40. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARISOAIN

Ordenantza, Lagun egiteko animaliak eta arriskutsuak
izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena.
Hasierako onespena

Garisoaingo Kontzejuak, 2014ko azaroaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lagun egiteko animaliak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Aipatu aldaketa 2014ko 239. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 9an, argitaratu zen. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin eta, hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garisoainen, 2015eko otsailaren 9an.–Alkatea, Xabier Ilzarbe Musitu.

UDAL ORDENANTZA, LAGUN EGITEKO ANIMALIAK
ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Arreta berezia jartzen zaie arriskutsuak diren edo izan daitezkeen animaliei, halako animaliak edukitzeari buruzko araudi zorrotzagoa aplikatuko baita, legegileak sentsibilitate berezia duelako herritarrak babesteko batez ere ezaugarri fisiko indartsuko zakurren erasoetatik. Horregatik, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen gaineko araubide juridikoa arautzen duen abenduaren 23ko 50/1999 Legea onetsi zen (1999ko 307. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa), baita martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua ere (legea garatzen du), azaroaren 30eko 1570/2007 Errege Dekretuak aldatua.

Ordenantza honek, funtsezko printzipio guztiak bildurik, udal eskumenaren esparruaren arabera egokitu eta bereganatu egiten ditu, eta gure esparruan ezartzen, argi izanik herritarren kontzientziaziorik eta denen arreta berezirik gabe ezin izanen direla inoiz ere lortu proposatutako helburuak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek alderdi hauek arautzea du xede:

a) Etxeko eta lagun egiteko animaliak eta pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeenak arduraz edukitzea, denen ongizatea eta babesa bermatzeko.

b) Herritarren osasuna, lasaitasuna eta segurtasuna zaintzea, animalia horiek edukitzeak sorraraz ditzakeen arriskuen eta eragozpenen aurrean.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Gesalazko babespeko kontzejuetan aplikatuko da.

3. artikulua. Definizioak.

a) Etxeko animaliak: pertsonen inguruan bizi eta haien mende daudenak jan eta mantentzeko.

b) Lagun egiteko etxeko animaliak: normalean etxean lagun egiteko edukitzen diren etxeko animaliak, adibidez, zakurrak eta katuak, irabazizko jarduerarik ez bada; halakotzat jotzen dira, halaber, desgaitasunak dituzten pertsonak gidatu eta laguntzeko erabiltzen diren zakurrak.

c) Lagun egiteko basa animaliak: hemengo edo kanpoko faunakoak izanik, giza ingurunera egokitzeko aldi bat iragan behar izan dutenak, eta bereziki atsegin eman eta lagun egiteko edukitzen direnak etxean.

d) Gatibu edukitzen diren basa animaliak: hemengoak edo kanpokoak diren animaliak, gatibu bizi direnak.

e) Basa animalia arriskutsuak. Halakotzat jotzen dira talde hauetakoak:

1. Artropodoak, arrainak eta urlehortarrak: pertsonen osotasun fisikorako edo osasunerako arriskutsua den hozkada edo pozoina duten espezieak.

2. Narrastiak: espezie pozointsu guztiak, krokodiloak eta kaimanak eta, helduak direnean, bi kilo edo gehiago dituzten espezieak.

3. Ugaztunak: primate guztiak, baita, helduak direnean, hamar kilo edo gehiago dituzten basa espezieak, espezie haragijaleak izan ezik, horien muga bost kilokoa izanen baita.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak: basa faunakoak izanik, lagun egiteko animalia gisa erabiltzen direnak, eta, beren oldarkortasuna gorabehera, pertsonen eta beste animalia batzuen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzeko edo ondasunetan kalte nabarmenak egiteko gaitasuna duten espezieak edo arrazak. Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira hurrengo atalean sartu diren zakurrek.

g) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak:

1. Arraza mota baten barnean sartuta daudenak eta, beren oldarkotasunagatik, tamainagatik edo masailezur indartsua izateagatik, pertsonen eta beste animalia batzuen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzeko edo ondasunetan kalte nabarmenak egiteko gaitasuna dutenak. Jarraian azaltzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak izan behar dituzte (non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta aitorpen ofizialeko zentroetan heziak, autonomia erkidegoko legeari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, ezta baldintza hori lortzeko heziketa fasean dauden zakurrak ere):

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

Edonola ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartzen dira jarraian azaltzen diren arrazetakoak eta horiekin gurutzatuak:

–Pit bull terrierra.

