Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
124/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Honen bidez diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia onesten da, 2015erako, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzeko, hain zuzen ere 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitarte egiten diren lehiaketetan.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntza guztien araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera kirola hiritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera bat, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura erraztu, osasun publikoa hobetu eta garapen ekonomikoa sustatzen ditu.
Legearen helburuetako bat da Nafarroako Foru Komunitatean kirola sustatu eta garatzeko lanean inplikatuta dauden pertsonen kolektiboak eta entitate publiko eta pribatuak modu koherentean integratzeko sistema bat eratzea.
Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Nafarroako Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzeko gaitasuna ere aitortzen zaio, eta, horrenbestez, hura sustatu eta garatzea bultzatzen da.
Nafarroako Kirolaren Plan Estrategikoa Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 7ko Erabakiaren bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren urriaren 19ko 318/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta gero Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen, 2010eko ekainaren 23an.
Plan horretan Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak azpimarratzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek finkatzen dira: osasun gastuak murriztea, Nafarroako irudia proiektatzea eta aberastasuna sortzea, eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea. Lehiaketako kirolari dagokionez, adierazten da gazteentzat erreferente izan daitekeen kirolari nafarrik ez dagoela orain eta lehiaketako kiroletan parte-hartzaile gutxiago daudela, gizarte honetako gazteek nahiago dutelako ahalegin eta konpromiso gutxiago hartu eta independentzia handiagoa izan.
Hona, plan estrategikoaren xedeen laburpena, goi mailako kirol proiektuei dagokienez:
1. Kluben kirol proiektuak ekonomikoki bideragarriak izan daitezen bermatzea.
2. Kirol baliabideen aprobetxamendua hobetzea. Horretarako, kirol arloa antolatzea klubekin akordioak sinatuz, kirol proiektu berean modu piramidalean dauden kirolari nafarrei aterabide bat emateko.
3. Kirolari nafarrek gure eliteko taldeetan parte hartzeko erraztasunak ematea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak (urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuaren bidez aldatua) emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2015eko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, norgehiagokako araubidean, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzeko, hain zuzen ere 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitarte egiten diren lehiaketetan.
Laguntzak emateko baldintza aurrekontuko diru-izendapena egotea izanen da.
2. Deialdi hau aurrera eramateko, 1.640.000 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2015era luzatutako Aurrekontuetan “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002-95120-4819-336109 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta 3. eranskina interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.
Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
1. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. Xedea.
1.1.–Oinarri hauen xedea da diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura ezartzea, hain zuzen ere Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan modalitate jakinetan –3. oinarrietan azaltzen dira– kategoria absolutuetan parte hartzen duten Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzeko. Lehiaketa horiek 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era eginen dira.
1.2.–Diru-laguntza horiek emanda, xedea da klub horiek babestea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko sortzen diren gastuak partez ordaintzeko.
2. Onuradunak eta betebeharrak.
2.1.–Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean parte hartu badute oinarri hauetako ondoko baldintzan zehazten diren lehiaketetan. Nafarroako kirol federaziorik ez badago, kasuan kasuko klubek aukera izanen dute deialdi honetan parte hartzeko baldin eta aldez aurretik Espainiako Federazioak emandako federazio lizentziak lortu badituzte.
2.2.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izan.
2.3.–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.
3. Diru-laguntza jaso dezaketen lehiaketak.
Deialdi honen ondorioetarako, eta diru-laguntzak kalkulatzeko, diruz laguntzen ahal diren lehiaketak bi ataletan sailkatuko dira: A motako lehiaketak, eta horren barnean beste bi talde (A1 eta A2) eta B motako lehiaketak horiek ere hiru taldetan banatuak (B1, B2 eta B3).
–I. atala: A motako lehiaketak.
Atal honetan hauek sartzen dira:
a) Taldean jokatzeko kiroletako ekipoak, liga erregularretan parte hartzen dutenak, Espainiako lehen mailako ez-profesionaltzat hartzen direnak, Espainiako kategoria gorenean lehiatzen direnak: gizonezkoen saskibaloia, gizonezkoen eskubaloia, gizonezkoen waterpoloa, emakumezkoen boleibola, gizonezkoen beisbola, emakumezkoen eta gizonezkoen areto futbola eta gizonezkoen eta emakumezkoen atletismoa.
b) Kategoria horren beheragoko aurre-aurreko kategorian parte hartzen duten taldeak, zeinak Nafarroako ordezkari bakarrak eta gorenak diren beren kirol modalitatean, liga erregularren bidez: emakumezkoen waterpoloa.
