46. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Udal Planeko aldaketa xehakatua. Behin betiko onespena

Udal honek, 2015eko otsailaren 13an egin bilkuran, behin betiko onetsi du Atezko Udal Planeko aldaketa xehakatua. Honako hau du helburu:

1. Garapen eredua zaintzeko lurzoruaren azpikategoriaren mugapena aldatzea, bere baitan sartuz 88. lurzati osoa, hori guztia gorde beharreko lurzoruan, lurzoru urbanizaezinaren barruan, Hirigintzako Udal Planak Aroztegiko herrigunearen mendebaldean kokatzen baitu.

2. Arau partikularretako 74. artikulua aldatzea, lurzoru urbanizaezinean, garapen eredua zaintzeko gorde beharreko lurzoruan, Atezko Udalaren Plan Orokorraren baitan.

HIRIGINTZAKO ARAUDI BERRIA

Mugapenaren aldaketa:

Atezko Udalaren Hirigintzako Udal Planean, lurzoru urbanizaezinean, Garapen eredua zaintzeko gorde beharreko lurzorua, Aroztegiko herrigunearen mendebaldera kokatzen dena, 150 ml-ko batez besteko sakonera duen eta NA-4120 errepidearekiko paraleloa den lur zerrendak osatuko du, Egillorreko NA-4176 errepidearekin elkartu arte, Aroztegiko 5. poligonoko 88. lurzati osoa hartu arte zabalduko dena.

Orain hartuko duen azalera 78.782 m²-koa izanen da gutxi gorabehera.

74. artikulua honela gelditu da aldaketarekin:

74. artikulua. Garapen eredua zaintzeko gorde beharreko lurzorua.

Guneen inguruko lurretan gordetze araubide zorrotzagoa ezarri da, guneen etorkizuneko hazkundea, egitura edo irudia kolokan ez jartzeko.

Lur horiek gordetzeko araubidea honakoa izanen da:

A) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak

Debeku dira erauzteko jarduerak.

Baimentzen ahalko dira berekin lur mugimendua dakarten bertze ekintzak.

Nekazaritzako ustiategiak hobetzeko lur mugimendu txikiak onartuko dira.

Gainerako jarduerak onartuko dira.

B) Eraikuntzako jarduerak.

Honako hauek baimentzen ahalko dira:

Etxeko ukuiluak.

Mintegiak eta berotegiak.

Lurzoru urbanizaezinean kokatu behar diren eta herrigunearen zerbitzuari lotuta dauden azpiegituren eraikuntza eta instalazioak.

Aroztegin aurreikusitako zaindu beharreko lurzoruan, bertan ekipamendu publikoak ezartzeko aukera emanen duen eremua aurreikusten baita, baimendu ahalko diren eraikuntzak izanen dira gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal direnak, ustiategi naturalak izateagatik, betiere haietako batzuk ibarraren zerbitzura egonen den erabilera publiko baterako badira (adibidez, kanpaleku turistikoaren erabilera).

Eritze Atetzen, 2015eko otsailaren 27an.–Alkatea, Francisco Javier Nuin Ibero.

Iragarkiaren kodea: L1503347