45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, Javier López de Munáin Renedo jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Javier López de Munáin liburu-saltzailea pertsona adeitsu, zuzen eta ikasia da. Denbora luzez (40 urtetik gora) aholkularitza eta laguntza handia eman du irakurketa arloan eta, modu horretan, Nafarroaren garapen kulturala sustatu du azken hamarkadetan.

Burlatan jaio zen, eta Teologia ikasi zuen Salamancan eta Ekonomia Bilbon. 1970ean Nafarroara itzuli zen eta Iruñeko Andrómeda liburu-dendan hasi zen lanean. 1973an, beste pertsona batzuekin, El Parnasillo liburu-denda sortu zuen. Iruñeko Bigarren Zabalguneko bi tokitan egon da denda, eta kultur idatzia hedatzeko eta Nafarroako gizartea eraldatu eta kultura aldetik bultzatzeko funtsezko gunea izan da azken hamarkadetan.

Ibilbide luzea izan du bere lanbidean Javier López de Munáinek, eta gauza asko ezagutu ditu: 70eko hamarkadan zentsura hertsia, gutxiengo egosgogorrek liburu-dendari egindako erasoak, irakurzaletasunaren gorakada, aisialdiko ohituren aldaketa, argitaletxeen politika berriak edo teknologia berrien eragina argitalgintzan.

Beti egon da prest edonori (gazte, heldu, adiskide edo ezezagun izan) aholkuak eta orientabideak gogoz eta begirunez emateko, eta egoki, bere irizmen eta memoria onari esker. Modu horretan bere jakinduria eskaini du. Bere jakinduriaren oinarria ez da izan ordenagailuan kontsultak azkar egitea, baizik eta liburuei itsatsita egotea eta haiek preziatu eta maitatzea, ezagupen orokorren eta literaturaren funtsezko baliabideak diren aldetik. Javier lehen mailako kutur eragilea izan da, eta bitartekari aparta Nafarroan liburuen eskaintzak eta eskariak bat egin dezaten.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du liburuen salmentan eta kulturaren sustapenean hain lan eredugarria egin duen pertsona saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Javier López de Munáin Renedo jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1502794