45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLORITZ

Ordenantza, Instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Olorizko Udalak, 2014ko abenduaren 23an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Okorizko udalerrian instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia 2015eko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 12an, eta inork ez du jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik emanen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Oloritzen, 2015eko otsailaren 19an.–Alkatea, Raúl León Goñi.

ORDENANTZA, INSTALAZIO, ERAIKUNTZA ETA OBRETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Olorizko Udalak honako hauei laguntza emateko ezarritako diru-laguntzak arautzea:

Olorizko udal mugapean kokaturiko instalazio, eraikuntza eta obrei.

2. artikulua. Onuradunak.

Udalak diru-laguntzak emanen dizkie, aurrekontuak finkaturiko mugen barrenean, laguntza eskatzean Herriko Etxean erroldaturik agertzen diren pertsona fisiko edo juridikoei, diru-laguntzaren xede den obraren titularrak badira.

Onuradunak erroldan baja egiten badu diru-laguntza eskuratu ondoko lau urteko epean, laguntza osorik itzuli beharko du, hartaraino sorrarazitako korrituekin.

3. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak tramitatzeko, Oloritzen egiazki bizitzeaz gain, eskabidea aurkeztu beharko da Udalean, zein urtetan bukatu den inbertsioa, urte hartan, edo hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen. Eta, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek:

–Laguntzaren eskabidea.

–Nortasun agiri nazionala.

–Obra akaberaren ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua, halakorik bada.

–Banketxea eta kontu zenbaki osoa, laguntza kontu horretan ordaintzeko.

–Laguntzaren xedea den jabetzaren eskritura edo, halakorik ez bada, titulartasuna frogatzeko behar den agiria.

Laguntzak eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua eta behar diren udal lizentziak aurkeztea. Laguntza emateko ezinbertzekoa izanen da lehen okupazioko udal lizentzia lortzea, halakorik bada.

4. artikulua. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek emanen zaizkio frogatutako inbertsioari:

Eraikuntza, instalazio eta obretarako, haien balioaren %2ko diru-laguntza emanen da, gehienez ere lau mila euro (4.000 euro).

5. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak, eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, haiek sailkatu eta behar diren diru-laguntzak emanen ditu, ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz finkatuko dituelarik zenbatekoak.

Espedientea erabat osaturik dagoenean eta egindako inbertsioa behar bezala frogatzen denean ordainduko dira laguntzak.

Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, diru-laguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak abiaraztea.

Ekitaldi ekonomikoren batean aurrekontuko kontu-saila aski ez bada aurkeztutako eskaerei erantzuteko, ordenantza honetan hasiera batean aurreikusitako zenbatekoen barnean, haien ordainketa hurrengo ekitaldietara gibelatuko da, halakorik bada.

Halaber, aurreko lerroaldean aipatu egoera gertatzen bada, Udalak egokia iruditzen zaion kopurua gehitzen ahalko dio aurrekontuko kontu-sailari, beharrezkotzat jotzen badu eta bere egoera ekonomikoak hori aholkatzen badio.

6. artikulua. Betebeharrak.

Udalak edozein unetan eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, hura itzuli egin beharko da.

7. artikulua. Diru-laguntzaren kalkulua.

Inbertsioa zenbatu eta diru-laguntza kalkulatzerakoan, ez dira kontuan hartuko laguntzaren eskatzaileak jasandako BEZa eta dagokion EIOZa.

8. artikulua. Udalaren konpromisoa.

Olorizko Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko kontu-saila jartzen badu soilik eskatzen ahalko dituzte interesdunek ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak.

9. artikulua. Diru-laguntzak ematen hasteko eguna.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren udal erregistroan aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: L1502709