2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUSTIÑANA
Taxi zerbitzua emateko lizentzia esleitzeko oinarriak
Fustiñanako Udalak, 2015eko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, onetsi ditu Hiriko taxi zerbitzua osorik Fustiñanako mugapean emateko lizentzia bat lehiaketaren bidez esleitzeko oinarriak.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Fustiñanan, 2015eko otsailaren 27an.–Alkatea, sinadura ulertezina.
HIRIKO TAXI ZERBITZUA OSORIK FUSTIÑANAKO MUGAPEAN EMATEKO LIZENTZIA BAT LEHIAKETAREN BIDEZ ESLEITZEKO DEIALDIAREN BALDINTZA EKONOMIKO-ADMINISTRATIBO ETA TEKNIKOEN AGIRIA
Lehenbizikoa.–Xedea eta araubide juridikoa.
Deialdi honen xedea da lehiaketa bidez esleitzea taxi lizentzia bat, gehienez ere bederatzi plazakoa, gidariarena barne, bidaiariei hiriko garraio zerbitzua, alokatzeko ibilgailu arin gidaridunetan, osorik Fustiñanako mugapean emateko –nahiz eta lizentziaren titularrak behar den baimena eskatzen ahal dion hiriarteko zerbitzuak egiteko Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari–, honako hauei jarraikiz: agiri honetan aipatzen diren irizpideak, Fustiñanako Taxi Zerbitzua arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen determinazioak, 2014ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen azaroaren 19an (hemendik aitzina ordenantza erranen zaio) eta arlo honi aplikatzen ahal zaion araudia: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua, Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea eta horiekin bat heldu diren xedapenak.
Bigarrena.–Tramitazioa, prozedura eta hautapen sistema.
Taxi lizentziaren espedientearen tramitazioa arrunta izanen da, eta esleitzeko modua, berriz, norgehiagokako lehia. Esleitzeko zenbait irizpide izanen da; haien artean, lehentasunez baloratuko da Fustiñanan erroldaturik egotea eskaintzak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino bi urte lehenagotik, gutxienez, baita aurkezten den diru eskaintza, eta emakumea taxiaren sektorean sartzeko jarduketak. Hori guztia, printzipio hauek bermatuta: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza.
Hirugarrena.–Eskaeren aurkezpena.
Interesdunek –betiere pertsona fisikoak izanen baitira– taxi lizentzietarako eskaerak aurkeztuko dituzte agiri honen I. eranskinean deskribatzen den ereduari jarraikiz, Udaleko Erregistro orokorrean aurkeztu ere, bulego orduetan, edo bertzenaz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako 20 egun naturaleko epea izanen da agiri hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatutzat joko da epea.
Udaleko Erregistroa ez bezalako bidea erabiliz aurkeztuz gero, interesdunek epea frogatzen duen gordekinaren kopia aurkeztu beharko dute Herriko Etxean. Baldintza hori bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik. Bertzalde, proposamenak aurkezteko epea bukatu eta lau egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.
Eskaera gutun-azal itxi bakarrean aurkeztuko da; haren azalean honako testu hau agertuko da: “Fustiñanako taxi lizentziaren lehiaketarako eskaintza”, izen-deiturak, NAN zenbakia eta posta elektronikoa. Haren barnean, bertze hiru gutun-azal itxi sartuko dira nahitaez, bakoitza bere izenburuarekin:
–1. gutun-azala: Administrazio agiriak.
–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.
–3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.
“Administrazio agiriak” izeneko 1. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:
a) Eskaera aurkezten duen pertsonaren NANaren edo hura ordezkatzen duen edo behar den agiriaren fotokopia notario nahiz administrazio bidez kautotua; gisa horretara frogatuko da adin nagusitasuna eta espainiar nazionalitatea, edo Europar Batasuneko bertze edozein estatutakoa, edo atzerriko herri batekoa, harekin aipatu baldintza eskatzekoa ez bada. Bertzenaz, garraio jardueran bere izenean aritzeko behar bezainbat baimen izan beharko dira.
b) Fotokopia notario nahiz administrazio bidez kautotua, BTP motako automobilak gidatzeko baimenarena edo hura edukitzeaz agintaritza eskudunak luzaturiko ziurtagiriarena.
c) Eskatzailearen zinpeko aitorpena, erantzukizuna berea izanik honako hauek baieztatzen dituena:
1.–Jardueran aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela.
