46. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako udalek arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du Nafarroako udalek arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 103.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako udalek arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honetan jasoak, onestea.

3. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2015. urteko gastuen aurrekontuko “Udalen kultur ekintzetarako laguntzak” izeneko A20002-A2510-4609-334100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira diru-laguntza hauek. 103.000,00 euro izanen dira, gehienez ere; betiere, behar adina kreditu egokirik badago.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4609-334100: Udalen kultur ekintzetarako laguntzak

4808

2015

103.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 19an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

NAFARROAKO UDALEK 2015. URTEAN ARTE ETA KULTUR JARDUERAK BATERA ANTOLATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Nafarroako udaletan arte eta kultur jardueren programen antolaketari laguntza ematea dute xede diru-laguntzek. Programetan jasotzen diren jarduerak batera edo mankomunatuta antolatu beharko dira, proposatutako programak errentagarriak izan daitezen.

1.1.1. Batera egindako jardueratzat hartuko da zenbait udalek arte programa bat egiteko adosten duten batasuna. Programan duten parte-hartzearen arabera banatzen da jarduera udalen artean.

1.1.2. Mankomunatutako jardueratzat hartuko da zenbait udalek arte programa bat antolatzea. Programa udal guztietan errepikatzen da, eta gastua zati berdinetan banatzen da.

1.2. Toki entitate bakoitzak gehienez bi programa bateratu edo mankomunatutan parte hartzen ahalko du.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Proiektu bereko udaletako bat antolatzaile gisa aurkeztuko da deialdian, eta besteak, parte-hartzaile gisa.

2.3. Proiektua antolatzaile gisa aurkezten duen udalerriak kultur kudeaketako teknikari bat izan beharko du, funtzionarioa edo lan-kontratuduna, eta kasu horretan, gutxienez ere, lanaldi erdiko kontratazioa izanen du; bestela, enpresa batekin kontratatuko ditu kultur zerbitzuak.

2.4. Toki entitateek zein erakunde edo entitaterekin kudeatzen dituzten zuzenean beren kultur jarduerak, haiexek onuradunak izaten ahalko dira.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2015. urteko gastuen aurrekontuko “Udalen kultur ekintzetarako laguntzak” izeneko A20002-A2510-4609-334100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira diru-laguntza hauek. 103.000 euro izanen dira, gehienez ere; betiere, behar adina kreditu egokirik badago.

3.2. Laguntzak, gehienez ere, onartutako aurrekontuaren %80 izanen dira, hau da, udalerri antolatzaileak aurkezten duen aurrekontuari diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarriarekin bat. Laguntza horren banaketa zuzenki proportzionala eta bidezkoa izanen da onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortutako puntuazioaren arabera. Horretarako, proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira. Puntu baten balioa ateratzeko, deialdian baimendutako gastua (103.000 €) barematutako proiektu guztien puntu kopuruaren artean zatituko da.

3.3. Betiere, espedienteak berrikusi eta laguntzak emateko ebazpena proposatu ondoren gerakinik bada, “Artea eta Kultura 2015” programa osatzen duten kultur jarduerak egiteko Nafarroako toki entitateen diru-laguntzen deialdiari gehitzen ahalko zaio.

4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Deialdi honi dagozkion agiriak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuarena ez den beste erregistro batean aurkeztuz gero, horren berri ematea gomendatzen da Artearen Hedapenaren Atalera posta elektronikoa igorriz (difusion@navarra.es).

4.2. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.3. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.4. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diruz lagundu daitezkeen gastuak arte eta kultur jarduerak egiteagatik eta zabaltzeagatik sortzen direnak izanen dira, betiere zabalkunderako gastuek proiektuaren aurrekontu osoaren %15 ez badute gainditzen.

5.2. Programa honen ondorioetarako, Nafarroako udalek antolatzen dituzten arte eta kultur jarduerak (antzerkia, musika, dantza, lirika, erakusketak eta antzeko jarduerak) hartzen dira kultur jardueratzat, oinarri hauen 2.3 puntuan jasotzen den moduan.

5.3. Jarduera horiek 2014ko abenduaren 2tik 2015eko abenduaren 1a arte gauzatu beharko dira.

5.4. Diru-laguntza hauen xedetik kanpo daude honako hauek:

a) Garraio, otordu eta ostatu gastuak.

b) Ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak, sariak.

c) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

e) Herri mankomunatuetako arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Artearen Hedapenaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruitzeko organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Artearen Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Artearen Hedapenaren Ataleko goi mailako bi teknikari eta, horiek izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko bi teknikari.

c) Idazkaria: Artearen Hedapenaren Ataleko burua edo, bera izan ezean, Arte Sorkuntzaren, Ekoizpenaren eta Zerbitzuen Atalekoa, hitza eta botoa izanik.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Artearen Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programatutako jardueren interesa eta kalitatea, %50.

