50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Eskualdeko hiri garraioko gizarte tarifak arautzen dituen ordenantza aldatzea. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2014ko abenduaren 30ean egindako saioan, hasiera batean onetsi zuen eskualdeko hiri garraioko gizarte tarifak arautzen dituen ordenantzako Zioen Adierazpena atala eta 3., 4. eta 6. artikuluak aldatzea.

Onesteko erabaki hori 9. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2015ko urtarrilaren 15ean, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsi da Ordenantza eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko martxoaren 4an.–Lehendakaria, José Muñoz Arias.

IRUÑERRIKO HIRI GARRAIOKO GIZARTE TARIFAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ARRAZOIAK AZALTZEA

11/2014 Foru Legearen, ekainaren 18koaren, xedapen gehigarriarekin bat (8/1998 Foru Legea, ekainaren 1ekoa, Iruñerriko bidaiarien garraio erregularrari buruzkoa, aldatzeko legea), ezartzen da Iruñerriko Mankomunitateak bonu sozialaren proposamen bat egin behar duela Iruñerriko Hiri Garraiorako, Gizarteratze Errentako taulei lotuta.

Ordenantza honen xedea da agindu hori betetzea, gizarte tarifa berri bat araututa: F tarifa. Tarifa horren barnean sartzen dira oinarrizko premiei erantzuteko baliabide ekonomikorik ez duten familiak, eta, horrenbestez, gizartetik kanpo gelditzeko arriskua duten pertsonek osatutakoak. Halakotzat jotzen dira, hain zuzen, Gizarteratzeko Errenta jasotzeko baldintzatzat jotako zenbatekoak baino baliabide ekonomiko txikiagoak dituztenak, eta multzo horretan sartzen dira familia unitateko edo unitate hartzaileko kide guztiak.

Gizarte tarifa berri hau sortu denez, diru-sarrera eta ondasun mugatuak edukitzearen mende zeuden bi gizarte tarifak (A eta D tarifak) kendu egin dira. Zehazki, xedapen iragankorrean ezarri da bi tarifa horien balio epea.

Modu gehigarrian, tarifen marko berri bat sortzeak –garraio publikoa erabiltzea sustatuko duena, aldi baterako tituluak edo abonuak ezarrita– aurreikusten du berariaz gazteentzat izango den abonu bat edukitzea. Horretarako, ezinbestekoa da 26 urtetik beherako gazteentzako gizarte tarifa bat sortzea (J tarifa). Beste alde batetik, E gizarte tarifan, ahalmen urrikoentzako tarifan, lehen zegoen adin murrizketa kenduko da.

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honek Iruñerriko Hiri Garraioaren gizarte tarifak arautzen ditu.

2. artikulua. Gizarte tarifen aplikazio-eremua.

Gizarte tarifak eskualde garraioaren lurralde eremuan aplikatuko dira. Iruñerrian zehar bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publiko erregularra arautzen duen ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legean 2. artikuluan zehazten da eremu hori.

3. artikulua. Gizarte tarifen modalitateak.

Gizarte tarifen bost modalitate ezberdin ezartzen dira, honako kolektibo hauei bideratuta.

–B tarifa, 65 urtetik gorako pertsonentzat.

–C tarifa, familia ugarien kide diren pertsonentzat.

–E tarifa, %65eko edo gehiagoko ahalmen urritasuna, edo erabateko ezintasuna edo ezintasun handia duten pertsonentzat.

–F tarifa, gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzat.

–J tarifa, 26 urtetik beherako gazteentzat.

Gizarte tarifa horiek ezin izanen zaizkio bata besteari gehitu.

4. artikulua. Gizarte tarifen onuradunak.

Aurreko artikuluan zehaztutako gizarte tarifen onuraduna izateko, ondoren aipatzen diren lau bost profil-motetako baten baldintzak bete beharko dira. Hemen zehazten dira, aplikatzen zaizkien gizarte tarifekin egin den bezala:

1. B profila. 65 urte edo gehiago izatea.

2. C profila. Familia ugariei buruzko 20/2003 Foru Legearen 3. artikuluan exijitzen diren baldintzak betetzen dituen familia ugari baten kidea izatea, edo Estatuko edozein autonomia erkidegotan indarrean dagoen araudi analogoa betetzen duen familia baten kidea izatea, eta aipatu lege horiek ezarritako titulu ofiziala izatea.

