47. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, “elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek 2015ean turismoa garatzeko egiten dituzten jardueretarako laguntzen deialdia” onesten duena.

Nafarroako toki entitateek, partzuergoek eta turismoa garatu eta sustatzea helburu duten elkarte batzuek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismoaren sektorea indartzen, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren lana osatzen eta aberasten baitute.

Laguntza deialdi honen helburua da sektore publikoak xede horrekin bere gain hartzen dituen ekimenak sustatzea eta bisitarien kopurua handitzeko aurreko urteetan abian jarritako jarduketak sendotzea. Oro har, elkarteek aholkulari gisa eta kalitatearen sustatzaile gisa egiten duten lana sustatu nahi da, eta horrekin batera, hala elkarteek nola partzuergoek eta toki entitateek dinamizatzaile, koordinatzaile eta antolatzaile gisa egiten dutena. Helburua ahaleginak bateratzea da, tokiari eta denborari dagokienez eskaintza dibertsifikatzen duten jarduketa plan orokorren bidez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren beraren jarduketak eragingarriagoak izan daitezen.

Ikus daitekeenez, askotan data jakin batzuetan egin behar diren jarduketak jasotzen ditu deialdi honek eta, beraz, ezin dira beti zain egon, aurkeztu ohi diren deialdia noiz argitaratuko den. Deialdi hau urtero, eta modu berean aldiro, argitaratzen da; hortaz interesdunak jarduketa batzuk egiteko arriskua hartzen du bere gain, onuradun izanen den edo ez jakin gabe. Gainera, diru-laguntzen kudeaketa hobetzearren eta kudeatzaileek urte bukaerako justifikazioak berrikusteko nahikoa asti izan dezaten, esan behar da deialdiak kontuan hartzen duen aldia ez dela urte errealarena. Hori horrela, eta argitalpena aurrekontuaren xedeko urtean egiten denez, argitalpenaren aurreko jarduketak onartu beharrean gaude, baina betiere oinarri arautzaileetan ezarritako epearen barrenean; izan ere, interes orokorreko jarduketak direla uste dugu, bai entitate sustatzaileentzat, bai Nafarroa osoko garapen turistikoarentzat.

Deialdi hau norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baina norgehiagoka egin gabe. Dena dela, eta banaketa sistema gisara, diru-laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Hori horrela da deialdiak kontuan hartzen dituen jarduera guztiak egitea garrantzitsutzat jotzen delako. Esperientziari esker badakigu horrelako jarduerak, diruz lagundu ezean, ez direla egiten, funts eskasiagatik, baina laguntza jasotzeko aukerarik bada, nahiz eta deialdian hasiera batean aurreikusitakoa baino zerbait txikiagoa izan, jarduerak burutu ohi dira.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek 2015. urtean turismoa garatzeko egiten dituzten jardueretarako laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A10001-A1130-4819-432100: Elkarteentzako laguntzak turismoko jarduketetarako eta kalitaterako

4870

2015

150.000,00

A10001-A1130-4609-432100: Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak jarduketetarako eta sustapenerako (PITN)

4870

2015

160.000,00

A10001-A1130-4609-432104: Partzuergoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko (PITN)

4870

2015

110.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ELKARTEEK, TOKI ENTITATEEK ETA PARTZUERGOEK TURISMOA GARATZEKO 2015. URTEAN EGITEN DITUZTEN JARDUERETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek kalitatearen, ikuskizunen antolaketaren, produktuak garatzeko ekimenaren eta koordinazioaren arloan 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era arte egiten dituzten jardueretarako izanen dira deialdi honetako laguntzak. Irizpide hori aplikatuko zaie, orobat, proiektu bakar batean aurkeztuta ere bertako jarduketen %75 gutxienez epe horren barrenean egiten diren proiektuei.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gehieneko zenbatekoa 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura eginen da, ondoren zehazten den kontu-sailen araberako banaketari jarraituz:

–Turismo elkarteentzako laguntzak.

Gehienez ere 150.000 euro, “Elkarteentzako laguntzak turismoko jarduketetarako eta kalitaterako” izeneko A10001 A1130 4819 432100 kontu-sailaren kargura.

EPIGRAFEA/KONTZEPTUA

PORTZENTAJEA

GUZTIRA

Kalitatearen arloko jarduketak. A)

%20

30.000

Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa. B)

%72

108.000

Produktuak garatzeko ekimenak. C)

%8

12.000

GUZTIRA

%100

150.000

–Toki entitateentzako eta partzuergo turistikoentzako laguntzak.

Gehienez ere 160.000 euro, “Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak jarduketetarako eta sustapenerako” izeneko A10001 A1130 4609 432100 kontu-sailaren kargura.