Helburuen arabera zehaztuko da proiektuaren interesa. Kalitatea zehazteko, berriz, proiektua osatzen duten jarduerak eta hartan parte hartzen duten arte entitateak (entitate profesionalak edo amateurrak) hartuko dira aintzat. Beste zenbait alderdi ere baloratuko dira, esaterako, programan sartzen den jarduera kopurua eta programan bertan jarduera osagarriak biltzea, hartzaile berriak bereganatzera zuzendutakoak nahiz proiektua sustatzera zuzendutakoak. Era berean, aintzat hartuko da proiektuak koherentziarik ote duen hartzaileen ezaugarri nagusiekin.

Atal honetan %25 erdiesten ez duten programak kanpoan geldituko dira.

b) Tokiko arte eta kultur jarduerak garatzeko egiten dituen ekarpenak. %25.

Atal honetan proiektuan parte hartzen duten toki entitateen kopurua eta inplikazio maila baloratuko dira, bai eta proiektuaren berrikuntza edo garrantzia ere herrietako kultur jarduerari dagokionez.

c) Aurrekontua proiektuari egokitzea. %25.

Atal honetan alderdi hauek baloratuko dira:

–Proiektu osoa kontuan hartuta diru-laguntzaren zer portzentaje eskatu den, bermatuta edo baieztatuta dagoen finantzaketaren portzentajea (baliabide berekien bidez, kontratuak, diru-laguntzak...).

–Proiektua sustatu eta hedatzeko komunikazioaren berariazko plana, sustapenari eta publizitateari dagozkion gastu edo inbertsio gisa neurtua (inbertsioak komunikabideetan, kartelak, proiektuaren web orria, liburuxka, bideoak eta produkzioari oihartzuna ematen dioten bestelako sustapen jarduerak); betiere, gastu horiek ez badute aurrekontuaren %15 gainditzen.

–Proiektuari esleitutako kontu-sail ekonomikoen koherentzia.

7.2. Batzordeak, erabakia hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska ditzake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere lau hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Deialdiaren ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean (Navarrería kalea, 39, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/.

8.3. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

8.4. Deialdi honi buruzko edozein jakinarazpen Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (merkataritza-sozietateen bidez zuzenean kudeatutakoak izan ezik) interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

9.2. Onuraduna toki entitatea bada, proiektu edo jardueraren berri emateko betebeharra (kultur mezenasgoaren araudian ezarritakoa) ez du bete beharko, hurrengo atalean ezarritakoa galarazi gabe.

9.3. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete behar dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 11.1 oinarrian ezarritako moduan, eta haien eragina ebaluatzea diruz lagundutako proiektuaren garapenean.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptuan urte bakoitzean jasoko duen zenbateko osoa ere.

– Frogagiriak luzatu eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari lotutako betebeharrak betetzea. Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezartzen dira betebehar horiek. Haren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen barrenean diruz laguntzen zaion proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu izan den justifikatu beharko da Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Artearen Hedapenaren Atalean.

10.4. Artearen Hedapenaren Atalari jakinarazi beharko diote programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako programan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Programan, kartelean, iragarkietan nahiz edozein motatako publizitatean agerrarazi behar da jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez edo http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/5588/Nafarroako-Gobernuaren-sinbolo-ofizialaren-erabilera web orriaren bidez), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Artearen Hedapenaren Atalak programa eta jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Artearen Hedapenaren Atalari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.8. Diru-laguntzaren onuradunak jardueraren datuak (IV. eranskina) eguneratu beharko ditu, aldian behin, 2015eko abenduaren 10a arte. Eguneratze horiek Kultur Ekintza Zerbitzura igorriko dira posta elektroniko bidez. Konpromiso hori betetzen ez bada diru-laguntza itzuli egin beharko da.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Onuradunak jarduera gauzatu duela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren. Justifikazio partzialak edo bukaerako justifikazioa egiteko, entitateak 2015eko abenduaren 10a arteko epea izanen du proiektua hasten duenetik hari lotutako gastuen eta diru-sarreren zerrenda aurkezteko.

Justifikazio partzialetan edo bukaerakoan agiri hauek eman behar dira:

a) Laguntza jaso duen programako jarduera bakoitzaren datu orria, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Jardueren fitxak (II. eranskina), eremu guztiak beterik.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Gastuaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea (IFK adierazita).

–Kontratatutako jarduera.