Atal hau, era berean, A1 eta A2 taldeetan banatzen da, kontuan harturik taldeak administratzeko eta kudeatzeko gastuak handiagoak edo txikiagoak diren.
A1 taldean sartuko dira 2013-2014 sasoirako 350.000 euroko edo gehiagoko aurrekontu gauzatua duten taldeen klubek parte hartzen duten lehiaketak.
A2 taldean sartuko dira 2013-2014 sasoirako 350.000 eurotik beherako aurrekontu gauzatua duten taldeen klubek parte hartzen duten lehiaketak.
–II. atala: B motako lehiaketak.
Atal honetan hauek sartzen dira:
a) Espainiako eta erkidegoen arteko gainerako mailetako kirol taldeak, liga erregularretako lehiaketetan kategoria absolutuan edo Espainia mailan parte hartzen dutenak, sailkapenaren aldetik aldetik mailarik gorenean, eta pilotaren modalitatea.
b) Espainia mailako txirrindularitzako eta gimnastikako lehiaketetan kategoria absolutuan parte hartzen duten kirol taldeak.
Atal hori hiru taldetan banatzen da (B1, B2 eta B3).
B1 lehiaketak: Espainia mailakotzat hartzen diren lehiaketetan aritzen diren taldeen modalitateak.
MODALITATEA | B1 LEHIAKETAK |
Badmintona | 1. maila nazionala |
Saskibaloia | Gizonezkoen EBA liga |
Eskubaloia | Emakumezkoen 1. maila |
Eskubaloia | Gizonezkoen 1. maila |
Futbola | Gizonezkoen 2. B maila |
Futbola | Emakumezkoen 2. maila nazionala |
Areto futbola | Emakumezkoen zilarrezko maila |
Areto futbola | Gizonezkoen 2. B maila nazionala |
Hockeya | 1. maila. Iparraldeko liga |
Pilota (erreminta) | Ohorezko maila |
1. maila | |
Esku pilota | Ohorezko maila |
1. maila | |
Errugbia | Autonomia erkidegoen arteko 1. maila (iparraldea). Emakumezkoak |
Mahai-tenisa | Gizonezkoen 1. maila nazionala |
Waterpoloa | Gizonezkoen 2. maila nazionala |
B2 lehiaketak: erkidegoen arteko mailakotzat hartzen diren lehiaketetan aritzen diren taldeen modalitateak.
MODALITATEA | B2 LEHIAKETAK |
Saskibaloia | Emakumezkoen 1. maila |
Emakumezkoen 2. maila | |
Gizonezkoen 1. maila | |
Errugbia | Gizonezkoen 1. maila. Iparraldeko liga |
Gizonezkoen 2. maila. Iparraldeko liga | |
Mahai-tenisa | Gizonezkoen 2. maila nazionala |
Autonomia erkidegoen arteko Iparraldeko liga. Gizonezkoak | |
Boleibola | Erkidegoen arteko 2. maila. Gizonezkoak |
1. maila (iparraldea). Emakumezkoak | |
2. maila (iparraldea). Emakumezkoak | |
Waterpoloa | 1. maila (iparraldea). Emakumezkoak |
1. maila (iparraldea). Gizonezkoak | |
2. maila (iparraldea). Gizonezkoak |
Halaber, ulertuko da B1 eta B2 taldeetan sarturik daudela klub horiek zeinen taldeak bestelako lehiaketetan parte hartzen duten, aurreko zerrendetan ez daudenetan, baldin Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketak badira, ez-profesionalak eta liga erregularreko sistema badute.
B3 lehiaketak: Espainia mailako lehiaketak, kategoria absolutuan, txirrindularitza amateurreko eta gimnastika erritmikoko taldeka.
MODALITATEA | CT B3 LEHIAKETAK |
Txirrindularitza | Errepideko egutegia afizionatuentzat. Gizonezkoak |
Errepideko eta pistako egutegia afizionatuentzat. Emakumezkoak | |
Pistako egutegi nazionala. Gizonezkoak | |
Gimnastika erritmikoa | Taldekako Espainiako Txapelketan parte hartzea lehenengo kategorian |
Taldekako Espainiako Txapelketan parte hartzea senior kategorian |
3.1.–Ez da diru-laguntzarik emanen aurreko ataletan sartuak ez dauden lehiaketetarako, eta zehazki, hauetarako: mailaz igotzeko edo titulua eskuratzeko “play-off” delako partidak eta Erregearen edo Erreginaren kopak, edo antzeko kopak, izan ere horiek, kasua bada, interesdunak bestelako deialdi batean aldez aurretik eskaera eginda laguntzen ahalko dira.
