Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
134/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2014ko abenduaren 16tik 2015eko abenduaren 15era bitarte.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako antolamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.
Lege mailako arauan ezarritako kirol politikaren helburuen artean, Foru Komunitatean kirol ekitaldi garrantzitsuak sustatzea aipatzen da, eta administrazio publikoen artean eta horien eta Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten beste entitate publiko edo pribatuen artean koordinazioa, lankidetza eta elkarlana bultzatzea kirolaren arloan. Kirol jarduera sustatzea ere aipatzen da, laguntzak eta diru-laguntzak emanez.
Kirol klubei eta entitateei ematen zaizkien laguntzei esker, Nafarroan gizarte, kirol eta diru aldetik nabarmentzekoak diren kirol ekitaldi eta ikuskizunak egin eta antola daitezke; izan ere, kirol bizitza sustatu eta animatzen laguntzen dute eta, askotan, pizgarri izaten dira hala oinarrizko kirolarientzat eta kirola oro har egiten dutenentzat, nola lehian aritzen diren kirolarientzat, ekitaldi horien eta parte-hartzaileen aparteko ezaugarriak direla eta.
Orobat, askotan handia da Foru Komunitatean duen zuzeneko eragin ekonomikoa, baita zeharkakoa ere, Nafarroaren irudi turistikoa hedatzeagatik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak (urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuaren bidez aldatua) emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren oinarriak onestea, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2014ko abenduaren 16tik 2015eko abenduaren 15era bitarte. Kontuan hartu behar da laguntza hauek aurrekontuan diru-izendapenik baldin bada emanen direla. Foru agindu honen 1. eranskinean agertzen dira oinarriak.
2. Diru-laguntza horiek eskuratzeko aurkeztutako eskaeren baloraziorako baremoa eta irizpideak (foru agindu honen 2. eranskina) onestea, baita eskaera eredua (3. eranskina) eta justifikazioarena ere (4. eranskina).
3. 130.000,00 euroko gastua baimentzea, 2012tik 2015era luzatutako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza” izeneko 940002-95120-4819-336108 kontu-sailaren kargura, deialdiari aurre egiteko.
4. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.
Iruñean, 2015eko otsailaren 20an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
1. ERANSKINA
Oinarriak
1.–Xedea.
1. Oinarri hauen xedea da kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko entitateei diru-laguntzak emateko prozedura ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2014ko abenduaren 16tik 2015eko abenduaren 15era bitarte.
2. Laguntza hauek onura publikokoak dira nafarren artean kirolaren praktika sustatu eta zabaltzen laguntzen dutelako, eta zuzeneko zein zeharkako eragin ekonomikoa dutelako.
3. Deialdi honi begira, Nafarroan kirol jarduera aipagarri bat antolatzea da kirol ekitaldia, eta ezaugarri hauek izan beharko ditu:
a) Autonomia erkidego arteko edo nazio mailako txapelketa eta lehiaketak, sektoreko faseak edo igotzeko eta jaisteko sustapenak antolatzea, lehiaketa federatuetan.
b) Nazioan edo nazioartean kirol garrantzi bereziko proba edo txapelketak antolatzea nazioko zein nazioarteko federazioen egutegien barrenean.
c) Kirol jarduera irekiak eta parte-hartzaile askorekin antolatzea, edo interes berezikoak, kirol tradizioagatik edo Nafarroako bertako modalitateak edo unibertsitarioen kirola sustatzeagatik.
4. Deialdi honetatik kanpo daude:
a) Nafarroako Kirol Jokoetan sartutako kirol ekitaldiak, 1999an edo ondorengo urteetan jaiotako kirolariei zuzenduak (Espainiako txapelketak edo haien aurreko faseak izan ezik), eta berariazko deialdietan sartzen direnak.
b) Herrietako jaien programetan sartutako kirol ekitaldiak.
c) Kirol ekitaldi sozialak, “bazkidearen eguna”, “klubaren eguna” edo antzekoa dela-eta programatzen direnak.
2.–Helburuak.
Aurreko oinarrian aipatutako diru-laguntzak Nafarroan kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzearen ondorioz sortutako gastuak hein batean laguntzeko izanen dira soil-soilik. Gastuak eskaeraren xedeko jardueraren antolaketari zuzenean egozteko modukoak izanen dira.
3.–Onuradunak eta betebeharrak.
1. Honelako laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako kirol entitateen erregistroan inskribatuta dauden kirol klubek, kirol klub filialek eta kirola sustatzeko entitateek, Foru Komunitatean 1. oinarrian adierazitako kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko 2014ko abenduaren 16tik 2015eko abenduaren 15era bitarte.
