50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako artisautza enpresen sustapenerako 2015eko deialdia onesten duena.

Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak diru-laguntzak ematen ahal zizkiela artisautza enpresei egitura, errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo lehiakortasuna hobetzeko jardueretarako.

Uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuaren bidez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. 32.c) artikuluan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua ezarri zen, besteak beste barne merkataritza eta eskulangintza antolatu eta sustatzea.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea, haien merkataritza sustapena indartu eta lanbide trebakuntza hobetuko duen laguntza araubidea ezarriz, berariazko prestakuntza bultzatuta.

Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileko kide diren artisautza elkarteei 2015eko otsailaren 5eko bilkuran entzun ondoren.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresen sustapenerako diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 2015era luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo kontu-sailaren kargura:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10003-A1140-4701-431402: Nafarroako artisautza sustatzeko eta horretan trebatzeko ekintzak

4881

2015

35.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 19an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Nafarroako artisautza enpresentzako laguntzen araubidea arautzea da deialdi honen xedea, merkaturatzen dituzten proiektuen sustapenean eta sektoreko enpresen prestakuntzan laguntzeko, betiere bi helbururekin: enpresak lehiakorragoak izatea eta haien egitura eta kudeaketa hobetzea.

2. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzaren onuradunak izaten ahalko dira hurrengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak:

a) 2014ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izen emanda egotea.

b) Laguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea.

Laguntzaren eskaera egiten den momentuan artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela iraungia baldin badago, indarraldia bukatu baino lehen eskatzaileak hura berritzeko eskaera aurkeztu duela frogatu beharko du. Nolanahi ere, artisautza enpresa dela dioen txartela berritzeko eskaerak eskatzen diren betebehar guztiak bete beharko ditu.

Laguntzarako eskaera aurkeztuta artisautza enpresa dela egiaztatzen duen txartela iraungitzen bada, diru-laguntza eman baino lehen eskatzaileak hura berritzeko eskaera aurkeztu duela frogatu beharko du, eta horretarako eskatzen zaizkion betebeharrak bete.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku ez urratzea. Diru-laguntzaren eskabide-orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da baldintza hau betetzen dela.

Zerga arloko eginbeharrak eta, kasua bada, Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinaraziko zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30 bitartean, biak barne, azoketako, sustapeneko edo prestakuntzako jarduerek jaso dezakete diru-laguntza.

Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.

2. Jarduera hauek jaso dezakete diru-laguntza, honako jarduketa-lerro hauen barrenean:

a) Azoketan parte hartzea.

–Inskripziorako, tokia alokatzeko edo saltokia jartzeko gastuak.

–Nork bere salgaiak garraiatzekoak: ordaina izanen da 0,30 euro/kilometro, salgaien joan-etorriko bidaiagatik, barne izanik bide-sariko gastuak.

–Salgaiak beste moduren batean garraiatzea: onartuko dira langilearen edo alokatutako ibilgailuaren gastua, azkeneko kasu horretan, gainera, erregaiaren eta bide-sariaren gastuak onartuko dira.

–Azokak atzerrian egiten direnean, artisautza enpresako langileen bidaiagatik eta ostatu hartzeagatik ere emanen dira diru-laguntzak. Ez da diru-laguntzarik izanen mantenuagatik.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea.

–Katalogoak, liburuxkak edo horrelako materiala.

–Publizitatean, komunikabideetan eta informazioetan emandako iragarkiak.

–Web orriak berritik sortzen bada: hasierako gastuak, alegia, diseinurako, sortzeko eta domeinurako eginiko gastuak.

