egiten ez bada, antolatu ez diren eta egin ez diren jarduerak gauzatu gabekotzat joko dira “gauzatze maila” kalkulatzeko, hau da, 2016. urteko diru-laguntzetarako onesten den deialdian aplikatu beharko dena, foru agindu honen 7. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
12. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
2. Irabazi asmorik gabeko entitateek egindako jarduerak badira, haien publizitatea eginen da eta bertako parte-hartzaileak irizpide objektiboei jarraikiz aukeratuko dira.
3. Diru-laguntzaren onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela. Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horrek berak sortutako euskarri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertu beharko da; betiere, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.
4. Onuradunek, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
5. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
13. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.
1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
2. Foru agindu honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako “de minimis” laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.
Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1502745
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
