47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, enpresa txiki eta ertainek Nafarroako establezimendu turistiko arautuak hobetu eta berritzeko 2015. urtean egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen deialdia onesten duena.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko molde berrian. Horri dagokionez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak azken urteotan kalitate eta izaera bereziko establezimenduak sortzea sustatu du.

Ildo beretik, gaur egun establezimendu franko eta askotarikoak daudenez, lehentasunezkotzat jotzen da zerbitzuen kalitatea handitzeko ekimenak ahalbidetu eta bultzatzea, halako antzinatasuna duten establezimenduak hobetuz eta berrituz.

Aurten jarduketa gehiagotarako diru-laguntzak emanez indartzen den lan-ildo hori bat dator Turismoko Estatuko Idazkaritzak segitzen duenarekin, eta denok batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.

Horregatik, beharrezkoa da, orobat, Q ikurraren ezarpena sustatzen eta laguntzen segitzea, horrek Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzen lagunduko duelakoan, kalitateko destino gisa eratzen duelako, enpresen sektorearen lankidetzarekin eta kalitatea kudeatzeko egungo ereduak erabiliz.

Ikusten ahal denez, deialdi honek batzuetan hura argitaratu aurretik egiten diren inbertsioak hartzen ditu kontuan. Alde batetik, adierazi behar da, kalitateko sistema mantendu beharrak establezimenduan hobekuntzak etengabe egiteko konpromisoa ekartzen duela eta, horregatik, establezimenduak bere barne hobekuntzaren planean ezarritakoaren arabera egiten dituela haiek. Bestetik, deialdi hau, modu batera edo bestera, irizpide batzuk izan edo beste batzuk izan, ohikoa da 10 edo 12 urtetik hona, eta horregatik, interesdunek, batzuetan, bere egiten dute hainbat jarduketa egiteko arriskua, azkenik laguntzaren onuradun izanen den jakin gabe ere. Gainera, erantsi behar da, arrazoi batengatik edo bestearengatik, deialdien argitalpena franko geroratzen dela eta, horrenbestez, zer-nolako inbertsioak diren ikusita, data hori baino lehen hasten ez badira zail da oinarrietan ezarritako epearen barrenean bukatzea. Hori horrela, eta aurrekontuarentzat aurreikusi den urtean argitaratzen denez, uste dugu argitalpenaren aurreko jarduketak onartu behar direla; betiere, jarduketa horien fakturazioa oinarri arautzaileetan ezarritako epearen barrenean bada.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24koan. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

Azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuko diru-izendapena agortu arte. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako inbertsio proiektu bakoitzari ematen ahal zaion diru-laguntza portzentajea zehaztuko duena.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen

uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainek 2015ean Nafarroan dauden establezimenduak hobetu eta berritzeko egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10001-A1130-7709-432100: Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko (PITN)

4868

2015

287.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEK NAFARROAN BEHAR BEZALA ERREGISTRATUTAKO ESTABLEZIMENDU TURISTIKO ARAUTUAK HOBETU ETA BERRITZEKO 2015EAN EGITEN DITUZTEN INBERTSIOETARAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko araubide bat ezartzea, honako hauek egiteko:

a) Establezimendu turistikoetan 2015ean egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, Kalitate Turistikoaren Q ikurra edo UNE araua lortu edo hari eusteko asmoz egiten direnak, betiere establezimendu horiek Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita baldin badaude.

b) Establezimendu turistiko arautuetan 2015ean egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, betiere Nafarroako Turismoko Erregistroan behar bezala inskribaturik baldin badaude.

Laguntza eskaerak bi atal horietako baterako izanen dira. Hortaz, zein aukeratzen den argi eta garbi adierazi beharko da eskabidean, dagokion laukitxoan.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko zuzkidura 287.000 eurokoa izanen da gehienez, eta 2015era luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko” izeneko A10001 A1130 7709 432100 kontu-sailaren kargura izanen da (ADPT). Diru kopuru hori handitzen ahalko da, programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuetako kontu-sailari diru erabilgarri gehiago erantsiz.

Adierazitako aurrekontua honela banatuko da:

a) Kalitatearen arloko inbertsioak: gehienez 71.750 euro, hau da, guztirakoaren %25.

b) Inbertsioak gainerako establezimendu turistiko arautuetan: 215.250 euro (%75); kopuru hori honela banatuko da:

–Hotelak: 81.000 euro (%37,63).

