45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, Gabriel Imbuluzqueta Alcasena jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Gabriel Imbuluzqueta Alcasena kazetaria eta idazlea da. Ibilbide luze eta sakona izan du bere lanbidean, bereziki gure lurreko tradizio, folklore eta herri kulturaren alderdien ikerketan eta zabalkundean. Hari esker, herritarrak konturatu dira herri sustraiak Nafarroako funtsezko ondarea direla.

Gabriel Imbuluzqueta Elizondon (Baztan) jaio zen eta informazio-zientzietako doktoretza lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Diario de Navarra egunkarian aritu da kazetari. Etnografia, eskulangintza eta historiari buruzko zenbait liburu idatzi ditu, eta, beste egile batzuekin batera, Nafarroari buruzko liburu asko. Euskal Herriko atlas etnografikoaren egilekidea izan da zenbait hamarkadatan, eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kidea da.

Ikerketa garrantzitsuak egin ditu arlo hauetan: XIX. mendeko Nafarroako prentsa, Baztango gaiak, folklorea, eskulangintza tradizionalak eta Nafarroako ospakizun eta ohitura errotuenak. Horietako asko Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian eta beste batzuetan argitaratu dira.

Nabarmendu egin da Nafarroako kultura tradizionalaren zabalkundean hitzaldien, artikuluen eta formula erakargarri eta atseginen bidez. Horri guztiari esker herritarrek interes handiagoa dute ondare tradizionalean, arlo hauetan: jaiak, musika, arbasoen errituak, antzinako lanbideak eta Nafarroako ibar, herri eta hirietako sinesmen eta elezaharrak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du kazetaritza esparruan eta Nafarroako kultur tradizionalaren ikerkuntzan eta zabalkundean hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Gabriel Imbuluzqueta Alcasena jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1502796