Iragarkia
50. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
5E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, turismoko ETEek kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiria lortu, berritu eta mantentzeko laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.
Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko molde berrian.
Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Kontseilaritzaren helburu nagusietako bat da zerbitzuen kalitatea handitzen lagunduko duten ekintzak ahalbidetu eta bultzatzea, horretarako sektoreko enpresaburuekin batera lan eginez. Horregatik, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak enpresaburuek arlo horretan egin dituzten jarduketetarako diru-laguntzak eman ditu azken urteotan, bai inbertsioak egiteko, bai ziurtagiriak eman edo sustapena egiteko.
Aurten jarduketa gehiagotarako diru-laguntzak emanez indartzen den lan-ildo hori bat dator Turismoko Estatuko Idazkaritzak segitzen duenarekin, eta denok batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.
Beharrezkotzat jotzen da, hortaz, kalitate turistikoaren “Q” marka ziurtatu, berritu eta mantentzea babesten jarraitzea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru badago. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako proiektuari ematen ahal zaion diru-laguntza portzentajea zehaztuko duena.
Ikusten ahal denez, deialdi honek batzuetan hura argitaratu aurretik egiten diren jarduketak hartzen ditu kontuan. Alde batetik, adierazi behar da kalitateko sistema mantentzeak berez denboran irautea ekartzen duela eta, batez ere, dagozkion auditoretzak egin beharra, hori behar denean, batzuetan deialdia argitaratu aurretik. Bestetik, deialdi hau urtero, eta modu berean, duela hamar urtez geroztik argitaratzen da; hortaz interesdunak jarduketa batzuk egiteko arriskua hartzen du bere gain, onuradun izanen den edo ez jakin gabe. Hori horrela, eta aurrekontuarentzat aurreikusi den urtean argitaratzen denez, uste dugu argitalpenaren aurreko jarduketak onartu behar direla; betiere, jarduketa horien fakturazioa oinarri arautzaileetan ezarritako epearen barrenean bada.
Bestalde, zehaztu behar da laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen dela. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.
Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. Turismo arloko ETEek kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiria lortu, berritu eta mantentzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | RCSA KODEA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A10001-A1130-4709-432102: ETEentzako laguntzak, kalitatearen “Q” marka lortzeko (PITN) | 4869 | 2015 | 16.717,25 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
TURISMOKO ETE-EK NAFARROAN KOKATURIKO ESTABLEZIMENDU TURISTIKOETAN 2015. EKITALDIAN KALITATE TURISTIKOAREN “Q” ZIURTAGIRIA LORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen bidez Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiriak lortu, berritu eta mantentzea bultzatu nahi da.
2.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko gehieneko aurrekontu-zuzkidura 16.717,25 eurokoa da, eta 2015era luzatutako 2015eko gastuen aurrekontuko “ETEentzako laguntzak, kalitatearen “Q” marka lortzeko“ izeneko kontu-sailaren kargura ordainduko da. ADPT A10001 A1130 4709 432102 “. Diru kopuru hori handitzen ahalko da, programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuetako kontu-sailari diru erabilgarri gehiago erantsiz.
3.–Onuradunak.
Establezimendu turistikoen titular diren turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahal dituzte foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak, baldin eta deialdi hau argitaratzen den egunean establezimendua behar bezala erregistratuta badute Nafarroako Turismo Erregistroan.
ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.
4.–Laguntzen barruan sar litezkeen jarduketak eta erreferentzialdia.
Deialdi honen bidez laguntza emanen da ICTEk bultzatzen duen kalitate turistikoaren “Q” markaren ziurtagiria ezarri, lortu eta berritzeko egin behar den gastu arrunterako eta, zehazki, honako hauetarako:
a) Markari atxikitzeko kuota.
b) Ziurtapenerako kanpoko auditoretzaren gastuak (edo ziurtapena jasoa duten establezimenduei Q/UNE arau berri baten araberako ziurtagiria emateko auditoretzakoak) eta ziurtagiria berritzeko edo mantentzeko auditoretzakoak.
c) Deialdiko epean marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuota (ezin da eskaera berean sartu markari atxikitzeko kuota eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuota).
d) Kanpoko kontsultoreen laguntza teknikoa hasierako ziurtapenerako, marka mantentzeko 1. eta 2. auditoriarako eta lehenengo berrikuntzarako (betiere ziurtapenaren hirugarren urtean).
Laguntza teknikoaren memorian markaren ezarpenerako lan plana, laguntzarako aurreikusitako ordu kopurua eta laguntzaren aurrekontua zehaztuko dira. Halaber, lan plan horrek bi alderdien onartze sinadura izan beharko du.
Ondorio guztietarako, 2014ko azaroaren 1etik 2015eko azaroaren 15era arte fakturatutako gastuak sartuko dira; establezimenduek epe horretan berean auditatuta egon beharko dute, eta haien txostenak 2015eko ziurtapen batzorde teknikoetan berrikusita eta onartuta.
5.–Laguntzen zenbatekoa eta mugak.
Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izanen dira, aurkeztutako aurrekontuaren %50 adinakoak.
Kanpoko kontsultoreen laguntza teknikoa izanez gero, 3.000 euroko gehieneko aurrekontua onartuko da lehenengo ziurtapenaren laguntzetarako, eta 1.500 eurokoa marka mantentzeko edo berritzeko laguntzetarako (4.d oinarrian aurreikusiak).
Laguntza hauetan ez dira sartzen auditorearen eta kanpoko kontsultoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.
Diru-laguntza kalkulatzerakoan balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.
6.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.
Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu arte banatuko dira.
Eskaerak, nahitaez aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
7.–Baremoa.