4. Diru-laguntzen zenbatekoa.
4.1.–Deialdi honetarako onetsitako gastua 1.640.000,00 eurokoa da. 2015era luzatutako 2012ko aurrekontuetako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko 940002 95120 4819 336109 kontu-sailaren kargura izanen da. Zenbateko hori deialdi honen atalen artean banatuko da, gehieneko zenbateko hauekin bat:
a) A motako lehiaketak: 1.172.000,00 euro.
–A1 636.000,00.
–A2 536.000,00.
b) B motako lehiaketak: 468.000,00 euro.
–B1 221.000,00.
–B2 121.000,00.
–B3: 126.000,00.
Eman beharreko zenbatekoak II. eranskinean ezarritako baremoarekin eta irizpideekin bat zehaztuko dira, eta muga izanen da kasuan kasuko lehiaketan parte hartzean sorrarazitako defizita.
5. Diru-laguntzaren xede diren kontzeptuak.
Lehiaketa mota bakoitzaren barnean eta eman beharreko laguntzaren kalkuluaren ondorioetarako, honako kontzeptu hauek baizik ez dituzte jasoko diru-laguntzak:
a) A motako lehiaketak:
–Inskripzioak eta lizentziak.
–Arbitrajeak.
–Instalazioen alokairua edo instalazio berekiak erabiltzearen ondoriozko gastuak.
–Entrenatzaileak eta teknikariak (lehen entrenatzailea, bigarren entrenatzailea, atezainen entrenatzailea, berreskuratzailea, fisioterapeuta, masajista, medikua eta ordezkaria).
–Kirol materiala eta jantziak.
–Nafarroako kirolariak: Nafarroako kirolaritzat joko dira sasoian Nafarroako izaera zibila dutenak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzko martxoaren 1eko 1/1973 Legearekin bat, eta lehenbiziko taldeko plantillakoak bakarrik direnak, edo, beheragoko kategoria bateko taldekoak izanik, partiden %50 baino gehiago lehenbiziko taldearekin jokatu dituztenak.
–Administrazioa eta kudeaketa.
–Joan-etorriak (barnean sartuta joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuak).
B) B motako lehiaketak:
–Joan-etorriak (barnean sartuta joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuak).
–Jantziak.
–Inskripzioak eta lizentziak (B1 taldeari bakarrik).
6. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.
6.1.–Eskaerak NKGIren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 1. solairua), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez, eta horretarako, web orrian eskuragarri dagoen dokumentua (3. eranskina) erabiliko da: http://www.deporte.navarra.es.
6.2.–20 egun naturaleko epea izanen da eskaerak aurkezteko, lehiaketak bukatuta nahiz bukatu gabe egon, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
6.3.–Diru-laguntza eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskabide-orria (3. eranskina), talde bakoitzak betea, zigilaturik eta klubeko presidenteak eta idazkariak sinatua.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela ziurtatzen duen agiria.
c) Erantzukizuneko aitorpena, bertan adierazita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez dela urratzen, onuradun izateko.
d) Gardentasun aitorpena, 15. oinarri arautzailean aurreikusten den moduan.
e) Helbide elektroniko bat, horren bidez eskaeraren akatsak zuzen daitezen eskatzeko, halakorik badago, oinarri hauetako 6. klausularekin bat.
f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, hala behar denean.
g) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia, lehiaketa gauzatzeko (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak...).
h) Kirol lizentziak.
i) Eskaera egin arte zein lehiaketatan parte hartu den, horien akten eta/edo emaitzen fotokopiak, taldearen sailkapena egiaztatzeko.
j) Kirol klubeko presidenteak sinatutako aitorpena, zehazten duena zein diren beste entitate batzuek emanik jasoko dituen diru-laguntzak eta zertarako emanen zaizkion.
6.4.–A taldeari dagokion diru-laguntza eskaera bada, honakoa ere erantsi beharko da:
–Taldekideen zerrenda; bertan, teknikariak eta jokalariak zein diren zehaztuko da, legez nafartzat hartzen direnak, eta jokatutako partiden denbora. Nafarroako izaera zibila frogatzeko, jokalariaren jaiolekua edo erregistro zibileko egiaztagiria erakutsiko da, eta jokalari atzerritarren kasuan, berriz, bizilekua Nafarroan izandako denbora frogatzen duena.
