1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
82E/2015 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Allingo Udal Hirigintza Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Allingo Udalak sustatu du.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Allingo Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura hasi zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak emandako 2013ko apirilaren 18ko txostenarekin batera, Planak izan behar dituen ingurumen arloko zehaztapenei buruzkoa baita, ingurumen eta paisaia aldetik balioa duten eremuei eta urak har ditzakeenei dagokienez. 2013ko maiatzaren 27an Ingurumen ondorioen azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena egin zen eta, ondoren, Allingo Udalak hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako Plana. 2013ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 20an, iragarkia paratuz jendaurrean jarri zen. Jendaurreko epe horretan alegazioak aurkeztu dira, Larriongo eremuan uholdeak gertatzeko baldintzei buruzkoak.
Hirigintza Plana honako kontzeju hauek osatzen duten 43,2 km²-ko udalerri osoan aplikatuko da: Amilllao, Aramendia, Arbeitza, Artabia, Etxabarri, Eultz, Galdio, Larrion, Muneta eta Zubielki, baita Aramendiako, Munetako eta Galdioko fazeroa ere, Lokiz mendian dagoena.
Allin ibarra Lizarrako ipar mendebaldean dago eta unitate geografikoa osatzen du Metautengo udalerriarekin. Halaber, bere lurralde egituran Arbeitza eta Zubielki daude bereiz hegoaldean, Ega ibaiaren ingurunean, ibarreko gainerako herrietatik Belastegi mendiak bereizten baititu. Iparraldean Lokiz eta Urbasa-Andia mendien behealdeko herriak daude, horiek Urederra ibaiaren ingurunean.
Udal Hirigintza Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena I. eranskinean daude.
Udal Planak lurralde eredu horri jarraitzen dio, NA-178 Amillao-Larrion errepidearen iparraldean ex novo eremu bat sartuta. Hori ibar osoaren erdigunetzat hartzen da, ekipamendutarako eta kiroletarako eraikinak dituelako. Alde horretatik, Planak proposatzen du, nagusiki, bizitegiak garatzeko zain dagoen eremu urbanizatu hori finkatzea, 60 etxebizitza sartzeko.
Gainerako herrietan, Planaren proposamenaren arabera, herriguneetako egitura tradizionalari eutsi nahi zaio, eta eraikinak dituen gunearen ondoko lurretan gehiago sartzeko aukera ematen da. Zubielkin eta Arbeitzan, non Lizarraren eragina eta hurbiltasuna nabariagoa baita, tratamendu desberdina proposatzen da, han bizitegitarako garapen handiagoa planifikatuz.
Ibarrean guztira 235 etxebizitza sartzea aurreikusi du Planak, eta garapen ekonomikoko eremuei dagokienez, orain daudenak finkatzen dira, proposamen gehiagorik gabe.
Herrietako ingurunearen erabilera aldatzeak eta haiek okupatzeak eta urbanizatzeak ingurumenean ekartzen dituzten ukipenak garrantzi txikikoak dira, zabaltzearen ondoriozkoak baitira. Nekazaritzarako lurren gainean egiten dira, herrietako bazterretan. Haietan ez da balio natural aipagarririk identifikatu.
Lurraldearen baldintza nagusia Ega eta Urederra ibaietan uholdeak izateko arriskua da. Ega ibaiaren arrokoan, Zubielkiko eta Arbeitzako hirigintza proposamenak ibaiaren eraginetik kanpo gelditzen dira eta, horregatik, ez da bateraezintasunik antzematen. Larrion herritik pasatzen den Urederra ibaiaren arrokoan, berriz, Ebroko Ur Konfederazioan eskura dagoen informazioan oinarriturik, uholde arrisku potentzial nabarmena duen eremu bat (ARPSIS) identifikatu da. Uraren Zerbitzuaren 2015eko otsailaren 4ko txostenean determinazio batzuk sartu dira, uholde izateko arriskua duten eremuen identifikazioari dagozkionak. Horiek Larriongo herrigunea ukitzen dute eta nahitaezkoa da Udal Planean sartzea. Ebroko Ur Konfederazioak egindako azterlanaren emaitzak oinarri izanik, uholde izateko arriskua mugatu beharko dela adierazten dute, LAPen irizpideen arabera, Larriongo herrigunean ukitutako hirigintzako unitateak kontuan hartuta. Hori dela-eta mugapenaren emaitzek haren erabilerak baldintzatuko dituzte.