EPIGRAFEA/KONTZEPTUA

PORTZENTAJEA

GUZTIRA

Kalitatearen arloko jarduketak. A)

%14,10

22.500

Turismoko ospakizunen edo ekitaldien antolaketa

%78,40

125.500

Produktuak garatzeko ekimenak. C)

%7,50

12.000

GUZTIRA

%100,00

160.000

–Turismoko partzuergoak kudeatzeko laguntzak.

Gehienez ere 110.000 euro, “Partzuergoentzako laguntzak turismoa kudeatzeko” izeneko A10001 A1130 4609 432104 kontu-sailaren kargura.

Edozein modutan, espedienteak berrikusi eta deialdiaren ebazpena proposatu ondoren gerakinen bat baldin bada azpiataletan beste bietako edozeini gehitzen ahalko zaio hurrenkera honetan: ekitaldien antolaketa, produktuen garapena eta kalitateko jarduketak. Halaber, deialdi honen eta programa bereko beste deialdi batzuen beste atal batzuk ebatzi ondoren, edo aurrekontuetako kontu-sailak handitu ondoren gerakinik baldin bada, aipatu kopuruak handitzen ahalko dira.

Modu berean, deialdi honetan berean ebatzitako espedienteetan gerora egindako doiketengatik, ez-betetzeengatik edo uko egiteengatik gerakin berririk bada kontu-sailean, emandako diru kopurua handitzen ahalko da gerakin berria agortu arte edo, hainbanatu beharrik gabe bakoitzari zegokiokeen diru-laguntza osatu arte, deialdian ezarritakoaren arabera.

3. Onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete laguntzok:

–Egoitza Nafarroan duten turismo elkarteak, 2014ko urtarrilaren lehena baino lehenagotik Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak.

–Nafarroako toki entitateak.

–Helbidea Nafarroan duten turismo partzuergoak, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala erregistraturik daudenak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4. Laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren xede dira ondoko atalei buruz garatzen diren proiektuak:

A) Kalitatearen arloko jarduketak.

SICTED destinoko entitate kudeatzaileen eta/edo Ardoaren Bideko produktuaren jarduketak, zein bere proiektuaren barrenean.

Kontzeptu horrengatik partzuergoek eta elkarteek egiten dituzten eskaerak bakarrik onartuko dira.

Memorien gutxieneko edukia:

Eskabidea: kontratatzen den enpresa edo aholkulariak edo langile tekniko propioak, proiektuari espresuki atxikiak, eta 2015ean bereizgarriari eutsi edo bereizgarri hori jaso dezaketen establezimenduen zerrenda.

Frogagiriak: kanpainaren emaitza, hots, bukaerako memoria, hauek biltzen dituena: bertaratutakoen kopuruak, entitate kudeatzailearen jarduketak eta atal berariazko bat, epealdiko eta proiektuaren konklusioak jasotzen dituena.

Atal honetan, hauexek izanen dira diruz laguntzen ahal diren gastuak: teknikariak kontratatzea, kontratatzen diren teknikariak edo bestelako teknikariak kalitate sistemen gaineko jarduketetara joateko dieten eta kilometroen gastuak, betiere horietara joatea justifikatua baldin badago, eta gai horretan teknikari propioak trebatzeko gastuak.

Kanpoko aholkularitza kontratatuz gero, kontratatutako enpresaren faktura baizik ez da onartuko diruz laguntzen ahal den gastu gisa.

Laguntzaren zenbatekoa: itzuli beharrik gabeko diru-laguntza, diru-laguntzaren %70ekoa gehienez ere; 42.857 euroko aurrekontua onartuko da, gehienez ere, turismo elkarteen eskaeren kasuan, eta 32.143 eurokoa, turismo partzuergoen kasuan (gehienez ere 30.000 eta 22.500 euroko diru-laguntza, hurrenez hurren), xehetasun honen arabera:

–Izaera orokorreko jarduketengatik SICTED kudeatzaile modura edo Ardoaren Bideko produktu modura:

  • 30.000 euroko aurrekontua (21.000 euroko diru-laguntza), 2014-12-31n lanean ari diren 50 establezimendu bereizitik gorako destinoetarako.
  • 25.000 euroko aurrekontua (17.500 euroko diru-laguntza), 2014-12-31n lanean ari diren 30 establezimendu bereizitik gorako destinoetarako.
  • 20.000 euroko aurrekontua (14.000 euroko diru-laguntza), 2014-12-31n lanean ari diren 20 establezimendu bereizitik gorako destinoetarako.

–Atxikimendu berriengatik:

  • 1.000 euroko aurrekontua, atxikitzen den establezimendu berri bakoitzeko (gehieneko diru-laguntza: 700 euro). Zenbateko horiek jasotzeko, betiere, bereizien kopuruak, urte bukaeran, aurreko urteko abendukoa baino gutxienez %10 handiagoa izan behar du.

B) Turismoko ospakizun eta ekitaldien antolaketa.