7. Antolamendua eta instrukzioa.
7.1.–Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Kirol Zuzendariordetza Nagusia izanen da.
Eskatutako dokumentazio administratiboa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.
7.2.–Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.
7.3.–Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko lerroaldean ezarri den errekerimendua jakinarazpen elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora zuzendua. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da soilik eskatzaileak berariaz adierazi badu, 3. eranskineko aitorpena sinatuz.
Alde horretatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, berak emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa eskuratzen duen unean.
Mezu elektronikoa eskuratzeak pentsarazten du jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki hori eskuratu duena.
Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean edukia eskuratzen ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezua eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.
8. Balorazio batzordea:
Eskaeren gainean ebazteko Balorazio Batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: NKGIko Kirol zuzendariorde nagusia, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Federazioen Bulegoko burua, “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria, Laguntzako Unitate Teknikoko burua eta Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoko burua. Ahalmena izanen du aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, deialdiaren oinarriekin bat, txostena egiteko eta ebazpen proposamena igortzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearekin bat.
9. Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
10. Diru-laguntza emateko ebazpena.
10.1–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
10.2.–Deialdi honetan emandako diru-laguntzak, haien onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda (ukoaren arrazoia adierazita) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.
10.3.–Laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta NKGIko iragarki oholean (Arrieta kalea, 25) iragarkiak jarriz jakinaraziko da. Komunikabideen bidez, jakinarazpenaren berri emanen da.
10.4–Diru-laguntzen banaketa, betiere, ekitaldi honetako aurrekontuan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
10.5.–Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura diru-laguntza gehiago eskuratzeko.
11. Diru-laguntzaren ordainketa.
11.1–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bi hilabeteko epean ordainduko da, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
11.2.–Diru-laguntzak emateko ebazpenean konturako ordainketa aurreikusten ahalko da, zeina %100era iristen ahalko den, behin NKGIk lehiaketa zenbateraino gauzatu den egiaztaturik, kontuan hartuta lehiaketa zenbateraino gauzatu den diru-laguntza eskatzeko egunean.
Kirol klubek hasierako eskaera-orrian egiten ahalko dute konturako ordainketa horren eskaera, 3. eranskinean ageri den bezala. Konturako ordainketa hori jaso ahal izateko, 15. oinarrian (Gardentasun-betebeharrak) ezarritako informazioa igorri beharko da. Informazio hori igorri ezean, diru-laguntzak emateko ebazpenak ezin izanen du ordainketa onetsi.
11.3.–Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken justifikazioa aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non egindako konturako ordainketa doituko den.
12. Frogagiriak.
Diru-laguntza jaso duen jarduketaren justifikazioa honela eginen da:
12.1.–A motako lehiaketen kasuan, justifikazio kontuaren sistemaren bidez eginen da justifikazioa, salbu eta joan-etorrien kasuan (joan-etorriak, ostatua hartzea eta mantenua), horiek moduluen sistemaren bidez justifikatuko baitira.
12.2.–B1 motako lehiaketen kasuan, justifikazio kontuaren sistemaren bidez justifikatuko dira inskripzioak eta lizentziak; joan-etorrien kasuan (joan-etorriak, ostatua hartzea eta mantenua), horiek moduluen sistemaren bidez justifikatuko dira.
12.3.–B2 eta B3 motako lehiaketen kasuan, justifikazioa moduluen sistemaren bidez baizik ez da eginen, aintzat hartuta joan-etorrien ondoriozko gastua soilik (joan-etorria, ostatu hartzea eta mantenua).
12.4.–Moduluen bidezko justifikaziorako, beharrezkoa izanen da honako dokumentazio hau aurkeztea:
–Lehiaketetako aktak eta lehiaketen emaitzak eta/edo taldearen sailkapena eta egindako joan-etorriak frogatzen dituen dokumentua.
–Klubeko presidenteak eta idazkariak sinatutako egiaztagiria, non lehiaketan parte hartzeko eskuratuko den janzkera adierazten den.
12.5–Justifikazio kontuan sartuko da, aitortzailearen erantzukizunpean, diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua eta zenbakitua (ez bakarrik diruz laguntzen ahal diren kontzeptuena), honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa, kontzeptua eta ordainketa data.
Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.