3. E profila. Erabateko ezintasuna, ezintasun handia edo %65eko edo gehiagoko ahalmen urritasuna izatea.

4. F profila. Gizarteratzeko Errentaren jasotzaile izateko eskubidea ematen duten zenbatekoak baino baliabide ekonomiko txikiagoak dituen familia unitate bateko kide izatea. Zenbateko horiek une bakoitzean indarrean dagoen legeriak ezarritakoak izango dira.

5. J profila: 26 urte baino gutxiago edukitzea.

5. artikulua. Onuraduna izatea ziurtatzea.

Aipatutako kolektibo horietako baten barnean dagoela ziurtatzea, eta, hartara, dagokion tarifa Iruñerriko Hiri Garraioan erabiltzeko eskubidea, garraio txartel espezifiko baten bidez gauzatuko da. Horretan dagokion profila islatuko da.

Hala eta guztiz ere, onuraduna izateko baldintzak betetzen ez diren unean tarifa murriztua lortzeko eskubidea agortuko da eta, beraz, gizarte profileko garraio txartela ezin izanen da gehiagotan erabili.

Aipatu txartel hori lortzeko, Ordenantza honetako 6. artikuluan zehazten den prozedurari jarraitu beharko zaio.

6. artikulua. Gizarte profileko garraio txartela lortzea.

Gizarte profileko garraio txartela lortzea Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du, modu zuzenean edo zeharkakoan, kargatzeko sarea osatzen duten establezimenduen bitartez.

Gizarte profileko txartela jaulkitzeko beharrezkoa da eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztea:

–Eskatzeko inprimakia, behar bezala beteta eta sinatuta.

–Koloretako argazkia, txartel tamainakoa. (Horretarako behar den ekipamendua duten establezimenduetan, eta taldeko arduradunaren iritziaren arabera, argazki horren ordez unean bertan webcam baten bidez hartutako beste bat erabili ahal izanen da).

–Jatorrizko nortasun agiria eta horren fotokopia (NAN, bizilagun-txartela, pasaportea edo gida-baimena).

–Dagokion profila ziurtatzen duen dokumentazioa (jatorrizkoa eta fotokopia):

a) B profila. Ez da beharrezkoa dokumentazio gehigarria.

b) C profila. Familia ugarikoa izatearen txartela.

c) E profila. Alegatutako urritasunaren ziurtagiria.

d) F profila: Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandako prestazioa frogatzen duen dokumentua edo gizarte zerbitzuek jaulkitako dokumentua, frogatzen duena Gizarteratzeko Errenta jasotzeko baldintza moduan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez dituzten diru sarrerak eta ondasunak dituela. Gizarteratzeko Errenta jasotzen duen unitate bereko kideek frogatu beharko dute prestazioaren onuradun den unitate jasotzaileko kideak direla. Gainerako kasuetan, familia unitate bereko kideek frogatu beharko dute unitate horretako kideak direla.

e) J profila. Ez da beharrezkoa dokumentazio gehigarria.

Dokumentazioa Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuan emanen da, edo kargatzeko sarea osatzen duten establezimenduen bitartez, zein den eskatutako gizarte tarifa. Nolanahi ere, gizarte profileko garraio txartela jaulkitzeko behar diren dokumentuak Iruñerriko Mankomunitatearen esku badaude jada, eskatzailea salbuetsita geldituko da aurkezteaz.

Zenbait kasutan gizarte profileko garraio txartela postaren bidez kudeatzea onartuko da; horrela eginez gero, izapidetzean onuradunaren nortasuna eta ezaugarriak ziurtatzen dituzten dokumentuen fotokopia besterik ez da aurkeztuko, inprimakia eta argazkiaz gainera. Gero, soilik beharrezkotzat joz gero, jatorrizko dokumentazioa bertan aurkeztu beharko da.

Establezimendu batean arduradunari txartela zuzenean ematean, gainera, aktibatu eginen da. Txartela aktibatzeko, gutxieneko karga bat egin beharko da nahitaez.

7. artikulua. Gizarte profileko garraio txartelaren onuradun diren pertsonen erregistroa kudeatzea.