Betiere, atal honetan aurkezten diren jarduketek irizpide orokor hauei jarraitu beharko diete:

–Kasu guztietan, ospakizunaren gaiak lotura estua izan beharko du entitate sustatzailearekin, eta ekitaldia bera zein antolatzen diren jarduera zehatzak izaera orokorrekoak izanen dira. Nafarroatik kanpoko bisitari askorentzat erakargarria izateko gaitasuna frogatu beharko dute.

–5.000 eurotik gorako aurrekontua (hasierakoa eta bukaerakoa justifikatua) duten ekitaldiak baizik ez dira kontuan hartuko.

–Sektore pribatuaren finantza-laguntza frogatuta duten ekitaldiak baizik ez dira kontuan hartuko. Horren ondorioetarako, sektore pribatutzat jotzen dira ekitalditik onura ateratzen ahal duten guztiak –kidetuta egon edo ez egon–: tabernak, dendak, jatetxeak... baldin eta, beren ekarpenen emaitza gisa, beren establezimenduan dena delako ekitaldia finantzatzen lagundu dutela adierazten duen kartela jartzen ahal badute.

–Deialdi honetan ez dira sartuko herrietako festetan, erromerietan, ibarreko festetan eta gisakoetan egindako ekitaldiak.

–Gehienez ere, 2013an edo 2014an aurkeztu eta betearazitako ekitaldi kopurua, edo gutxiago aurkezten ahalko dute erakundeek.

–Proiektuak lehen aldiz aurkezten dituzten erakundeen kasuan, 2 ekitaldi onartuko zaizkie, gehienez ere, baldin eta udalerri edo ingurune desberdinetan gauzatzen badira.

–Aurreko edizioetako Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren deialdien babesean ekitaldiren bat egiten den herrietan ez da ekitaldi berrietarako laguntzarik emanen. Hau da, herri batean ekitaldi bat egiten bada eta laguntza badu, ezin izanen da proposamen berririk aurkeztu, non ez duen ekitaldi horrek aurrekoa ordezten.

–Ospakizun edo ekitaldi motak:

b.1) Interes turistiko nazionalekotzat deklaratu diren edo deklaratzeko prozesuan dauden ospakizun turistiko eta kulturalak.

b.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak.

“Nafarroako interes turistikoko festa” gisa deklaratutako ekitaldien kasuan, azkeneko 6 urteotan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren deialdietan aurkeztu direnak baizik ez dira onartuko. Interes turistikoa aitortu zaien gainerako festei dagokienez, interesa deklaratzearen ondorioz diseinatzen diren ohiz kanpoko jarduera edo jarduketak ere onartzen ahalko dira, ekitaldia aberastea edo hari balioa ematea helburu dutenak.

b.3) Argi eta garbi helburu eta ikuspegi turistikoa duten turismo eta festa arloko ekitaldiak antolatzea.

b.4) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren 2013ko edo 2014ko deialdietan aurkeztu eta onartu diren turismo eta kirol arloko ekitaldiak.

Turismo eta festa arloko ekitaldiak, eta turismo eta kirol arlokoak, eskualdeko edo/eta udalerriko turismoa garatzeko planetan integratuak daudela frogatu beharra dago. Memorian, espresuki aipatuko da dokumentuaren zein ataletan dagoen sarturik hori.

–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

–Ekitaldiaren ardatz nagusiarekin zuzenean lotutako antolaketa gastu orokorrak (ez dira diruz lagungarriak izanen produktuen saltokietako gastuak, ezta saltzaileen dietak ere).

–Kaleko eta jendaurreko ekitaldia dinamizatzeko jarduketak, betiere ekitaldi nagusiaren aldean berezko izaera duen beste programazio ez bada.

–Gonbidatu berezien dietak (kazetarienak, idazleenak eta abarrenak), doako publizitatea egin dezaketenak, aintzat hartuko dira, baina ez opariak. Dieten gastuak ez dira 20 eurotik gorakoak izanen bazkari/afari bakoitzeko, edo 80 eurotik gorakoak, ostatu eta gosariagatik.

–Ekitaldia koordinatzeko kanpoko laguntzaren kontrataziorako gastuak, onartzen den guztirako aurrekontuaren %10era arte gehienez (hirugarrenei zerbitzuak kontratatzeko bitartekaritzarik ez da onartuko).

–Komunikazio eta publizitate gastuak, ekitaldi osoko gastuen %30era arte.

–Gai nagusia produktu gastronomiko bat denean, hura bultzatzen duen elkartearekin zerikusia duena, eta kasu horietan bakarrik, Nafarroan produzitutako lehengaia eta hura prestatzeko behar diren oinarrizko osagaiak ere diru-laguntzaren xede izanen dira. Betiere, osagaiek eta prestaketak ez dira onartutako aurrekontuaren %20 baino gehiago izanen.

