Iragarkia
46. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
47/2015 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena, 2015-2016 ikasturterako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan xedatzen denez, kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntzatzat hartuko dira hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza ezberdinen curriculumaren ezarpena, eta horretarako, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartu behar dira.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetarako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. atalean xedatzen da titulua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen errege dekretuak, hala badagokio, egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarri ziren kirol espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, horiek titulu eta gutxieneko irakaskuntza bakoitza arautzen duen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko dira, salbu aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiak.
Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. atalean xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. atalean, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat kalifikatutakoak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak edo sailkatuak izan direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. ataleko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du irakaskuntza horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifikoa gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. atalarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.
Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berarekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen ereduaren alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean aritzea ere.
Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen dituzte Mendi-kiroletako eta Eskalada espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko probak eta baldintzak ere.
Uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuak hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen ditu: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko irakaskuntzak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen ditu.
Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu futbol eta areto futbol espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietara sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
Martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietara sartzeko probak arautzen.
Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa) martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifak sortzen dituena, hain zuzen ere araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetan izena emateari buruzkoa eta “Mendi-kirolak eta Eskalada”, “Neguko Kirolak” eta “Hipika” modalitateetan araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetan izena emateari buruzkoak.
Ikusita Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2015-2016 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiaren alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2015-2016 ikasturteari dagozkionak, arautzea eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoaren arabera.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2015eko otsailaren 23an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.
1. ERANSKINA
Oinarriak
Alderdi orokorrak
1.–Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen bidez, 2015-2016 ikasturterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2015-2016 ikasturterako.
2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetarako egiten dira:
a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila.
b) Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmaila.
c) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.
d) Diziplina hipikoetako erdi mailako hasiera-zikloa.
e) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloa.
f) Iraupen-eskiko erdi mailako lehen ikasmaila.
2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.
1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako aurreikusitako atalean. Horretarako, halaber, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.
2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain:
–LOGSEko irakaskuntzetarako (Mendi-kirolak eta Eskalada, Neguko Kirolak eta Futbola): urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorran aurreikusitako arrazoiak, harik eta ezarritako modalitate eta espezialitateetan titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean.
–LOEko irakaskuntzetarako (Diziplina Hipikoak): urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan aurreikusitako arrazoiak.
3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, izena emateko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.
3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.
1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbalioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.
2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak balora dezan izangaiak gai ote diren beren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriekin irakaskuntza hauek aprobetxamenduz egiteko, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidea gauzatzeko ere.
3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol irakaskuntzetarako definitzen diren helburuak ere.
Inskripzioa
4.–Sarrera proba espezifikoetarako inskripzioa.
1. Kasuan kasuko kirol irakaskuntzak zein ikastetxetan ematen diren, bertako administrazio-bulegoetan aurkeztuko da probak egiteko eskabidea:
TOKIA | KIROL IRAKASKUNTZAK |
Altsasuko Sakana LH IPB | Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi maila, lehen ikasmaila |
Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | |
Irunberriko Lumbier LH Bigarren Hezkuntzako Institutua | Iraupen-eskiko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa | |
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa | |
Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua) | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxako ereduaren araberakoa (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es. web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori). Inskripzio eskabide horren eredua ebazpen honen 2. eranskinean ezarritakoa da.
Inskripzioa zer ikastetxetan egiten den, ikastetxe horiek inskripzio eskaeraren frogagiria emanen dute.
2. Ondoko taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzera sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:
EPEA | KIROL IRAKASKUNTZAK |
Irailaren 2tik 4ra | Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaira, lehen ikasmaila |
Irailaren 2tik 4ra | Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila |
Martxoaren 11tik 13ra | Iraupen-eskiko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
Apirilaren 28tik 30era | Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa |
Irailaren 9tik 11ra | Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa |
Irailaren 2tik 4ra | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
5.–Dokumentazioa.
Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.
–Erdi mailako edo goi mailako kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza akademikoak betetzen direla frogatzen duen dokumentuaren fotokopia.
–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.
6.–Inskribatzeko tasak:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan izena emateko tasak:
a) Futboleko erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko proba:
–Tarifa arrunta: 45 euro.
–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.
–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.
b) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko probak, Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak, Iraupen-eskiko erdi mailako lehen ikasmailara sartzekoak, Diziplina hipikoetako erdi mailako hasiera-ziklora sartzekoak eta jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-ziklora sartzekoak:
–Tarifa arrunta: 80 euro.
–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 40 euro.
–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.
Onartu eta baztertuen zerrenda
7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.
1. Deitutako probetan gehieneko izangai kopurua onartuko da:
–60 izangai Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailako probetan, Mendi Ertainetako bigarren ikasmailan eta Futboleko lehen ikasmailan.
–40 izangai Iraupen-eskiko lehen ikasmailako proban.
–50 izangai Diziplina Hipikoetako hasiera-ziklorako proban eta 30 jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-ziklorako proban.
Izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada:
a) Mendi Ertainetako bigarren ikasmailara sartzeko probaren kasuan lehentasuna izanen dute Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila Altsasuko Sakana LH IBP ikastetxean egin dutenek; berdinketak irauten badu, Mendi Kirol eta Eskaladan federaturik daudenek izanen dute lehentasuna.
b) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako bukaera-ziklora sartzeko probaren kasuan, lehentasuna izanen dute dziplina hipikoetako hasiera-zikloa Irunberriko “FP Lumbier” BHIan egin dutenek; berdinketak irauten badu, Hipikan federaturik daudenek izanen dute lehentasuna.
c) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailara, Iraupen-eskiko lehen ikasmailara eta diziplina hipikoetako hasiera-zikloan sartzeko kasuetan, lehentasuna izanen dute egoki diren federazioetan federaturik daudenek.
d) Berdinketak irauten badu a), b) eta c) ataletan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, jendaurreko zozketa eginen da inskripzio egunean, inskribatzeko eguna bukatu eta hurrengo lanegunean.
2. Onartutako pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori). Orobat, zerrenda horietan salbuespenei emandako ebazpena eta izangaiek eskatutako proba egokitzapenak adieraziko dira.
3. Erreklamazioak aurkezten ahalko dira kasuan kasuko ikastetxean, 3. eranskineko ereduaren arabera, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio.
4. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” izeneko fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orritik abiatuta).
5. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:
KIROL IRAKASKUNTZAK | PROZEDURAREN FASEA | DATAK |
Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2015eko irailaren 7a |
Erreklamazioak | 2015eko irailaren 8tik 10era | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko irailaren 11 | |
Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2015eko irailaren 7a |
Erreklamazioak | 2015eko irailaren 8tik 10era | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko irailaren 11 | |
Iraupen-eskiko kirol teknikaria, lehen ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2015eko martxoaren 17a |
Erreklamazioak | 2015eko martxoaren 18tik 23ra | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko martxoaren 24a | |
Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2015eko maiatzaren 4a |
Erreklamazioak | 2015eko maiatzaren 5etik 7ra | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko maiatzaren 8a | |
Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa | Behin-behineko zerrenda | 2015eko irailaren 14a |
Erreklamazioak | 2015eko irailaren 15etik 17ra | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko irailaren 18a | |
Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | 2015eko irailaren 7a |
Erreklamazioak | 2015eko irailaren 8tik 10era | |
Behin betiko zerrenda | 2015eko irailaren 11 |
Sarrera proba espezifikoak
8.–Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba.
Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 4. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kirolen eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
9.–Mendi Ertainetako erdi mailako irakaskuntzen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Mendi ertaineko erdi mailako irakaskuntzen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
10.–Iraupen-eskiko erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba.
Iraupen-eskiko erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
11.–RAE-HIHI101 proba espezifikoa, Hipikako erdi mailako hasiera-zikloko irakaskuntzetara sartzeko.
Hipikako erdi mailako hasiera-zikloko irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztua dago. Arau haren bidez hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen dira: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazioa eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko irakaskuntzak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen dira.
12.–RAE-HISD-201 proba espezifikoa, jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloko irakaskuntzetara sartzeko.
Hipikako erdi mailako bukaera-zikloko irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztua dago. Arau haren bidez hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen dira: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko irakaskuntzak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen dira.
13.–Futboleko kirol teknikarien irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Futboleko erdi mailako irakaskuntzen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
14.–Informazio bilera.
Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bilera horretan, honako alderdi hauek zehaztuko dira: proben ezaugarriak eta edukia, horiek egiteko janzkera eta kirol materiala, eta probekin lotutako bestelako auzi batzuk.
Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia, eta kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).
15.–Izangaientzako argibideak eta orientazioa.
Kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: irakaskuntzak, inskribatzeko prozedura eta behar diren kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.
16.–Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordua eta tokia.
Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.
Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko egunak honako hauek izanen dira:
DATAK (1) | KIROL IRAKASKUNTZAK |
2015eko irailaren 16a eta 17a | Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila |
2015eko irailaren 16a eta 17a | Mendi Ertainetako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila |
2015eko martxoaren 26a eta 27a | Iraupen-eskiko kirol teknikariaren lehen ikasmaila |
2015eko maiatzaren 12tik 15era | Diziplina hipikoetako kirol teknikariaren hasiera-zikloa |
2015eko irailaren 29tik urriaren 2ra | Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloa |
2015eko irailaren 24a | Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila |
(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, garaiz eginen da horietarako deialdia, eta horretarako, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).
Proba egiteko eguna, ordua eta tokia jakinarazteko, proben aurreko informazio bileretan egiten ahalko da, bai eta kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean garaiz jarrita ere, edo bestela, “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).
Proba bakoitza egiteko deia horiek hasi baino ordu erdi lehenago eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, bai eta ariketak egiteko beharrezkoak diren materiala eta ekipoa ere.
17.–Proba espezifikoak garatzeko epaimahaiak eta betebehar espezifikoak baloratzea.
1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.
2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 13.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.
3. Kiroleko modalitate eta espezialitateak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak izenda ditzake behar den Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak.
4. Epaimahaietako buruak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko kideak izanen dira. Haien zeregina izanen da sarrera probaren garapena ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz egiten dela bermatzea.