–Staffordshire bull terrierra.

–American Staffordshire.

–Rottweilerra.

–Dogo argentinarra.

–Fila brasildarra.

–Tosa inua.

–Akita inua.

–Dobermana.

2. Erasorako edo zaintza eta defentsarako hezitako zakurrak.

3. Era berean, horietako bat ez izan arren, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartzen dira oso izaera oldarkorra dutenak eta arrazoi horrengatik gutxienez ere salaketa bat izan dutenak edo pertsonei zein beste animalia batzuei eraso egin dietenak. Kasu horretan, arriskutsuak izan daitezkeela Udal Agintaritzak adieraziko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik irekitako espedientean ematen den ebazpenaren bidez; aldez aurretik animaliaren jabeak esaten duena entzunen da eta albaitari ofizialaren txostena ikusiko.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetatik kanpo daude jarraian aipatzen diren animaliak eta, beraz, aplikatzekoa den berariazko araudia bete beharko dute jabeek eta edukitzaileek:

a) Basa fauna eta haren aprobetxamendua.

b) Errentako animaliak.

c) Esperimentaziorako erabiltzen direnak.

d) Plazako zezenak eta zezenketako gainerako azienda.

5. artikulua. Betebeharrak.

1.–Animalia baten edukitzaile eta/edo jabe orok betebehar hauek ditu:

a) Animalia higiene eta osasun baldintza onetan edukitzea, nahitaezkoak diren tratamenduak egitea, baita sendatzekoak edo prebentziozkoak ere, eta beharrezkoa den albaitaritzako arreta eta laguntza ematea.

b) Animaliaren arraza edo espezierako egokiak diren bizitoki, bizigarritasun, segurtasun eta ongizate baldintzetan edukitzea.

c) Edateko ura eta janari orekatu eta nahikoa ematea, nutrizio eta osasun egoera onean egoteko.

d) Bizitokia aldian-aldian garbitzea, gorozkiak kendu eta beharrezkoa denean desinfektatu eta intsektuak kentzea.

e) Animaliak eraso egitea edo edozein deserosotasun eta eragozpen sortzea pertsonei eta beste animalia batzuei edo besteen ondasunetan kalteak eragitea.

f) Animalia babestea beste animalia batzuek edo pertsonek egiten ahal dioten erasoetatik edo sortzen ahal dioten eragozpenetatik.

g) Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak lortzea.

h) Animalia dagozkion erregistroetan inskribatzea, ordenantza honetan eta indarra duen araudian xedatutakoaren arabera.

i) Orubeak eta obrak zaintzen dituzten zakurrei, gainera, parasitoen aurkako tratamenduak egin beharko zaizkie, parasitoak ez direla ugalduko bermatzeko, osasun publikoarendako arriskuak saihestearren.

2.–Lagun egiteko animaliak hazi, trebatu, aldi baterako zaindu edo apaintzen dituzten profesionalek ezaugarri etologikoen araberako tratua emanen diete, eta lanbidean aritzeko ezartzen diren erregelamenduzko baldintzak ere beteko dituzte.

6. artikulua. Debekuak.

Arau-hauste penal edo administratibo gisa sailkatutako ekintzez edo ez-egiteez gainera (indarra duen goi mailako legedian jasoak), jarraian aipatzen dena debekatuta egonen da eta administrazio espedientea irekitzea ekarriko du eta, hala badagokio, zehapena:

1. Animaliak alde batera uztea.

2. Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten toki edo instalazioetan edukitzea, edo desegokiak direnetan arrazaren edo espeziearen araberako behar fisiologiko eta etologikoek eskatzen duten zainketa eta arretarako.