–Faktura zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Zenbatekoa (BEZa barne).

c) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskinaren arabera) edo, horri ez badagokio, entitatearen idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du jardueren fitxetako datuak egiazkoak direla.

d) Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da. Orobat, babesletza-kontratuen kopia igorri beharko da, 9.3 oinarrian ezarritakoarekin bat.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Salbuespenez, aurrerakin gisa ordaintzen ahalko dira laguntzak, jarduera egin baino lehen. Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Kultur Ekintza Zerbitzuari, diru-laguntza jasoko duen jarduera egiteko aurrerakin horren beharra justifikatuz, behar den dokumentazioa aurkeztuz. Kasu horretan, bi ordainketa eginen dira: diru-laguntzaren %25, aurrerakin gisa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimendu ondoren. Gainerako %75a, jarduera bukatutakoan, baldin eta entitate antolatzaileak 10.1 puntuko a eta b ataletan zehaztutako dokumentazioa 2015eko abenduaren 10a baino lehen aurkezten badu.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.3. Diru-laguntzaren xedeko programaren gastu guztiak justifikatu beharko dira.

11.4. Benetan egindako gastuaren justifikazioa laguntza eskuratzeko kontuan hartu den aurrekontua baino txikiagoa denean, laguntzaren zenbatekoa benetan izandako gastuei egokituko zaie, haien gutxitzearen araberako proportzioan.

12. Beste diru-laguntza batzuen pilaketa eta bateragarritasuna.

Udalak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntza batzuk hartzen dituenean, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Itzulketa.

Onuradunak programa gauzatu duela behar bezala justifikatu ezik, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzultze egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................................... NANa/IFZ:

Helbidea (herria): .............................. Kalea: ....

PK: ............. Telefonoa: ................................................................ Helbide elektronikoa: ............................................................... Bere izenean edo ............................. ordezkatuz (behar ez dena ezabatu).

Udala/Kontzejua: ............................... IFK:

Helbidea: .............................. Kalea

PK: ............. Telefonoa: .......................... Helbide elektronikoa: .................... honako eskaera hau aurkeztu du:

Nafarroako udal eta kontzejuek batera antolatzen dituzten arte eta kultur jardueretarako 2015eko laguntzak,

..............aren ....ko ......../2015 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2015eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ..............aren ....koa).

Destinoa: Artearen Hedapenaren Atala.

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Eskaera aurkezten duen udala.

b) Programazioa modu bateratuan aurkezten duten udalen izenak.

c) Programazioaren segimenduaz eta balorazioaz arduratuko den kultur kudeaketako teknikariaren izena eta telefonoa.

d) Herriko festetako eta herriko zaindariaren festetako egunen berri ematen duen ziurtagiria.

e) Programan parte hartzen duten entitateetako bakoitzaren aitorpena, laguntzaren onuradun izateko debekuetan ez dagoela adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 7. idatz-zatiarekin bat.

f) Programazioaren deskribapen zehatza, parte hartzen duten artista edo taldeak, jarduerak noiz eta non eginen diren eta aurrekontu osoa, II. eranskinaren arabera.

g) Proiektua aurkezten duen udalerri edo entitateko idazkarien ziurtagiria, frogatzen duena toki entitateak baduela teknikari bat, berena edo kanpokoa, kultur kudeaketaren arlokoa. Lanaldi mota zehaztuko da (lanaldi erdia, osoa edo dagokiona).

h) Proiektua azaltzeko laburpena, V. eranskinaren araberakoa, hurrengo atalak adierazita, II. eranskineko fitxen edukiarekin batera erabiliko baitira proiektua baloratzeko:

–Proiektuaren helburuak.

–Hartzaile berriak bereganatzeko eta proiektua edo/eta komunikazio plana sustatzeko egindako jarduera osagarriak, halakorik bada.

–Proiektua zer jenderi zuzendua dagoen, haien ezaugarriak.

–Udal bakoitzak nola hartzen duen parte proiektuan, bai hura kudeatzen/gauzatzen, bai bere gain hartzen duen diru kopuruari edo proportzioari dagokionez.

–Proiektuaren garrantzia edo berrikuntza azaltzea, parte hartzen duten herrien ohiko kultur jarduerari begira.

–Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta.

–Proiektuari bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea (baliabide berekiak, beste diru-laguntza batzuk...).

–Programaren aurrekontua kontzeptuen arabera xehakatua, sustapenerako eta publizitaterako diru kopurua barne.

2. Aitortzen du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik urratu.

3. Datuak eguneratzeari dagokionez, aitortzen du Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari idatziz adieraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, aitorpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan izaten den edozein aldaketa.

4. Diru-laguntzarako eskaeran azaltzen den proiektuari dagokionez aitortzen du:

Ez duela eskuratu edo eskatu administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako diru-laguntzarik.

Administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, diru-laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela:

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZION LAGUNTZA

ESKATUTAKO KOPURUA

DIRU-LAGUNTZAREN EGOERA

(eskatua/esleitua/ordaindua)

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. atalean xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartu, haiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, betiere aipatutako legeriari jarraikiz.

.................(e)n, 2015eko .............aren ..............(e)an.

(Sinadura)

Izen-deiturak

NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURAKO, TURISMOKO ETA ERAKUNDE HARREMANETAKO DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Jardueren fitxak

Udala:

Telefonoa:

Arduraduna:

Posta elektronikoa:

Kultur koordinatzailea:

Herriko festetako egunak:

Herriko zaindariaren festetako egunak:

Fitxa zenbakia:

Diziplina/Atala:

Azpidiziplina/Azpiatala:

Taldea:

Lana:

Eguna:

Tokia:

Ordua:

Ordainsaria (BEZa barne):

Faktura zenbakia:

Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia:

Jarduera egin da?

BAI EZ

 

Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia:

Fitxa zenbakia:

Diziplina/Atala:

Azpidiziplina/Azpiatala:

Taldea:

Lana:

Eguna:

Tokia:

Ordua:

Ordainsaria (BEZa barne):

Faktura zenbakia:

Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia:

Jarduera egin da?

BAI EZ

 

Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia:

Fitxa bakoitza jarduera bati dagokio.

Hondo griseko datuak deialdiaren 10.1 puntuaren arabera bete behar dira.

III. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua

Nik, ................... (izen-deiturak), .................... (herriaren edo entitatearen izena) udalerriko ....................... (udala edo kontzejua, edo, horri ez badagokio, toki entitateak kultur ekintzen kudeaketa esleitu dion erakundearen edo entitatearen izena) Udaleko idazkariak,

ZIURTATZEN DUT:

Eskura ditudan datuak azterturik, 2015eko programa mankomunatuen datuak erantsitako fitxetan ageri direnak direla. Eta horrela ager dadin, bidezko ondorioetarako, honako hau luzatzen dut, alkatearen oniritziarekin.

(Herriaren izena) (Eguna)

(Ziurtatzailearen izen-deiturak)

Ontzat emana

Alkatea edo, horri ez badagokio, toki entitateak kultur ekintzen kudeaketa zuzena esleitu dion erakundearen edo entitatearen kudeatzailea edo burua (Izen-deiturak)

IV. ERANSKINA

Mankomunatuak 2015 - Jardueraren datuak

Fitxa zenbakia:

Taldea:

Lana:

Eguna: ......................... Ordua: .................. Herria:

JARDUERA

Antzerkia:

Lirika:

Musika:

Klasikoa:

Erakusketak:

Arte Plastikoak:

Herrikoia:

Ondarea:

Bestelakoak:

Dantza:

Klasikoa:

Garaikidea:

Zinea eta ikus-entzunezkoak:

Zinea:

Folklorikoa:

Ikus-entzunezkoak:

KONPAINIA, TALDE EDO ARTISTAREN JATORRIA:

Nafarroa:

Espainia (Nafarroa salbu):

Nazioartekoa:

PROFESIONALTASUN MAILA

Profesionala:

Amateurra:

JARDUERAREN HIZKUNTZA

Gaztelania:

Euskara:

Bestelakoak:

Testurik gabekoa:

ESPAZIO MOTA:

EZ-KONBENTZIONALA (plaza, pilotalekua, eliza, bestelakoa)

KONBENTZIONALA

Eszenatokia:

Erakusketa aretoa:

PUBLIKO MOTA:

Heldua:

Familiarra:

Ikusle kop.:

SARRERA MOTA:

Ordaintzekoa:

Doakoa:

Prezioa:

SARRERA KOPURUA

Saldutako sarrerak:

Edukiera:

OHARRAK:

V. ERANSKINA

Proiektuaren laburpenaren eredua

–Proiektuaren helburuak:




–Hartzaile berriak bereganatzeko eta proiektua edo/eta komunikazio plana sustatzeko egindako jarduera osagarriak, halakorik bada.




–Proiektua zer jenderi zuzendua dagoen, haien ezaugarriak.




–Udal bakoitzak nola hartzen duen parte proiektuan, bai hura kudeatzen/gauzatzen, bai bere gain hartzen duen diru kopuruari edo proportzioari dagokionez.




–Proiektuaren garrantzia edo berrikuntza azaltzea, parte hartzen duten herrien ohiko kultur jarduerari begira.




–Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta.


–Proiektuari bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea (baliabide berekiak, beste diru-laguntza batzuk...).

–Programaren aurrekontua kontzeptuen arabera xehakatua, sustapenerako eta publizitaterako diru kopurua barne.




Iragarkiaren kodea: F1502992