45. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 20koa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikari izateko hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, 2015eko otsailaren 20an, honako ebazpen hau eman zuen:

Ikusirik Nafarroako Kontuen Ganberaren idazkari nagusiaren eta administratzailearen txostenak, auditoretzako teknikari izateko hiru lanpostu huts betetzeari buruzkoak, lanpostu horiek aurreikusirik baitaude Nafarroako Kontuen Ganberaren 2015erako plantilla organikoan, eta Zerbitzu Juridikoaren eta Esku-hartze Zerbitzuaren aldeko txostenak baitituzte. Horri buruz egoki den txostena eman zaio erakundeko langileen batzordeari. Horrenbestez, lehendakaritza honek, bere ahalmenak eta bere eskumenak erabiliz,

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikari izateko hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia eranskineko oinarrien araberakoa izanen da.

Bigarrena.–Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web orrian argitara dadila xedatzea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 20an.–Lehendakaria, Helio Robleda Cabezas.

DEIALDIA, NAFARROAKO KONTUEN GANBERAREN ZERBITZUKO AUDITORETZAKO TEKNIKARI IZATEKO HIRU LANPOSTU HUTS LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditore izateko hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honetan honako hauek izanen dira arau: 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua eta lekualdatze lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2007ko otsailaren 26an onetsia (Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, 2007ko martxoaren 7koa, 2010eko urriaren 22koa eta 2010eko abenduaren 7koa). Horien osagarri aplikatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatu eta betearazteko eman zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena.

1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, auditoretzako teknikari lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

Beren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoak dira. Erregelamendua Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onetsi zuen 2007ko otsailaren 16an (2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa). Hona hemen eginkizun horietako batzuk: orokorki, auditoreek ezartzen dizkieten irizpideei jarraituz, kontuen, finantzen egoera-orrien, barne kontrolaren eta orotariko antolamenduaren gorabeherak aztertu eta gainbegiratzea; unean-unean kontrolatzen diren zentro, erakunde eta bulegoetako eraginkortasun eta efizientziaz arduratzea; beren eginkizunetan arituz lortzen dituzten emaitzen eta ondorioei buruzko txostenak ematea auditoreei; eta, beren eskumenen barruan, nagusi duten auditoreak esleitzen dizkien laguntza eta lankidetzako lan guztiak.

1.4. Lanpostuak B mailakoak dira eta horri dagozkion lansariak izanen dituzte, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.

1.5. Deialdi honetako lanpostu kopuruari geroago beste zenbait gehitzen ahalko zaizkio, alegia, epaimahaiak lehiakideen zerrenda (erdietsitako puntuazioaren araberakoa) deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu huts horiek lekualdatze lehiaketaren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartu ahal izanen dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) B mailako funtzionarioa izatea.

b) Unibertsitateko diploma, ingeniaritza edo arkitektura teknikoko titulua edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen diren tituluak edukitzea edo ofizialki onarturiko fakultate edo goi mailako eskola tekniko batean hiru ikasturtetako ikasgai guztiak gainditu izana.

c) Auditoretzako teknikari lanpostu baterako izendatua izatea.

d) B motako gidabaimena izatea.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozedurak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozedura izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren II. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.

Eskabideak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web orrian ere (www.camaradecomptos.es), langileak hartzeko deialdien atalean.

3.2. Honako hauek erantsi behar zaizkio eskabideari:

–Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta berauen frogagiriak, behar bezala kautotuak.

3.3. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta erakunde horren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Ansoleaga kalea, 10), egun eta ordu baliodunetan (goizeko 8:30etik 14:30era bitarte, astelehenetik ostiralera), hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrendak onartutako izangaien izen-deiturak erakutsiko ditu. Halaber, hura argitara emanen da, Kontuen Ganberaren iragarki oholean eta www.camaradecomptos.es webgunean.

4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta, akatsik izan bada, haiek zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epearen barruan.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko da.

4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, hura argitara emanen da, Ganberaren iragarki oholean eta www.camaradecomptos.es webgunean. Izangai bakarra ere onartzen ez bada, lehiaketa eman gabe utziko da.

5. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen merezimendu lehiaketaren epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Karen Moreno Orduña andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

–Ordezkoa: Asunción Olaechea Estanga andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Kontseiluko kideak:

–Edurne Martinikorena Matxain andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, Ganberako Lehendakariak izendatua, erakundeko langileen batzordeak uko egin baitio izendatzeko duen eskubideari.

–Ordezkoa: Miguel Ángel Aurrecoechea Gutiérrez jauna, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, Ganberako Lehendakariak izendatua, erakundeko langileen batzordeak uko egin baitio izendatzeko duen eskubideari.

–Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

–Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo jauna, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

5.2. Epaimahai kalifikatzailea izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epearen barruan eratu beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jarduerak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiaren ebazpenak gehiengoz emanen dira eta epaimahaiburuak kalitatezko botoa erabiltzen ahalko du.