Ez dira aintzat hartuko deialdi honetan tresneriaren gastuak edo dastaketetako tresnenak, ezta herri bazkariak edo otordu instituzionalak, kontzertuak edo gaueko dantzaldiak edo hitzaldiak ere.

–Memorien gutxieneko edukia, eskaerarako eta justifikaziorako.

Eskaera: ekitaldia azaltzeko memoria laburra, ondokoak adieraziz: ekitaldiaren ardatz nagusia, jardueren gutxi gorabeherako programa, lortu nahi den helburua, egunak eta tokiak, gonbidatuak, aurreikusitako epaimahaikideak eta, halakorik badago, laguntzaile boluntarioak. Era berean, ekitaldian finantza-laguntza emateko prest dauden establezimenduak eta/edo merkatariak adierazi beharko dira, eta bakoitzak egin asmo duen ekarpena. Turismo eta festa arloko ekitaldiak, eta turismo eta kirol arlokoak, eskualdeko turismoa garatzeko planetan integratuak daudela frogatu beharra dago.

Aurrekontua behar bezala xehakatuta aurkeztu beharko da, gastuak gutxienez kontzeptu hauetan bilduz: antolaketaren gastu orokorrak, laguntza teknikoa, gonbidatuen dietak, animaziorako ekintzak, elikagaiak, sustapen eta komunikaziorako ekintzak. Aurrekontu horrek betiere koherentea eta proportzionala izan beharko du, multzo osoa kontuan hartuta.

Justifikazioa: ekitaldiaren memoria baloratua, zenbakia behar bezala jarrita duten eta lehenago azaldutako kontzeptuen arabera multzokatuta dauden fakturen zerrenda, argitaratu den material grafikoaren ale bat eta, bidezkoa bada, prentsa-oharren, irrati-iragarkien eta egin den gainerako publizitatearen kopia bana. Azkenekook, betiere, 6.4, 6.5 eta 6.6 oinarrietan ezarritako irizpideak beteko dituzte. Kirol probetako inskripziorik bada, haien zerrenda eta kontzeptu horren diru-sarrerak.

–Laguntzaren zenbatekoa.

Ez itzultzeko diru-laguntza:

b.1) Interes turistikotzat deklaratutako ospakizunak: %80era bitarteko diru-laguntza.

b.2) Nafarroako interes turistikoko festatzat deklaratutako ospakizun edo ekitaldi turistiko eta kulturalak: %70era bitarteko diru-laguntza.

b.3) Helburu eta ikuspegi turistiko garbia duten ekitaldi turistiko eta festa girokoak: %50era bitarteko diru-laguntza.

b.4) Turismo eta kirol arloko ekitaldiak: %25 gehienez.

Ekitaldiko onartzen den gehieneko aurrekontua:

–5.000 euro, 2013an edo 2014an justifikatua kopuru horretatik beherakoa izan zuten ekitaldientzat.

–2013an edo 2014an justifikatu onartua adinakoa, justifikatua 5.000 euro baino handiagoa izan bazen.

–15.000 euro, ekitaldi berrien kasuan.

Gehieneko diru-laguntza, ekitaldiko: kasu bakoitzerako adierazitako gehienezko portzentajea; betiere, 30.000 euro arte.

Azkeneko hiru kasu horietan, ehuneko horiek aplikatuko dira baldin eta elkarteek edo partzuergoek edo 5 udaleko edo gehiagoko batasunek antolatutako eta justifikatutako ekitaldiak badira (udal bakoitzak gutxienez %10eko parte-hartzea izan behar du) eta haiek urtean gutxienez 3 ekitaldi antolatzen badituzte toki eta egun desberdinetan.

Ekitaldiak udal bakar batek antolatu eta justifikatzen dituenean, ehunekoak %25era arte murriztuko dira b.2) ataleko kasuan, %15era, b.3) ataleko kasuan, eta %10era, b.4) ataleko kasuan.

C) Produktuak garatzeko ekimena.

Turismo plan integraleko garapen turistikoaren programak zeharkako bi produktu turistiko sortu ditu, Nafarroako lurralde osoa harrapatzen dutenak bi ardatz nagusiren inguruan: historia eta kultura arlokoa eta natura arlokoa:

–Nafarroako gaztelu eta gotorlekuen ibilbidea.

–Nafarroako paisaien ibilbidea (begiratokiak eta ur ondoko pasealekuak).

Ibilbide horien esperientzia turistikoa hobetzen duten jarduketa eta proposamen dinamizatzaileak jasotzea du helburu epigrafe honek; betiere, proposamen horiek baldintza hauek beharko dituzte bete:

–Ekimen edo proposamenak ibilbide bati edo biei lotu beharko zaizkie; lotura eta integrazio hori behar bezala argudiatu eta justifikatu beharko da.

–Proposamenaren diseinuan ibilbideko mugarri bat edo gehiago egonen dira, mugarri hori salmentaren ardatz edo argudio nagusi izanik.

