45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, Matías Escribano López jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Matías Escribano López kazetaria izan da hainbat tokitan, eta gai asko jorratu ditu. Tuterako merindadean jaio zen, eta bertan lan egin du azken hamarkadetan. Komunikazioko proiektu garrantzitsuak bultzatu ditu, eta haiei esker herritarrek informazio hobea izan dute eta afera publikoetan aktiboki parte hartu, eta gure lurraren nortasunaren ezaugarriak sustraitu dira haiengan.

Matías Escribano Corellan jaio zen, eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna da. Aitzindaria izan zen Espainiako telebistako informazioan, eta Espainia osoan banatzen diren zenbait egunkaritan idatzi zuen. Lau urtez Telerradio aldizkari espezializatuaren zuzendaria izan zen, eta 1967an telebistarako idazleen zirkulua sortu zuen.

Trantsizio demokratikoan zuzendaria izan zen La Nueva Rioja egunkarian eta Radio Nacional irratiaren Errioxako eta Nafarroako delegazioetan.

Tuterako irrati publikoaren zuzendaria izan ondoren, Ribera Navarra argitaletxe-taldea sortu zuen, eta eskualdeko izen bereko irratia zuzendu eta izen bereko astekaria kaleratu zuen. Aldizkari horrek informazioa eta iritzia eman ditu hiru hamarkadaz Tuterako merindadeko berri, tradizio eta gizarte kezkei buruz.

Bere kazetari ibilbide luze eta sakonean, Matías Escribanok zerbitzua eman dio gizarteari, eta ahotsa herritarrei. Interes handia erakutsi du Nafarroako balioak, historia, egungo egoera eta etorkizun onerako ekimenak zabaltzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du kazetaritza arloan eta Nafarroako errealitatearen zabalkundean, bereziki Erriberakoa, hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Matías Escribano López jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1502797