50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.

Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III. Planak, besteak beste, “Lehiakortasunaren hobekuntza” izeneko 1. programa ezartzen du.

Programa hau bost jarduketa-lerroren bitartez garatzen da, eta, zehazki, “Elkartegintza” izeneko 1.3. lerroak, besteak beste, helburu hauek ditu: merkatarien eskualdeetako zein sektoreetako elkarteek eta merkatarien elkarteen batasunek merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko egiten dituzten ekintzei laguntzea, eta elkartegintza bizkortzea txikizkako merkataritza dinamizatzeko eta sendotzeko bide den aldetik.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jotzen du halako berariazko laguntzei azken urteetan emandako laguntzarekin jarraitzea, helburu hauekin betiere: merkatarien elkarteek merkataritza dinamizatzeko jarduerak bultzatzea, merkataritza txikiko dendarien elkartegintza eta enpresa integrazioa sustatzea, txikizkako merkataritza sektorearen jarduera berpizteko, sektorearen modernizazioa bultzatzea eta Nafarroako udalerrietako hiri-bilbea dinamizatzea.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 550.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, diruz laguntzen ahal diren programen arabera. Hona hemen, zehaztuta:

A) 500.000 euro Merkataritzako jarduketarako programetarako.

B) 50.000 euro Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programetarako.

4. Gastu hori 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail hauen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10003-A1140-4709-431400: taldeak sustatu eta kudeatzea (Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa)

4879

2015

500.000,00

A10003-A1140-4709-431403: taldeak sustatu eta kudeatzea (Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa)

4879

2015

25.000,00

A10003-A1140-7709-431400: merkataritza taldeei inbertsioetarako laguntza ematea (Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren 1. programa)

4879

2015

25.000,00

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 19an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Merkataritzako elkarteei laguntza ekonomikoa ematea da diru-laguntza honen onura publikoa, helburu hauetarako:

a) Oro har, egindako azterlanaren arabera estrategia kolektiboak garatzen ahal dituzten udalerrietako eta merkataritza eremuetako merkatarien elkarteen jarduketak sustatu nahi dira, eta, zehazki, herriguneetan merkataritza zentroak, horrelakoak sortzeko ahalmena duten udalerrietan.

b) Udal azoken merkataritza-egitura birmoldatu eta modernizatzea, hiri eremuetako merkataritza arloko erakarpen-guneak baitira.

c) Enpresa integrazioko proiektuak bultzatzea, bakarka lan eginez aurrera ateratzen zail diren ekintzetan zenbait merkatari elkarlanean aritzetik heldu den potentzialtasun ekonomikoaren errentagarritasunaz baliatu nahi badute eta merkataritzako enpresa txikien eskaintza osatzen badute.

d) Sentsibilizazio eta komunikazio egintzak bultzatzea, txikizkako merkataritza sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta modernizatzeko garrantzi berezia duten gaietan.

e) Saltokiak erakargarriagoak egiteko planak sustatzea, irisgarritasuna, mugikortasuna eta enpresa ehuna dinamizatzeko planak barne, merkatarien elkarteek Nafarroako toki entitateen laguntzarekin eginak, Nafarroako udalerrietako merkataritza antolatu, dinamizatu eta hobetzeko.

2. oinarria. Eremua.

Programa hauei aplikatuko zaie merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzaren araubidea:

A) Merkataritzako jarduketarako programak: zenbait jarduera eremutan edo sektoretan merkataritza modernizatu, berregituratu eta suspertzen duten prozesuak dinamizatzeko helburua dute.

Merkatarien elkarteen taldeek edo merkataritzako enpresaburuen elkarteek eta enpresaburuen elkarte mistoek garatuko dituzte programa horiek; 5.A) oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta merkataritzako banaketa sektoreari loturiko xedea izan beharko dute.

Merkataritzako jarduketarako programak, aplikazio esparruaren arabera, honela sailkatzen dira:

A.1) Eskualdeko programak. Estrategia kolektiboak hartzeko eskualde bakoitzak duen ahalmenaren arabera, honela sailkatzen dira:

–Lurralde osorako erreferentziazko merkataritza eremuak.

–Eskualdeko erreferentziazko merkataritza eremuak.

–Erreferentziako merkataritza guneak, tarteko eskualdeetakoak.

–Udal eremuko merkataritza gune erreferentzialak edo hurbilekoak, behar adinako ahalmena dutenak.

Arestian esandako betebeharrak betetzen dituzten udalerriak edo hiri eremuak foru agindu honen II. eranskineko a) atalean ageri dira.

Bestetik, eskualdeko hiriburutzat edo hiriburuordetzat hartutako udalerriei buruzko programek edota Iruñerriko udalerriei buruzkoek jasotzen ahal dute diru-laguntza. Udalerri horiek zein diren foru agindu honen II. eranskinaren b) atalean ikus daiteke.