–Ekimen horren asmo garbia denboran irautea izanen da, baita enpresa-sektorean zuzeneko edo zeharkako diru-sarrerak sortzea ere. Nolanahi ere, enpresa-sektore horrek proiektuan modu aktiboan parte hartu beharko du.

–Proposamenak, gutxienez ere, sei hilabeterako balio beharko du urtebetean. Une bati loturiko unitate gisa eskainiz gero, 30 aldiz egon beharko dute eskura urtebetean.

–Proposamenean jende talde batek parte hartzeko aurreikusitako jarduerak edo bisitak sartzen badira, gutxieneko jende kopuru bat ezarriko da haiek gauzatzeko.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

–Proposamena diseinatzeko gastuak edo edukiak garatzekoak.

–Kanpoko laguntzaren gastuak, proposamena gauzatzen dela koordinatzeko eta helburuak betetzen direla kontrolatzeko (gehienez onartutako aurrekontuaren %20).

–Baliabide turistikoa edo horren ingurunea interpretatzen duen materiala; betiere, garatzen den proposamenari loturik.

–Proposamena hedatzeko behar diren komunikazio eta sustapeneko gastu orokorrak. (Guztira onartutako aurrekontuaren %40, gehienez ere).

–Proposamenean bisita gidatuak sartzen badira, bisita kulturalak edo naturan barnakoak egiten dituen gidariaren/enpresaren ordainsariak sartuko dira:

  • Ordubete arteko bisitak/paseoak: 25 euro arteko aurrekontua, bisita bakoitzeko. Paseoak/bisitak garraiobideren bat (txirrindula, zaldia, eta abar) behar badu, 40 euro.
  • Bi orduarteko bisitak/paseoak: 40 euro arte, bisita bakoitzeko. Paseoak/bisitak garraiobideren bat (txirrindula, zaldia, eta abar) behar badu, 55 euro.
  • 2 ordutik gora, gehienez ere, 10 euro orduko handituko da laguntzadun aurrekontua (4 ordu arte gehituko dira, hau da, 40 euro arte).

–Proiektuak atxikita dituen gastuak, haiek gabe zentzua galtzen baitu (bulegoko gastuak edo paper gauzetakoak ez dira kontuan hartuko).

Inbertsio gastuak ez dira aintzat hartzen.

–Memorien gutxieneko edukia, eskaerarako eta justifikaziorako.

Eskaera: proposamena deskribatzen duen memoria, ekimena aipatu bi ibilbideetako bati lotua dagoela argi uzten duena; proposamena zer jende motarentzat den, lortu beharreko helburuak, eskaintzak erabiltzailearen esku jartzen dituen ekitaldien egutegia (bisitak izanez gero, haien kopurua), proposamenean parte hartzen duten hornitzaileak eta zerbitzuak, eta egin gogo diren hedapen eta sustapeneko jarduketak; hori guztia, behar bezala argudiatuta eta behar duen aurrekontuarekin. Memoria horrekin batera, oinarri hauei eranskin gisa gehitu zaien fitxa formalizatua.

Aurrekontuak xehakatuta eta multzotan banatua egon beharko du kontzeptu hauetan, gutxienez ere: kanpoko laguntzaren gastuak, hedapen jarduketen materiala, kanpoko zerbitzu hornitzaileen gastuak bisita kulturalen edo naturan barnakoen kasuan, proiektuari atxikitako beste gastu batzuk.

–Justifikazioa: ekitaldiaren memoria baloratua, honako hauek adierazita: egindako bisita kopurua eta parte-hartzaileen kopurua, zenbakia behar bezala jarrita duten eta lehenago azaldutako kontzeptuen arabera multzokatuta dauden fakturen zerrenda, argitaratu den material grafikoaren ale bat eta, bidezkoa bada, prentsa-oharren, irrati-iragarkien eta egin den gainerako publizitatearen kopia bana. Azkenekook, betiere, 6.4, 6.5 eta 6.6 oinarrietako irizpideak beteko dituzte.

–Laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza: onartutako aurrekontuaren %60 arte.

Proposameneko onartzen den gehieneko aurrekontua: 9.000 euro (gehieneko diru-laguntza: 5.400 euro).

D) Partzuergoen turismo kudeaketa.

Laguntzaren xedea.

Deialdi honetan jasotako jarduketak egiten dituzten partzuergoen kudeaketari buruzko gastuak izanen dira laguntzaren xede.

Kontzeptu honetan, zuzenean kontratatzen diren langileen kostuak izanen dira diruz laguntzeko onartuko diren gastu bakarrak.

Laguntza eskatu eta justifikatzeko memorietan alderdi hauek agertu beharko dira gutxienez:

–Eskaera: kudeaketa arloak, oro har, jorratzen dituen eginkizunen laburpena eta deialdian aurkeztutako jarduketen aipamena, bakoitzaren aurrekontu orokorra adieraziz.