3. Animaliak auzokoei eragozpen nabarmenak sortzen dizkieten tokietan edukitzea.

4. Animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea.

5. Edozein animalia espezieren hilotzak bide publikoan uztea.

6. Animaliak edozein eratako oldarkortasunera bultzatzea.

II. TITULUA

Lagun egiteko animaliak

I. KAPITULUA

Mantentzeari eta zirkulazioari buruzko arauak

7. artikulua. Animaliak etxebizitzetan eta esparru pribatuetan edukitzeko arauak.

Oro har, baimena ematen da lagun egiteko animaliak etxebizitza partikularretan edukitzeko, baldin eta bizitokia higienearen eta kopuruaren aldetik egokia bada, eta auzokoei edo gainerako pertsonei arrisku edo deserosotasun egoerarik sortzen ez bazaie.

8. artikulua. Bizikidetzako arauak.

Oro har, animalien eta pertsonen arteko bizikidetza errazteko, gutxieneko baldintza hauek ezarri dira:

a) Eremu publikoetan, animalia daraman pertsona da animaliak sortzen dituen kalteen erantzulea, baita sor dezakeen zikinkeria berehala garbitzearena ere.

b) Debekatuta dago auzokoen bizitzan eragozpenak sortzea animalien hotsak direla-eta, batez ere 22:00etatik 08:00ak bitarte.

9. artikulua. Lagun egiteko animalien ongizaterako baldintzak.

Bizitokiek garbi, desinfektatuta eta intsektuak kenduta egon beharko dute, eta aldian-aldian eramanen dira gorozkiak.

10. artikulua. Lagun egiteko animalien osasun kontrola.

1.–Lagun egiteko animalien edukitzaileek edo jabeek albaitariengana eraman beharko dituzte, kontrola eta jarraipena egiteko.

Amorruaren kontrako txertoa nahitaezkoa izanen da zakur eta katu guztientzat.

2.–Zakurrak eta katuak, baita lagun egiteko zehazten diren beste animalia batzuk ere, albaitariak luzatutako osasun txartela eduki beharko dute.

11. artikulua. Lagun egiteko animaliek bide eta eremu publikoetan bete beharreko arauak.

1.–Pertsonei edo beste animalia batzuei arriskurik sortzen ez dietenean soilik ibiltzen ahalko dira bide eta eremu publikoetan animaliak.

2.–20 kilotik gorako zakurrek muturrekoa jarrita, uhal sendo eta luzaezinarekin eta adin nagusiko pertsonek gidatuta ibili beharko dute. Ikusteko desgaitasuna duten pertsonen gida-zakurrek ez dute muturrekorik beharko edonon daudela ere.

3.–Jabeek berehala jaso beharko dituzte gorozkiak bide eta eremu publikoetan.

4.–Debekatuta dago:

a) Animaliak apaindurazko iturrietan, urmaeletan eta antzekoetan bainatzea, eta animaliek ura edatea jendeak edateko ura duten iturrietan.

b) Lagun egiteko animaliak igerileku publikoetan ibili eta egotea.

12. artikulua. Establezimendu publikoetan sartzea.

1. Oro har debekatuta dago lagun egiteko animaliak ostalaritzako establezimenduetan sartzea, horien titularrak berariaz baimendu ezean.

2. Elikagaiak edo edariak prestatu, saldu, bildu, garraiatu edo maneiatzeko lokaletan, ikuskizun publikoetan, kirol instalazioetan eta antzeko beste establezimendu edo toki batzuetan, debekatuta dago animaliak sartzea.

3. Eraikin publikoetan eta administrazio bulegoetan ezin izanen da lagun egiteko animaliarik sartu.

4. Ezin izanen zaie aurreko lerroaldeetan aipatu tokietan sartzea debekatu ikusteko desgaitasunak dituzten pertsonak gidatzen eta laguntzen dituzten zakurrei, indarra duen araudian ezarritako moduan.

III. TITULUA

Arriskutsuak diren eta izan daitezkeen animaliak

I. KAPITULUA

Basa animalia arriskutsuak

13. artikulua. Basa animalia arriskutsuak edukitzeko debekua.

Ordenantza honen 3.e) artikuluan basa animalia arriskutsutzat jotzen diren animaliak ezin izanen dira egon ingurumen arloko administrazio agintaritza eskudunak berariaz baimenduetako tokietatik kanpo edo instalazio, ustiategi edo establezimendu baimenduetatik kanpo.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

14. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia.