Bestalde, foru agindu honen II. eranskinean azaltzen ez diren udalerriei buruzko programek ere izaten ahal dute diru-laguntza, betiere 2.500 biztanletik gorakoak badira. Biztanleen kopurua zehazteko, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak hartuko dira oinarritzat, hau da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak.

A.2) Udal azoketan egindako programak.

A.3) Gremioen programak, merkataritzako jardueraren sektore baterako, Nafarroa osoan.

A.4) Programa sektorialak Nafarroako merkataritzarako.

A.5) Eskurako saltokien sarean integratuta dauden saltokien multzoarentzat garatutako programak.

B) Merkataritzako lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa: egoitza Nafarroan duten enpresen arteko egiturak sortu eta garatzea, merkataritzako egungo egiturak indartzearren.

5.B) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresen arteko egiturek gauzatuko dituzte programa hauek, helburua merkataritzako integrazio estrategiko bat sustatu edo garatzea izanik.

Honako proiektu hauei lagunduko zaie bereziki:

B.1) Txikizkako salmentarako udal merkatuak merkatariek berek kudeatzea.

B.2) Nafarroako merkataritzako enpresendako interesgarritzat jotzen diren sektoreetako salgaien eta zerbitzuen zentralak.

B.3) Hirietako merkataritza zentroak: behar adinako ahalmena duten udalerrietan edo horietako hiri eremuetan, Nafarroako udalerrietako herriguneetan (Iruña, Tutera, Lizarra eta Tafalla) merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanaren arabera.

B.4) Nafarroako merkataritza garatzeko interesgarritzat jotzen diren beste integrazio proiektu batzuk.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta kontzeptuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta inbertsioak egiteko epea 2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitartekoa izanen da. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.

2. Programa bakoitzerako ondotik aipatzen diren jarduerek eta inbertsio proiektuek jasotzen ahal dute diru-laguntza. Ez da inola ere diru-laguntzarik emanen entitate eskatzailearen funtzionamendu gastu orokorretarako edo langile-gastuetarako (zuzendaritza-taldeko kideak edo kudeatzaileak), ez eta Balio Erantsiaren gaineko Zergarako ere (BEZa berreskuratzeko edo konpentsatzeko modua dagoenean).

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

A.1) Merkataritzako aholkularitza teknikoa.

a) Merkataritzako jarduketarako programen barrenean sartzen diren jarduerak planifikatu, antolatu, koordinatu, kudeatu, abiarazi, gainbegiratu eta kontrolatzeko lanei dagozkien kanpoko gastuek jaso dezakete diru-laguntza.

b) Aipatu jardueretarako legez gaituak dauden entitate, enpresa edo profesionalek eginak izanen dira. Halako gastuak ez dira onartuko zirkunstantzia hori dokumentu bidez frogatzerik ez duten entitate, enpresa edo profesionalek fakturatuak direnean.

2) Merkataritza dinamizatzea.

a) Merkataritza sustatzeko edo informaziorako edo komunikaziorako kanpaina espezifikoak egiteko gastu hauek jasotzen ahal dute diru-laguntza, kontzeptu hauengatik:

–Entitate eskatzaileak merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko kanpainei dagozkien publizitate berariazkoa eta publizitaterako material zehatza.

–Eskatzaileak sustatutako argitalpenak (buletinak, aldizkariak, kartelak eta zabalkuntzarako bestelako materialak, edozein euskarritan sortuak).

–Merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko jarduketak garatzeko behar den zuzeneko marketina.

–Merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko jarduketak garatzeko behar den animazio komertziala, salmenta orduetan eta udalerriko kale edo zona komertzialetan eginen dena.

–Salmenta sustatzeko kanpainei dagozkien sariak.

b) Merkataritza dinamizatzeko jarduera eta kanpainen betebeharrak:

–Gehienbat txikizkako eta hurbileko saltokietan kontsumoa sustatzeko helburua izanen dute, baita bezero eta kontsumitzaileen fideltasuna sendotzekoa ere.

–Enpresaburuen elkarte mistoen kasuan, elkartutako guztiak sustatzeko helburua izanen dute, eta ez da kanpaina onartuko baldin eta bertan bakarrik txikizkako salmenta egiten ez duten enpresentzat egiten bada.

–Ez da diru-laguntzarik emanen jarduera egiteko beharrezko eta ezinbesteko ez diren gastuetarako, hauetarako zehazki:

  • Dastaketei dagozkien gastuak, salbu eta merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko kanpainen sarien kasuan. Ez da inola ere laguntzarik emanen gastu mota hori besterik ez duten kanpainetarako.
  • Dinamizazio edo sustapen kanpainak edo beste edozein jarduketa, baldin eta haien helburu bakarra gorespen gastronomikoa edo antzekoa duten jarduera ludiko edo turistikoei sostengua edo laguntza ekonomikoa ematea bada, jarduera komertziala zuzen-zuzenean sustatu gabe.

