44. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SESMA

Datu pertsonaleko fitxategiak sortzea

Sesmako Udalak, 2015eko otsailaren 20an egin osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze, ondotik ematen den erabakia hartu zuen:

Datuak babestearen gainean Europar Batasunean dagoen araudia Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/99 Lege Organikoaren bitartez ekarri da gure herrialdera (DBLO). Horrek indarrik gabe utzi du aurrekoa, erran nahi baita, Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoa.

Delako DBLOak xedea du pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak eta bereziki haien ohorea eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatu eta babestea, datu pertsonalen tratamenduaren arloan. Euskarri fisikoan erregistraturik egoteagatik tratamendua izan dezaketen datu pertsonalei aplikatzekoa da, baita datu horiekin geroago sektore publiko nahiz pribatuek egiten ahal duten edozein erabilerari ere.

DBLOaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko, xedapen orokorra eman beharko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herriendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak diren zehaztuz.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Sesmako Udalak webgune bat sortu du herritarrei eta interesdunei Udalari buruzko berri gaurkotuak helarazteko. Orrialde honen bidez Udalarekin egin beharreko kudeaketak eta tramiteak erosoagotu nahi dira, eta iradokizunak eta proposamenak igortzeko ere bide izan nahi du guneak.

Webguneak proposatzen dituen zerbitzu batzuetan sartzeko, erabiltzaileak bere datu pertsonalak eman behar ditu. Horrenbertzez, erabaki da:

Lehena.–Ondoko fitxategi hau sortzea, ezaugarri hauekin eta egitura honekin:

Administrazio elektronikoa:

–Xede eta erabilera aurreikusiak: webgunearen bitartez tramiteak egin ahal izatea, irakurlearen postontziaren kudeaketa, iradokizunak, SMS bidez berriak igortzea.

–Datuak non eta nola biltzen diren: interesdunek emanen dituzte datuak, Udalaren web orrian horretarako prestatzen diren dokumentuetan.

–Ukitutako norbanakoak edo taldeak: herritarren karpetaren zerbitzuan erregistratutako erabiltzaileak eta, oro har, web orria erabili eta datu pertsonalak ematen dituzten erabiltzaileak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, IFZ, helbidea, sinadura, telefonoa.

–Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

–Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

–Organo arduraduna: Sesmako Udala.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Sesmako Udala.

–Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea zehaztutako fitxategia sortu eta dagokion erregistroan inskriba dadila Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Erregistroan.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, errekurtso hori ebatzi edo ustez ezetsi arte, ezin izanen da ez gora jotzekorik ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.

2.–Hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ebatzi edo ustez ezetsi bitartean, ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

3.–Bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Sesman, 2015eko otsailaren 24an.–Alkatea, Pedro M.ª Mangado Pinillos.

Iragarkiaren kodea: L1503008