2. Diru-laguntza eskaeraren xedeko jardueraren antolaketa beren gain hartu, kudeatu eta gauzatu beharko dute kirol klubek edo entitateek.
3. Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta egotea.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea. Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria (eskaera epea bukatu baino hiru hilabete lehenago, gehienez ere, emana) aurkeztuta frogatuko da inguruabar hori, baita Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena ere (eskaera epea bukatu baino hiru hilabete lehenago, gehienez ere, emana).
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debekuetakoren bat ez izatea. Egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizuneko aitorpena baliatzen ahalko da eskaeran, Administrazioak aitorpenen edo aurkeztutako frogagirien egia ikertzeko duen ahalmena galarazi gabe.
4.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntzaren xedeko kirol jarduerari dagozkion gastuetarako bakarrik izanen da laguntza eta, zehazki, honako hauetarako:
a) Ekitaldia antolatzeko behar diren gastu orokorrak, antolaketa horretaz zuzenean arduratzen diren langileak barne, baita laguntzaileak ere; bestetik, zein den kasua, espezialitateko kirolari edo kirol talde ezagunak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
b) Arbitrajea, kirol epaile eta komisarioak, federazioko kanona eta jarduera aurrera eramateko behar diren baimen ofizialak direla-eta ordaindutako gastuak.
c) Garaikur, domina eta antzekoak (zein diren kirol modalitate bakoitzaren ezaugarriak: txapelak, maillotak, eta abar).
d) Sariak eskudirutan, jardueraren gastuen aurrekontuaren %25, gehienez ere.
e) Osasun arreta, kirol modalitate bakoitzaren ondoriozko arriskuen arabera (anbulantzietako gastua edo/eta osasun arloko langileena), eta istripu-aseguruaren edo/eta erantzukizun zibilaren kontratazioa, jarduerak dirauen aldiari dagokiona.
f) Instalazioak eta azpiegitura: jarduerarako instalazioa egokitzeko guztiz beharrezkoak diren gastuak (lurra markatzea eta sasi-garbitzea barne, halakorik behar bada), baita hesiak, podiuma, koltxonetak eta antzekoak garraiatu eta jartzea ere, modalitate bakoitzaren berezitasunen arabera. (Norberaren edo besteren instalazioak erabiltzeko kontuan hartu beharreko gastua ez da jardueraren guztirako gastuaren %30 baino handiagoa izanen; eta, norberaren instalazioak direnean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluari jarraikiz egin beharko da gastuaren egozpena).
g) Karteletako gastuak eta web orria aldatzekoak, kirol proba haietan txertatzeko.
h) Finantza gastuek eta notariotzakoek, halakorik bada, diru-laguntza izaten ahalko dute, baldin eta deialdi hau argitaratu ondoren kontratatzen bada mailegua, diruz lagundutako kirol jarduera dela-eta hartutako betebeharrei erantzuteko baliabiderik ez duela frogatzen badu onuradunak eta maileguaren zenbatekoa osorik jarduerarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko bada; betiere, kostu finantzarioak ez du merkatuko balioa gaindituko.
Faktura jaulkitzen den egunetik sorrarazitako finantza gastuek bakarrik jasotzen ahalko dute diru-laguntza, edo laguntza ematen den egunetik aurrerakoek, hura geroago emanez gero, eta diru-laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den arte, banku-kontuetan zor diren interesak izan ezik.
i) Oro har, diruz laguntzen ahal den kirol jarduera antolatzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.
2. Honako hauek ez dute inola ere diru-laguntza jasoko:
a) Material inbentariagarria eta kirol jantziak erostea.
b) Protokoloko eta luxuzko arretarako gastuak (harrerak, opariak, erregaluak eta bazkariak, 1. 3. a) eta 1. 3. b) oinarri arautzailean jasotako kirol jardueretan parte hartzen duten kirolarien anoa eta mantenuko gastuak izan ezik).
c) Dohaintzak eta eskuzabaltasunak.
5.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa deialdi honen 2. eranskineko baremoaren eta aplikazio irizpideen arabera zehaztuko da.
2. Diru-laguntzak ez dira inola ere kirol ekitaldia edo jarduera egitetik heldu den defizita baino handiagoak izaten ahalko, eta, zein den kasua, murriztu eginen da haren zenbatekoa.