–Helburua publizitatea duen zozketarik egiten bada, jokoaren eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa ordaindu dela frogatu beharko da. Zehazki, eskainitako sarien %10 da, eta 723 ereduko ordainketa-gutunaren bidez pagatu behar da. Merkataritza sustatzeko kanpainei loturiko zozketa mota honen gastuak onartuz gero, tasa hori ordaindu dela frogatu beharko da.

3) Hedatu, sentsibilizatu eta koordinatzeko ekintzak.

a) Aholkularitzako gastuek eta informazioa eta zabalkuntza emateko gastuek diru-laguntza jaso dezakete, betiere ekintza horiek, sektoreetako jarduketa programak garaturik, Nafarroako txikizkako merkataritzako enpresen multzo osoari zuzenduta daudenean. Arlo hauek sartzen dira bereziki:

–“Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea” UNE 175001 arau multzoaren ezarpena.

–Merkataritza sektoreko prestakuntza eta enplegua.

b) Hedatu, sentsibilizatu eta koordinatzeko ekintzen betebeharrak.

–Aurreko atalean zehaztutako arloetan garatzen den ekintza bakoitzean, gutxienez bi jardunaldi tekniko edo informatibo antolatu eta eginen dira txikizkako merkataritzako enpresekin II.a) eranskineko merkataritza guneetan.

–Jardunaldiak eranskin horretan agertzen ez diren merkataritza bi gunetan gutxienez eginen dira, eta ezin dira udalerri berean egin.

c) Gastu hauek jaso dezakete laguntza, kontzeptu hauetarako:

–Kanpoko aholkularitza espezializatua kontratatzea.

–Zabalkunde eta sentsibilizazioko egintzak: jardunaldiak antolatzea, publizitatea sartzea, mailing-a, etab.

–Langile teknikoak kontratatzeko kostua egoztea, kontratu horiek beste edozein kontzepturengatik diru-laguntzen xede ez badira.

4) Saltokiak erakargarriagoak egiteko planak Lurralde Antolamendu Planean eskualdeko edo eskualdez azpiko egituratzailetzat jotzen diren udalerrietan, bai eta 4.500 biztanletik gorako dentsitate handiko bizitegi eremuetan ere.

Plan horiek egiteko beharrezkoak diren aholkularitzako kanpoko gastuek diru-laguntza jaso dezakete, betiere kasuan kasuko toki entitatearen adostasun eta parte-hartzearekin.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

Jarduketa hauen gastuek diru-laguntza jaso dezakete:

1) Bideragarritasunari buruzko azterlanak: aholkularitzako kanpoko gastuak, enpresen arteko egiturak sortu edo garatzeko azterlanak egiteko. Ezarpenari buruzko hasierako azterlanak izanez gero, ondokoak bilduko dituzte gutxienez:

a) Azterlanaren xedeak.

b) Garatu beharreko proiektuaren azterlana: deskripzioa, sistema ezartzeko alde onak eta txarrak.

c) Jarduteko proposamenak gai hauei buruz: merkataritzaren orientazioak, proiektuaren ezaugarriak, administrazioaren eta kudeaketaren ezaugarriak, behar diren langileak, bideragarritasun ekonomikoa, eta abar.

d) Proiektuaren faseak gauzatzeko epeak eta kuantifikazio ekonomikoa.

e) Azterlanaren ondorioak.

2) Aktibo finkoetako inbertsioak: Nafarroan egiten diren inbertsioak enpresen arteko egitura garatu eta sendotzeko, kontzeptu hauetako bati dagozkionak:

a) Lokal, lur eta eraikinetako inbertsioak: laguntza jaso dezakeen inbertsiorako, gainerako kontzeptuetarako onartzen den inbertsioa halako hiru konputatuko da, gehienez ere.

b) Lokalak zaharberritzea eta haiek egokitzeko obra zibilak.

c) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Saltokietako makineria, instalazio teknikoak, altzariak eta tresneria.

–Ekipo informatikoak eta softwarea.

–Aktibo fisikoetako beste edozein inbertsio, enpresen arteko egituraren jarduera garatu eta sendotzeko beharrezkoa dena.

3) Sustapena: enpresaren egitura integratua zabaldu eta sustatzeko gastuak, hura hedatzeko helburuz egina. Gehienez ere, 3 urtez lortzen ahal da diru-laguntza. Ondorio horietarako, aurreko deialdietan kontzeptu horrengatik eskatzaileak jasotako diru-laguntzak hartuko dira aintzat.

Ez da diru-laguntzarik emanen produktu edo zerbitzuen marka komertzial jakinak erabiltzen dituzten sustapen kanpainen ondoriozko gastuetarako.

4. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntzaren xede izan daitezkeen kontzeptuen gehieneko diru-laguntza.

Diru-laguntzaren portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak jarraian aipatzen dira programa bakoitzerako:

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

1) Diru-laguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzak sortzen duen defizita zehazteko, ondoko diru-sarrerak eta gastuak hartuko dira kontuan:

Gastuak: diru-laguntza jaso dezakeen jarduera egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren kanpoko gastuak, betiere oinarri arautzaile hauen arabera diru-laguntza jaso badezakete.

Diru-sarrerak: diru-laguntza jaso dezakeen jarduerak sortutako diru-sarrerak eta parte-hartzaile, bertaratu edo erakusleengandik inskripzio modura zuzenean jasotakoak, beste entitate sustatzaile batzuek egindako ekarpenak edo jardueretarako laguntzak eta diru-laguntzak. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko jarduera horiek finantzatzeko bideratzen diren bazkideen kuotak edo derramak.

2) Diru-laguntzaren ehunekoak.

Diru-laguntza izan dezaketen jardueren ondoriozko defizitaren %70eko diru-laguntza jasotzen ahal dute, programa honetan diru-laguntza izan dezakeen kontzeptu bakoitzean.

%75eko diru-laguntza jasoko da kasu hauetan:

–Merkatarien bi elkartek edo gehiagok elkarrekin antolatu eta egindako jarduerak.

–Merkatarien elkarteen batasunek egindako jarduerak.

–Saltokiak erakargarriagoak egiteko planak.

3) Gehieneko zenbatekoak diru-laguntza jaso dezakeen kontzeptu bakoitzean.

a) Merkataritzako aholkularitza teknikoa:

–Merkatarien elkarteak: 2.500 euro.

–Merkatari elkarteen batasunak: 8.400 euro.

–Kontzeptu honetarako onartuko den gehieneko diru-laguntza ez da merkataritzaren dinamizaziorako ordainduko den diru-laguntzaren %40 baino handiagoa izanen.

Kontzeptu honetarako azkenean ordainduko den gehieneko diru-laguntza ez da sekula izanen merkataritzaren dinamizaziorako onartuko den diru-laguntzaren %40 baino handiagoa.

b) Merkataritza dinamizatzeko jarduerak. Eskualdearen edo sektorearen eta entitatearen merkataritza-ahalmenaren arabera, muga hauek aplikatuko dira:

Merkatarien elkarteak:

–Erregioko erreferentziako zonak: 67.500 euro.

–Eskualdeko erreferentziako zonak: 45.000 euro.

–Eremuko erreferentziako zonak, tarteko eremuetan: 31.500 euro.

–Udal eremuko zonak edo hurbilekoak, behar adinako ahalmena dutenak: 13.500 euro.

–Eremuko herriburutzat eta bigarren herriburutzat jotzen diren udalerrietan edo Iruñeko metropoli eremuan egiten diren programak: 13.500 euro.

–Foru agindu honen II. eranskinean azaltzen ez diren eta 2.500 biztanletik gora duten udalerriei buruzko programak: 4.000 euro.

–Udal azoka: 27.000 euro.

–Gremioetakoa, 100 elkartekide baino gutxiagokoa: 13.500 euro.

–Gremioetakoa, 100 elkartekide baino gehiagokoa: 27.000 euro.

–Eskurako saltokien sarea: 8.000 euro.

Merkatari elkarteen batasunak:

–Sektorialak, Nafarroa osorako: 75.000 euro.

–Sektorialak, Nafarroako eremu edo eskualde baterako: 20.000 euro.

c) Hedatu, sentsibilizatu eta koordinatzeko ekintzak: diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 37.800 eurokoa da ekintza bakoitzeko.

d) Saltokiak erakargarriagoak egiteko planak: diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa da plan bakoitzeko.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa:

1) Bideragarritasunaren azterlana.

–Hasierako azterlanak: kostuaren %70, eta 12.000 euro gehienez.

–Garatu eta sendotzeko azterlanak: kostuaren %50, eta 6.000 euro gehienez.

2) Inbertsioak: laguntza jaso dezaketen gastuen %30 arte, 37.700 euro gehienez ere.

3) Merkataritzako sustapena: kostuaren %50eko diru-laguntza; 8.100 euro, gehienez ere.

5. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, diru-laguntzaren xede diren jardueren arabera:

A) Merkataritzako jarduketarako programak:

1. Merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak izan beharko dute, xedea merkataritzako banaketari lotua dutela, eta ondoko baldintzak beharko dituzte bete:

a) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Informazio hori, ofizioz, aipatu erregistroan kontsultatuko da.

b) Gutxienez 20 saltoki kidetuta izan, kasu hauetan izan ezik:

–Udal azoka batean diharduten merkatarien enpresari-elkarteak izatea programak garatzen dituztenak; kasu horietan 5 saltokik gutxienez egon beharko dute elkartuta.

