40. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 4an hartua, “Atarrabiako Ama Arrosariokoa kaleko 9 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeko ukitzen diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Plana Atarrabiako Udalak sustatzen du.

Atarrabiako Ama Arrosariokoa kaleko 9 zenbakia duen etxeko jabeen elkarteko buruak eskatuta, Atarrabiako Udalak 2013ko urtarrilaren 13ko, 2013ko azaroaren 28ko eta 2014ko ekainaren 28ko Osoko Bilkuretan hartutako erabakien bidez onetsi ziren hasiera batean eta behin betikoz “Atarrabiako Ama Arrosariokoa kaleko 9 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektua gauzatzeko ukitzen diren ondasun eta eskubideen zerrendak, eta interesdunek planteatutako alegazioak ebatzi ziren, aginduzko jendaurreko epearen ondotik. Igogailu bat aipatu higiezinean ezartzea du xede plan horrek.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen elkarte baten onurarako, betiere haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Atarrabiako Udalak aurkeztutako espedientean bada Atarrabiako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egindako ziurtagiri bat, non frogatzen baita berez baliatzeko eta mugitzeko zailtasunak dituzten edadeko auzoak bizi direla Atarrabiako Ama Arrosariokoa kaleko 9 zenbakia duen jabeen elkartearen etxean. Horrek justifikatzen du desjabetzeak ukitzen dituen ondasunak presaz okupatzea, igogailua jarrita ahalik eta lasterren izan dezaten sarbide hobea beren etxebizitzetan.

Horrenbestez, Atarrabiako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. “Atarrabiako Ama Arrosariokoa kaleko 9 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeko ukitzen diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Plana Atarrabiako Udalak sustatzen du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Atarrabiako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2015eko otsailaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1501968