–Justifikazioa: partzuergoak turismo arloan deialdiaren erreferentzialdian egindako jarduketa nagusien memoria (deialdian sartu direnak eta besteak).

Laguntzaren zenbatekoa.

Gehienez onartuko den aurrekontua eta, beraz, gehieneko diru-laguntza hurrengo ataletan lortzen den puntuazioaren arabera ezarriko da:

–Partzuergoa osatzen duten udalerrien (udalen)* biztanle kopurua:

5.000 biztanle edo gutxiago

0 puntu

5.001etik 15.000 arte

2 puntu

15.001etik 25.000 arte

4 puntu

25.001etik 35.000 arte

6 puntu

35.000 baino gehiago

8 puntu

–Partzuergoa osatzen duten udalerrien (udalen)* kopurua.

10 edo gutxiago

0 puntu

11tik 15 udalerri arte

2 puntu

16tik 25 udalerri arte

4 puntu

26tik 40 udalerri arte

6 puntu

40 udalerritik gora

8 puntu

* Udalerriaren figura interpretatzeko edozein zalantzari buruz, Nafarroako Gobernuaren web orrian hari buruz dagoen informazioa hartuko da kontuan http://www.navarra.es/home_es/Navarra/272+Municipios/

–Turismoaren sektorean elkartutako enpresen kopurua*.

30 edo gutxiago

0 puntu

31tik 60ra bitarte

2 puntu

61etik 90era bitarte

4 puntu

91tik 150era bitarte

6 puntu

150 baino gehiago

8 puntu

* Deialdia argitaratzen den egunean, turismoan behar bezala erregistratuta dauden elkarteetako kideen kopurua hartuko da kontuan; partzuergoaren jarduketa eremuan izan beharko dituzte establezimenduak. Elkarte bateko baino gehiagoko kideen kasuan (pertsona fisikoak edo juridikoak), behin baino ez da kontuan hartuko, establezimendu baten baino gehiagoren titular edo elkarte bateko baino gehiagoko kide gisa agertu edo ez.

–Turismo Zuzendaritza Nagusiaren garapen eta marketin deialdietan aurkeztutako aurrekontua (eta azkenik justifikatua).

15.000 euro edo gutxiago

0 puntu

15.001etik 25.000ra bitarte

2 puntu

25.001etik 50.000ra bitarte

4 puntu

15.001etik 100.000ra bitarte

6 puntu

100.000 baino gehiago

8 puntu

Langileen gastuetarako aurrekontu onartuaren %70 arteko diru-laguntza da, itzuli beharrik gabea. Gehienez ere, aurrekontu hauek onartuko dira:

–13.000 euro (9.100 euroko diru-laguntza), 6 puntu baino gutxiago lortzen dituzten partzuergoentzat.

–28.000 euro (19.600 euroko diru-laguntza), 6 eta 15 puntu arte lortzen dituzten partzuergoentzat.

–40.000 euro (28.000 euroko diru-laguntza), 16 eta 25 puntu arte lortzen dituzten partzuergoentzat.

–45.000 euro (31.500 euroko diru-laguntza), 26 puntu edo gehiago lortzen dituzten partzuergoentzat.

Muga: kudeaketa gastuetarako laguntza ez da aurkeztu eta azkenik justifikatutako aurrekontuaren %65 baino handiagoa izanen, bi deialdietan aurkeztutako jarduketetarako.

5. Diru-laguntzen muga orokorra.

–Elkarteak.

Elkarte berak ezin izanen du 40.000 euro baino gehiago jaso, laguntza gisa, deialdi honetako jarduketetarako eta “Turismoko marketina” izenekoetarako (kalitatearen ataleko laguntzak izan ezik).

–Partzuergoak eta toki entitateak.

Kontzeptuen arabera aurreikusitako mugak.

6. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak non eta nola aurkeztu.

Eskaera egiteko, horretarako berariaz ezarrita dagoen inprimakia bete beharko da. Inprimakia eskura dago Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/buscador-avanzado/Subvenciones-ayudas-y-becas/.

Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, ordainketa eskatzeko inprimakia –eransten den dokumentazioa zehazten duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

6.2. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko du proiektua gauzatzeko asmoa duen entitateak.

Proiektua zenbait entitatek batera garatu behar dutenean, aukera hauek izanen dira:

a) Proiektuaren exekuzioa bere gain hartzen duenak aurkeztea eskaera; halakoetan, sortzen diren gastuak exekuzioa bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu. Halaber, eskaeran azalduko da alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den, baita horien legezko ordezkarien sinadura ere.

b) Proiektua garatuko duten entitateek eskaera batera aurkeztea; bakoitzaren partaidetza zehaztuko da, eta legezko ordezkarien sinadura jarriko. Halako kasuetan entitate parte-hartzaile bakoitzari emanen zaio dirua, bere partaidetzaren proportzioan; gastuen frogagirietan entitate bakoitza ordaintzaile gisa agertuko da.

