45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari diru-laguntza bat ematea baimendu, eta diru-laguntza hori arautzeko hitzarmena onesten duena.

Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde publiko bat da, eta hari dagokio Nafarroako Foru Komunitateak babes zibilaren arloan eta larrialdien kudeaketaren arloan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, Espainiako Gurutze Gorria sortu zenetik lan handia egiten ari da hainbat arlotan: boluntariotzaren garapena eta elkartasunaren sustapena, larrialdi medikoko egoerak, gizarte laguntza, garraio egokitu berezia, prebentzio zerbitzuak, osasun prestakuntza eta gaikuntza larrialdi kasuetarako, laguntza psikologikoa eta geriatrikoa.

Nafarroako Gobernua, bere departamentuen bidez laguntza eta gizarte arloko programa eta politikak aurrera eramateko orduan, boluntarioen eta profesionalen arteko hartu-emanak sustatzen ari da, eta bide ematen ari da antolaturik dauden boluntarioek interes orokorrekoak izan daitezkeen arloetan esku hartzeko, haien lana osagarria delakoan.

2015era arte luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontuetan kontu-sail izendun bat dago Espainiako Gurutze Gorriarentzat: 054001 02710 4819 134102 kontu-saila da, “Gurutze Gorriaren Hitzarmena” izenekoa, eta, ekitaldi ekonomiko honetarako, 67.231,00 euroz hornitua dago.

Diru-laguntza hori Espainiako Gurutze Gorriarekin sinatuko den hitzarmen batean arautuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 25.1.c) artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, espedientean jasotako txostenak ikusita, Ekonomia eta Ogasunak Nafarroako Larrialdietako Agentzian duen kontu-hartzaile delegatua ados egonik, eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia arautu eta haren estatutuak onesten dituen otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuak esleituta ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Espainiako Gurutze Gorriari (IFK: Q-2866001G) 67.231,00 euroko diru-laguntza ematea eta gastu hori baimentzea. Laguntza hori entitateak sortutako gastu arruntak finantzatzeko erabiliko da, eta, zehazki, honako hauek: diru-funtsen kontrol egokiaz eta kontu-emateaz arduratzen diren langileen kostuak, antolakunde osoarentzat lanean ari direnenak.

2. Gastu hori 2015era arte luzatutako aurrekontu orokorretan “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin” izeneko 054001 02710 4819 134102 kontu-sail izendunaren kargura finantzatzea (ID 4866).

3. Diru-laguntza hori arautzeko Espainiako Gurutze Gorriarekin izenpetu beharreko hitzarmena onestea. Ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.

4. Laguntza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Boluntarioen Arloari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateari, kontu-hartzaile delegatuari eta interesdunari igortzea. Interesdunari aditzera ematen zaio ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 6ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuari jarraikiz.

Iruñean, 2015eko otsailaren 10ean.–Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea, Eradio Ezpeleta Iturralde.

NAFARROAKO LARRIALDIETAKO AGENTZIAREN ETA ESPAINIAKO GURUTZE GORRIKO NAFARROAKO BATZORDE AUTONOMIKOAREN ARTEKO HITZARMENA 2015. URTERAKO

Iruñean, 2015eko urtarrilaren .........(e)an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Eradio Ezpeleta Iturralde jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bestetik, Joaquín I. Mencos Arraiza jauna, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoaren izenean eta hura ordezkatuz,

ADIERAZTEN DUTE:

Boluntarioen lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen xedea da, batetik, herritarrak bultzatzea edonolako lan boluntarioetan parte hartzera, aktiboki, askatasunez, elkartasunez eta erantzukizunez parte hartu ere, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan horrelako egitarau edo jarduera etengabeak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateen bitartez, eta bestetik, pertsona boluntarioen, boluntariotza entitateen eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko harremanak ezartzea. Legearen 12. artikuluan ezartzen da administrazio publikoek jarduerak eginen dituztela boluntarioen lana eta elkartasuna sustatzeko gizarte zibilaren baitan, eta azkenik, 5. artikuluan boluntariotza entitateen definizio bat agertzen da: legez osaturik dauden pertsona juridikoak dira, irabazteko asmorik gabeko gizarte programa edo jarduerak egiten dituztenak pertsonen edo gizarte taldeen onerako, batez ere gizarte edo osasun zerbitzuen arloan, eta, horretarako, boluntarioez baliatzen dira bereziki.