3. Deialdi honen xedeko jardueretarako laguntza 130.000,00 eurokoa izanen da guztira, 2012tik 2015era luzatutako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kirol ekitaldiak antolatzeko laguntza” izeneko 940002-95120-4819-336108 kontu-sailaren kargura. Diru kopuru hori deialdiaren 1.3 oinarrian jasotako atalen artean banatuko da zenbait multzotan, honako kopuru hauen arabera:
a) Autonomia erkidego arteko edo nazio mailako txapelketa eta lehiaketak, sektoreko faseak edo igotzeko eta jaisteko sustapenak antolatzea, lehiaketa federatuetan, 33.800,00 euro.
b) Nazioan edo nazioartean kirol garrantzi bereziko probak antolatzea nazioko zein nazioarteko federazioen egutegien barrenean, 45.500,00 euro.
c) Kirol jarduera irekiak eta parte-hartzaile askorekin antolatzea, edo interes berezikoak, kirol tradizioagatik edo Nafarroako bertako modalitateak edo unibertsitarioen kirola sustatzeagatik, 50.700,00 euro.
4. Aurreko edozein ataletan, 2. eranskinean ezarritako irizpideen arabera esleitu beharreko kopuruak ez badu erabilgarri dagoen kontu-saila agortzen, soberako kopurua gainerako atalen artean banatuko da, hasieran esleitutako kopuruaren proportzioan.
6.–Eskaera egiteko dokumentazioa.
Eskaera guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25-1. solairua), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako prozeduraren baten bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean, gehienez ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Deialdia argitaratzen den egunean bukatuta ez dauden jarduerentzat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emandako inprimakia erabiliko da: 3. eranskina, “Eskabide orria”; jarduera bukatutakoan, onuradunak ondoren aipatzen den 4. eranskina ere aurkeztu beharko du.
Deialdia argitaratzen den egunean bukatuta dauden jarduerentzat, 4. eranskineko “Justifikazio inprimakia” erabiliko da, eta 11.3 oinarrian aipatzen den dokumentazioa erantsiko zaio.
7.–Antolamendua eta instrukzioa.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza Nagusia izanen da diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna.
2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak eskatzaileei. Eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko baldintzak betetzen ez badira, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean eta, halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz. Bai eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa bai frogagiriak zuzentzen ahalko dira diru-laguntza ordaindu aurretik.
3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldean ezarri den errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora zuzenduta. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da soilik eskatzaileak berariaz adierazi badu, 3. eranskineko aitorpena sinatuz, edo 4. eranskinekoa, hala badagokio.
Alde horretatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, berak emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa eskuratzen duen unean.
Mezu elektronikoa eskuratzeak pentsarazten du jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki hori eskuratu duena.
Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean edukia eskuratzen ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezua eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.
8.–Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9.–Balorazioa.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza Nagusiak, Balorazio Batzorde baten bitartez, eskaerak baloratu eta laguntzei buruzko ebazpena emateko behar diren egiaztapenak eginen ditu, ezartzen den baremoari jarraikiz.
2. Eskaeren gainean ebazteko Balorazio Batzorde horrek honako kide hauek izanen ditu: Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren zuzendariorde nagusia, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Federazioen Bulegoko burua eta Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoko burua.
10.–Diru-laguntza emateko ebazpena.
1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
2. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura diru-laguntza gehiago eskuratzeko.
3. Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusietako iragarki oholean (Arrieta, 25) iragarkiak jarriz eta http://www.deporte.navarra.es web orrian argitaratuta jakinaraziko da ebazpena.
11.–Frogagiriak.
1. Deialdia argitaratzen denerako bukatuta dauden jarduerentzat, 4. eranskineko “Justifikazio inprimakia” beteko da, eta aurrerago azaltzen den moduan erantsiko dira frogagiriak, diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariek sinatuta daudela.
2. Deialdia argitaratzen den egunean bukatuta ez dauden jarduerentzat, behin jarduera eginik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ematen duen 4. eranskineko “Justifikazio inprimakia” aurkeztuz justifikatuko da; inprimaki hori lehen adierazi web orrian eskuratzen ahal da, eta aurrerago azaltzen den moduan erantsiko zaizkio frogagiriak, diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariek sinatuta daudela.
Kasu horretan, 30 egun naturalekoa izanen da frogagiriak aurkezteko epea, jarduera bukatu eta biharamunetik aurrera, 2015eko abenduaren 1etik aurrera egindako kirol ekitaldi eta jarduerak izan ezik, horien justifikazio epearen muga 2015eko abenduaren 31 izanen baita.
3. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:
A.–Justifikazio-kontua (gastuak eta diru-sarrerak).
–Aitortzailearen erantzukizuna izanen da diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua eta zenbakiz zenbaki aurkeztea, hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua adierazita.
–Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira, aipatu zerrendan duten ordena berean.