2.–Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legean kontratatzeko aipatzen diren ezgaitasun eta debekuetarik bakar batean ere ez egotea.
3.–Zehapen penal ez administratiborik jaso ez izana ibilgailuak gidatzeko baimena osorik edo partez, aldi baterako edo behin betikoz kentzeko.
4.–Tributu arloko betebeharrak egunean izatea udal administrazioarekin, foru administrazioarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
d) Konpromisoa, turismo eskuragarriaren kategoriako ibilgailua ekartzeko, Pertsonen Autonomiaren Estatuko Zentroko espezialitate teknikoak betetzen dituena. Haren plaza kopurua bederatzi izanen da gehienez, gidariarena barne, eta gehieneko edukiera hori agertu beharko da bai zirkulazio baimenean bai ibilgailuaren ezaugarrien ziurtagirian.
Ibilgailuaren antzinatasuna ez da urtebete baino gehiago izanen hasierako matrikulazioaren datatik hona. Betiere, ibilgailuak bete beharko du Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 28. artikuluan aurreikusia.
e) Konpromisoa, zerbitzu egitean egin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalia izateko, Fustiñanako Taxi Zerbitzua arautzen duen ordenantzan eta aplika daitekeen gainerako araudian ezarri bezala.
f) 600 euroko bermea eratu izanaren gordekina. Berme horrek eskaintzari eusten zaiola bermatuko du behin-behineko esleipena onetsi arte. Bermea lizentziaren behin-behineko esleipena egin eta berehala itzuliko zaie behin-behineko esleipena jaso ez duten interesdunei; aldiz, behin-behineko esleipen hartzailearena atxikiko da harik eta lizentzia behin betikoz esleitzen den arte.
“Dokumentazio teknikoa” izeneko 2. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:
Eskatzaileak dakarren dokumentazioa, agiri honen borzgarren atalean ezartzen diren irizpideak baloratzeko eta puntuatzeko, proposamen ekonomikoa aparte utzita.
“Eskaintza ekonomikoa” izeneko 3. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:
Gutxieneko eskaintza ezarri da, urtean 600 eurokoa, I. eranskineko ereduari jarraikiz.
Lizentziaren behin betiko esleipena eginen da gehienez ere 3 hilabeteko epean behin-behineko esleipenaz geroztik, betiere eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoan, bereziki alor hauen gainekoa: ibilgailua baduela dioena, aseguruen kontratazioa eta lizentzia osorik ordaindu izanarena. Behin-behineko esleipen hartzaileak betebehar horiek betetzen ez baditu horretarako arrazoirik gabe, ez da behin betiko esleipenik eginen eta bahituko zaio atxikitako behin-behineko bermea.
Lizentziaren behin betiko esleipenaren ebazpen berean bermetako fidantza behin betikoa bilakatuko da, lizentziaren indarraldian zerbitzua modu egokian egiten dela bermatzeko. Bankuko abalaren bidez egin bada, bertze bermatze bat egin beharko da behin betiko esleipenaren ondoko hamabortz egunean, behin-behineko esleipenerako fidantzak balio ez badu berme berrirako.
Laugarrena.–Esleitzeko prozeduraren nondik norakoak.
Proposamenak aurkezteko epea amaiturik, tenorez eta moduz aurkeztu direnak aztertuko dira, eta ediktuen oholean onartu eta baztertuen zerrenda jarriko da ikusgai, interesdunek eta enpresari eta langileen lanbide elkarteek bidezko iruditzen zaiena alega dezaten beren eskubideen alde, hamabortz eguneko epean.
Borzgarrena.–Balorazio irizpideak.
Lizentziaren esleipena ondoko baremoaren arabera eginen da, lizitazio honetara aurkezten diren pertsona fisikoen artean:
Udalerri honetan erroldaturiko pertsona fisikoak, bertan etenik gabe bizi direnak eskaintzak aurkezteko epea bukatua baino bi urte lehenagotik, gutxienez: 5 puntu.
Ibilgailua minusbaliatuak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 15 puntu.
–Edukiera handia: 5 puntu bitarte.
–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.
–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 4 puntu.
–6 lagunendako tokia, gidaria barne: 3 puntu.
Zerbitzu eskaintza: 10 puntu.
Alderdi honetan gehienez ere 10 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauaz, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.