–Apartamentuak eta landetxeak: 71.000 euro (%32,98).

–Turismo kanpalekuak: 15.500 euro (%7,2).

–Aterpetxeak: 15.500 euro (%7,2).

–Jatetxeak: 32.250 euro (%14,98).

Espedienteak azterturik eta deialdiaren ebazpena proposaturik atalen batean dirurik geldituko balitz, honela banatuko litzateke:

–a) ataleko gerakinak b) atalari gehituko zaizkio, zerrendan dauden ordena berean.

–2.b ataleko azpiataletako gerakinak, lehenbizi, atal bereko azpiatalei gehituko zaizkie, zerrendan dauden ordena berean, eta, beharrezkoa balitz, bigarrenik, 2.a. atalari.

3.–Onuradunak.

3.1. Enpresa turistiko txiki eta ertainak, ETE turistikoak aurrerantzean, onuradunak izaten ahalko dira baldin eta, deialdi hau argitaratzen den unean, eskaeraren xedeko establezimenduen titularrak badira.

3.2. Eskaeraren xedeko establezimenduek Nafarroako Turismo Erregistroan egon beharko dute erregistratuta, honako data hauek baino lehen:

–2013ko urtarrilaren 1a, kalitate turistikoaren arloko eskaerentzat (a atala, 1. oinarria).

–2005eko urtarrilaren 1a, gainerako eskaerentzat (b atala, 1. oinarria).

3.3. Hoteletan, turismoko apartamentuetan, landetxeetan, 3 izarreko turismo kanpalekuetan, aterpetxeetan eta jatetxeetan egindako inbertsioetarako eskaerak hartzen ahalko dira.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

4.–Laguntzen barruan sar litezkeen inbertsioak eta erreferentzialdia.

2014ko azaroaren 16tik 2015eko azaroaren 15era bitarte egin eta fakturatu diren hobekuntza eta eraberritzeetarako inbertsio proiektuak sartzen dira deialdi honen barruan; honelakoak:

–Establezimenduetako mantentze-lanak eta eraberritzeko lanak, konparazio batera: isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, berokuntza sistemak, igeltserotza edo zurgintza.

–Establezimenduko altzariak eta ekipamendua, baldin eta ekipamendu hori inbertsiotzat hartzen bada, eta ez berritze hustzat.

Oharra: sarbideetako obra edo konponketak ez dira aintzat hartuko, non eta sarbide horiek ez diren turismorako erabiltzen den jabetzaren parte. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira, orobat, establezimenduaren jarduera turistikoarekin argi eta garbi loturik ez dauden mota guztietako erremintak, lan-tresnak, ibilgailuak edo elementuak. Deialditik kanpo daude, halaber, establezimenduaren kudeaketarako aplikazio edo ekipamendu informatikoak.

Ahaleginak eginen dira azpiegituretan ingurumen aldetik egokiak diren material eta produktuak erabiltzeko (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolatzaile termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuak eta emaria mugatzeko mekanismoak dituzten saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen arloko neurriak integratzeko ahaleginak eginen dira.

Era berean, hondakinen bilketa sailkatua ahalbidetzen duten sistemak aurreikusiko dira obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko.

5.–Gutxieneko irizpideak proiektuak onesteko.

Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Establezimendu turistikoetan kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko egiten diren hobekuntzak eta eraberritzeak.

–2013ko urtarrilaren 1a baino lehen Turismo Erregistroan inskribaturik egon behar du establezimenduak.

–Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita egon behar du, eta urtebetean eskuratu beharko du ziurtapena, laguntza ematen denetik hasita, eta/edo 5 urtez mantendu.

–Eraberritzeak edo hobekuntzak bukaturik, establezimenduak aplikatzekoa den araudira egokitu beharko du, aldez aurretik ez bazegoen.

–Atxikipen berrien kasuan, aurkezten diren inbertsioak aldez aurreko autoebaluazioari buruzko galdetegia bete ondoan antzematen diren beharren emaitza izanen dira, edo, dagoeneko ziurtapena duten establezimenduen kasuan, hobekuntza planetan eta/edo establezimendua hobetzeko ekimenetan aurreikusita dauden inbertsioak izanen dira.

–Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen udalaren ziurtagiria.

b) Eraberritzeak eta hobekuntzak establezimendu turistiko arautuetan.

–Xedeko establezimenduak gutxienez 10 urteko antzinatasuna izan beharko du erregistroan, eta 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik egon beharko du inskribatua Turismoko Erregistroan.