1. Arriskutsua izan daitekeen animaliaren bat edukitzeko, dela lagun egiteko animalia dela ustiatu, hazi, merkaturatu, hezi, bildu edo zaintzeko jarduera batekoa, ordenantza honen II. eta III. tituluetan ezarritako baldintzak eta mugak bete behar dira, eta Gesalazko Udalaren lizentzia lortu beharko da aldez aurretik.

2. Lizentzia lortzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, bai eta honako baldintza hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak ere:

a) Adinez nagusia izatea. Horretarako, nortasuna frogatzen duen jatorrizko agiria aurkeztuko da (nortasun agiri nazionala espainiarrek eta pasaportea eta egoitza-txartela atzerritarrek).

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik. Inguruabar horiek aurrekari penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira.

c) Azken hiru urteetan arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.3 artikuluan ezarritako zehapen osagarriekin. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hau betetzen dela frogatuko da gidariak aztertzeko zentro baimendu batek emandako gaitasun psikofisikoaren txostena edo ziurtagiria aurkeztuz, araudiari jarraikiz.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzeko baldin bada lizentzia, beharrezkoa izanen da arriskutsuak izan daitezkeen zakurren oinarrizko trebakuntzarako berariazko ikastaro bat gainditzea; ikastaro hori ofizialki onartutako entitateek antolatuko dute eta hezitzaile egiaztatuek emanen. Ikastaroa gainditu dela frogatzen duen titulua aurkeztu beharko da.

f) Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen animaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalte pertsonal eta materialetarako. Estaldura ehun eta hirurogeita hamabost mila eurokoa (175.000 euro) izanen da gutxienez, ezbehar bakoitzeko. Aseguru konpainiak egindako txostena eta asegurua ordainduta dagoela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dira.

3. Eskaera onarturik eta aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Udalak, ebazpena emateko, beharrezkoak diren eginbideak egiten ahalko ditu eskatzaileak baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko, dela aurkeztutako dokumentazioa handitu, hobetu edo argitzeko eskatuz interesdunari, dela kasu bakoitzeko teknikari edo erakunde eskudunei txostenak edo irizpenak eskatuz.

4. Arriskutsua izan daitekeen animalia baten edo gehiagoren edukitzea zenbait pertsonak partekatzen dutenean, denak daude lizentzia lortzera behartuta. Horretarako, aipatu diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, eta aseguru konpainiak egindako txostenean inguruabar hori jaso beharko da.

5. Arriskutsua izan daitekeen animalia bat duen eskatzaileari lizentzia ukatzen bazaio, ukatzearen ebazpenean (arrazoitua izanen da) azalduko da edukitzaileak 5 eguneko epean berariaz jakinarazi behar duela zein izanen den kasuan kasuko lizentziaren pertsona edo entitate titularra, animaliaren ardura hartuko duena. Epe hori bukatu eta jabeak ezer ere jakinarazten ez badu, Udalak zilegi izanen du animalia konfiskatzea egoera erregularizatu arte edo, bestela, alde batera utzitako animalia bati dagokion tratamendua aplikatzea.

6. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia bost urterako izanen da, ematen den egunetik hasita, eta berritu egin beharko da bukatu baino lehen, interesdunak eskaturik, iraupen bereko hurrengo epeetarako. Lizentzia indarrik gabe geldituko da titularrak 2. atalean ezarri diren baldintzak betetzeari uzten dionean. Lizentzia lortzeko egiaztaturiko datuetan aldaketaren bat badago, titularrak horren berri eman beharko die Udal Zerbitzuei, aldaketa gertatu edo, bestela, horren berri izan eta hamabost eguneko epean gehienez.

7. Indarra duen udal lizentziari buruzko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ukitua ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

8. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia erakusteko eska dezakete agintari eskudunek eta, bestelakoetan, albaitariek, animaliari osasun laguntza eman aurretik. Animalia daukanak behar den lizentziarik ez badu, aipatu langileek horren berri eman beharko diote berehala Gesalazko Udalari.

15. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

1. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, hazleek edo edukitzaileek Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan, Gesalazko Udalekoan, inskribatu beharko dituzte, administrazio lizentzia lortu eta gehienez ere hamabost eguneko epean edo, bestela, udal agintaritza eskudunak animaliak arriskutsuak izan daitezkeela ebazpen baten bidez adierazi eta hilabeteko epean.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak inskribatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, bai eta honako baldintza hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak ere:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio lizentziaren jabe direla frogatzea, beste udalerri batean lortua bada.

b) Animaliaren osasun txartel eguneratua badutela frogatzea.

c) Animalia mikrotxip baten bidez identifika dezaketela frogatzea.

d) Animaliaren osasun ziurtagiria, urterokoa, animaliaren osasun egoera frogatuko duena, bai eta bereziki arriskutsu bihurtzen duen gaixotasunik edo nahasterik ez duela ere.

e) Animaliaren esterilizazioaren ziurtagiria, hala badagokio.

f) Ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela azaltzen duen erantzukizuneko aitorpena.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek edo edukitzaileek animalia horien salmenta, eskualdaketa, dohaintza, heriotza edo bizileku aldaketa jakinarazi behar dute nahitaez, eta Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistrotik kentzeko eskatu.

4. Arriskutsua izan daitekeen animalia bat hiru hilabete baino denbora gehiago egoten bada udalerri batean, Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatu beharko du animalia jabeak edo edukitzaileak, eta ordenantza honetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

III. KAPITULUA

Segurtasun neurriak

15. artikulua. Eremu publikoak.

1. Debekatuta dago zakur espeziekoak ez diren animalia arriskutsuak eta arriskutsuak izan daitezkeenak bide publikoan barna ibiltzea.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak bide publikoetan eta erabilera publiko orokorreko toki eta eremuetan ibiltzen ahalko dira, baldintza eta muga hauek betez betiere:

a) Eremu publikoetan daudenean eta bertan ibiltzen direnean, udal lizentzia duten pertsonek zaindu eta kontrolatu beharko dituzte beti. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasuna ematen du lizentzia horrek, eta beti berekin eraman beharko dute. Halaber, animalia Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen agiria eramanen dute berekin.

b) Nahitaezkoa izanen da uhal edo kate luzaezin eta hautsezina erabiltzea, gehienez ere metro bateko luzerakoa eta une oroz animalia menderatzeko egokia. Pertsonak batek ezin du halako zakur bat baino gehiago eraman berarekin.

c) Zakurraren arrazarako egokia den muturreko homologatua izan beharko dute jarrita.

d) Halako animaliak parke eta lorategi publikoetan, josteta edo kirol zentroetan eta aisiarako tokietan ibili ahal izateko, pertsonen joan-etorri ugarikoak ez diren ordutegiak errespetatu beharko dira. Hala ere, ezin izanen dira ibili, inolaz ere, adingabeen aisiarako tokietan.

16. artikulua. Eremu pribatuak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten lokal edo etxebizitzek beharrezkoak diren segurtasun neurriak bete beharko dituzte eraikuntzari eta sarbideari dagokienez, animaliak ez daitezen beren arduradunen zaintzarik gabe irten, edo beste pertsona batzuk arduradun horiek bertan izan gabe edo beren kontrolik gabe sar ez daitezen. Horri begira, sarbide guztietan ageri-agerian egonen den kartel baten bidez adieraziko da arriskutsua izan daitekeen animalia bat dagoela toki horretan.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

17. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira ordenantza honetan zehaztutako ekintzak eta ez-egiteak, eta legeetan eta erregelamenduetan era horretan aurreikusi edo ezarritako guztiak.

18. artikulua. Erantzukizuna

1. Arau-hausteen erantzuleak dira arau-haustetzat jotako ekintzak eta ez-egiteak gauzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, esparru zibil edo penalean izaten ahal dituzten erantzukizunak galarazi gabe.

2. Beharkizunak betetzea pertsona batzuei batera badagokie, egiten dituzten arau-hausteen eta ezartzen zaizkien zehapenen erantzule solidarioak izanen dira. Gainera, jarduerak utzi dituzten pertsona juridikoei, arau-haustea egin zen unean administratzaile kargua zutenei, ezarritako zehapenen erantzule subsidiarioak izanen dira.