Deialdi honetako 2. puntuan ezarritako laguntzak emateko lehentasunak ezartzeko, honako baremo hau aplikatuko da:
a) Markari atxikitzeko kuota: 30 puntu.
b) Kanpoko auditoretzaren gastuak: 50 puntu.
c) Marka erabiltzeko eskubidearen kuota: 40 puntu.
d) Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa: 20 puntu.
Berdinketarik badago, lehenbizi, titularrek azkeneko 5 urteetan jasotako turismo laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna. Berdinketak badirau, establezimenduaren Q ziurtapenaren datari begiratuko zaio. Hala, Q ziurtapena lehenagotik duten establezimenduek izanen dute lehentasuna, eta ondoren, lehenagotik erregistratuta dauden establezimenduek.
8.–Araubide juridikoa eta laguntzen bateragarritasuna.
Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urtean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.
Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Dena dela, jasotako diru-laguntza guztien zenbatekoa diruz lagundutako jardueren kostua baino handiagoa bada, behar den zenbatekoa kenduko zaio diru-laguntzari.
9.–Eskabideak aurkeztea eta zer dokumentazio aurkeztu.
9.1. Eskaerak non eta nola aurkeztu.
Eskaera egiteko, horretarako berariaz ezarrita dagoen inprimakia bete beharko da. Inprimakia eskura dago Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.
Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.
Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, ordainketa eskatzeko inprimakia –eransten den dokumentazioa zehazten duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.
9.2. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita bat egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira diru-laguntzarako eskaerak.
9.3. Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabide-orria, behar bezala betea, dokumentazio honekin batera aurkeztuko da:
a) Nortasuna.
–Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).
–Ahaldunaren NANa eta notario-ahalordea, bidezkoa denean.
b) Eskaerarekin zerikusia duen dokumentazioa.
–ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko (atxikipen berrien kasuan).
–“Laguntza teknikorako” eskaeren kasuan (4.d) oinarria), dagokion atalean adierazitakoaren araberako memoria erantsiko da.
–Aurrekontua(k).
–Erantzukizuneko aitorpena, deialdiak hartzen duen epean (2014ko azaroaren 1etik 2015eko urriaren 31ra) eginen zaion auditoretza mota adierazten duena.
c) Bestelakoak:
–Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.
–Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.
–Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal diren kostuentzat eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.
–Erantzukizuneko aitorpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.
–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako webgunean lortzen ahal dena: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm (aurretik eskatu ez bada edo daturen bat aldatu bada).
10.–Eskabideen tramitazioa.
Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
Eskaera beteta eta zuzen dagoela eta espedientearen 4. oinarrian adierazitako proiekturen baterako dela egiaztatu ondoren, espedientea 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da. Baremoan lortutako puntuazioa deialdiaren web orrian argitaratuko da, bere espedientea behar bezala baloratu ez dela uste duenak bidezko alegazioak egin ditzan 5 egun balioduneko epean, dela erregistroaren bidez, dela posta elektronikoaren bidez. Web orriko argitalpen hori posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da.
Epe hori bukatutakoan, diru-laguntza zehaztuko da 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta 7. oinarriko baremoa aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera, eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.
Berariazko ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Organo eskudunak argibideak edo agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea amaitu arte.
11.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.
12.–Gastuak justifikatzeko eta diru-laguntza ordaintzeko epeak.
12.1. Justifikaziorako epeak.
Ordainketa eskatzeko inprimakia eta gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2015eko azaroaren 15a izanen da.
12.2. Diru-laguntzaren ordainketa.
Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta gastuen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.
Proiektuaren %80tik behera gauzatzen bada, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta emandako diru-laguntza ezeztatuko du.
12.3. Ordainketa justifikatzeko inprimakiarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Onuradunek diru-laguntzen deialdiari buruzko informazio-orrian dagoen justifikazio inprimaki formalizatua bete beharko dute (http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/) eta, harekin batera, diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu. Honatx dokumentu horiek:
–Fakturen kopia eta fakturatutako zenbateko osoa ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.
–Kalitatearen “Q” marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria berritzeko auditoretza pasatu izanarena.
–Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena (ordainketa egiteko eskaera-orrian berean).
Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, ordainketa eskatzeko inprimakia –eransten den dokumentazioa zehazten duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.
(*) Ziurtapen batzordearen atzerapen administratiboaren ondorioz enpresa batek ez badu ziurtagiria deialdi honetan ezarritako epean lortzen, auditoretzako txostena kontuan hartzen ahalko da, salbuespenez, baldin eta alde orotan adostasuna ematen badu eta horrela irizten badio ziurtapen batzordeak urte horretako azken bilkuran. Era berean, eta justifikazioa egiterakoan “Q” marka lortzeko ziurtagiria oraindik eduki ezean, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak egiaztatuko du behar den guztia.
13.–Onuradunen betebeharrak.
Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:
a) Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztuko dute interesdunek, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Zehapen arloan izan daitezkeen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
b) Diru-laguntzaren xede diren jarduketak egitea eta 12. oinarrian ezarritako epeetan justifikatzea.
c) Diruz lagundutako jarduketa deialdian aurreikusitako epean egin behar ez bada, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari horren berri ematea, 2015eko abuztuaren 15a baino lehen betiere. Horren berri ematen ez bada, hurrengo deialdietan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.
d) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide baten bidez egin beharko dira, eta erregistro publiko batean aurkeztu.
e) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak.
g) Gastua Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean, web orrian, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.
14.–Laguntzen ezereztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.
13. oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan iruzur egiteak edo nahasteak eragiteak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako laguntzak ezereztatzea eta, bidezko bada, eskuratutako dirua itzuli beharra, berandutza interesak eta guzti, eta bidezko diren zehapenak jartzea, behar den espedientea tramitatu ondoren.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.
Iragarkiaren kodea: F1502698
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