–Azken bost urteotan, gutxienez, turismoko jardueran aritu dela frogatu beharko du. Epe horretan titulartasuna aldatu bada, eskualdaketaren hasieratik bete beharko da baldintza hori.

–Eraberritzeak edo hobekuntzak bukaturik, establezimenduak aplikatzekoa den araudira egokitu beharko du, aldez aurretik ez bazegoen, eta, edonola ere, gutxieneko hauek bete beharko ditu:

  • Ostalaritzako establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.
  • Apartamentu turistikoak: bi giltzako kategoria, gutxienez.
  • Landetxeak: bi izarreko kategoria, gutxienez.
  • Turismo kanpalekuak, 3 izar.
  • Aterpetxeak: daukaten kategoria edo tipologia.
  • Jatetxeak: 2 sardexka.

–Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen udalaren ziurtagiria.

Oharrak:

–Goian aipatu gutxieneko irizpideak betetzen dituzten bi establezimendutan edo gehiagotan inbertsioak egiteko titular baten beraren eskaeren kasuan, honako hau hartuko da kontuan:

–Eraikin edo instalazio berean badaude, baremorako, establezimendu zaharreneko datuak hartuko dira kontuan, baina gehieneko aurrekontu bat onartuko da establezimendu bakar bat balitz bezala, eta 6. ataleko mugen barrenean.

–Guztiz bereizita dauden eraikin edo instalazioetako establezimenduak badira, eskaera bat onartuko da establezimendu bakoitzeko.

–Arau erreforma berriaren ondorioz jatetxe gisa erregistratu diren hoteletako jantokietan egindako inbertsioen kasuan, hotelak erregistroan duen antzinatasuna hartuko da kontuan.

6.–Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko 1.a) oinarrian zehazten diren eraberritzeetarako, %50eko diru-laguntza emanen da, ez itzultzekoa (18.000 euro gehienez), eta 1.b) oinarrian zehazten direnetarako, berriz, %40koa (14.400 euro gehienez).

Aurkezten diren proiektuek, gutxienez, 6.000 euroko inbertsioa izan beharko dute, eta ezin dira 36.000 eurotik gorakoak izan, BEZa kanpo betiere.

7.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu arte banatuko dira.

8.–Baremoa.

a) Establezimendu turistikoetan kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko egiten diren hobekuntzak eta eraberritzeak:

Deialdi honen 2. oinarrian adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, baremo hau aplikatuko da:

a.1) Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

a.2) Kalitatearen Qa zein urtetan lortu zen: 2 puntu urte bakoitzeko, eta 20 puntu gehienez.

a.3) Departamentu honetatik azken 5 urteetan (2010eko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) jasotako laguntzak* (gastua edo inbertsioa):

–15 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.

–10 puntu, 5.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–5 puntu, 10.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–2 puntu, 15.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–Azkeneko 5 ekitaldietan titularrak jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna). Betiere, eta epe horretan aldaketarik izan bada titulartasunean, establezimendu horrek jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

Berdinketa izanez gero, erabakia hartzerakoan, aurreko 5 urteetan jasotako diru-laguntzak hartuko dira aintzat lehenbizi, eta, gero, erregistroko inskripzioaren antzinatasuna, hila eta eguna ere kontuan hartuta.

b) Establezimendu arautuetan 2014an egindako eraberritzeak eta hobekuntzak:

Deialdi honen 2. oinarrian adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, baremo hau aplikatuko da:

b.1) Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

b.2) Departamentu honetatik azken 5 urteetan jasotako laguntzak* (gastua edo inbertsioa, sortu berrientzakoak izan ezik):

–15 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.

–10 puntu, 5.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–5 puntu, 10.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–2 puntu, 15.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

(*) Azkeneko 5 ekitaldietan titularrak jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna). Betiere, eta epe horretan aldaketarik izan bada titulartasunean, establezimendu horrek jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

b.3) Gehienbat adin honetako jendea* partaide duten proiektuak:

–35 urtetik beherakoak: 15 puntu.

–55 urtetik beherakoak: 10 puntu.

