45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Gazteak 2015 Literatur Lehiaketa

Iruñeko Udalak “Iruñeko Gazteak 2015 Literatur Lehiaketa” deitzen du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17koan) xedatzen duenarekin bat.

1.–Xedea.

Iruñeko Gazteak 2015 Literatur Lehiaketa: Lehiaketa honen xedea da Iruñeko gazteek egindako literatur lanik hoberenak saritzea. Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Lan bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu.

2.–Sari-modalitateak.

Hona hemen sari-modalitateak:

–Bai gaztelaniaz eta bai euskaraz, ezarritako modalitateak Poesia eta Narrazio Laburra dira.

Hona hemen lanek izan beharko duten luzera:

–Poesia: 14 bertso gutxienez, eta 40 gehienez.

–Narrazio laburra: 2 orri gutxienez, eta 5 gehienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta bakarrik alde batetik mekanografiatuta.

3.–Diru-zuzkidura.

Deialdi honi, gehienez ere, 3.360 euro esleituko zaizkio sarietarako, Udalaren Aurrekontuko honako kontu-sail honen kargura:

–50/45140/480000.

–90/45320/480000.

Gehienezko esleipen horretatik, 1.680 euro 50/45140/480000 kontu-sailaren kontura esleituko dira, euskarazko sarietarako, eta beste 1.680 euro 90/45320/480000 kontu-sailaren kargura, gaztelaniazko sarietarako.

Sari hauek ezarri dira modalitate bakoitzerako, 2. klausulan ezarritakoaren arabera:

–Lehen saria: 375,00 euro.

–Bigarren saria: 190,00 euro.

–Hirugarren saria: 125,00 euro.

Sariei esleitutako diru-kopuruei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

4.–Izangaien betekizunak.

Lehiaketa honetan, bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duten gazteek hartzen ahal dute parte. Lanak aurkezteko mugaegunean, 14 urte beteta eduki beharko dituzte, eta 19 urte bete gabe.

Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen izaera berezia dela-eta onuradunei arau horietan ezarritako debekua aplikatu beharrekoa da: o BAI x EZ.

5.–Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lan bakoitzeko 5 kopia aurkeztuko dira gutun-azal itxi baten barruan, izenorde batekin sinaturik eta kopia bakoitzean lehiakidearen adina adierazita. Gutun-azalaren kanpoko aldean, honako testu hau idatzi behar da:

IRUÑEKO GAZTEENDAKO LITERATUR LEHIAKETA
2015. URTEA

Hizkuntza: ...........................................................................................

Modalitatea: ........................................................................................

Lanaren izenburua: ............................................................................

Egilearen ikurritza edo izenordea: ......................................................

Egilearen adina 2015eko maiatzaren 5ean: .......................................

Gutun-azal horren barnean, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita eta kanpo aldean egilearen izenordea idatzita eramanen duena, eta horren barnealdean, orri bat, egilearen datu hauek adierazita: izena eta bi abizen, helbidea, telefonoa eta ikastetxea. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Lanak helbide honetara bidali behar dira:

–Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegoa (Zangoza k., 30).

Halaber, beste edozein bide erabiltzen ahalko da lanak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluak aurreikusten dituenen artean.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da, eta 2015eko maiatzaren 5ean amaituko.

Saririk jasotzen ez duten lanak Udalaren bulegoetan berreskuratu ahal izango dira, ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean. Epe hori igarota, Udalak suntsitu egin ahalko ditu jaso ez diren lanak, betiere ebazpenaren kontrako errekurtsorik aurkeztu ez bada.

6.–Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatu du, eta honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

–Gaztelaniazko lanetarako: Iruñeko Udaleko Enplegu, Merkataritza, Turismo, Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatua. Ordezkoa: Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Berezia.

–Euskarazko lanetarako: Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatua. Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Enplegu, Merkataritza, Turismo, Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatua.

Epaimahaikideak:

–Gaztelaniazko lanetarako:

  • Hizkuntza eta Literaturako bi irakasle, Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrak proposatuak.
  • Literaturako aditu bat, Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrak proposatua.
  • Udaleko Gazteriako teknikaria.

–Euskarazko lanetarako:

  • Hizkuntza eta Literaturako bi irakasle, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorrak proposatuak.
  • Literaturako aditu bat, Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorrak proposatua.
  • Udaleko Euskara koordinatzailea.

Idazkaria:

–Gaztelaniazko lanetarako:

  • Iruñeko Udaleko Gaztediaren Etxeko arduraduna.

–Euskarazko lanetarako:

  • Hezkuntza eta Kultura Alorreko administrari bat, Alor horrek berak proposatua.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari, Alkatetzari, aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan. Modalitate guztietan, edozein sari eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta epaimahaiaren iritziz ezein lanek ez badu behar adinako meriturik edo kalitaterik.

Epaimahaiak accesiten bat proposatzeko aukera: x BAI o EZ.

Halaber, epaimahaiek modalitate eta hizkuntza bakoitzeko bina accesit ematea proposatzen ahalko dute, 75na eurokoak.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu aurreikusitako sariak oro edo horietako batzuk.

Sariak, epaimahaiak hala erabakitzen badu, ex aequo eman ahalko zaizkie zenbait lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

7.–Datu pertsonalen tratamendua.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko, eta Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalari zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz. Lehiaketa hau egin bitartean jasotako irudirik erabiltzeko, beharrezkoa izanen da interesdunek aldez aurretik baimena sinatzea.

8.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Instrukzio-organoa diru-laguntza kudeatzen duen Alorreko Idazkaritza Teknikoa izango da.

Administrazio-bideari amaiera emanen dion ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzeko beharra: x BAI o EZ.

Baiezkoa bada, non argitaratu:

o Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

x Udaleko Iragarki-taula.

9.–Kontuan hartu beharreko beste batzuk.

Saridunek sari-banaketako ekitaldira joan beharko dute.

Saritutako lanak Iruñeko Udalaren jabetzakoak bilakatuko dira. Halaber, Jabetza Intelektualari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat, egileak Iruñeko Udalari lagatzen dizkio, beretako bakarrik eta mundu mailan, obra ustiatzeko eskubideak oro, aipatu legearen 26. artikuluak ezarritako epearen barruan. Eskubide horiek barne hartzen dute lana edozein bitarteko, euskarri edo formatutan erreproduzitzekoa, banatzekoa, jendaurrean paratzekoa eta eraldatzekoa, eta horien artean, bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean argitaratzekoa, eta eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak online igorri eta zabaltzea nola Internet erako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Dena den, 5. klausulan adierazitakoa gorabehera, saritu gabeko lanak Gazteendako Argibide Bulegoan berreskuratu ahal izanen dira, Gaztediaren Etxean (Zangoza kalea, 30).

10.–Errekurtsoak.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar parte-hartzaileek oinarriak onartu eta haiei men egitea.

Lehiaketa honen garapenaren eta oinarri hauen interpretazioaren inguruko gatazka oro organo emaileak ebatziko du.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2015eko otsailaren 19ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L1503175