–Diru-laguntza jaso nahi duten jarduketen betebeharrak:

  • Sustapeneko gaiei buruzko diseinuan, konposizioan eta/edo maketazioan nahiz produkzioan eginiko gastuek har dezakete diru-laguntza. Aparte geldituko dira produktuarekin edo artisau-lantegiarekin zerikusirik ez duen publizitate edo propagandako zernahi gai.
  • Web orriek menuen araberako nabigazioa eduki beharko dute, eta datu hauek gutxienez agertu: artisautza enpresaren aurkezpena, egiten den artisautza jardueraren xehetasunak, tailerraren kokalekua, harremanetarako bidea, eta egiten diren produktuei buruzko informazioa. Ez dute diru-laguntzarik jasoko lehendik sortutako web orriak gaurkotzeko lanek, edo horiek mantentzeko gastuek edo horrelakoek.

c) Artisauentzako hobekuntza profesionaleko eta enpresarien oinarrizko prestakuntzako ikastaroetara joatea. Gastu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede:

–Artisau-lanbideen zerrendan jasotako jardueretan lanbide hobekuntza xede duten prestakuntza eta gaikuntza teknikoko ikastaroetara joatea, baimendutako ikastetxe ofizialek jarduera horiek antolaturik edo babesturik, enpresaren kudeaketa hobetu eta modernizatzearren.

–Enpresaburuentzako oinarrizko prestakuntzari buruzko ikastaroetara joatea (artisau tailerren kudeaketa hobetzeko helburuarekin).

–Gastu akademikoetarako emanen da diru-laguntza, eta ikastaroa egiteko matrikula gastuetarako eta material didaktikorako, baina sekula ez bidaia, ostatu edo mantenu gastuetarako.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa portzentaje bat izanen da, diruz laguntzeko moduko gastuen oinarriaren gainean aplikatua, hemen ageri den bezala:

a) Azoketan parte hartzea: %50eko diru-laguntza, eta gehienez ere 1.500 euro azokako eta 5.800 euro enpresa eskatzaileko eta 3.1 oinarrian ezarritako diruz laguntzeko moduko epe bakoitzeko.

b) Sustapenerako materiala argitaratzea: %50eko diru-laguntza, eta gehienez ere 2.000 euro enpresako eta 3.1 oinarrian ezarritako diruz laguntzeko moduko epe bakoitzeko.

c) Artisauentzako hobekuntza profesionaleko eta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzako ikastaroetara joatea: %50eko diru-laguntza, eta gehienez ere 2.000 euro enpresako eta 3.1 oinarrian ezarritako diruz laguntzeko moduko epe bakoitzeko.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen oinarria fakturan eragiketaren BEZa aplikatzen zaion zenbatekoa da.

4. oinarria. Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak eta jarduketan justifikazioa.

1. Jarduketen gaineko eskaera eta justifikazioa epe hauetan aurkeztuko dira:

a) 2014ko urriaren 1etik 2015eko apirilaren 30era arte, biak barne, egindako jarduketentzat, 2015eko maiatzean aurkeztuko da eskaera.

b) 2015ko maiatzaren 1etik 2015eko irailaren 30era arte, biak barne, egindako jarduketentzat, 2015eko urrian aurkeztuko da eskaera.

2. Eskabideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarreria, 1; 31001 Iruña) aurkezten ahalko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), Zerbitzuen Katalogoan dagokion fitxan, eskura daitekeen inprimakia erabiliz aurkeztuko da eskaera, oinarri honen 1. puntuan adierazitako epe bakoitzeko bat, baita egindako jarduketen justifikazioa ere, eta dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Diru-laguntza eskatu duenaren erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku urratzen ez duela adierazten duena.

b) Diru-laguntzaren xedeko jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, eskaeraren inprimakian datorrena, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne.

c) 3. oinarriko 2.a) atalean aipatutako azoketan izandako parte-hartzeetarako: oroitidazki bat, behar adina xehetasunekin zenbait datu ematen dituena (azoka bakoitzaren izena, tokia, datak, zer helburu bete nahi ziren), eta, horrekin batera, haietako bakoitzeko kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

d) Azoketan parte hartzeagatik laguntzak eskatzen badira, materiala garraiatzeagatik baizik ez, bertan artisautza enpresak parte hartzen duelako egiaztagiria aurkeztu beharko da, adibidez antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako eskuorriak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.

e) 3. oinarriko 2.b) atalean aipatutako sustapen-materiala argitaratzeko jardueretarako:

–Oroitidazki bat, behar adina xehetasunekin azaltzen duena zein den egindako materiala eta helburuak, eta, horrekin batera, kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

–Sustapenerako argitaratutako katalogo, liburuxka edo materialaren ale bat.