–Eskurako saltokien sarean integratutako udalerrietan jardutea programa horiek garatzen dituzten merkatarien enpresari-elkarteak; kasu horretan, elkartutako saltokien kopurua sareari atxikitako saltokien %60 izanen da, gutxienez ere.

Ondorio hauetarako, hauek hartuko dira saltoki kidetutzat: merkataritzako txikizkako jardueretan egiten dituzten establezimenduak, titularrak merkatariek dituztenak, hau da, jarduera komertziala egiteko gaitasuna izanik txikizkako merkataritzan ari diren pertsona fisiko edo juridikoak, nork bere izenean eta ohiko lanbide gisara, betiere, gainera, diru-laguntza eskatzen duen merkatarien elkarteko kide bat da.

Saltoki kidetutzat hartzeko, elkartearen kide diren saltoki horien titularrek, eskaera aurkezteko datan, alta emanda agertu behar dute establezimendu komertzial batean, 641tik 659. taldera bitarteko jarduera ekonomikoren bateko titular gisara (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz). Ondorio hauetarako, bazterturik daude 864. eta 655. taldeak, 6542, 6545 eta 6546 epigrafeak salbu.

Establezimendu berean, aldi berean, merkataritzako txikizkako jarduera bat baino gehiago egiten bada, saltoki kidetu bakartzat hartuko da ondorio hauetarako.

Establezimendu berean, aldi berean, jarduera bat baino gehiago egiten bada, haietako bat aurreko paragrafoan ezarritako txikizkako saltokietako bat izanik, establezimendu hori saltoki kidetutzat hartuko da baldin eta merkataritzako txikizkako jarduera denetan nagusia bada negozioaren bolumenari dagokionez (salmenta-zifra).

Ez dira inola ere saltoki kidetutzat hartuko ostalaritzako establezimenduak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta halakoak, ez eta zerbitzu pertsonaletarako establezimenduak ere (ile-apaindegiak, edergintzako aretoak, manikura-, estetika- eta beltzarantzeko zentroak, tindategiak, garbitegiak, bidai agentziak, aseguru agentziak...).

c) Enpresarien elkarte mistoetan, merkatari diren bazkideen kopuruak, gutxienez, elkartearen kideen erdien ordezkaritza izan behar du. Ondorio horietarako, jarduera ekonomikoen zergaren epigrafeetan alta emanda dauden bazkideak hartuko dira bazkide merkataritzat (aurreko atalean dago zehaztuta).

d) Programa horiek merkataritzako enpresarien elkarteek sustatuko dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat datorrenean programa bakoitza garatuko den eremu, zona, gremio edo sektorearekin.

2. Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkataritzako enpresaburuen elkarteen batasunak izan beharko dute. Aurreko 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten lau merkatari elkartek edo gehiagok osatu behar dute batasuna.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa:

1. Enpresen arteko egitura, gehienbat, txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainek osatua izanen da. Enpresak bestetik, gehienbat, Nafarroan kokatuak egonen dira, independenteak beren artean, eta programaren helburuak merkataritzako integrazio estrategiko bat sustatu edo garatzea izan behar du.

2. Udal azoken kudeaketan nabarmenki parte hartzen duten entitateen kasuan, ordezkaritza kontzesiodunen %60ra, bederen, iritsi beharko du.

6. oinarria. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

1. Diru-laguntza eskatzen duenak “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez adierazi beharko du ez duela Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekurik urratzen.

2. Aurreko oinarrian aipatzen diren berariazko baldintzak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Kasu guztietan:

Erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar da datu hauen berri emateko: eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak; zuzendaritza batzordearen, administrazio kontseiluaren edo organo baliokidearen osaera; eta organo horietan gaur egun aritzen diren kargudunen datuak.

b) Eskatzailea lehenbiziko aldiz aurkeztu bada merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko programarako diru-laguntzen programara, eskatzailea bere nortasuna frogatu beharko du, eta, horretarako, zein programatarako eskatzen duen laguntza, honako dokumentazioa aurkeztu:

–Merkataritzako jarduketarako programak: estatutuen kopia.

–Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa: eraketaren eskrituraren kopia.

c) Merkataritzako jarduketarako programarako laguntzen eskatzaileen kasuan.

–Merkatarien elkarteen edo elkarte mistoen kasuan: eskaera aurkezteko datan enpresa txiki eta ertain kidetuen zerrenda gaurkotu eta ordenatua, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafearen araberakoa. 5. oinarriaren A).1.b) atalaren ondorioetarako, zerrendako pertsona fisiko edo juridikoren bat merkataritzako establezimendu bat baino gehiagoren titularra baldin da, horren berri ematen beharko da. Zerrenda deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda gaurkotua, elkarte motaren arabera ordenatuak (gremioka edo zonaka).