–Jatorrizko fakturen bidez (edo kopia konpultsatua edo alderatua) frogatuko dira gastuak, edo lege eta merkataritza trafikoan balio frogagarri bera edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako dokumentuen bidez, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean.
–Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
–Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
B.–Kirol eta ebaluazio txostena.
Kirol txostenean jadanik eginak diren kirol jarduerak jasoko dira eta, berariaz, atal bat, diru-laguntzaren xedeko jarduerak duen eragin ekonomikoari eta sozialari buruzkoa, baita haren ebaluazioa ere.
C.–Erakundeen agerpena.
13. oinarriaren 5. atala, erakundeen agerpenari buruzkoa, betetzen dela frogatuko da.
D.–Beste dokumentazio batzuk.
Entitate eskatzaileak edo/eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak interesgarritzat jotako beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.
12.–Ordainketa.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginik dela eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 11. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen. Ordainketa transferentzia bidez eginen da, dagokion ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.
13.–Betebeharrak.
1. Diru-laguntzaren hartzaileek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.
2. Entitate eskatzaileak behartuta daude hartutako diru-laguntza beren kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzera, diru-sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro diligentziatuak eta bestelako agiriak eduki beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.
3. Diru-laguntzaren onuradunak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela frogatu beharko du horretarako ziurtagirien bidez. Orobat, onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez duela dioen aitorpena aurkeztu beharko du.
Gainera, gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu beharko du 14. oinarrian azaltzen den moduan, bestela ezin izanen baitzaio aldez aurretik onartutako diru-laguntza ordaindu.
4. Zein den kasua, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, merkatuko prezioetan, kontratatu direla frogatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.
5. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua betez.
6. Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Ildo horretan, lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.
7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, diru-laguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.
14.–Gardentasunari lotutako betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.
b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta paperean, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
15.–Ez-betetzeak.
Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza osorik edo zati bat galtzea ekarriko du berarekin eta, dirurik jaso badu, hura itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntzaren eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, aplikatu beharreko arauek ezartzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.
16.–Errekurtsoak.
1. Deialdiaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko agintzen diren egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
17.–Arau osagarria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
2. ERANSKINA
Baremoa eta aplikazio irizpideak eta kirol ekitaldi eta jardueren kalitate mailaren balorazioa
I.–Baremoa eta aplikazio irizpideak.
1. Eragina gizartean: (9 puntu gehienez).
A.–Eragin eremua: 4 puntu arte.
B.–Komunikabideetan agertzea: 4 puntu arte.
C.–Edizio kopurua: 3 puntu arte.
NAFARROA | AUTONOMIA ERKIDEGOETAN | ESPAINIAN | NAZIOARTEAN | |
A.–Eragin eremua | 1 | 2 | 3 | 4 |
B.–Komunikabideak | 1 | 2 | 3 | 4 |
C.–Edizio kopurua | 3tik 6ra: puntu 1 | 7tik 10era: 2 puntu | 10etik gora: 3 puntu | |
2. Lehiaketaren maila: (12 puntu gehienez).
A.–Herrikoiak: 7 puntu arte.
B.–Federatuak: 4 puntu arte.
C.–Lehen maila ez profesionala: 6 puntu arte.
D.–Profesionalak: 9 puntu arte.
NAFARROA | AUTONOMIA ERKIDEGOETAN | ESPAINIAN | NAZIOARTEAN | |
A.–Herrikoiak | 4 | 5 | 6 | 7 |
B.–Federatuak | 1 | 2 | 3 | 4 |
C.–Lehen maila ez profesionala | 2 | 3 | 4 | 6 |
D.–Profesionalak | 6 | 8 | 9 |
3. Parte-hartzaileak: (12 puntu gehienez).
A.–Kopurua: 6 puntu arte.
B.–Kalitatea: 6 puntu arte.
A.–Kopurua | < 200 | 200 - 500 | 501 - 1000 | 1001 - 2000 | >2000 |
1 | 2 | 3 | 4 | 6 | |
B.–Kalitatea | Herrikoia | 1. maila aut. erkidegoan | 1. maila aut. erkidego artean | 1. maila Estatuan | 1. maila nazioartean |
1 | 3 | 4 | 5 | 6 |
4. Baliabide ekonomikoak: (15 puntu gehienez).
A.–Gastu bolumena: 8 puntu arte.
B.–Ponderatu beharreko defizita (onuradunak jarritako baliabideak): 7 puntu arte.