Iruñerriko Mankomunitateak, ordenantza hau aplikatzekoa den eremuko udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, beti eguneratua mantenduko du garraioko gizarte tarifen onuradunak diren pertsonen erregistroa. Edozein unetan baieztatu ahal izanen du baieztapen hori gauzatzeko eskaria egin baino aurreko urtebetean pertsona onuradunei exijitutako betebeharrak mantentzen eta mantendu direla.

Gizarte tarifaren onuradunak diren pertsonei baja emanen zaie betebeharrak ez badituzte betetzen edo pertsona onuraduna izateko betebeharrak betetzen dituztela baieztatzeko eskatutako dokumentazioa ez badute ematen edo horretarako zehaztutako epetik kanpo ematen badute. Era berean, egiaztatzen bada pertsona onuradun batek gizarte tarifa gozatu duela Ordenantza hau urratuta, dagokion zigor espedientea abiatuko da. Halakoetan ulertuko da, betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ezean, gizarte tarifa hori behar ez bezala gozatu dela.

Aurreko lerroaldean adierazi bezala laguntza ez emateagatik onuradun bati baja ematen bazaio eta zigorrik ez bazaio paratzen, haren portaerak Ordenantza hau urratzen ez zuelako, ezin izanen du gizarte profileko garraio txartela berriz ere eskatu harik eta baja eman zaionetik urtebete iragan arte.

Erregistroan baja ematen bazaio laguntza eman behar horretan huts egiteagatik, eta zigortzen badute haren portaerak ordenantza hau urratzen zuelako, ez du berriz ere gizarte profileko garraio txartela tarifa eskatu ahal izanen ezarritako zigorra preskribatu arte.

8. artikulua. Gizarte profileko garraio txartela indarrean egotea.

Arau orokor gisa, gizarte profileko garraio txartela 5 urtean egongo da indarrean, hori onartzen den datatik hasita.

Gizarte profileko garraio txartela lortzeko eskubidea eman zuten inguruabarrak balio-epe laburragoko dokumentuek bermatuta baleude, garraio txartela indarrean egongo da dokumentu horiek baliozkoak izan bitartean.

Nolanahi ere, F gizarte profileko garraio txartelak 12 hilabeteko indarraldia izango du, ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta gero, berrikusi egingo dira txartela eskuratzeko eskubidea ematen duen gizarte profila lortzea ekarri zuten inguruabarrak.

Dena den, gizarte profiletako bat egoztea eragin zuten baldintzak galtzeak berekin ekarriko du automatikoki galtzea gizarte profileko garraio txartelaren balioa.

Gizarte profileko garraio txartela beste berri batez ordezkatu ahal izanen da, gehienez, haren indarraldia amaitzeko data baino hilabete bat lehenago, betiere eskatzaileak hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak biltzen jarraitzen badu.

9. artikulua. Gizarte profileko garraio txartelen onuradunen eskubideak eta betebeharrak.

1. Onuradunen eskubideak. Onuradunek eskubide hauek dituzte:

a) Aurreikusitako eskubideak gauzatzeko onuradunak direla ziurtatzen duen gizarte profileko garraio txartel bat lortzekoa, betiere Ordenantza honetan ezarritako moduan egiten bada.

b) Ordenantza honetan ezarritako tarifa murriztuak aplikatzekoa. Hori adin, ahalmen eta gizarte- zein ekonomia-egoeraren arabera izanen da, betiere horiek behar bezala identifikatuta badaude dagokion gizarte profileko garraio txartelaren bidez eskubide hori gauzatzeko unean, eta txartela behar bezala irakur badaiteke, bai kanpotik, bai barnetik.

c) Txartela berriz emateko finkatuak dauden prezioak ordaindu behar ez izatekoa, betiere onuradunari berari ezin egotzi zaizkion arrazoiengatik gertatzen bada.

2. Pertsona onuradunen betebeharrak.

Pertsona onuradunen betebeharrak dira, horien eskubideak gauzatzean, honako hauek:

A) Identifikatzea, gizarte profileko garraio txartela agertuta, bai baliogabetzeko unean, bai garraio-ikuskaritzak hala eskatzen duen guztietan, autobusaren barnean joaten den bitartean.

b) Gizarte profileko garraio txartela ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri ematea.

c) Gizarte profileko garraio txartela zaintzea, horrek Iruñerriko Hiri Garraioan erabiltzeko balio duen bitartean.

d) Ez uztea txartela titularra ez den pertsona bati Hiri Garraioan sar dadin.

