40. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Gesalazko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2014ko azaroaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Gesalazko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, 2015eko otsailaren 9an egin osoko bilkuran behin betiko onetsi zen, eta xedatu da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gesalatzen, 2015eko otsailaren 9an.–Alkatea, María Vicenta Goñi Azanza.

ORDENANTZA, GESALAZKO UDALAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Gesalazko Udalaren eskumeneko landabide publikoen sarea Gesalazko herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

–Gesalazko udalerriko natur ondarearen balioak zaintzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

Horrenbestez, Guesalazko Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xedea du Gesalazko udal mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua. Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua. Debeku da arras:

1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.

2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.

3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.

4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.

5.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6.–Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua. Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

6. artikulua. Udalaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 30 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Udalak fidantza eskatu ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua. Hona tonajearen muga:

–Nekazaritzakoak ez diren ibilgailuetarako: 14.000 kilo.

–Nekazaritzako ibilgailuetarako: 30.000 kilo.

9. artikulua. Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 300 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Iragarkiaren kodea: L1502418