50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Ordenantza, Eremu publikoa obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2014ko abenduaren 23an egin osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako udal mugapean eremu publikoa obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzea arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, 2015eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 16an.

Jendaurreko epea bukaturik, inork ez du haren kontrako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsita dago eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan.

ORDENANTZA, TAFALLAKO UDAL MUGAPEAN EREMU PUBLIKOA OBREKIN EDO GISAKOEKIN ETA ALDAIREKIN OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA

1. Sustatzailea eta egilea.

Eremu publikoa obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzea arautzen duen ordenantza hau Ignacio San Juan Zabaleta udal teknikariak prestatu du, ordenantza Tafallako Udaleko Hirigintzako Informazio Batzordearen zenbait bilkuratan jorraturik. Udala izan da sustatzailea.

2. Xedea.

Ordenantza honen xedea da eremu publikoa obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzeari buruzko arauak ematea, eta alderdi hauek zehaztea:

1.–Ordenantzaren esparrua ezartzea.

2.–Okupazioa zer baldintzatan eska daitekeen ezartzea.

3.–Okupazioaren baldintzak arautzea.

4.–Baimenaren deuseztatze automatikoa ezartzea, lehen aldiz okupatzeko edo erabiltzeko lizentzia eskatzen bada.

5.–Ikuskapenen araubidea ezartzea.

6.–Zehapen araubidea eta zehapenen mailaketa ezartzea.

7.–Borondatez ordainduz gero, zehapena murrizteko aukera ezartzea.

8.–Arrazoi justifikatuengatik baimena ezeztatzeko aukera ezartzea.

3. Ordenantza arauemaile honen justifikazioa.

Gaur egun espazio eta eremu publikoak obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzen dira, baina ez dago erabilera hori arautzen duen ordenantzarik. Hori arautzen duen ordenantza bakarra fiskala da eta diru kontuetarako eman zen, soil-soilik. Ez daude araututa okupazioaren baldintzak eta ez daude sailkatuta arau-hausteak, eta, horregatik, legezko hutsunea dago zehapenak ezartzeari eta haien zenbatekoei dagokienez.

4. Tramitazioa.

Hauxe da ordenantzaren tramitazioa, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat:

–Udalaren osoko bilkuran hasiera batean onestea.

–Gutxienez ere 30 eguneko jendaurreko aldia, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean ipini ondoan.

–Erreklamazioak, kexak edo oharrak aztertu eta ebatzi ondoren, halakorik bada, behin betiko onetsiko du hasiera batez onetsi zuen organoak berak.

–Edonola ere, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da, erreklamaziorik edo alegaziorik aurkezten ez bada, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzen den iragarkian berariaz adieraziko da inguruabar hori. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5. Ordenantza proposamena.

1. artikulua. Esparrua.

1. Ordenantza honen xedea da eremu publikoaren okupazioak arautzea, espaloian, galtzadan eta beste alderdi publiko batzuetan egiten direnak, obrako materialekin, hesiekin, etxolekin, edukiontziekin eta beste material batzuekin, edozein motatako obrei loturik.

2. artikulua. Eskabideak.

1. Okupazio hauetarako baimenen eskabideek xeheki adierazi beharko dituzte egin nahi den okupazioaren kokapena, haren benetako neurriak, itxituraren materiala (halakorik bada), okupazio aldia eta, indarra duen araudiarekin bat, hartuko diren segurtasun neurriak.

2. Eskabidearekin batera oinplanoa aurkeztuko da, eta han grafikoki zehaztuko dira okupatu nahi den espazioa eta obrako sarbideen kokalekua, deusetan ukatu gabe, obrak egin bitartean sarbideak aldatuz gero, Udalari adierazi beharra, ikuskapena egin dezan.

3. Eskabideak ez baditu bere baitan aurreko paragrafoetan adierazitakoak, interesdunari errekerimendua eginen zaio horiek eman ditzan, 10 eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, egiten ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta hura artxibatu eginen dela, bestelako tramiterik gabe.