5. Epaimahaietako idazkariak Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko kideak izanen dira. Haien zeregina izanen da sarrera probaren garapenari buruzko aktak egitea eta egiaztatzea garapen hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat datorrela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.
6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da izangaiak proba osatzen duten ariketetan ebaluatzea, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, berek bakarrik baloratuko dute proba.
7. Epaimahaiek proposamena egiten ahalko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari kasuan kasuko arloko teknikari espezialistak izenda ditzan; horien zeregina probak egiterakoan aholkularitza eta laguntza ematea izanen da. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aipatu espezialistak izendatzeaz.
8. Epaimahaien esku egonen da sarrera proba espezifikoak abiaraztean eta garatzerakoan sortzen diren auzi tekniko eta logistikoak ezagutzea eta ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute, proben garapenarekin lotutako alderdietan eta oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.
9. Salbuesteko eskaerak ebaztea, orobat, epaimahai ebaluatzaileei dagokie.
10. Epaimahaikideei eta haiekin batera parte hartzen duten aholkulariei giza baliabideen kudeaketa sisteman ezarritako elementu aldagarrien zerrendako kontzeptuengatik diru konpentsazioak ordainduko zaizkie.
Proben emaitzak eta erreklamazioak
18.–Azken ebaluazioa.
Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideekin bat.
19.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.
1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeen iragarki oholean eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko dira (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).
Proba bakoitza bukatu ondoko hiru egunetan argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.
2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, 4. eranskineko ereduaren arabera.
3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko ezarritako epea bukatu ondoko bi egunetan argitaratuko dira, kasuan kasuko ikastetxeen iragarki oholean eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” izeneko fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orritik abiatuta).
Behin betiko emaitzen argitalpena epaimahai ebaluatzaileak aurkeztutako erreklamazioen aurrean hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura izanen da.
Egiaztagiriak
20.–Proba espezifikoen baliozkotasuna eta egiaztapena.
Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.
Interesdunek zegokien inskripzioa egin zuten ikastetxean hartzen ahalko dituzte ebazpen honen xedeko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak, behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik hasita zazpi eguneko epea igaro ondoren.
Ez da inolaz ere proben zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk luzatuko.
Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.
2. eranskina
Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa,
2015-2016 ikasturterako
Inskribatzeko eskaera
DATU PERTSONALAK | |||||
1. deitura: | 2. deitura: | ||||
Izena: | NANa/Pasaportea/AITa: | ||||
Jaioteguna: | Sexua: Gizona Emakumea | ||||
Helbidea: | Herria: | ||||
Posta kodea: | Helbide elektronikoa: | ||||
Tel.: | Nazionalitatea: | ||||
SARTZEKO BALDINTZA AKADEMIKOEN DATUAK | |||||
DBH titulua edo baliokidea. | DBHtik goi mailako titulua. | Erdi mailan sartzeko probaren ziurtagiria. | |||
DATU OSAGARRIAK | |||||
Proba egokitzea, desgaitasuna dela eta: ................................................................................................................................ Salbuespena: ................................................................................................................................ | |||||
KIROL MODALITATEA/ESPEZIALITATEA | |||||
Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila. Mendi Ertainetako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila. Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila. | Iraupen-eskiko kirol teknikariaren lehen ikasmaila. Diziplina hipikoetako kirol teknikariaren hasiera-zikloa. | ||||
DOKUMENTAZIOA | |||||
NAHITAEZKOA | NANaren/Pasaportearen/AITaren fotokopia. Sartzeko baldintza akademikoaren fotokopia. | ||||
EGOKITZAPENA ETA SALBUESPENA | Desgaitasunaren egiaztagiriak. Salbuespenaren frogagiriak. | ||||
Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira, eta ezarritako helbururako bakarrik erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.
.........................(e)n, 20....(e)ko ................aren ..............(e)an
(Sinadura)
3. ERANSKINA
Erreklamazio orria
............................................................................................ jaunak/andreak, NAN/AIT zenbakia ................................ duenak, honako irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa egiteko eskabidea aurkeztu ondotik ......................................................................................................................................................
Idazki honen bidez honako honen kontrako ERREKLAMAZIOA egin nahi du:
1. Onartuen zerrenda:
Behin-behinekoa.
Behin betikoa.
2. Salbuespena: .
3. Probaren egokitzapena: .
Honako arrazoi hauek direla eta:
...........................(e)n, 20...(e)ko .................aren ..............(e)an
Interesduna
Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira, eta ezarritako helbururako bakarrik erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.
EPAIMAHAIBURUA.
4. eranskina
Erreklamazio orria
............................................................................................ jaunak/andreak, NAN/AIT zenbakia ................................ duenak, honako irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa egiteko eskabidea aurkeztu ondotik ......................................................................................................................................................
Idazki honen bidez honako honen kontrako ERREKLAMAZIOA egin nahi du:
1.–Probetako behin-behineko emaitzak:
Lehen zatia.
Bigarren zatia.
Honako arrazoi hauek direla eta:
.........................(e)n, 20....(e)ko ..........................aren .....(e)an
Interesduna
Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira, eta ezarritako helbururako bakarrik erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.
EPAIMAHAIBURUA.
Iragarkiaren kodea: F1503039
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