–Hedabideetan publizitaterik edo informaziorik sartu bada, iragarkiaren kopia bat eta publizitatea agertu den hedabidearen azalarena.

–Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horretarako sortzen diren euskarri guztietan ikur turistikoa erabili beharko da Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideei jarraikiz, baita Nafarroako Gobernuaren logoa ere, “diru-laguntza eman duten erakundeak” izeneko berariazko atal batean.

f) 3. oinarriko 2.c) atalean aipatutako prestakuntza jardueretarako: oroitidazki bat, behar adina xehetasunekin zenbait datu ematen dituena (prestakuntza jardueraren izena, jasotako prestakuntza jardueraren edukia, zein zentrok antolatu duen, tokia, datak, iraupena eta zer helburu bete nahi ziren), eta, horrekin batera, kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.

g) Jarduketa mota bakoitzari dagokionez aurkeztutako faktura guztien zerrenda ordenatu eta zenbakitua, behar adina xehetasunekin (3. 2 oinarriko a), b) eta c) ataletako jarduerak, haietarako eskatu bada laguntzarik).

h) Egindako gastuen fakturen kopia. Diru-laguntza eskatu duenaren izenean eginak izanen dira faktura guztiak, eta Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari jarraituko diote.

i) Egindako gastuen ordainketa justifikatzen duten banku agirien kopia. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.

5. oinarria. Diru-laguntza ematea eta ordaintzea.

1. 4.1 oinarrian ezarritakoari jarraituz, diru-laguntza ematea eta ordaintzea bi fase hauetan eginen da:

–Lehendabizi, 2014ko urriaren 1etik 2015eko apirilaren 30era arte egindako jarduerei dagozkien diru-laguntzak eman eta ordainduko dira.

–Bigarrenik, 2015eko maiatzaren 1etik 2015eko irailaren 30era arte egindako jarduerei dagozkien diru-laguntzak eman eta ordainduko dira.

2. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak 4.1 oinarrian ezarritako epeetako bakoitzean jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, haietako batean dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

3. Honako irizpide objektibo hauen arabera ebatziko da diru-laguntza ematea edo ez, azkenik onartutako eskaeren artean.

a) Zein diren kasu bakoitzean babesten diren ekintzak, 3. oinarrian ezarritako gehieneko portzentaje eta mugen arabera kalkulatuko da eskatzaile bakoitzari dagokion diru-laguntza.

b) Aurrekontuko diru kopuru erabilgarri baimendua aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen batura baino txikiagoa bada, haien hainbanaketa lineala eginen da.

4. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia izanen da azkenik onartutako eskaera bakoitzari dagokion diru-laguntza emateko eta ordaintzeko baterako ebazpena emanen duen organo eskuduna, eta onuradunek laguntzak kobratzeko eskubidea izateko betebeharrak nola betetzen dituzten agertzen duen txostena erantsiko dio. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 4.1 oinarrian ezarritako eskaerak aurkezteko epe bakoitza bukatzen denetik hasita.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

b) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 4. oinarrian xedatutakoaren arabera.

2. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2014 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

7. oinarria.–Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.

1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin. Gainera, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak merkataritza sektorerako ematen duen beste edozein laguntzarekin bateraezina da diru-laguntza hau.

2. Foru agindu honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2014ko abenduaren 18an emandako 1407/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako “de minimis” laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.

8. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1502806