45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, María Victoria Arraiza Zorzano andreari, hil eta gero, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

María Victoria Arraiza eredugarria izan da bere onberatasunagatik eta gure lurrean eta munduko beste toki batzuetan premia handienak dutenekin eta gehien sufritzen dituztenekin erakutsi duen konpromisoagatik. Horrez gain, bereziki sustatu du Done Jakue bidea, Nafarroako eta mundu osoko ondare historiko eta kulturalaren gailurra.

María Victoria Iruñean jaio zen. Gradua Irakasle Eskolan lortu zuen, Psikologiako lizentzia UHUNen eta Soziologiako doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Irakasle eta orientatzaile aritu zen hainbat urtez Nafarroako zenbait ikastetxe eta institututan, eta hezkuntza administrazioan kargu batzuk bete zituen. 2007tik hil arte (2015eko urtarrilean), Nafarroako Alderdi Sozialistako foru parlamentari aritu zen, eta bereziki bizikidetza eta nazioarteko elkartasuna, hezkuntza, gizarte politikak eta kultura jorratu zituen Garapenerako laguntzako GKE batzuetan jardun zuen, eta esfortzua eta oporraldiko denbora eskaini zizkien Beningo eta beste herrialde batzuetako behartsuenei.

Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko zuzendaria izan zen, eta lan handia egin zuen haren sustapenean, erromesentzako arretan eta Bideko kulturarekin liluratutako beste herrialde eta kontinenteetako talde eta pertsonekiko harremanetan.

Emakume borrokalaria, kementsua, sineste sendokoa, adiskidetsua eta atsegina izan zen. Ezagutu zuten guztiek ez dute ahaztuko. Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko kideek diotenez, hil denetik "Esne Bidean beste izar batek argia ematen eta bidea erakusten die erromesei".

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du gizarte, politika, elkartasun eta kulturaren esparruetan hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. María Victoria Arraiza Zorzano andreari, hil eta gero, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunaren ahaideei jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1502798