4. Obrako hesiekin, edukiontziekin, materialekin, erremintekin, etxolekin eta obrei lotutako beste objektu batzuekin egindako okupazioen kasuan, obrak hasi aurretik eskatu beharko ditu horiek obren sustatzaileak edo eraikuntza-enpresak, enpresaren beharrak eta eremu publikoaren erabilgarritasuna planifikatzeko, eta hurbileko inguruetan izandako bi eskaera aldi berean gauzatu ahal izateko aukera aztertzeko.

5. Eremu publikoaren okupazioa behin-behinekoz baimendu ondoren, eskatzailea behartuta dago, gutxienez ere 72 ordu lehenago eta idatziz, okupazioa benetan hasi dela Udaltzaingoari adieraztera. Udaltzaingoak baimena baietsi beharra du, kontuan izanda baimenen aldiberekotasuna edo eremu publikoa okupatzeko izan litezkeen beharrak.

6. Eskatzaileak behar badu Udaltzaingoak esku hartzea okupatu behar den espazioa erreserbatzeko, Udaltzaingoari adierazi beharko dio, gutxienez ere 72 ordu lehenago, eta dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasa ordaindu beharko du aldez aurretik. Eskaera hori egiten ez bada, udaltzainek ez dituzte kenduko baimendutako jarduera egitea eragozten duten ibilgailuak, eta horrek ez du ekarriko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

7. Okupazioaren baimena obran egon beharko da, udal langileek eskatzen duten bakoitzean aurkezteko.

8. Ordenantza honetako baimenak pertsonalak eta besterenezinak dira, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenei kalterik egin gabe, eta baimen horiek ezin izanen dira erabili baimendutako jarduketan titularrak izandako erantzukizun zibila edo penala baztertzeko edo gutxitzeko.

3. artikulua. Okupazioaren ezaugarriak eta baldintza orokorrak.

1. Jarduera segurtasun baldintzekin eta era normalean egiteko ezinbestekoa den gutxieneko espazioa okupatuko da. Okupatutako azalera aldatu –bereziki handitu– nahi bada, baimena eskatu beharko zaio Udalari.

2. Hesiek okupazioaren perimetro osoa hartu beharko dute, eta egokiro seinaleztatu beharko dira, Trafikoari buruzko ordenantzan xedatuarekin bat.

3. Obrako material guztiak hesitutako eremuaren barruan jarri beharko dira. Bestela, eremu publikoko oztopotzat hartuko dira, eta Udalak segituan hartu eta gorde ahalko ditu; eraikitzailearen kontura izanen da horren kostua.

4. Materialekin okupaturiko espazioa ezin izanen da erabili berez eraikuntzakoak diren lanak egiteko.

5. Okupazioa espaloian egiten bada, gutxienez ere metro eta erdiko pasabide babestua utzi beharko da oinezkoentzat, hesien perimetro osoan. Eraikuntza enpresak eskabide arrazoitua aurkeztuta, espaloi osoa okupatzeko baimena ematen bada, oinezkoak pasatzeko lekuaren proposamena aurkeztuko du enpresak eskabidearekin batera; izan daiteke tunel bat, hesiekin egin okupazioaren azpitik, edo egon daiteke galtzadan, horrek zabalera egokia badu eta pertsonen segurtasun fisikoa bermatzen bada.

6. Baimenen titularrak arduratuko dira okupazioa eta ingurua segurtasun eta garbitasun baldintza egokietan mantentzeaz. Halaber, okupazioa amaitzen denean, eremu publikoa aurretik zituen baldintza beretan geratu beharko da, eta ezingo da kalteak bazirela alegatu, baldin eta baimena eskatzean ez baziren berariaz aipatu. Betebehar hau bete ezean, Udalak berehala lehengoratuko du eremu publikoa, interes orokorreko inguruabarrek hori eskatzen badute, eta jarduketa horren kostua interesdunaren kontura izanen da.

4. artikulua. Baimenaren deuseztapen automatikoa.

1. Lehen okupazioko edo erabilerako lizentzia behar duten obrei lotuta badago eremu publikoaren okupazioa, lehen okupazioko edo erabilerako lizentzia hori eskatzeak ekarriko du eremu publikoa okupatzeko baimenaren deuseztapena, salbu eta baimenaren titularrak idatziz adierazi badu okupazioa bukatu dela.

5. artikulua. Ikuskatzeak.