2/1998 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateak boluntarioen egitarau eta jarduerei diruz lagunduko diela, eta, horretarako behar diren kontu-sailak izendatuko direla aurrekontuetan, diru-laguntzak emanen direla eta boluntariotza entitateekin hitzarmenak edo itunak sinatuko direla, eragindako gastuak estaltzeko asmoz.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean aurreikusita dago babes zibilerako sistema publiko bat eratuko dela Nafarroan. Antolamendu egituratu eta koordinatu bat izanen da, larrialdi egoeretan arreta eta laguntzarako materiala eskaintzeko orduan ahalegin publikoak eta pribatuak bateratuko dituena. Arau horren 39.2.g) artikuluak ezartzen du babes zibileko boluntariotza entitateak larrialdiak kudeatzeko sistema publikoaren zati direla.

Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde publiko bat da, eta hari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren arloan eta larrialdien kudeaketaren arloan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Espainiako Gurutze Gorria erakunde humanitario bat da, borondatezko izaera eta interes publikoa duena. Administrazio publikoen laguntzaile eta lankide gisa jarduten du haiek sustatzen dituzten jarduera humanitario eta sozialetan, eta, erakundearen antolaketa arauak onesten dituen martxoaren 1eko 415/1996 Errege Dekretuaren arabera, gizatasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, borondatezkotasuna, batasuna eta unibertsaltasuna dira bere jarduketaren printzipio nagusiak. Sortu zenetik sustapen eta parte-hartze lan nabarmena egin du ongizatea lortzeko bidean, boluntariotza garatzen eta elkartasuna bultzatzen.

Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak Nafarroako Babes Zibilaren eskeman duen garrantzia dela-eta, kontu-sail izendun bat sortu zen duela urte batzuk Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hark ematen dituen prestazioei aurre egiteko, hurrengo urteetako aurrekontu orokorretan mantendu dena. 2015. urtera arte luzatutako 2012. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legean “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin” izeneko 054001 02710 4819 134102 kontu-sail izenduna jaso zen, 67.231 euroz hornitua.

Gainera, 2012ko apirilaren 12an, bi alderdiek lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoa Nafarroako babes zibilaren sisteman sartzeko, eta, horren bidez, boluntariotza sustatzeko, ekintza humanitarioetan, giza eta gizarte laguntzarako ekintzetan edo larrialdi, hondamendi eta katastrofeetan parte hartzen duten boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea begiratzeko eta jarduketa mota bakoitzerako prestatuak eta espezializatuak dauden boluntarioen mobilizazioa errazteko; horretarako, eskura dauden baliabideak koordinatuko dira, eta jarduketa printzipioak aginte bakar baten printzipioaren arabera artikulatuko dira.

Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak 2015. urtean jarduteko behar dituen gastuen aurrekontu bat aurkeztu dio Nafarroako Larrialdi Agentziari, guztira, 803.163,81 eurokoa; horietatik 485.007 euro gastu orokorretarako dira, eta 318.156,81 euro inbertsioetarako.

Horregatik guztiagatik, alderdiek honako hau erabaki dute:

Klausulak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da 2015era luzatutako 2012ko Aurrekontu Orokorreko kontu-sail izendun horretan aurreikusita dagoen laguntza ekonomikoa arautzeko esparrua zehaztea. Laguntza horren helburua da, batetik, Espainiako Gurutze Gorriak Nafarroan duen antolaketa-egiturari eta egoitzari eustea, bere baitan hartzen baititu larrialdietako osasun garraioan eta larrialdien prebentzioan eta erantzun-ekintzetan parte hartzen duten zerbitzuak, eta bestetik, boluntariotza sustatzea, Gurutze Gorria Nafarroako babes zibilaren sistemaren partaide baita, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Gurutze Gorriak 2012ko apirilaren 12an sinatutako Lankidetzarako Esparru-hitzarmen indardunean erabakitakoari jarraikiz.