6.3. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita bat egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira diru-laguntzarako eskaerak.

6.4. Dokumentazioa.

Eskabide-orria behar bezala beteko da, eta, harekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Entitateari edo entitateei dagozkien agiriak:

  • Identifikazio fiskaleko kodea.
  • Turismoko erregistroan ageri diren datuak aldatu badira, ordezkaria nor den frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Mendekotasun organikoa frogatu behar da, eta eskatzailea diru-laguntzaren jasotzaile izendatu.
  • Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

–Proiektuari buruzko dokumentazioa:

  • Proiektuaren azalpen memoria, atal bakoitzean adierazitako zehaztapenei jarraikiz.
  • Kontzeptuen araberako gastuen aurrekontu xehakatua.
  • Gastuen aurrekontu xehakatua entitate eskatzaile bakoitzerako, halakorik bada; entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak adieraziko dira, baita gastuetan zenbateko parte-hartzea duen ere, kostua eta mota zehaztuta.

–Beste batzuk:

  • Aurrerakina eskatuz gero, 2015eko aurrekontuetan deialdira aurkeztutako jarduketen gastuei aurre egiteko diru aski ez dutela frogatzen duen dokumentazioa (Adibidez: Udalaren idazkariaren ziurtagiria, aurreko urteko kontuen balantzea, oraingo urtean izanen diratekeen gastu eta diru-sarreren kronograma, etab.).
  • Eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek proiektu bererako emandako laguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelako dirurik jaso ez badu, horren berri eman beharko du.

Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

7. Laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Deialdi hau lehia bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskaerak betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez, baita zer kontzeptuk eta zer kopuruk izan dezaketen laguntza ere.

a) Diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzean zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa, atal bakoitzean ezarritako portzentajeak eta mugak kontuan hartuta.

b) Jarduketa mota eta onuradun bakoitzeko baimendutako gastua kontuan hartuta, eta aurrekontuko kontu-sail bakoitzean erabilgarri dagoena hasierako kalkuluaren arabera behar zena baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak 2014ko deialdian babestuta zituen ekintzen gauzatze maila aplikatuko zaio aurreko kopuruari.

Hasieran aurkeztutako aurrekontuaren guztirakoa azkenik aurkeztutako justifikatuaren artean zatituta ateratzen dena da gauzatze maila hori. Entitateak bere proiektuetako bati uko egiten diola edo aurrekontua aldatzen duela, horretarako ezarritako epeetan, onartuz gero, azken datu horiek kontuan hartuko dira.

Eskatzaileak lehen aldia badu laguntzen deialdira aurkezten dela, %100eko gauzatze maila aplikatuko da.

c) Aurrekontuko kontu-sail bakoitzeko diru kopuru erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen batura baino txikiagoa bada, hainbanaketa lineala eginen da proiektu guztien artean.

8. Kontzesioaren tramitazioa.

Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio, posta elektronikoz, akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean gehienez ere; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak azterturik eta aurreko atalean ezarritakoaren arabera laguntza kalkulaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarri bezala.

Deialdia ebazteko 3 hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.

9. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Atal bakoitzean zehaztuta eta hirugarrenek 2014ko urriaren 1etik 2015eko irailaren 30era bitartean fakturatzen dituzten proiektuen garapenari zuzenean lotuta dauden kanpoko gastu guztiek jaso dezakete laguntza. Ez dute diru-laguntzarik izanen bere langileei dagozkien gastuek (kalitatea eta kudeaketa salbu), ezta entitatearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozkoek ere, ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

10. Aurrerakina.

Elkarte, toki entitate eta partzuergoek, 2015eko aurrekontuetan deialdira aurkeztutako jarduketen gastuei aurre egiteko diru aski ez dutela behar bezala justifikatzen badute, onartutako diru-laguntzaren aurrerakina eskatzen ahalko dute, %50 gehienez. Aurrerakin hori, bidezkoa bada, diru-laguntza ematen denean ordainduko da.

11. Diru-laguntza ordaintzea eta justifikaziorako epeak.

11.1. Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakar batean abonatzen ahalko dira zor diren zenbatekoak, edo bi zatitan.

Aurrerakinik eskatzen ez duten entitateek laguntza duten jarduketak bi epetan ordaintzeko eskaera aurkezten ahalko dute.

11.2. Justifikaziorako epeak.

Aurrerakinik eskatu ez eta beren proiektuetako bat bukatuta duten entitateek, laguntza ematen duen ebazpenaren ondoren, edozein unetan aurkezten ahalko dute gauzatuta dauden proiektuak ordaintzeko eskaera, haien justifikazioarekin batera.

Betiere, 2015eko urriaren 15ean bukatuko da justifikazioa aurkezteko epea.