Fakturen bidez eta lege eta merkataritza trafikoan balio frogagarri bera edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako dokumentuen bidez frogatuko dira gastuak, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu. Aurreko guztiaren fotokopiak erantsiko dira, jatorrizko agirien hurrenkera berean.
Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
12.6.–Konturako ordainketa egiteko eskaera egiten bada, klubak ordura arte gauzatu den lehiaketaren portzentajea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu klubak.
A1 eta A2 taldeetan sartuta dauden klubak badira, eskaerarekin batera, kirol klubek eskura dituzten frogagiri guztiak eransten ahalko dituzte.
11.2 oinarriko konturako ordainketa egin bada ere, frogagiri guztiak 2015eko urriaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira.
12.7.–Frogagiriak, bai eta kasuan kasuko lehiaketan parte hartzearen ondoriozko gastu/diru-sarreren zerrenda ere, kirol klub baten barnean lehiaketa horretan parte hartu duen taldeari edo atalari buruzkoak izanen dira.
12.8.–Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako diru-laguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Konturako ordainketa egina bada, bidezkoa izanen da bidegabeki jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzultzea, justifikatutakoaren portzentajearen arabera. Kasu horretan, berandutza interesak sorraraziko dira, konturako ordainketa egin zen egunetik.
13. Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean diru-laguntzak jasotzen dituzten klubek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzak adierazten diren xedeetarako erabili, frogagiriak ezarritako epean aurkeztea eta NKGIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.
b) Zein den kasua, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, merkatuko prezioetan, kontratatu direla frogatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.
c) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren edozein eratako publizitatean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.
d) Erraztasunak ematea NGKIri dagozkion kontrol eginkizunetan, diruz lagundutako lehiaketari buruz, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.
e) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki betetzen direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki eta gorde beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.
g) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.
14. Bateragarritasuna.
14.1–Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, aipatutako lehiaketetan parte hartzeko ematen dituztenekin.
14.2.–Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute diru-laguntza hartzaileek. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14.3.–Aurreko atalean ezarritako komunikazio betebeharra betetzen ez bada, eta onuradunek informazioa faltsutzen badute, jasotako zenbateko guztiak itzuliko dira, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzuleraren bidezkotasuna erabakitzen den arte sorrarazitako berandutza interesak ere. Dirua itzultzeko betebeharraz gain, bestelako zehapen batzuk ezartzen ahalko dira arrazoi beragatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin bat.
14.4.–Onuradunak hainbat entitatetatik gehiegizko finantzaketa jaso duela hautematen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko zaio onuradunari. Kasu horretan, berandutza interesak sorraraziko dira, konturako ordainketa egin zen egunetik.
15. Gardentasun-betebeharrak.
15.1.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
15.2.–Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
15.3.–Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
15.4.–Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita; bestela, argitaratzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, 11.2 oinarrian aurreikusitako konturako ordainketa eskatu bada, eskatzaileek informazio hori eskaera aurkeztearekin batera bidali beharko dute, edo edozein kasutan, diru-laguntzak emateko ebazpena eman baino lehen. Bestela, ebazpenak ezin izanen du berarekin ordainketa ekarri.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
16. Ez-betetzeak.
16.1.–Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza alduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, egoki diren berandutza interesekin batera. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako diru-laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
16.2.–Diru-laguntzen ordainketa partzialak egin badira eta onuradunek egiaztagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da jaso gabe gelditzen den diru-laguntza osorik edo partez galtzea, eta deusetan galarazi gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharra, egoki diren berandutza interesekin batera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat.
16.3.–Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, diruz lagundu edo, hala bada, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
17. Errekurtsoak.
17.1.–Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
17.2.–Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
18. Legeria.
Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.
2. ERANSKINA
2015eko deialdiko diru-laguntzak kalkulatzeko metodoa. Laguntzak norgehiagokako araubidean emanen zaizkie Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen duten kirol klubei eta kirol klub filialei
Lehiaketa motak.