Hitzarmen honen bidez diruz laguntzen den jarduerak onura publiko eta soziala du, izan ere, babes zibilarekin loturiko zerbitzu emate guztiak zerbitzu publiko gisa hartu behar dira, zalantzarik gabe, eta administrazio publikoekin batera jarduteko libreki eta beren borondatez elkartzen diren boluntarioen sustapena ere gisa horretara hartu behar da.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Hitzarmen hau sinatzearen bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentziak 67.231,00 euroko zuzeneko diru-laguntza ematen dio Nafarroako Gurutze Gorriari, hau da, 2015era arte luzatutako 2012ko Gastuen Aurrrekontuko “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin” izeneko 054001 02710 4819 134102 kontu-sail izendunean aurreikusitako zenbateko guztia.

Laguntza izendunaren zenbateko osoa, hau da, 67.231,00 euro, 2015era luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontuetako gastu arrunten transferentzia bat denez, erakundearen diru-funtsen kontrol egokiaz eta kontu-emateaz arduratzen diren langileen kostuen zati bat finantzatzeko izanen da, betiere erakunde osoarentzat lan egiten badute, hala eskatu baitu entitate horrek 2015. ekitaldi ekonomikorako laguntza eskatzeko aurkeztutako agirian.

11/2005 Foru Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitako diru-laguntzetako bat da:

11/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jardueraren izaerarekin bete-betean bat datozenak, baldin eta ezarritako epean egiten badira, kasu honetan, 2015. urtean zehar; gastu horien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Finantzatu daitezkeenak:

Entitateak aurkeztutako laguntza eskaerarekin bat, laguntza hori erabiliko da, oso-osorik, Espainiako Gurutze Gorriak Nafarroan duen erakunde-egoitzan lanean ari diren langileen nominak, gizarte segurantza eta PFEZa ordaintzeko.

Honako gastu hauek ez dira diru-laguntzaren xede:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Senidetze bazkariak eta aperitiboak.

Hirugarrena.–Organo eskuduna.

Diru-laguntza izenduna emateko eta hitzarmena onetsi eta sinatzeko organo eskuduna Nafarroako Larrialdietarako Agentziako zuzendari kudeatzailea da.

Hitzarmena kudeatzeko eskumena duen organoa NLAko Babes Zibilerako Zuzendaritzako Boluntarioen Arloa da.

Laugarrena.–Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoaren betebeharrak.

11/2005 Foru Legea betetzeko asmoz, Espainiako Gurutze Gorriak dokumentazio hau aurkeztu beharra du:

a) Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, erakundea honako tributu betebehar honen ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko: BEZa (araubide orokorra), edo, hala badagokio, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, entitateari izaera soziala aitortzen diona, BEZetik salbuesteko.

b) Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, PFEZaren tributu betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzen duena.

c) Hirugarrenekin egindako eragiketen urteko zerrenda.

d) Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, epemuga iraganda duten zorren gaineko erreklamaziorik ez duela adierazten duena.

e) Diru-laguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretakoren batean ez dagoela adierazten duen aitorpena (13. artikuluan ezarrita daude egoera horiek).

f) Legez eratua dagoela eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatua dagoela egiaztatzen duen agiria.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa betetzeko, Espainiako Gurutze Gorriak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, honako alderdi hauek egiaztatzeko dokumentazioa bidali beharko dio telematika bidez Babes Zibilerako Zuzendaritzari, entitateko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana:

I.–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

II.–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

III.–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu xehakatuak.

IV.–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

V.–Urteko azken kontuen kopia bat.

59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, artikulu horretan adierazitako inguruabarrak gertatzen ez badira, erakundeak ez du legeak ezarritako baldintza bete behar izanen.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, ezta aurrerakinak ere, eta diru kopururik jaso bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, hitzarmenaren xedeari dagokionez, Espainiako Gurutze Gorriak hitz ematen du Foru Komunitatearen esparruan gertatzen diren larrialdietan eta gizarte eta laguntza ekintzetan parte hartuko duela eta egoera horietan NLAri lagunduko diola, arrisku kolektibo handiko egoeretan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan esleitzen zaion eginkizuna bere gain hartuz, bereziki Nafarroako Babes Zibilerako Lurralde Planean edo Babes Zibilerako Plan Berezietan, kasuan kasuko katalogoan sartutako arriskuetarako, adierazten diren misioetan.

Horrez gainera, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak konpromiso hau hartzen du:

1.–Bere langileak aseguratuak izatea, langile boluntarioak barne.