–Diru-laguntza merkataritzako aholkularitza teknikorako eskatzen bada: zerbitzua ematen duen entitate, enpresa edo profesionala aipatu jarduera ekonomikorako legez gaitua dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokion epigrafean alta emana egotea –informazio hori ofizioz kontsultatuko da–, edo, bidezko denean, aipatu zerbitzuaren emailearen estatutu edo eskriturak (hauek aurkeztu egin beharko dira).

d) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programarako diru-laguntzen eskatzaileen kasuan:

–Eskaera aurkezteko datan enpresen arteko egiturako kide diren enpresa txiki eta ertainen zerrenda gaurkotu eta ordenatua (eskaera aurkeztu den datari dagokiona), jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafearen araberakoa, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den ereduari jarraikiz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

–Erantzukizuneko aitorpena, enpresen arteko egitura osatzen duten enpresa txiki eta ertain guztiek halakoak izateko baldintza betetzen dutela dioena, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz. Aitorpena aurreko lerroaldean aipatutako ereduaren parte bat da.

7. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakiari jarraituko dio, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak daudela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeko orrian eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne. Onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko diru-sarrerak jakinarazi beharko dizkio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza Sustatzeko Atala), haien berri izan eta berehala.

c) Aurreko oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izaeraren egiaztagiriak: 6.2.a) oinarrian ezarritako erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da, eta, bidezko bada, baita 6.2.b) oinarrian aurreikusitakoa, baldin eta eskatzailea kasu horretan baldin badago.

–Merkataritzako jarduketarako programarako laguntzen eskatzaileen kasuan, 6.2.c) oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

–Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programarako laguntzen eskatzaileen kasuan, 6.2.d) oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

d) Merkatarien elkartearen, horrelako elkarteen batasunaren edo enpresen arteko beste elkartze-egitura baten akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo diligentziatua, non adieraziko baita horretarako behar bezala deitutako batzarrak edo organo baliokideak honako dokumentu hauek onetsi dituela:

–Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.

–Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontua.

–Diru-laguntzaren xede den jarduketen plana.

e) Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa, eta, merkataritzako sozietateen kasuan, onetsitako azkeneko ekitaldiko urteko kontuak.

f) Urteko aurrekontua, bazkide bakoitzeko kuotak adierazita.

g) Merkataritzako jarduketarako programetarako: programaren ekintzen plana. Laburpena sartuko da, datu hauekin: diruz lagun daitezkeen gastuen aldian egin diren eta egitekoak diren ekintzak, horien egutegia eta kostua eta aurreikusita dagoen finantzazioa programan diruz lagun daitekeen gastu bakoitzeko.

h) Merkataritzaren dinamizaziorako kanpaina bakoitzeko, txosten bat aurkeztu beharko da, eta, hartan, atalotako informazioa emanen da xehe-xehe:

–Jardueraren izenburua.

–Jardueraren deskribapena.

–Jardueraren helburuak.

–Jarduera noiz egin(en) den.

–Gastuen deskribapen xehakatua.

–Diru-sarreren deskribapen xehakatua.

–Kanpainen antolamendua eta garapena: jarduketak zenbait merkatari elkarteren artean batera egin edo egitekoak badira, horren berri eman beharko da, eta argi zehaztuko da zer lan egiten dituen elkarte bakoitzak, eta zer gastu eta diru-sarrera aterako diren kanpainaren ondorioz, eta, bestetik, haietatik zer parte dagokion elkarte bakoitzari.

i) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programarako:

Proiektuaren eta egin diren edo egin nahi diren jarduketen azalpen memoria eta zerrenda baloratua, eta, azken horrekin batera, aurrekontuak edo proforma fakturak, datak eta aurreikusitako helburuak.

Diru-laguntza “azterlanak” egiteko eskatuz gero, haien xedeak, erabiliko diren informazio iturriak, metodologia eta azterlanak egiteko aurreikusten diren epeak zehaztuko dira.

j) Erantzukizuneko aitorpena, non argituko den deialdi honetan aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien BEZa eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa den ala ez.

k) 2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egindako jarduketen kasuan, gainera, 10. oinarriko 1. atalean adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

l) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen jatorrizko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik inoiz lortu ez bada.

4. Oinarri honen a), b) eta j) atalean eta 6.2.a) oinarrian adierazitako erantzukizuneko aitorpenak laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, erantzukizuneko aitorpenek deialdian zehaztutako ondorioak sortuko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak galarazi gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egindako erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, ez du segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

5. Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

8. oinarria. Laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza ondoko irizpideen arabera emanen da:

1. Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa foru agindu honen 4. arauan ezarritako gehieneko portzentajearen eta mugen arabera kalkulatuko da.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko diru-laguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, eskatzaile bakoitzak aurreko ekitaldian diruz lagundutako jarduerak zenbateraino bete zituen aztertuko da eta horren portzentajea aplikatuko zaio aurreko zenbatekoari. Horretarako, honela kalkulatuko da jardueraren betetze-maila: egindako ordainketen zenbateko guztia zati merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko 2014ko diru-laguntzen deialdian emandako diru-laguntza.