1. Udalak, departamentu eskudunaren bidez, bidezko iruditzen zaizkion neurketa guztiak egin ahalko ditu okupazioan, okupazioa baimenean agertzen den gisan egiten dela egiaztatzeko, beharrik bada.

2. Neurketa horiek erakusten badute okupazioa handiegia dela, baimenekoarekin alderatuta, baimenaren eskatzaileari adieraziko zaio, hesiak atzeraemateko edo gehiegizko zati hori legearen arabera ezartzeko, posible bada, deusetan ukatu gabe bidezko diren zehapenak eta dagokion tasa ordainaraztea.

6. artikulua. Zehapen araubidea.

1. Aurreko artikuluetan ezarritako betebeharrak ez betetzea ordenantza honen aurkako arau-haustetzat joko da.

2. Arau-hausteen sailkapena.

Hauek arau-hauste arintzat joko dira:

1.–Okupazioaren perimetroko lekuren batean hesirik ez egotea.

2.–Hesitik kanpo materialak, erremintak edo antzeko zerbait egotea, oinezkoak edo ibilgailuak handik igarotzea eragotzi gabe.

3.–Okupazioa desegoki seinaleztatzea, arrisku egoerarik sortu gabe.

4.–Ibilgailuek obran dituzten sarbideen lekua aldatzea Udalari jakinarazi gabe edo beste sarbide batzuk irekitzea, baimendutakoez landa.

5.–Arau-hauste larritzat joko dira:

6.–Oinezkoen pasabideak ez atxikitzea segurtasun baldintza egokietan.

7.–Hesitik kanpo materialak, erremintak edo antzeko zerbait egotea, oinezkoak edo ibilgailuak handik igarotzea eragozten dutela.

8.–Okupazioa desegoki seinaleztatzea, arrisku egoera sorturik.

9.–Okupazioaren azalera baimendua handitzea, aldez aurretik Udalarik jakinarazi gabe.

10.–Udaltzainek edo departamentu eskuduneko langileek ordenantzari egokitzearen gainean egindako errekerimenduak aintzat ez hartzea.

11.–Arau-hauste oso larritzat joko dira:

12.–Eremu publikoa udal baimenik gabe okupatzea.

13.–Okupazioaren kanpoko aldetik oinezkoak edo ibilgailuak normal igarotzea ezinezko egitea.

3. Zehapenak.

Arau-hauste arinek 300,00 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.

Arau-hauste larriek 301,00 eurotik 600,00 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.

Arau-hauste oso larriek 601,00 eurotik 1.200,00 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.

Dagokion espedientea tramitaturik eta interesdunari entzutea emanik ezarriko dira aurreikusitako zehapenak.

7. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

1. Zehapenak ezartzean, isunen zenbatekoa mailakatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Egindako kalteak nolakoak diren.

b) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

c) Berrerortzea.

d) Lortu den onuraren zenbatekoa.

2. Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

3. Behin baino gehiagotan egitetzat joko da urtebetean eite desberdinetako arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

8. artikulua. Zehapena murriztea borondatez ordainduta.

1. Zehapena %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogei egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada; halaber, kasua bada, hondaturikoa lehengoratzeko konpromiso idatzia aurkezten bada.

2. Deskontuarekin ordainduz gero, prozedura bukatutzat joko da, ebazpen espresik eman beharrik gabe.

9. artikulua. Baimena ezeztatzea arrazoi justifikatuengatik.

1. Arrazoi justifikatua dela medio Udalak errekerimendua egiten badu, okupazioa kendu edo hustu egin beharko da interesdunaren kontura, zehazten den epean, eta horrek ez du kalte-ordainerako eskubiderik sortuko.

10. artikulua. Azkena.

1. Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, Tafallako Trafikoari buruzko udal ordenantzako xedapenak aplikatuko dira.

2. Berariaz baimendu ez diren eremu publikoaren okupazio guztiak oztopotzat joko dira, Tafallako Trafikoari buruzko udal ordenantzan aurreikusitako ondorioetarako.

6. Azkena.

Eremu publikoa obrekin edo gisakoekin eta aldairekin okupatzea arautzen duen ordenantzako aldaketa hau sinatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2015eko otsailaren 24an.–Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

Iragarkiaren kodea: L1503116