Hitzarmen honetan propio jasotako betebeharrez gainera, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako guztiak ere izanen ditu entitateak.

Bosgarrena.–Jarduketa eremua.

Hitzarmen honi dagokionez, Espainiako Gurutze Gorriaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, baina egoerak hala eskatzen badu eta bi alderdiei egokia iruditzen bazaie, kanpoan ere aritzeko lankidetza eskatzen ahalko zaio.

Seigarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, Espainiako Gurutze Gorriak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du 2015eko abenduaren 13a baino lehen:

A) 2015. urtean egindako jardueren memoria.

B) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena, entitateko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, NLAk emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.

C) Gizarte Segurantzari egindako ordainketen zerrenda izenduna, hilabetez hilabetekoa, eta pertsona bakoitzari PFEZa dela-eta egindako atxikipenak.

D) Jatorrizko nominak (horien kopia konpultsatuak espedientean geldituko dira), eta horietako bakoitza ordaindu izanaren egiaztagiriak.

Fakturak legearen araberakoak izanen dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Ez dira inola ere onartuko aurreko ekitaldi ekonomikoei dagozkien fakturak.

Elkartearen beraren eta haren zerbitzuen gastuak jasotzen dituzten fakturen kasuan, boluntario-unitate bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da.

Dokumentazio hori gailu elektroniko batean aurkeztuko da; agirien fotokopien konpultsak egiaztatu eta edukia aztertu ondoren, gailu hori eta jatorrizko dokumentazioa itzuliko dira.

Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoa behartua dago jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzera, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak diruz laguntzen ez duen kopuruari dagokionez, entitateak frogatu beharko du zenbat diru jarri duen bere funtsetatik, diru hori nondik datorren eta nola aplikatu duen diruz lagundutako jardueretan.

Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak zehaztu beharko dira, eskaeraren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko, hasiera batean. Eskaeran adierazitako kontzeptuak urtean zehar aldatu nahi badira, entitate onuradunak kontzeptu horiek aldatzeko edo gehiago sartzeko eskatu beharko du, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri horiek onartzea edo ez.

Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzea helburu, Nafarroako Larrialdietako Agentziak hitzarmen honen ondoriozko gastuak justifikatzen dituzten kontabilitate-liburuak eta jatorrizko fakturak eskatzen ahalko ditu, berrikusteko.

Zazpigarrena.–Laguntzen bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Horregatik, onuradunak ekitaldi honetan onartutako diru-laguntzen aitorpena aurkeztu beharko du, bidezko egiaztapenak egin daitezen.

Zortzigarrena.–Informazioa eta zabalkundea.

Hitzarmen honen babesean aurrera eramaten diren programen gaineko adierazpen publiko guztietan, Nafarroako Gobernuaren laguntza izan duela adierazi beharko du Espainiako Gurutze Gorriak.

Bederatzigarrena.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Hamargarrena.–Araubidea eta errekurtsoak.

Hitzarmen honek administrazio izaera du. Hortaz, haren kontra, haren oinarri arautzaileen kontra eta garapen ekintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Hitzarmen honetan berariaz adierazita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

Hamaikagarrena.–Indarraldia.

Hitzarmen honek 2015. urtea bitartean izanen du indarra.

Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goian aipatzen diren egun-tokietan.

Nafarroako Larrialdietako Agentziaren aldetik,

Zuzendari kudeatzailea

Eradio Ezpeleta Iturralde

Espainiako Gurutze Gorriaren

Nafarroako Batzorde Autonomikoaren aldetik,

Batzordeburua

Joaquín Mencos Arraiza

I. ERANSKINA

Hitzarmen honek arautzen duen laguntzaren onuradun
diren langileak, Nafarroako Gurutze Gorriaren
erakunde-egituran aritzen baitira

1.–María Eugenia Lizarraga Taberna.

2.–Raquel Barroso Peña.

3.–Juan José San Martín Baquedano.

4.–Aurreko zenbakietan adierazitako pertsonen ordezkoak ere sar litezke, betiere ordezkapenak aldi baterako ezgaitasun egoerengatik edo antzeko kausengatik egiten badira, edo langile horiek baja hartzen dutelako enpresan proiektua gauzatzen den bitartean.

Iragarkiaren kodea: F1502271