47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Diru-laguntzen deialdia, 2015ean arte, kultur eta kirol arloko jarduerak egiteko

Ultzamako Udalak, 2015eko otsailaren 23an egindako osoko bilkura arruntean, ondoko diru-laguntzen deialdia onetsi zuen. Hona hemen testua:

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK, IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATE, ELKARTE ETA PARTIKULARREK 2015EAN ARTE, KULTUR ETA KIROL ARLOKO JARDUERAK EGIN DITZATEN

1.–Xedea.

Hona deialdi honen xedea:

1.a) Ekonomikoki laguntzea honako hauekin zerikusia duten kultur jarduerak: dantza, musika, antzerkia, kirol jarduera, arte plastikoak, festa eta ospakizun tradizionalak... eta izaera artistikoa duten antzeko jarduerak.

1.b) Ultzamako artearen eta kulturaren arloko entitateek ekipamendua hobetu dezaten laguntzea.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira irakaskuntza arloko jarduerak eta ekipamenduak, bai eta herrietako festa nagusiak edo antzekoak.

Deialdi honetarako aurrekontua 4.000,00 eurokoa da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzak jaso ahalko dituzte:

–Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea Ultzamako udal mugapean dutenak.

–Pertsona fisikoak, inskribatu gabeko talde edo elkarte baten ordezkari gisa, noizean behinkako ekimenetarako, irabazi asmorik gabe, helbidea Ultzamako udalerrian izanik.

Salbuespena: Ez dituzte laguntza hauek jasoko Ultzamako Udalaren laguntza ekonomikoak zuzenean jasotzen dituzten entitate eta/edo pertsona fisikoek. Edonola ere, zuzenean jasotako laguntza hori deialdi honetako diru-laguntza baino txikiagoa bada, posible izanen da deialdiko laguntzak jasotzea; hain zuzen ere, laguntzaren zenbatekoa osatzeko falta den diru-kopurua emanen da.

Hala ere, onuradunak edo onuradunek Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9 eta 13. artikuluetan eta haiekin bat heldu direnetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte.

Diruz lagundu beharreko gasturako ezin izanen da beste diru-laguntza edo laguntzarik jaso beste entitate publiko batetatik. Hala gertatzekotan, bitan lagundutako diru-laguntzaren zenbatekoa itzuli beharko da.

3.–Eskabideak aurkeztea.

3.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitate, elkarte, talde edo pertsona fisikoek eskabideak aurkeztu beharko dituzte 2015eko apirilaren 15eko 14:30 baino lehen.

3.2. Eskabideak Ultzamako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, honako hau adierazita: “Entitate, elkarte eta pertsona fisikoek 2015ean arte, kultur eta kirol arloko jarduerak egiteko diru-laguntzen deialdirako”.

3.3. Eskatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztu behar dute:

3.3.1. Diruz laguntzea nahi diren urte horretako jardueren azalpen zehaztua, entitatearen buruak edo eskabide horren erantzuleak sinatua.

3.3.2. Transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, kontu korrontearen zenbakia adierazita (eta haren IBANa), bertara transferentzia egiteko.

3.3.3. Diru-laguntza zein jarduerarako eskatzen den, haren programa zehatza eta aurrekontu xehatua:

3.3.3.a) Laguntza eskatzen bada 1.a oinarrian ezarritako xederako: Laguntza zein jardueretarako eskatzen den, haien azalpen-memoria, bertan adieraziz xedeak, parte-hartzaileen kopurua, aurrekontua, eta non eta noiz eginen diren.

3.3.3.b) Laguntza eskatzen bada 1.b oinarrian ezarritako xederako: Azken 12 hilabeteetan egindako jardueren memoria, aurreko urteko jardueren plana, eskuratu nahi den ekipamenduaren eta bere prezioaren deskripzio xehatua.

3.3.4. Entitatearen idazkariaren edo arduradunaren ziurtagiria (edo erantzulearen zinpeko aitorpena) beste entitate publiko edo pribatu batzuei, jarduera garatzeko edo ekipamendua eskuratzeko, eskatu zaizkien diru-laguntzen zerrenda dakarrena. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin bada eta deialdi honetako eskabidea aurkeztutako momentuan oraindik erabaki gabe baldin badago, hori ere adierazi beharko da. Laguntza edo diru-laguntza ematerakoan, edonola ere, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 16.-3 artikuluan ezarritako mugak aplikatuko dira.

3.3.5. Estatutuen kopia konpultsatua, elkarte edo patronatua bada, eta dagokion erregistro publikoko inskripzioarena.

Talde baten ordezkari gisa diharduten pertsona fisikoen kasuan, ekimena sustatzen eta/edo laguntzen duten pertsonen zerrenda, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 2 eta 3. ataletako edukia kontuan hartuz.

3.3.6. NANaren edo IFZaren kopia konpultsatua.

3.3.7. Tributuen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteak izatearen ziurtagiriak.

Deialdi honetako diru-laguntzen eskatzaileek Udalarekiko betebehar fiskalak beteak dituztela egiaztatuko du Ultzamako Udalak, ofizioz.

3.3.8. Zinpeko aitorpena, beste laguntza publiko batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruz.

4.–Balorazioa.

4.1. Diru-laguntzak edo laguntzak emanen dira norgehiagokako araubidean, Balorazio Batzordeak proposatuta, honako hauek osatuko baitute:

–Ultzamako Udaleko Kultur Batzordeko kide diren talde politiko ezberdinetako ordezkariak.

–Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko animatzaile sozio-kulturala.

4.2. Ebaluazio-batzordeak aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu eta proposamena igorriko dio laguntzak emateko organo eskudunari; hori guztia 2015eko maiatzaren 31 baino lehen.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 22. artikuluak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58, 59, 60 eta 61. artikuluek ezarritakoarekin bat.

4.3. Batzordeak, balorazioa egiterakoan, kontuan hartuko ditu irizpide hauek:

4.3.1. Laguntza eskatu bada 1.a oinarrian ezarritako xederako:

–Jardueraren interes orokorra.

–Jardueraren xedeak.

–Gisako jardueren urritasuna.

–Diru-laguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen jarduerei laguntza ematea.

–Jardueraren errentagarritasuna, kulturaren, artearen eta kirolaren ikuspegietatik.

4.3.2. Laguntza eskatu bada 1.b oinarrian ezarritako xederako:

–Entitatearen kultur jardunbidea, haren egonkortasuna eta eskuratu nahi duen ekipamenduaz duen beharra; ulertu behar da hura dela taldeak bere jarduera egiteko edo abiatzeko ezinbestekoa duena.

5.–Diru-laguntzen zenbatekoa ematea.

Onuradunak jasotako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa izanen da jarduera eta/edo ekipamenduaren aurrekontuaren portzentaje bat, baina betiere aurrekontu horren %75etik beherakoa.

Onuradun bakoitzeko emanen den diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da 1.000 eurotik gorakoa izanen.

6.–Diru-laguntzen ordainketa.

6.1. Emandako laguntzak bi epetan ordainduko dira.

6.1.1. Laguntza eskatu bada 1.a oinarrian ezarritako xederako: Bi epetan ordainduko da. %75, diru-laguntza ematen denean, eta gainontzeko %25, proiektua bukatu eta deialdiaren 7. atalean aurreikusi den moduan justifikatu ondoren (Jardueren eta/edo ekipamenduen justifikazioa).

6.1.2. Laguntza eskatu bada 1.b oinarrian ezarritako xederako: ordainagiria aurkeztu ondotik ordainduko da.

6.2. Ekitaldi ekonomiko zehatz baten kontura diru-laguntza bat jasotzeak ez dakar inolako eskubiderik, hurrengo urteetan diru-laguntzak jasotzeko.

6.3. Diru-laguntza emanda, onartutzat joko da, espresuki uko egiten ez zaio. Bestela, ulertuko da onartu dela emandako zenbatekoa eta eskatzaileak konpromisoa hartuko du proiektatutako jarduera gauzatzeko.

7.–Jardueren eta/edo ekipamenduak eskuratzearen justifikazioa.

Laguntza edo diru-laguntza jasotzen duten onuradunak behartuta daude ondoko dokumentazio hau aurkeztera Udaleko Erregistro Orokorrean, 2015eko abenduaren 11 baino lehen:

–Jardueraren txostena (dagokionean, jarduera deskribatuko da, parte-hartzaile kopurua, tokia, eguna eta ordua adierazita) eta balantze ekonomikoa (gastuak eta diru-sarrerak). Horiei nahitaez erantsiko zaizkie ordainagirien kopia konpultsatuak eta ordainketen frogagiriak.

–Zinpeko aitorpen berria, deialdi honen laguntzen bitartez diruz lagundutako gastu zehatz horretarako bestelako laguntza publikoak eskatu eta/edo jasotzeari buruz.

8.–Onuradunen beste betebehar batzuk.

8.1. Laguntza eskatu bada 1.a oinarrian ezarritako xederako:

8.1.1. Diruz lagundutako jardueran gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea, hura gertatzen den unean bertan.

8.1.2. Dokumentazioan eta inprimatutako propagandan Ultzamako Udalaren lankidetzaren berri ematea, Udalaren logotipoak ezarriz.

8.2. Laguntza eskatu bada 1.a oinarrian ezarritako xederako:

8.2.1. Erositako ekipamendua Ultzamako Udalaren eskutan jartzeko konpromisoa, entitatea jardutetik gelditzen bada edo desegiten bada.

8.2.2. 3.3.3.b oinarrian aipatutako dokumentazioan deskribatutako eta eskatutako ekipamenduaren ezaugarrien aldaketa dakarren edozein gorabeheraren berri ematea Ultzamako Udalari.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak urratzeak laguntza deuseztatzea ekarriko du edo, dagokionean, justifikatu ez denari lotutako zatia kentzea. Horrek ekartzen ahal du hasiera batean jasotako zenbatekoaren itzulketa edo diru-laguntzaren bigarren zatiaren murrizketa.

Diruz lagundu den gasturako beste diru-laguntza edo laguntzarik jaso bada beste entitate publiko batetatik, gastu osorako edo zati baterako, bitan lagundutako diru-laguntzaren zenbatekoa itzuli beharko da.

Horretarako, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9 eta 34. artikuluak eta haiekin bat heldu direnak aplikatuko dira, onuradunen betebeharrei eta emandako diru-laguntzak itzultzeari buruzkoak baitira.

9.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza administratiboa egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Larraintzarren, 2015eko otsailaren 23an.–Alkatea, Francisco Javier Tornaría Iguelz.

Iragarkiaren kodea: L1503146