A.–Gastu bolumena: | < 3.000 euro | < 6.000 euro | < 18.000 euro | < 30.000 euro | ≥ 30.000 euro |
0 | 2 | 3 | 4 | 8 | |
B.–Ponderatu beharreko defizita | > %50 | %50 arte | %40 arte | < %30 | |
0 | 3 | 5 | 7 |
5. Erakundeen agerpena: (13 puntu gehienez).
Puntuazioa 1 eta 4 puntu artekoa da, erakundeen publizitaterako erabilitako euskarrien arabera (xingola, hesiak, eskuorriak, prentsaurrekoa, trofeoak ematea).
PUBLIZITATEKO EUSKARRIA | XINGOLA | HESIAK | KARTELA-ESKUORRIA | PRENTSAURREKOA | TROFEOAK EMATEA |
1 | 3 | 2 | 3 | 4 |
6. Kirol ekitaldiaren berezitasuna eta garrantzi berezia: (15 puntu gehienez).
Honako hau duten kirol modalitateak:
A.–Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzea (2 puntu).
B.–Selekzioen programa (3 puntu).
C.–Teknifikazio programa (4 puntu).
Honako hau duten klubak:
A.–Estatuko txapelketetan parte hartzen duten taldeak (2 puntu).
B.–Estatuko lehen mailako txapelketetan parte hartzen duten taldeak (4 puntu).
II.–Kirol ikuskizunen kalitate mailaren balorazioa.
1. Kalitate maila hauek ezarri dira:
–I. maila: 20 puntu gehienez.
–II. maila: 21 eta 30 puntu bitarte.
–III. maila: 31 eta 40 puntu bitarte.
–IV. maila: 41 eta 50 puntu bitarte.
–V. maila: 51 eta 60 puntu bitarte.
–VI. maila: 61 eta 76 puntu bitarte.
KOEFIZIENTE BIDERKATZAILEA | PUNTUAK GUZTIRA | |||
I. maila | 0 - 20 puntu | 40 | Gehienez | 800 |
II. maila | 21 - 30 puntu | 80 | Gehienez | 1.600 |
III. maila | 31 - 40 puntu | 140 | Gehienez | 3.000 |
IV. maila | 41 - 50 puntu | 400 | Gehienez | 7.000 |
V. maila | 51 - 60 puntu | 1.500 | Gehienez | 22.000 |
VI. maila | 61 - 76 puntu | 3.000 | Gehienez | 70.000 |
2. Puntuak, guztira:
–I. maila: puntu bakoitza 40z biderkatu eta hala lortuko dira guztirako puntuak.
–II. maila: aurreko mailako 800 puntuei 80 puntu gehitu behar zaizkie 20tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 1.600 puntu gainditu gabe.
–III. maila: aurreko mailako 1.600 puntuei 140 puntu gehitu behar zaizkie 30etik gorako puntu bakoitzeko, guztira 3.000 puntu gainditu gabe.
–IV. maila: aurreko mailako 3.000 puntuei 400 puntu gehitu behar zaizkie 40tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 7.000 puntu gainditu gabe.
–V. maila: aurreko mailako 7.000 puntuei 1.500 puntu gehitu behar zaizkie 50etik gorako puntu bakoitzeko, guztira 22.000 puntu gainditu gabe.
–VI. maila: aurreko mailako 22.000 puntuei 3.000 puntu gehitu behar zaizkie 60tik gorako puntu bakoitzeko, guztira 70.000 puntu gainditu gabe.
3. Diru-laguntzaren zenbatekoa:
Puntuaren balioa zein bere aldetik lortzen da 5.3 oinarrian adierazitako multzoetako bakoitzean.
Egindako jardueraren arabera dagokion multzora aurkeztutako jarduerak esleituta direla, multzo bakoitzerako erreserbatutako zenbatekoa multzo bakoitzeko eskaera guztien artean lortutako puntuen artean zatituko da, eta horrela aterako da halako taldekoa edo multzokoa izateagatik dagokion puntuaren balioa.
Talde edo multzo bakoitzean aurkeztutako eskaera bakoitzak lortutako puntuekin biderkatuko da puntuaren balioa. Kasu bakoitzean ateratzen den zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko.
Eragiketa horren ondotik talde edo multzo bakoitzerako kreditu erabilgarria agortzen ez bada, ateratzen den saldoa lehentasun ordenaren arabera banatuko da egiaztatu eta onartutako defizitaren zenbatekora iritsi ez diren eskaeren artean; alabaina, kasu horretan diru-laguntza gisa onesten den zenbatekoa ez da jardueraren defizitaren %70 baino handiagoa izanen.
Dena dela, edozein talde edo multzotan kreditu erabilgarri osora iristen ez bada, soberakina gainontzeko multzoen artean banatuko da, hasieran esleitu zaien kopuruaren proportzioan.
Iragarkiaren kodea: F1503250
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