(*) Laguntza eskatzen duen establezimendua sozietate bat baldin bada, baldintza hori bazkideen erdiek gehi batek bete beharko dute, eta, horretarako, sozietate titularra osatzen duten pertsona fisikoen datuak bakarrik hartuko dira kontuan, ez pertsona juridikoenak. Aurkezten den dokumentazioan elkarteko bazkideen kopurua eta adina zehaztu beharko dira; bestela, ez da argitzeko eskatuko, dokumentazio hori ezin baita zuzendu.

b.4) Berea eta banakakoa den web orria daukaten establezimenduak: 3 puntu.

b.5) Titularra elkarte/partzuergo turistiko baten kide izatea: 5 puntu.

b.6) Azken 3 urteotan (2012ko urtarrilaren 1az geroztik), jarduera turistikoarekin edo titularrak edo haren zerbitzuko langileek establezimenduan egiten duten kudeaketarekin zerikusia duten ikastaro/jardunaldietan parte hartzeagatik:

–5 puntu, 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

–2 puntu, 50 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

Berdinketarik badago, lehenbizi, titularrek azkeneko 5 urteetan jasotako turismo laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan). Kasu honetan, establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.

Oharrak:

Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren bidez eginen da b.3, b.4, b.5 eta b.6 ataletako baremoaren balorazioa: ezin da geroago aurkeztu edo zuzendu.

9.–Araubide juridikoa eta laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an eman zuen 1407/2013 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2013ko abenduaren 24an. Erregelamendu hori “de minimis” laguntzei buruzko Europako Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergalditan. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen hiru zergalditan.

Laguntza horiek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin. Dela dela, proiektu baterako jasotako diru-laguntza guztiek 200.000,00 euroko zenbatekoa edo onartutako aurrekontua gaindituko balute, diru-laguntza horiek behar den neurrian murriztuko lirateke.

10.–Eskabideak aurkeztea eta zer dokumentazio aurkeztu.

a) Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Eskaera egiteko, horretarako berariaz ezarrita dagoen inprimakia bete beharko da. Inprimakia eskura dago Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.

Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, eskaeraren inprimakia –eransten den dokumentazioa azaltzen duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

b) Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita bat egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira diru-laguntzarako eskaerak.

c) Eskatzen den dokumentazioa.

Eskabide-orria behar bezala beteko eta sinatuko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:

1. Izaera.

–Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

–Ahaldunaren NANa eta notario-ahalordea, kasua bada.

2. Proiektuari buruzko dokumentazioa:

2.1. Aurkezten diren proiektu guztietarako:

–Inbertsioa deskribatzen duen memoria.

–Aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua.

–Hala behar denean, obra proiektu ikus-onetsia.

–Inbertsioetan obraren bat sartzen bada, obrako lizentziaren kopia edo obrako lizentziarik ez dela behar dioen udal ziurtagiria.

2.2. Kalitatearen arloko eskaerak direnean, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

–ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko (atxikipen berrientzat).

–Hobekuntza plana, zuzenketa-ekintzak edo autoebaluazio-galdetegia, ziurtagiria lortzeko beharrezko edo aurreikusitako inbertsioak egin behar direla ondorioztatzeko erabili dena. Nolanahi ere, memoriak argi adierazi behar du inbertsioen eta sistemaren ezarpenaren arteko lotura.

3. Beste batzuk.

–Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

–Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

–Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal diren kostuentzat eskatu eta hartutako beste laguntzen erantzukizuneko aitorpena.

–Erantzukizuneko aitorpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako egoera debekurik urratzen ez dela dioena.

–Azkeneko 5 urteotako jarduera turistikoa mantendu dela egiaztatzen duen dokumentazioa, edo berariazko baimena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko teknikariek Ogasunean egiaztapena egin dezaten (establezimendu arautuetako eskaerak).

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako webgunean lortzen ahal dena: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm (aurretik eskatu ez bada edo daturen bat aldatu bada, paperean aurkeztu beharko da Diruzaintzan).

4. Baremorako dokumentazioa, zuzendu ezin dena.

Espedientearen baremoaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko dokumentazioa eskaerarekin batera bidaliko da, eta ezin izanen da gerora zuzendu.

4.1. Kalitatearen arloko eskaerak.

–Datu hauek ematen dituen erantzukizuneko aitorpena: Turismo Erregistroan noiz inskribatu zen, kalitatearen Q ziurtapena noiz eskuratu zuen eta azken 5 urteotan jasotako laguntzak. Departamentuak, betiere, egiaztatu eginen du informazio hori.

4.2. Gainerako establezimenduen eskaerak:

–Datu hauek ematen dituen erantzukizuneko aitorpena: Turismo Erregistroan noiz inskribatu zen eta azken 5 urteotan jasotako laguntzak. Departamentuak, betiere, egiaztatu eginen du informazio hori.