–Gauak, jaiegunak eta asteburuak: 5 puntu.
–Asteko 7 egunak: 5 puntu.
Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motoreak, baremo honen arabera:
–A sailkapena: 6 puntu.
–B sailkapena: 4 puntu.
–C sailkapena: 2 puntu.
Langabezian egotea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ziurtagiriaren bidez frogatuta, edo behar berezian egotea, gizarte zerbitzuen ziurtagiriaren bidez frogatuta: 5 puntu.
–Diru eskaintza: puntu 1 emanen da nahitaez gutxienez ere eskaini behar diren 600,00 euroei 100,00 euro gehitzen zaizkien aldiro. Ez da puntuazio proportzionalik emanen 100,00 euroko tartetik goiti egiten duten zenbatekoengatik, hurrengo tartera heltzen ez badira.
Ordenantzaren 5.2 artikulua eta 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua bete beharrez, puntuazio osoan berdinketarik gertatuz gero, emakumeek aurkezten duten eskaintzaren alde trenkatuko da, taxiaren sektorean sartzen laguntzeko.
Puntuazio eta lehentasun horien guztien hondarrean berdinketak irauten badu, puntuaziorik handienean berdinduriko eskaintza egileen artean zozketa eginez trenkatuko da.
Seigarrena.–Lizentzia esleitzeko epea.
Kontratazio mahaiak lizentzia esleitzeko proposamena aurkeztuta, esleipen hartzaile proposatuak ondotik ematen den dokumentazioa aurkeztuko du izendapen proposamena Herriko Etxeko oholean ikusgai jarri ondoko 3 hilabetean:
1.–Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.
2.–JEZaren Fustiñanako erregistroan jardueran inskribaturik dagoela dioen ziurtagiria.
3.–Ibilgailuak gidatzeko behar den motako baimena, agintaritza eskudunak emana.
4.–Zerbitzua zer ibilgailutan egin behar den, harexen zirkulazio baimena, gehienez ere urtebeteko antzinatasuna duena, eta harekin batera trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren (zirkulazio zerga) azken urteko gordekina.
5.–Aseguru poliza, hirugarrenei eta garraiatzen diren pertsonei eragindako kalteetatik heldu den erantzukizuna estaltzeko, gutxienez ere 300.000,00 eurokoa, aplikatzeko den udal ordenantza arautzailearen 6. artikuluaren bigarren atalak ezartzen duen bezala.
6.–Udalak luzaturiko ziurtagiria, Udal Administrazioarekiko tributu betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.
–Nafarroako Gobernuak luzaturiko ziurtagiria, tributu betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.
–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa eguneratua duela egiaztatzen duena.
Ziurtagiri guztiek beharko dute izan gehienez ere aurkeztu baino hogeita hamar egun lehenago luzatuak.
Aipatu dokumentazioa ekarrita, alkateak taxi zerbitzua egiteko lizentzia emanen du, ordenantzaren 3. artikuluan ezarriari jarraikiz. Orobat, Alkatetzak eman gabe utz dezake kontzesioa, horretarako ebazpen arrazoitua ematen badu, erabaki horren oinarriak azaldurik.
Lizentzia emateko ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta argitara emanen da Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Zazpigarrena.–Zerbitzua egitea.
Ordenantzaren 14. artikuluan eta Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legean xedatuarekin bat, lizentziaren titularrak beharturik daude hura berek eta lehentasunez bertze edozein lan ordainduren gainetik ustiatzera, edo bertzenaz soldatapekoren bat horretarako kontratatuta. Ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira ahaide laguntzaileak, beren konturako langileen araubide berezian sartuak (BKLAB). Soldatapekoak kontratatzeko, Udalaren baimena beharko da aitzinetik; langile horiek taxia gidatzeko baldintza pertsonalak bete beharko dituzte:
Udalak aitzinetik baimena emanda, lizentzia eskualdatzen ahalko da ordenantzaren 12. artikuluan eta ondokoetan arautzen diren baldintzetan; erabili beharreko prozedura ere artikulu horietakoa izanen da.
Halaber, udal baimena beharko da ibilgailua bertze batekin ordezkatzeko, betiere ibilgailu berriak baldintza-agiri honek eta ordenantzak aipatzen dituzten baldintzak betetzen baditu.
Zerbitzua eginen da horixe eskatzen zaionean. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.