Eman beharreko diru-laguntzak zenbatzeko, diruz lagundutako lehiaketak bost taldetan sailkatu dira, jarraian adierazten diren kantitateekin:
A1 | Taldean jokatzeko kiroletako ekipoak, Espainiako lehen mailako ez-profesionaltzat hartzen direnak, Espainiako kategoria gorenean lehiatzen direnak, liga erregularren bidez, 2013-2014 sasoian gauzatutako aurrekontua 350.000 eurokoa edo handiagoa dutenak. | 636.000,00 |
A2 | Taldean jokatzeko kiroletako ekipoak, Espainiako lehen mailako ez-profesionaltzat hartzen direnak, Espainiako kategoria gorenean lehiatzen direnak, eta kategoria horren beheragoko aurre-aurreko kategorian parte hartzen duten taldeak, zeinak Nafarroako ordezkari bakarrak eta gorenak diren beren kirol modalitatean, liga erregularren bidez, 2013-2014 sasoian gauzatutako aurrekontua 350.000 euro baino gutxiagokoa dutenak. | 536.000,00 |
B1 | Espainia mailakotzat jotzen den lehiaketan diharduten taldeen modalitateak, An sartuak ez daudenak. | 221.000,00 |
B2 | Erkidegoen arteko mailakotzat hartzen diren lehiaketetan aritzen diren taldeen modalitateak. | 121.000,00 |
B3 | Espainia mailako lehiaketetan kategoria absolutuan dauden modalitateak, errepideko txirrindularitza amateurreko eta gimnastika erritmikoko taldeka. | 126.000,00 |
Ez da diru-laguntzarik emanen aurreko ataletan sartuak ez dauden lehiaketetarako, eta zehazki, hauetarako: mailaz igotzeko edo titulua eskuratzeko “play-off” delako partidak eta Erregearen edo Erreginaren kopak, edo antzeko kopak.
Joan-etorrien moduluak (A1, A2, B1, B2 eta B3 lehiaketei aplikatuko zaie).
Modulu hori kalkulatzeko, aintzat hartuko dira era guztietako garraiobideetan egindako bidaiak, ostatua hartzea eta mantenua, txapelketa egiten den udalerriraino egindako distantzia, txapelketaren iraupena eta taldea osatzen duen kide kopurua. Hemen bidaia bakoitzerako joan-etorrien baremo bat aplikatzen da. Honako irizpide hauei jarraikiz zehaztuko da:
a) Joan-etorrien distantzia, hiru distantzia mota bereizten dira:
I.–Laburrak: Bilbo, Burgos, Huesca, Logroño, Donostia, Soria, Gasteiz, Zaragoza eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.
II.–Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Oviedo, Palentzia, Salamanca, Santander, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid, Zamora eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.
III.–Luzeak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Las Palmas, Lugo, Málaga, Melilla, Murtzia, Ourense, Pontevedra, Santa Cruz Tenerifekoa, Sevilla eta antzeko distantziara dauden beste herri batzuk.
b) Gehieneko partaideak modalitate bakoitzeko:
–Badmintona: 8 parte-hartzaile.
–Saskibaloia: 15 parte-hartzaile.
–Eskubaloia: 19 parte-hartzaile.
–Beisbola/Sofbola: 20 parte-hartzaile.
–Futbola: 19 parte-hartzaile.
–Areto futbola: 15 parte-hartzaile.
–Gimnastika: 1. kategoria: 12 parte-hartzaile.
–Senior gimnastika: 8 parte-hartzaile.
–Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.
–Pilota (zesta punta): 4 parte-hartzaile.
–Pilota (erreminta): 6 parte-hartzaile.
–Esku pilota: 5 parte-hartzaile.
–Errugbia: 25 parte-hartzaile.
–Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.
–Boleibola: 15 parte-hartzaile.
–Waterpoloa: 16 parte-hartzaile.
Atletismoaren modalitatean, Ohorezko Mailako Ligan parte hartzeagatik, honela baloratuko da: kirolariak, gehi hiru entrenatzaile, fisioterapeuta bat, masajista bat eta taldearen ordezkari bat. Eta txirrindularitzaren modalitatean, berriz, honela zenbatuko dira: txirrindulariak gehi hiru pertsona (zuzendari teknikoa, mekanikoa eta masajista) lasterketa batean zortzi txirrindularik edo gehiagok parte hartzen badute, eta zortzi baino gutxiago badira, bi pertsona gehiago bakarrik gehituko zaizkie.
Aurreko paragrafoetan adierazitako partaide kopurua lehiaketetan parte hartzeko egokitzat jotzen direnak dira.
c) Ostatua: 35 euro aplikatuko dira gaua pasatu behar den bakoitzean, eta ondoko irizpideak hartuko dira aintzat, gauak pasatzeko gastua kalkulatzeko, distantzien arabera:
I.–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.
II.–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.
III.–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.
d) Mantenuak: 12 euroko balio aplikatuko da gosari eta afari bakoitzeko, partaide kopuruaren arabera, eta distantziak aintzat hartuz, honako irizpide hauen arabera:
I.–Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.