Eskatzaileak deialdi horretan laguntzarik jaso ez badu, aplikatuko den betetze-maila %100 izanen da.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da eskatzaile guztien artean. Dena dela, hainbanaketa hori ez zaie aplikatuko “hedatu, sentsibilizatu eta koordinatzeko” kontzeptuei.

9. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eta frogatutako ekintzetarako diru-laguntza pagatzeko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. oinarria. Egindako inbertsio jarduera eta proiektuen justifikazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin ondoren, onuradunek haiek egin direla justifikatu beharko dute eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan, eskuratzen ahal den inprimaki egokia aurkeztu beharko dute, honako dokumentazio honekin batera:

a) Kasu guztietan.

–Egindako jardueren edo burututako inbertsio-proiektuen memoria, 7.3.g) oinarrian ezarritakoarekin bat.

–Aurkeztutako fakturen zerrenda xehakatua. Aurkeztutako fakturak agertuko dira, dataren arabera ordenatuak eta zenbakituak, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den ereduari jarraikiz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Zerrenda bat aurkeztuko da diruz laguntzekoa den kontzeptu bakoitzerako. Zehazki, “merkataritzaren dinamizazioa” izeneko kontzepturako, zerrenda bat aurkeztuko da merkataritza sustatzeko egindako kanpaina bakoitzerako. Zerrendak paperean zein euskarri informatikoan aurkeztuko dira, salbu aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten bada.

–Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2014 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzailearen izenean jaulki beharko dira.

–Aurkeztutako gastu guztiak ordaindu direla justifikatzeko banku-agirien kopia, konparazio batera, erreziboak, banku-karguak edo banku-kontuen mugimenduen laburpenak. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.

b) Merkataritzako jarduketarako programako ekintzak justifikatzeko.

–Sustapen kanpainetan erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie elkartutako saltokiei, horiek emandako fakturetan zehazki adierazi beharko da zer kanpainari dagozkion eta erositako produktuen edo kontratatutako zerbitzuen xehetasuna.

–Onuradunak berak sustatutako argitalpenen kasuan (aldizkariak, informazio-buletinak, saltokien planoak, etab.), diru-laguntzaren xede izan den argitalpen bakoitzaren ale bat aurkeztuko da.

–Sustapen kanpainetan, horietarako diseinatutako publizitate materialaren kartelen, iragarkien edo antzeko gaien ale bat.

–Idatzizko hedabideetan egiten diren publizitate-iragarkietan, azalaren eta argitaratutako iragarkiaren kopia aurkeztuko dira.

–Publizitatea egiteko asmoz antolatzen diren zozketak dituzten sustapen kanpainen kasuan, jokoaren gaineko tasa fiskala ordaindu izanaren ordainketa-gutunaren kopia.

–Langileria gastuak direnean, soldaten nominak, Gizarte Segurantzako kotizazioen agiriak eta horiek ordaindu izanaren banku agiriak.

–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean zuzenean kontratatzen elkarte eskatzaileak berak baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez, horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Saltokiak erakargarriagoak egiteko planak egiten direnean, planaren kopia bat.

c) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programako jarduketak justifikatzeko:

–Azterlanak egiten direnean, azterlanaren kopia bat.

–Diruz lagundutako aktibo finkoen proba grafikoa.

–Lokalak egokitu eta zaharberritzeko proiektuen kasuan, lokalen kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu beharko dira, lanak egin aurretik eta ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko.

–Sustapen jarduerak egiten direnean, aurreko b) atalean adierazitako dokumentazioa.

2. Ekintzen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egindako jarduerak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.

–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitarte egindako jarduerak: 2015eko azaroaren 16a arte, egun hori barne.

Diruz laguntzen den epealdi osoan egiten diren proiektuetarako teknika eta merkataritza arloko aholkularitza kontratatuz gero, arestian aipatutako epeetatik bigarrenean aurkezten ahalko dira frogagiriak.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean dokumenturen bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Oinarri honetan ezarritako moduan eta epeetan justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

–2014ko azaroaren 1etik 2015eko otsailaren 28ra bitarte egin diren jarduerei dagokienez, ordainketa diru-laguntzaren kontzesioarekin batera eginen da.

–2015eko martxoaren 1etik 2015eko urriaren 31ra bitarte egiten diren jarduerei dagokienez, aurreko oinarriak aipatzen dituen agiriak aztertuko ondoren ordainduko da, proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten agiriak aztertuta alegia.