Zerbitzua etengabe eskainiko da betiere, bai lanegunetan bai igande eta jaiegunetan bai jateko orduetan.
Udalak erabakitzen duen ordutegian, taxiak gutienez ere zerbitzu bat eginen du egunero Tuterara eta itzuli, prezioa jarlekuko jarriko duela. Zerbitzu hori Fustiñanatik Tuterara aterako da autobusen markesinatik, eta Tuteratik Fustiñanara, eta Tuterako Estación plazatik. Bertze kokaleku batzuk ere erabakitzen ahalko dira, erabiltzaileendako hobeak badira eta zerbitzua hobetzen badute.
Zortzigarrena.–Taxi ibilgailua.
Taxiak izan behar du:
a) Aitzineko ateetan, zerrenda horizontal gorria, 10 cm-ko zabalera duena, Nafarroako banderaren tonukoa, eta erdian, Udalaren armarri ofiziala.
b) Aitzineko kristalean, “Taxi Fustiñana” hitzak, 6 zentimetroko zabalera duten letra larrietan.
Ibilgailuek, beren barrenean, plaka bat eraman beharko dute, eta hartan matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua paratuko dira; horrez landa, su-itzalgailu bat, behar bezala homologatua.
Ibilgailuetan honako agiri hauek eduki beharko dira:
1.–Ibilgailuaren eta gidariaren dokumentazioa.
2.–Indarra duten tarifen ale bat.
3.–Aseguru poliza.
4.–Erreklamazio liburua.
5.–Ordainagirien taloitegia.
6.–Indarra duen legeriak eskatzen dituen agiri guztiak.
Bederatzigarrena.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.
Taxi lizentziaren esleipen hartzaileak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.
Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, hark indarra duen bitartean.
Hamargarrena.–Araudia, jurisdikzioa eta errekurtsoak.
Hona hemen zer arau izanen dituen, Fustiñanan, bidaiarien hiriko garraioa alokatzeko ibilgailu arin gidaridunetan egiteko zerbitzuak: oinarri hauetan xedatua, Fustiñanako taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen determinazioak (2014ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 19koa) eta arlo honetan aplikatzen ahal den araudia: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua, Taxiari buruzko 9/2005 Foru legea eta horiekin bat heldu diren xedapenak.
Lehendabizi, Alkatetzak ebatziko ditu oinarri hauek aplikatu eta argitzean sor daitezkeen goiti-beheiti guztiak, bera baita lizentzia esleitzeko eskumena duen organoa. Haren ebazpenen kontra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat egiten ahal da, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.
Hamaikagarrena.–Informazio eta adostasun klausulak.
Fustiñanako Udalak aditzera ematen du:
1. Jasotako datu pertsonalek hiri arteko taxi zerbitzua egiteko lizentzia esleitzea dutela helburu.
2. Datuak ikusi, zuzendu eta haien tratamenduari kontra egiteko eskubideak daudela. Eskubide hauek gauzatzeko Fustiñanako Udaleko erregistro orokorrera joaten ahalko da (Fueros plaza, 1).
Emandako datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako edo jakinaraziko, legean ezarritako kasuetan izan ezik.
Fustiñanan, 2015eko otsailaren 26an.–Alkatea, sinadura ulertezina.
I. ERANSKINA
Proposamen ekonomikoa
Izena: ..................................................................., karrika: ................................., udalerria: ....................................., NANa: ......................... zenbakia: ...................., telefonoa: ................................., posta elektronikoa: ...........................
ADIERAZTEN DUT:
1.–Badudala taxi lizentzia bat emateko lehiaketa publikoaren iragarkiaren berri, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, zenbaki honetan: ......... eta data honetan ........................; eta, beraz, hartan parte hartu nahi dudala.
2.–Osoki onartzen dudala lehiaketa hori arautzen duen baldintza-agiria.
3.–Lizentziagatik, urtero, zenbateko hau ordaintzeko hitza ematen dudala (letraz eta zenbakiz) ............................................................... euro.
ESKATZEN DUT:
Taxi lizentzia hori eslei dakidan eskaini ditudan baldintzetan eta deialdian ezarritakoetan, ordenantza arautzaileari eta aplikatzeko indarra duen araudiari hertsiki loturik.
Fustiñanan, 2015eko .................... (a)ren ....... (e)an
(Eskatzailearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: L1503185