II.–Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.
III.–Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.
e) Kilometrajea: parte-hartzaileen kopuruaren arabera kalkulatuko da, ondoko irizpide hauei jarraikiz:
I.–Txapelketan gehienez 12 parte-hartzaile badaude: 0,20 euro aplikatuko dira kilometroko 4 parte-hartzaileko (edo zatikia).
II.–Txapelketan 13 parte-hartzaile edo handik gora badaude: ulertuko da bidaia autobusez egiten dela, eta 1,30 euro kilometroko aplikatuko dira, gehi kantitate finkoak (250 euro eguneko distantzia ertainekoa bada eta 450 euro eguneko distantzia luzekoa bada).
III.–Kontuan hartuko da zer distantzia dagoen Iruñetik txapelketa egiten den probintziako hiribururaino (joan-etorria), non distantzia ez den 30 kilometrotik gorakoa txapelketa egiten den herritik hiribururaino. Kasu horretan, benetako distantzia hartuko da aintzat.
IV.–Penintsulatik kanpoko bidaietarako, 200 euro pertsona bakoitzeko izanen da erreferentzia Kanarietara joaten bada, 150 euro pertsona bakoitzeko Balear Uharteetara joateko bada, eta 100 euro Ceutara eta Melillara, gehi Iruñetik Madrilera edo Iruñetik Bartzelonara joatekoa.
Dagokion diru-laguntza kalkulatzeko oinarrizko zenbatekoa izanen da aurreko atalen batuketa (ostatua, otorduak eta kilometrajea).
Jantzien moduluak (B1, B2 eta B3 lehiaketei aplikatuko zaie).
40 euroko balioa aplikatuko da partaide bakoitzeko lehiaketan, parte hartzeko beharrezkoak diren jantziak eskuratzeko.
Inskripzioen eta lizentzien moduluak (A1, A2 eta B1 lehiaketei aplikatuko zaie).
Inskripzioak eta lizentziak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da.
A1 lehiaketen diru-laguntzen kalkulua.
Aurreko atalean aipatutako joan-etorrien modulua aplikatzeaz gain, talde bakoitzari bere kirol diziplinan parte hartzeagatik eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da:
Laguntza kuantifikatzeko, honako eremu hauek hartuko dira kontuan:
1. Inskripzioak eta lizentziak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da.
2. Arbitrajeak: kirol talde bakoitzak bere lehiaketa gara dadin ordaindu behar dituenak, kirol modalitateen arabera ezberdinak; emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da.
3. Instalazioak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 40.000 euroko muga izanen du. Klubaren instalazioak direnean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluari jarraikiz egin beharko da gastuaren egozpena.
4. Entrenatzaileak eta teknikariak (lehen entrenatzailea, bigarren entrenatzailea, atezainen entrenatzailea, berreskuratzailea, fisioterapeuta, masajista, medikua eta ordezkaria): kontratazio gastuak eta horien ondoriozkoak, gehienez ere 65.000 euroko mugarekin.
5. Kirol materiala eta jantziak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 8.000 euroko muga izanen du.
6. Nafarroako kirolariak: diru-laguntza emanen da kontratazio gastuetarako eta horien ondoriozkoetarako, gehienez ere 2.000 euroko mugarekin kirolari bakoitzeko. Talde bakoitzaren barnean kontzeptu horregatik jasoko den gehieneko diru-laguntza 24.000 eurokoa izanen da.
7. Administrazioa eta kudeatzailetza: emanen den diru-laguntza kudeatzaile bat edo antzekoa kontratatzeko izandako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 15.000 euro.
Horren guztiaren baturak kirol modalitate eta talde bakoitzari eman beharreko zenbatekoa emanen digu.
Modalitateren batean bi talde badaude maila berean, %10 kenduko zaie jaso beharreko zenbatekotik.
Modalitateren batean goragoko maila profesionalik badago, %10 kenduko zaie jaso beharreko zenbatekotik.
A2 lehiaketen diru-laguntzen kalkulua.
Aurreko atalean aipatutako joan-etorrien modulua aplikatzeaz gain, talde bakoitzari bere kirol diziplinan parte hartzeagatik eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da:
Laguntza kuantifikatzeko, honako eremu hauek hartuko dira kontuan:
1. Inskripzioak eta lizentziak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da.
2. Arbitrajeak: kirol talde bakoitzak bere lehiaketa gara dadin ordaindu behar dituenak, kirol modalitateen arabera ezberdinak; emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da.
