44. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, hondakinak kudeatzeko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da, Bortzirietako Mankomunitateko hondakinak kudeatzeko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzea, hiri hondakin solidoak kudea ditzan, lan-kontratuarekin eta lanaldi osoan arituz.

1.2. Oposizio-lehiaketa hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek lanpostuen antolaketa aldatzea aholkatzen baitute, deialdiko lanpostuarekin egungo plantilla organikoa handitu gabe.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko B mailari dagokiona izanen da urteko lansari gordina. Horretaz gain, bereak izanen ditu Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.4. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori edozein unetan alda lezake Mankomunitateak.

1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen lan araubide juridiko finkoa, eta lehengo lan araubide berari eutsiko dio.

1.6. Beteko dituen eginkizunak bere maila eta kategoriari dagozkionak izanen dira, hala nola: ingurumen-inpaktuak identifikatzea eta hiri hondakinen kudeaketaren kostuen analisia egitea, horretarako hondakinen sailkapen eta karakterizazio egokia eginez; hondakinetan dauden errekurtsoak berreskuratzeko ikuspegiak bilatzea eta balioztatzea; hiri hondakin mota ezberdinak ezagutzea, bai eta haiek tratatzeko aukerak ere; aukerak bilatzea birziklatzeko, energia berreskuratzeko, konpostajerako edo egoera bakoitzari hobekien egokitzen zaiona aukeratzea; prozesuak optimizatzea eta kostuak murriztea hondakinen kudeaketaren bitartez (hondakinei aplikatzen zaizkien lege betebeharrak, kudeaketa integratuko sistemetan parte hartzeko aukera, hondakinak gutxitzeko azterlanak eta planak egitea eta abar). Horietaz gain, Mankomunitateak hondakinen kudeaketarako egoki juzgatzen duen beste edozein eginkizun ere bete beharko du.

2.–Betebeharrak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:

a) Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudun finkoa izatea.

b) C mailakoa izatea.

c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Unibertsitateko diplomadunaren (edo baliokidearen) titulua edukitzea, edo goi mailako beste titulazioren bat.

e) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

f) Euskaraz jakitea, ahoz nahiz idatziz. Mankomunitatearen langile finko izateko hautaprobetan proba hori gainditu zutenek ez dute beharkizun hori frogatu beharko.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako III. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, deialdian eskatu eta ondoren zehazten diren baldintza nahiz beharkizun hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak erantsiko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian eskaturiko beharkizunen egiaztagiriak.

c) Merezimenduen I. eranskineko baremoaren arabera, alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (jatorrizkoak edo fotokopia egiaztatuak).

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egin ahalko dira, zerrenda hori argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean.

4.3. Mankomunitateko buruak ebatziko ditu erreklamazioak, eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Ebazpen berean zehaztuko du oposizio-lehiaketaren probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.–Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute oposizio-lehiaketako epaimahaia:

Mahaiburua: Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Buruordea.

Mahaikidea: Miren Mangado, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko hondakinen teknikaria.

Ordezkoa: Natalia Razkin, Sakanako Mankomunitateko Kalitateko, Ingurumeneko eta LAPeko arduraduna.

Mahaikidea: Miren Meoki, Baztango Udaleko hondakinen teknikaria.

Ordezkoa: Victor Mur, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko teknikaria.

Mahaikidea: Oscar Rubio, Izarbeibarko Mankomunitateko hondakinen teknikaria.

Ordezkoa: Miguel Angel Arrastio, Nafarroako Erriberagoieneko H.H.S.en Mankomunitateko kudeatzailea.

Mahaikide idazkaria: Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Bortzirietako Udaletako edozein idazkari.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa agertu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstenitzeko eta errefusatzeko arauak aplikatuko dira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Lehiaketaldia: izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko dira, 1. eranskinean bildutako baremoari jarraituz.

Arau hauek beteko dira merezimenduak kalifikatzeko:

a) Epaimahaiak izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak baloratuko ditu soilik.

b) Ez da emanen merezimenduen baremoan azaldu baino puntuazio altuagorik.

Lehiaketan gehienez ere 25 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai paratuko du oposizioaldirako onartutako izangaien zerrenda Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

6.2. Oposizioaldia: ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa. Epaimahaiak II. eranskineko gaien inguruan egiten dituen galderak erantzun beharko dira, idatziz. Test motakoa izan ahalko da.

–Bigarren ariketa: Ariketa praktikoak, epaimahaiak erabakiko dituenak; II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Oposizioko balorazioa, guztira, 75 puntukoa izan daiteke gehienez ere, honela banaturik:

–Lehen ariketa: 40 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ariketa gainditzeko, gutxienez 20 puntu lortu beharko dira.

–Bigarren ariketa: 35 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ariketa gainditzeko, gutxienez 17,5 puntu lortu beharko dira.

Oposizio-lehiaketan 100 puntu emanen dira gehienez.

6.3. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoren.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik handiena lortu duen izangaia mailaz aldatzeko proposamena edo lanpostua hari esleitzeko proposamena.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzarrak hondakinak kudeatzeko B mailako teknikari izendatuko du epaimahaiaren izendapen proposamenean agertzen den izangaia.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean sorraraziko ditu ondorio ekonomiko zein administratiboak, egun hori lanpostua hartzeko unetzat joko baita, ondorio guztietarako, berariazko egintza egin beharrik gabe.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratzen edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, Mankomunitate honi zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Etxalarren, 2014ko abenduaren 22an.–Alkatea, Miguel María Irigoyen Sanzberro.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Prestakuntza: lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu edo bertaratze-ziurtagiri bakoitzeko:

–15 irakastordu bitarteko ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

–15 irakastordutik goitiko ikastaroak: puntu 2 ikastaro bakoitzeko.

–30 irakastordutik goitiko ikastaroak: puntu 3 ikastaro bakoitzeko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

b) Administrazioaren zerbitzuak:

Lanpostu honen antzekoetan, edozein administrazio publikotan, egindako zerbitzu urte bakoitzeko puntu bat emanen da; 15 puntu, gehienez.

Urtebetetik beherako zerbitzualdiei proportzioan dagozkien puntuak emanen zaizkie.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Hiri hondakin solidoen kudeaketa Bortzirietako Mankomunitatean: hondakinak biltzeko eta antolatzeko sistemak.

2.–Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen Estatutuak eta ordenantzak.

3.–Toki entitateen funtzionamendua eta antolaketa.

4.–Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua: etxeko hondakinak eta materia organikoa.

5.–Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea.

6.–Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 11/1997 Legea.

7.–Hondakinei buruzko Europako zuzentaraua.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: …………….…………….., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: …….……., jaioteguna: ........., jaioterria: ........... (.......), bizitokia: .............. (.............), karrika: ................, zenbakia: .........., posta kodea: ......................, telefonoa:

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

–Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko hondakinak kudeatzeko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

Eskabide hau onartu eta, beraz, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko hondakinak kudeatzeko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEKO BURUA.

Iragarkiaren kodea: L1502475