Txosten horretan aipatzen da AA-8 eta AA-9 unitate asistematikoak ez direla urak har ditzakeen eremuak. Horrela Obdulio Larramendik aurkeztutako alegazioari erantzuten zaio. Uraren Zerbitzuak egindako azterketatik ondorioztatzen da UNC-5 unitatea urak har dezakeen eremua dela, 10 urtetik gorako errepikapen-denborarekin (uholde izateko probabilitate handia), eta UN-6 eta UNC-7 unitateak urak har ditzakeen eremuak direla, 100 urtetik gorako errepikapen-denborarekin (ertaineko probabilitatea). UC-2 unitateak uholde arriskua du zenbait birgertatze-alditarako, hori lurzati bereizi batzuek osatzen dutelako.
4. poligonoko 344. lurzatiari dagokionez, Jasbel Inversiones SL alegatzaileak emandako uholde arriskuari buruzko azterlana kontuan hartuta, konfirmatu da aipatu lurzati hori ez dagoela urak har dezakeen eremu batean, LAPen irizpideen arabera.
Zubiria errekaren ingurunean azterketa hidrologikoa eta hidraulikoa egin beharko da, LAPeko PN5 eranskinean zehaztutako baldintzen arabera, Zubiria errekaren uraldiak kalkulatzeko eta, beharrezkoa bada, UNC-1, UNC-2, US1, US2, AA3 eta AA4 unitateetan erabilera bateragarriak ezartzeko.
Bideetarako erreserbari dagokionez, Uraren Zerbitzuak aditzera ematen du hori proiektatu beharko dela ur korronteetako traba ez izateko, jarduketa hori egiteko orduan uholde arriskuaren gaineko informazio eguneratuenean oinarriturik.
Komunikazio sareari dagokionez, planean egindako bideetarako erreserba nagusia da ibarraren barrualdetik Larrion eta Zubielki lotzen dituen konexioa. Bide horien euskarria dauden nekazaritzako bideak dira bereziki, Larrion-Amillaoko azkeneko tartea izan ezik, horren trazadura berria baita. Errepideari egin beharreko ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduran zehaztuko da ingurumenaren ikuspegitik bideragarria den behin betiko trazadura. Landa lurzoruaren antolamenduan kontuan hartutako ibilbide batzuek osatuko dute bideen sare hori. Honako hauek daude horren barnean: P-47 eta P-48 abelbideak, Zubielkitik pasatzen den Lizarra-Gasteiz trenaren bide berdea, hiriguneak lotzen dituzten tokiko bideak eta Lokiz mendira sartzeko bidexkak.
Oinezkoendako sarbidearen gaineko atalean, Planaren memoriak erdiguneko urbanizazioa osatzeko proposamena egiten du, Larrionetik Amillaoko urbanizazioan dauden oinarrizko zerbitzuetara sartzeko oinezkoendako ibilbidearekin. 10 m-ko zabalera duen oinezkoendako ibilbide hori, NA-178 errepidearen alde batetik doana, ez da zehazten bere osotasunean sistema orokor gisa.
Zaratari dagokionez, Planak hots eremuen mugaketa gehitu du erabilera nagusiaren arabera, honako hauek kontuan hartuta: bizitegitarako eremuak, industriakoak, osasun, irakaskuntza eta kultura arloko erabilerakoak, aisiarakoak, azpiegitura eta naturgunekoak.
Landa lurzoruari dagokionez, planaren helburu horiei heltzeko, ingurumenean, paisaian, nekazaritzan, basozaintzan eta kulturan balioa duten eremuak edo enklabeak identifikatu eta zedarritu dira, baita lurzoru urbanizaezinaren sailkapena proposatu eta azpikategoria bakoitzerako erabileren araubidea zehaztu ere. Babes bereziko eremuen (BBEak) mugaketari dagokionez, paisaia naturalak eta Zubielkiko interes geologiko bereziko lekua baitira, behar bezala bildu dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko 2013ko apirilaren 18ko txostenaren zehaztapenak.