3. Instalazioak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 40.000 euroko muga izanen du. Klubaren instalazioak direnean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluari jarraikiz egin beharko da gastuaren egozpena.
4. Entrenatzaileak eta teknikariak (lehen entrenatzailea, bigarren entrenatzailea, atezainen entrenatzailea, berreskuratzailea, fisioterapeuta, masajista, medikua eta ordezkaria): kontratazio gastuak eta horien ondoriozkoak, gehienez ere 65.000 euroko mugarekin.
5. Kirol materiala eta jantziak: emanen den diru-laguntza egindako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 8.000 euroko muga izanen du.
6. Nafarroako kirolariak: diru-laguntza emanen da kontratazio gastuetarako eta horien ondoriozkoetarako, gehienez ere 2.000 euroko mugarekin kirolari bakoitzeko. Talde bakoitzaren barnean kontzeptu horregatik jasoko den gehieneko diru-laguntza 24.000 eurokoa izanen da.
7. Administrazioa eta kudeatzailetza: emanen den diru-laguntza kudeatzaile bat edo antzekoa kontratatzeko izandako gastuaren %100 izanen da, eta gehienez ere 8.000 euro.
Horren guztiaren baturak kirol modalitate eta talde bakoitzari eman beharreko zenbatekoa emanen digu.
Maila eta modalitate berean bi talde badaude, %20 kenduko zaie esleitu beharreko zenbatekotik.
Espainia mailako kategoria gorenetik beheragoko aurre-aurreko kategorian parte hartzen duten taldeak Nafarroako ordezkari bakarrak eta gorenak badira haien kirol modalitatean, %30eko beherapena izanen dute esleitu zaien zenbatekoan.
B1 lehiaketen diru-laguntzen kalkulua:
Diru-laguntza kalkulatzeko, joan-etorrien baremoari (joan-etorriak, ostatua hartzea eta mantenua) jantziak batuko zaizkio, eta B1 kasuan, inskripzioak eta lizentziak, eta honako hau aplikatuko da:
1. 2. mailako modalitateetan, kasuan kasuko joan-etorrien moduluaren zenbatekoa %50ean murriztuko zaio beheko mailako taldeari.
2. Kirol modalitate batean bi talde eskatzaile badaude maila berean, kasuan kasuko zenbatekoari %10 kenduko zaio, talde bakoitzari; %15 kenduko da hiru talde balira, eta %20, lau talde balira, eta, hala, behin eta berriz.
B2 lehiaketen diru-laguntzen kalkulua:
Diru-laguntza kalkulatzeko, joan-etorrien baremoari (joan-etorriak, ostatua hartzea eta mantenua) jantziak batuko zaizkio, eta honako hau aplikatuko da:
1. 2. mailako modalitateetan, kasuan kasuko joan-etorrien moduluaren zenbatekoa %50ean murriztuko zaio beheko mailako taldeari.
2. Kirol modalitate batean bi talde eskatzaile badaude maila berean, kasuan kasuko zenbatekoari %5 kenduko zaio, talde bakoitzari; %10 kenduko da hiru talde balira, eta %15, lau talde balira, eta, hala, behin eta berriz.
B3 lehiaketen diru-laguntzen kalkulua:
B3 taldeari aplikatu beharreko joan-etorrien eta jantzien moduluen baturak honako muga hauek izanen ditu:
–Errepideko txirrindularitza amateurra, gizonezkoak: 20.000 euro onuradun bakoitzeko.
–Errepideko txirrindularitza amateurra eta pistako txirrindularitza, emakumezkoak: 12.000 euro onuradun bakoitzeko.
–Pistako txirrindularitza, gizonezkoak: 10.000 euro onuradun bakoitzeko.
–1. kategoriako gimnastika, emakumezkoak, taldeka: 9.000 euro onuradun bakoitzeko.
–Senior gimnastika, taldeka: 5.000 euro onuradun bakoitzeko.
Talde bakoitzean, eman beharreko laguntzen baturak ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, hainbanaketa eginen da onuradunen artean.
Dena dela, B1, B2 edo B3 taldeetako edozeinetan kreditu erabilgarri osora iristen ez bada, talde bateko soberakina II. ataleko (B lehiaketak) gainerakoen artean banatuko da, hasieran esleitu zaien kopuruaren proportzioan.
Iragarkiaren kodea: F1503248
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