–Titularren adina frogatzeko dokumentazioa (titularren NANa). Elkarte bat baldin bada, bazkide fisiko guztien NANa eta, horrekin batera, dokumentu hauek: elkartearen bazkide kopurua zein den dioen agiria; establezimenduaren web-orria (egiaztatu daitekeen helbidea); turismoaren arloko erakunde edo partzuergoren bateko kidea dela dioen agiria (erakundeak edo partzuergoak emana); eta, aurreko 3 urteetan ikastaro edo jardunaldiren batean partu hartu badu, horien egiaztagiria eta ordu kopurua.

11.–Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Eskaerak, nahitaez aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskaera beteta eta zuzen dagoela eta 5. oinarrian adierazitako proiekturen baterako dela egiaztatu ondoren, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da. Baremoan lortutako puntuazioa deialdiaren web orrialdean argitaratuko da, bere espedientea behar bezala baloratu ez dela uste duenak alegazio egokiak egin ditzan 5 egun balioduneko epean, dela erregistroaren bidez, dela posta elektronikoaren bidez. Web orrialdeko argitalpen hori posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea iraganik, balorazio ekonomikoa eginen da, 6. oinarria kontuan hartuz, eta ebazpena emanen da 8. oinarriko baremoari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren proposamena ikusirik, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, arrazoiak emanez, abian den urteko aurrekontuaren kargura egonen diren diru-laguntzei buruz.

Berariazko ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Organo eskudunak argibideak edo agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea amaitu arte.

12.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/

13.–Gastuak justifikatzeko eta diru-laguntza ordaintzeko epeak.

a) Justifikatzeko epeak.

Ordainketa eskatzeko inprimakia eta inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2015eko azaroaren 15a izanen da.

b) Diru-laguntzaren ordainketa.

Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektuaren %80tik behera gauzatzen bada, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta emandako diru-laguntza ezeztatuko du.

c) Justifikazioaren inprimakiarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Onuradunek diru-laguntzen deialdiari buruzko informazio-orrian dagoen justifikazio inprimaki formalizatua bete beharko dute (http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/) eta, harekin batera, diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu. Hona dokumentu horiek:

–Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimaki formalizatuko xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.

–Fakturen kopia (ez da onartuko ez eskurako ordainketarik ez hartze-agiririk). Ordainketa justifikatzen duten bankuko dokumentuen fakturazioko betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren araberakoak izanen dira fakturak. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie, fakturen zerrendaren arabera, eta eskaneatuta egonen dira, zein bere fakturarekin.

–Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena eta azkenean jasotako diru-laguntzena edo, hala badagokio, diru-sarrera eta diru-laguntza ezaren aitorpena (ordaintzeko eskaeraren inprimaki berean).

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, justifikazioaren inprimakia –eransten den dokumentazioa azaltzen duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

14.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egitea eta 13. oinarrian ezarritako epeetan justifikatzea.

c) Eraberritzeak edo hobekuntzak bukaturik, establezimenduak aplikatzekoa den araudira egokitu beharko du, aldez aurretik ez bazegoen, eta, edonola ere, 5. oinarrian ezarritako gutxienekoak bete beharko ditu.

d) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez “inbertsioak bukatzeko” aurreikusitako data baino 2 hilabete lehenago. Horren berri ematen ez bada, hurrengo deialdian kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

e) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

f) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek diru-laguntza ordaintzen denetik hasiko dira.

g) Q ziurtagiriaren gaineko eta ICTE sisteman sartzeko laguntzen kasuetan, establezimenduek diru-laguntza ordaindu eta urte bateko epean lortu behar dute ziurtagiria, eta, betiere, 5 urtez eutsi beharko diote kalitatearen markari.

h) Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik lortu ote den.

i) Laguntzaren xede den jarduerari buruzko informazio guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dela. Ageriko leku batean paratzea obrak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat.

j) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

k) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak edo elkarteek turismoaren arloan antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan edo jardunaldietan parte hartzea, edo jarduera turistikoarekin edo establezimenduaren kudeaketarekin ikustekoa duten prestakuntza pribatuetan.

l) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

15.–Laguntzen ezereztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

14. oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan iruzur egiteak edo nahasteak eragiteak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako laguntzak ezereztatzea eta, bidezko bada, eskuratutako dirua itzuli beharra, berandutza interesak eta guzti, eta bidezko diren zehapenak jartzea, behar den espedientea tramitatu ondoren.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.

Iragarkiaren kodea: F1502702