5.3. Deialdiaren oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoak ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 45 puntu izanen dira.

6.2. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

6.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa Nafarroako Kontuen Ganberako web orrian, eta bost eguneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Ganberako iragarki oholean eta web orrian argitaratuko da berriz ere, izangaiek merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin. Iragarki horretan, proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua emanen dira aditzera.

7. oinarria.–Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa eta Nafarroako Kontuen Ganberaren gaineko ezagutzari buruzkoa.

7.1. Bi ariketa eginen dira idatziz, biak ere bi ordukoak gehienez ere. 10 puntu arte emanen dira ariketa bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu lortuko dira proban.

Lehenbiziko ariketan neurtuko da, hainbat galderaren bidez, Nafarroako Kontuen Ganberari buruzko ezagutza, eta, zehazki, honako hauei buruzkoa: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroako Kontuen Ganbera arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamendua, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Ekonomia eta Finantzen Erregelamendua.

Bigarren ariketa proba praktiko bat izanen da, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz. Deialdi honen 1. oinarriko 3. atalean deskribatu dira.

7.2. Plika itxien sistema erabiliko da ariketa hauek zuzentzeko. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatzean, orriak gutun-azal batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Ondoren, izen-deiturak gutun-azal txiki batean jarriko dituzte, eta gutun-azal hori bestearekin batera aurkeztuko da. Bi gutun-azalak itxita aurkeztu beharko dituzte. Probak bukatzean, bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.

Gutun-azalak jendaurrean irekitzeko eguna proba egiten ari den bitartean jakinaraziko zaie izangaiei.

Proba hori baztergarria izanen da. Bi ariketak baturik gutxienez ere 10 puntu behar dira gainditzeko. Lortutako puntuazioa erakundearen iragarki oholean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web orrian argitaratuko da.

7.3. Probak egiteko orduan, halaxe eskatzen duten minusbaliatuek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.

8.1. Epaimahaiak lehiatzaile guztien puntuazioa prestatu eta izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren araberakoa, Kontuen Ganberako lehendakariari eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia balitz. Halaber, lehendakariak zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

8.2. Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik izaten bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiakide zaharrenaren alde eginen da.

8.3. Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak puntuaziorik altuenak lortzen dituzten izangaiei esleituko dizkie lanpostuak, eta haien izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9. gaia.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Izendatzen diren izangaiek izendapen erabakia jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.

9.2. Aipatutako epean, eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.

10. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

10.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

10.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

10.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, bere oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 25 puntu arte.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko.

–Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa. 15 puntu arte.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

–Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka jasotako edo saritutako zientzia edo ikerketa lanak egitea, aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, baita itzulpenak argitaratzea ere: 4 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz ea lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, estatu edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 4 puntu gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez.

c) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak. 5 puntu gehienez.

1. Deialdian eskatutakoez bestelako goi mailako titulazioak, gehienez ere puntu bat.

2. Erdi mailako titulazioak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 0,50 puntu.

3. Doktore maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere puntu bat.

4. Euskara eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea:

Europar Batasuneko hizkuntzak jakitateagatik, 0,5 puntu emanen dira oinarrizko mailagatik eta puntu bat goiko mailagatik.

Euskara jakitea honela baloratuko da: oinarrizko mailagatik 0,60 puntu eta goiko mailagatik 1,20 puntu. Hori frogatzeko, EGA titulua, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo agiri baliokide bat erabiliko da.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean hainbat tituluren eta egiaztagiriren artean ezarritako baliozkotzeak. 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpen hori, irailaren 27an.

Oharrak c) atalerako:

1. Hizkuntzen ezagutza Hizkuntza Eskola Ofizial baten ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, edo erakunde publiko kreditatu batek emandako ziurtagiriaren bidez. Hartan lortutako titulazioa edo maila adieraziko da.

2. Titulu ofizialik ahalbidetu ez arren hizkuntza ikasmaila osoak edo unibertsitate ikasketak gainditu badira, epaimahaiak horiei puntuazioa ematea erabaki dezake, dagokien tituluaren proportzioan.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ......................................................, adina: ........, NAN zenbakia: ......................., helbidea (kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea): ......................................................................................, telefono zenbakia: ............................, e-maila: .................................. adeitasunez,

ADIERAZTEN DU:

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak 2015eko otsailaren 20an emandako ebazpenaren berri izan dut; horren bidez auditoretzako teknikari izateko hiru lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko dei egiten da, eta hartan parte hartu nahi dut.

Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditut, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean.

Horrenbestez,

ESKATZEN DUT:

Eskabide honetan aipatzen den deialdian onartua izatea. Deialdian eskatutako agiriak eta alegatzen ditudan merezimenduen frogagiriak gaineratu ditut.

Iruñean, 2015eko ............................. aren ....................(e)an.

Iragarkiaren kodea: F1502991