3. Pertsona onuradunen beste betebehar batzuk.

a) Gizarte profileko garraio txartela mantentzea, bere balio-aldian, eman zitzaion unean zegoen antzeko egoera batean.

b) Gizarte profileko garraio txartela ordeztea, hori hondatuta balego irakurgailuak / grabagailuak ezin irakurtzeko moduan, edo txartelak kanpoan dauzkan elementu identifikagarri guztiak behar bezala ez ikusteko moduan baleude.

c) Gizarte profileko garraio txartela ordeztea indarrean dagoena iraungitzen bada.

d) Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, ziurtagiri baten bidez, gizarte profileko garraio txartela galdu dela edo lapurtu dutela.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Beren garrantziaren arabera, arau-hausteak arinak edo larriak izango dira, jarraian zehazten den moduan.

Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-hauste arina da.

Arau-hauste larriak, berriz, egitate hauek dira:

a) Eskabidean datu faltsuak adieraztea.

b) Partikularrak erabiltzea gizarte profileko garraio txartela, hori ematea ekarri zuten baldintzak betetzeari utzi baldin badio.

c) Gizarte profileko garraio txartela erabiltzea titularra ez den beste pertsona batek, baita titularrak asmo horrexekin beste bati uztea txartel hori.

d) Gizarte profileko garraio txartela ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri ematearen beharra ez betetzea.

Edozein arau-hauste egiteak dagokion zigor espedientea irekitzea ekarriko du, eta hura administrazio prozeduraren gaineko arauei jarraikiz tramitatuko da.

Arau-hauste arinak 6 hilabetetan preskribituko dira eta larriak urtebetean. Epe horiek egintzen berri izaten denetik aurrera kontatuko dira.

11. artikulua. Zehapenak eta ordainak iruzur egin nahian erabiltzeagatik.

1. Zenbatekoa.

Arau-hauste arinak egiteak txartela 6 hilabete baino gutxiagotan kentzea eta 600 euro arteko isuna jartzea ekar lezake.

Arau-hauste larriak egiteak 3.000 euro arteko isuna jartzea ekar lezake. Halaber, txartela 6 hilabete baino gehiagorako eta 5 urte baino gutxiagorako kentzea erabaki daiteke, kalte egin gabe erantzukizun penalak eskatzeari, arau-hausteak Iruñerriko Mankomunitateari ekarri dizkion kalte-galeren ordaina emateari eta behar ez bezala erabilitako diru-kopuruak itzultzeari.

2. Mailakatzea.

Berrerortzerik bada, zigorrak beren maila gorenean ezarriko dira. Berrerortzea dago arau-hauste baten egilea Ordenantza honetako beste arau-hauste batengatik zigorturik badago, eta lehenbizikoz ezarritako zigorra oraindik preskribitu ez bada. Arau-hauste arin batean eta beste bat larrian berreroriz gero, arau-hauste larrienari dagokion zigorra ezarriko da, bere maila ertainean.

3. Preskripzioa.

Zigor arinak urtebetean preskribituko dira eta larriak 2 urtean. Epe horiek egintzen berri izaten denetik kontatuko dira.

Azken xedapen bakarra.

Ordenantza hau indarrean sartuko da Iruñerriko bidaiarien hiri garraioak 2015ean izango dituen tarifak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Xedapen iragankorra.

A eta D gizarte profileko garraio txartelak, ordenantza hau indarrean sartu aurretik existitzen zirenak, erabili ahal izango dira indarrean dauden bitartean, 8 artikuluan araututakoaren arabera, eta baldin eta txartel horiek ematea ahalbidetu zuten inguruabarrak bere horretan diren bitartean. Hartara, erabiltzen diren bitartean, ordenantza honetan zuzenbide erregimenari, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez ezarrita dagoena aplikatuko zaie. Bi gizarte tarifa horietarako indarrean egongo diren prezioei dagokienez, A gizarte tarifari F tarifaren prezioa egokituko zaio, eta D tarifari, berriz, E gizarte tarifaren prezioa.

Iragarkiaren kodea: L1503494