45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, Jesús eta Raúl Anoz Laspeñas jaunei, “Anoz anaiei”, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Jesús eta Raúl Milagron jaio ziren, eta jende askorentzat Anoz anaiak dira. Denbora luzez (50 urtetik gora) Nafarroako folklorearen erreferentzia izan dira, eta munduan zehar gure lurreko herri kanten alaitasuna eta emozioa barreiatu dute, bereziki Nafarroako Jotarenak.

Haurrak zirela, kantatzeko interesa erakutsi zuten, eta Madrilen musika eta kantua ikasi zituzten. Irratiko lehiaketa askotan parte hartu zuten, eta hainbat sari eta aintzatespen lortu. Zuri-beltzeko telebistan ere parte hartu zuten, eta horri esker ospe handia irabazi. Espainian arrakasta lortu ondoren, Europako zenbait herrialdetan jardun zuten Espainiako atzerriratuen aurrean.

Ameriketako eszenatokietan ere kantatu eta gitarra jo dute. Mexikon, Argentinan, Txilen, Brasilen, Ekuadorren, Perun eta Uruguain hunkitu dira haien Nafarroako jota eta estanpekin, zortziko eta pot-pourriekin eta Mexikoko iparraldeko, Mexikoko eta Hego Amerikako kantuekin. Sekulako diskografia dute: 42 disko luze baino gehiago eta zenbait disko labur grabatu dituzte itzal handiko diskoetxeetan. Anoz anaien abestiei esker gazte eta heldu belaunaldi batzuk gozatu, kantatu eta dantzan egin dute, eta hunkitu eta poztu dira.

Beti zurigorriz jantzita, mundu osoan hedatu dituzte Nafarroako folklorea eta ohiturak eta nafarren izaera ireki eta alaia. Interpretatzaile bikote hau Nafarroako Jotaren gailurra da. Gure folklorearen adierazpen paregabe hau herri arimaren barruraino sartu da haren indar eta sentimenduarengatik.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Nafarroako folklorearen sustapenean hain lan eredugarria egin duten pertsonak saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Jesús eta Raúl Anoz Laspeñas jaunei, “Anoz anaiei”, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunei jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1502795