11.3. Ordaintzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Onuradunek diru-laguntzen deialdiari buruzko informazio-orrian dagoen justifikazio inprimaki formalizatua bete beharko dute (http://www.navarra.es/home_eu/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.) eta, harekin batera, diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu. Honatx dokumentu horiek:

–Aurkeztutako fakturen zerrenda, haiek proiektuen arabera elkartuta, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritako xehetasunei jarraituz.

–Fakturen eta egindako jarduerengatik guztira ordaintutakoaren ordainagirien kopia (langileen gastuak eta nominak, halakorik bada, eta ordaintzen dituzten kontzeptuak beren xede sozialean jasota duten pertsona fisikoek edo juridikoek egindako fakturak, eta ordainketa frogatzen duten bankuko agiriak; eskura egindako ordainketak eta hartu-agiriak ez dira onartuko). Faktura horiek Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua bete beharko dute. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie, fakturen zerrendaren arabera, eta eskaneatuta egonen dira, zein bere fakturarekin.

–Diruz lagundutako jardueren memoria eta aurreikusitako helburuen betetze maila baloratuko duen azken balorazioa, atal bakoitzean adierazten diren zehaztapenei jarraikiz.

–Diruz lagundutako jardueraren bitartez lortutako diru-sarreren aitorpena, kirol probetako inskripzioen ondoriozkoak eta azkenean jasotako diru-laguntzak barne; bestela, diru-sarrera eta diru-laguntzarik ez dagoela dioen aitorpena.

–Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

–Honako hauen kopiak: prentsa oharrak, egin diren komunikatuak, hedabideetan agertu diren informazioak eta, bidezkoa bada, hedabide horietan jarri den publizitatea.

–Diru-laguntza jaso duen kontzeptuarekin harremana duen sustapen material guztiaren ale bat eta/edo webguneetan eta antzekoetan txertatuta dagoen informaziorako loturak.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, tramitazioa telematikoa egiten ez bada, ordainketa eskatzeko inprimakia –eransten den dokumentazioa zehazten duena– erregistro ofizial batean aurkeztu behar dela.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioaren bidez egiaztatzen bada proiektuaren %75 baino gutxiago burutu dela, eta hori justifikatzeko arrazoirik ez badago, proiektuak laguntza jasotzeko oinarria galdu duela ulertuko da, eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

12. Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradun guztiek betebehar hauek dituzte:

–Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

–Deialdi honetan ezarritako epean, laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztutako aurrekontuan aurreikusi eta egindako gastuak frogatzea.

–2015eko ekainaren 30aren aurretik jakinaraztea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari uko egiten zaiola jasotako laguntzari diruz lagundutako proiektu(ar)engatik (edo, behar bada, gehienez ere 10 egun naturaleko epean laguntza emateko ebazpena jasotzen denetik). Uko hori ez bada behar den epean jakinarazten, ezin izanen da hurrengo deialdietan laguntzarik eskatu kontzeptu beragatik.

–Laguntza jasotzen duen jardueraren gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak barne) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduera horrek berak sortutako euskarri guztietan agertu beharko dira Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako turismoko web ofiziala (www.turismo.navarra.es), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin bat. Orobat, Nafarroako Gobernuaren logoak agertu beharko du diru-laguntza ematen duten erakundeen berariazko atal batean. Nolanahi ere multzotan banatu beharko dira erakundeen logoak edo markenak diren kontuan hartuta, eta eman duten diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta.

–Ekitaldiari buruzko aurkezpen guztietan adierazi beharko da hark Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren diru-laguntza jaso duela, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia aurkezpen guztietara gonbidatu beharko da.

–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibideak betetzea, deialdi honen xedeko proiektuei loturiko argitalpenetan Nafarroako buruzko irudi bakarra azal dadin; izan ere, argitalpen horiek proiektuen parte dira.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako gainerako betebeharrak.

–Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

12.1. Betebehar osagarria elkarte eta partzuergoentzat.

–Beren erakundeari buruz Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan diren datuak eguneratu beharko dituzte, eskabidea aurkeztu ondoren Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak horretarako igorri dien dokumentua berrikusiz.

Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren komunikazio eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide orriaren bidez egin beharko dira, eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honen aplikazioaren ondorioz ematen diren laguntzak eta onuradunak Nafarroako Gobernuaren Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren webgunean emanen dira jakitera http://www.navarra.es/home_eu/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.

14. Diru-laguntza itzultzeko arrazoiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan ezarritako kasuetan itzuli beharko dira jasotako diru-laguntzak, osorik edo partez.

15. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal dituzten beste laguntza guztiekin, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak berak argitaratzen dituenak salbuetsiz betiere.

Onuradunak hartutako laguntzen eta sarreren zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa baldin bada, deialdiko laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoan.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Halaber, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin daiteke aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean”.

Iragarkiaren kodea: F1502673