Interes ekologikoko eremuak dira Lokiz mendia (ES2200022) eta Ega eta Urederra ibaiak (ES2200024) Batasunaren intereseko lekuak. Azkeneko kasu horretan, Urederra ibaia BILa, Artabia eta Larrion herrietan, eta urak har ditzakeen bere eremuak elementu egituratzaileak dira, eta horrela agertu beharko litzateke bi gune horien proposamen xehakatuetan.
Lurzoru urbanizaezineko jarduerak arautzeari dagokionez, Planean zerri ustiategiak ezartzea arautuko da, azaroaren 6ko 148/2003 Foru Dekretuan bildutako oinarrizko tarteak handituz, zeinek aldatu baitzuen Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua.
Planeko proposamenetan ez da antzeman ingurumen ukipen nabarmenak sortzen dituen jarduketa zehatzik, salbu eta uholde izateko baldintzak eta arriskuak, eskura dagoen azkeneko informazioarekin aztertuko baitira. Dena den, ingurumen ondorioen adierazpenean aipatzen diren neurriak aplikatu beharko dira, udalerriak ingurumen eta paisaia aldetik duen balioaren babesa eta Hirigintzako Planaren ingurumen integrazioa bermatzeko.
2014ko ekainaren 9an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan behin-behinekoz onetsitako Udal Hirigintzako Plana jaso zen. Espedientean Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalaren 2014ko urtarrilaren 21eko txostena agertzen da, baita 2015eko otsailaren 4ko Uraren Zerbitzuarena ere.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Allin Ibarreko Udal Plan Orokorrari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du zenbait baldintzarekin.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Allin Ibarreko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.
2. Lurzoru urbanizaezina, urak har ditzakeen eremuak eta abelbideak ukitzen dituzten honako determinazio hauek betetzeak baldintzatzen du ingurumen ondorioen adierazpen hau.
–Lurzoru urbanizaezina: Lokiz mendia eta Urrederra eta Ega ibaiak Batasunaren intereseko lekuen mugaketak berrikusi eta zuzenduko dira. Halaber, egokitzat hartzen da erkameztiak, garrigak eta zuhaitz-larreak berrikustea Lokiz mendiko magalen eta zerealeko aranaren arteko muga aldean, baita nekazaritzako lurretan dauden zuhaiztiak ere, ingurumen balioko eremutzat hartzeko asmoz. Formazio horien kontserbazioa lurzoru urbanizaezinaren gaineko araudian agertuko da.
Paisaia naturalen gaineko araudian, Lokiz mendiko amilburu karetsuak ez ezik, Larraizako, Etxabarriko, San Faustoko eta Lazkuako haitzak ere sartuko dira.
–Arriskuko eremuak: Larrion herrian uholderako arriskuak mugatuko dira, LAP 4-ren irizpideen arabera eta Ebroko Ur Konfederazioak egin azterlanetik abiatuta (http://iber.chebro.es/sitebro/sitebro.aspx), dauden arriskuekin bateragarria den hirigintzako proposamena definitzeko.
Zubiria errekaren inguruan, azterketa hidrologikoa eta hidraulikoa egin beharko da LAPen PN5 eranskinean zehaztutako baldintzen arabera, Zubiria errekaren uraldiak estimatzeko eta, beharrezkoa bada, UNC-1, UNC-2, US1, US2, AA3 eta AA4 unitateetan erabilera bateragarriak ezartzeko.
Bideetarako erreserba proiektatu beharko da ur korronteetako traba ez izateko, jarduketa hori egiteko unean uholde arriskuaren gaineko informazio eguneratuenean oinarriturik.
–Abelbideak: dokumentazioaren barnean dagoen abelbideen trazadura orientagarria da, abelbideak sailkatzeko eta ordezkatzeko proiektua egin arte. Hala ere, 47 zenbakiko iraganbideari dagokionez, Zufia eta Larrion arteko trazadura ez ezik, 4. poligonoko 157. lurzatia ere sartuko da.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Allingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko otsailaren 10ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1502340