12. oinarria. Baldintzak aldatzea.

3. oinarrian diru-laguntzetarako aipatutako kontzeptuei dagokienez beheranzko aldaketarik gertatzen bada aurreikusitako edo gauzatutako zenbateko globaletan, eskatzaile edo onuradunak aldaketa jakinarazi beharko dio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza Sustatzeko Atala), haren berri izan eta berehala, eta, betiere, 2015eko irailaren 30ean beranduenez, mezu elektroniko bat igorriz helbide honetara: scomcerci@navarra.es.

Aipatu epeetan egiten ez bada, antolatu ez diren eta egin ez diren jarduerak gauzatu gabekotzat joko dira, foru agindu honen 8.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hurrengo urteko deialdian aplikatu behar den “gauzatze maila” kalkulatzeari begira, 2016. urtean onesten den diru-laguntzen deialdian.

Zehazki, diru-laguntzarik jaso bada “Merkataritzaren dinamizazioa” izeneko kontzeptuarengatik, eta jardueran beheranzko aldaketaren berri ematen bada, automatikoki egokituko da “Merkataritzako Aholkularitza Teknikoa” izeneko kontzeptuagatik emandako diru-laguntza. Ondorioz, ezin izanen da “Merkataritzaren sustapena” kontzeptuan ematen den diru-laguntzaren %40 baino handiagoa.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

b) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 10. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2. 3. oinarriaren B.2) atalean aurreikusitako “inbertsioak” kontzeptuagatik jasoz gero diru-laguntza, onuradunek laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 4 urtez edukiko dituzte entitateak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada.

3. Diru-laguntzaren onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela. Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horrek sortutako euskarri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertu beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan aurreikusitakoarekin bat betiere. Beraz, ez zaie diruz lagunduko aipatu dekretuan edo atal horretan ezarritakoa betetzen ez duten publizitate-euskarriak sortzeko eta egiteko gastuei.

4. Onuradunek, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

14. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

1. Merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Zehazki, “merkataritzaren dinamizazioari” dagokion diru-laguntzaren gehieneko muga kalkulatzeko, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak kontzeptu horretarako ezar litzakeen bestelako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

2. Foru agindu honetako diru-laguntzak, 3. oinarriko A.1), A.2), A.3) eta A.4) ataletan aipatzen direnak izan ezik, irabazi asmorik gabeko entitateek egiten badituzte, “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzko erregelamendua).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. ERANSKINA

a) Taldeko estrategiak garatzen ahal dituzten merkataritzako kontzentrazioak.

–Erreferentziako merkataritza guneak, erregiokoak (hiriko merkataritza gunea ezartzeko aukerak dituztenak):

  • Iruña-erdialdea.

–Erreferentziako merkataritza guneak, eskualdekoak (hiriko merkataritza gunea ezartzeko aukerak dituztenak):

  • Tutera.
  • Lizarra.
  • Tafalla.

–Erreferentziako merkataritza guneak, tarteko eskualdeetakoak:

  • Altsasu.
  • Zangoza.

–Udal eremuko merkataritza guneak edo hurbilekoak, behar adinako ahalmena dutenak:

  • Barañain.
  • Burlata.
  • Iruña, Iturrama auzoa.
  • Iruña, Donibane auzoa.
  • Iruña, Arrotxapea auzoa.
  • Iruña, Mendillorri auzoa.
  • Elizondo.
  • Doneztebe.
  • Bera.
  • Sakana.

b) Aurreko atalean azaltzen ez diren udalerriak, eskualdeko hiriburu eta hiriburuordetzat jotzen direnak edo Iruñeko metropoli eremukoak direnak:

  • Antsoain.
  • Agoitz.
  • Aranguren.
  • Aribe.
  • Auritz.
  • Aiegi.
  • Azagra.
  • Beriain.
  • Berriobeiti.
  • Berriozar.
  • Caparroso.
  • Zarrakaztelu.
  • Cascante.
  • Castejón.
  • Oltza Zendea.
  • Cintruénigo.
  • Zizur.
  • Corella.
  • Cortes.
  • Eguesibar.
  • Aurizberri.
  • Etxarri Aranatz.
  • Galar.
  • Uharte.
  • Irurtzun.
  • Izaba.
  • Leitza.
  • Lekunberri.
  • Lodosa.
  • Los Arcos.
  • Irunberri.
  • Mendabia.
  • Milagro.
  • Murchante.
  • Noain Elortzibar.
  • Obanos.
  • Otsagabia.
  • Erriberri.
  • Orkoien.
  • Azkoien.
  • Gares.
  • Ribaforada.
  • San Adrián.
  • Viana.
  • Atarrabia.
  • Zizur Nagusia.

Iragarkiaren kodea: F1502767