3. Animaliaren edukitzailea erantzulea izanen da, animaliak jendeari, gauzei, bide publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, Kode Zibilaren 1.905. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19. artikulua. Arau-hauste motak, orokorrean.

1. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Animaliekin eta animalien artean borrokak antolatzea.

–Arau-hauste larri bat baino gehiago egitea 3 urteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Aplikatu beharreko araudian aurreikusitako nahitaezko txertaketak eta tratamenduak ez egitea.

–Animaliak higiene eta osasun baldintza egokietan edo aplikatu beharreko araudian finkatutako baldintzetan ez edukitzea.

–Kontrol lanak egitean eskatzen zaizkien argibide eta agiriak ez ematea, eta informazio okerra edo dokumentu faltsuak ematea.

–Ordenantza honetan edo legeetan aurreikusitakoaren arabera erregistratuta edo identifikatuta ez dauden animaliak edukitzea.

–Arau-hauste arin bat baino gehiago egitea 3 urteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Ez saihestea animaliak eraso egitea edo edozein deserosotasun eta eragozpen sortzea pertsonei eta beste animalia batzuei edo besteen ondasunetan kalteak eragitea.

–Animalia ez babestea beste animalia batzuek edo pertsonek egiten ahal dioten erasoetatik edo sortzen ahal dioten eragozpenetatik.

–Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak ez lortzea.

–Animaliak behar bezala kontrolatu eta zaindu ezin diren esparru eta tokietan edukitzea.

–Animaliak auzokoei eragozpen nabarmenak sortzen dizkieten tokietan edukitzea.

–Animaliei bide eta eremu publikoak zikintzen uztea.

–Edozein animalia espezieren hilotzak bide publikoan uztea.

–Animaliak edozein eratako oldarkortasunera bultzatzea.

–Animaliek auzokoen lasaitasuna eta atsedena eragoztea, bereziki 22:00etatik 08:00ak arte.

–Lagun egiteko animaliak bide publikoan ibiltarientzat edo beste animalia batzuentzat arrisku izaten uztea.

–20 kg-tik gorako zakurrak muturrekorik gabe, sendoa ez den uhalarekin edo uhal luzagarriarekin ibiltzea.

–Animaliari haurren parkeetan edo haurrek erabiltzen dituzten lorategietan edo igerileku publikoetan sartzen uztea.

–Animaliak apaindurazko iturrietan, urmaeletan edo antzekoetan bainatzea, edo jendearentzako iturrietan edateko ura edaten uztea.

–Animaliarekin batera sartzea ostalaritzako establezimenduetan, horien jabeak baimendu ezean, ikusteko desgaitasuna duten pertsonak gidatu eta laguntzeko zakurrak izan ezik.

–Elikagaiak edo edariak prestatu, saldu, bildu, garraiatu edo maneiatzeko lokaletan, ikuskizun publikoetan, kirol instalazioetan eta antzeko beste establezimendu edo toki batzuetan sartzea animaliarekin, ikusteko desgaitasuna duten pertsonak gidatu eta laguntzeko zakurrak izan ezik.

–Eraikin publikoetan eta administrazio bulegoetan sartzea, ikusteko desgaitasuna duten pertsonak gidatu eta laguntzeko zakurrak izan ezik.

–Lagun egiteko animalien udal erregistroan eragina duten aldaketak ez jakinaraztea.

–Ordenantza honetako betebeharren kontrakoa den edo debekuak hausten dituen beste edozein jarduketa, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badago.

20. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluan aipatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

a) 75 eurotik 500 eurora bitarte arinei.

b) 501 eurotik 2.000 eurora bitarte larriei.

c) 2.001 eurotik 30.000 eurora bitarte oso larriei.

21. artikulua. Organo eskudunak zehapenak mailakatzea.

Zehapenak mailakatzean, organo eskudunak irizpide hauei jarraituko die:

a) Arau-hausteak gizartean edo osasunean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Arau-hausteak behin eta berriz egitea.

c) Arau-haustearen gaitzespen mailan eragina izan dezakeen beste edozein, izan aringarri izan astungarri. Ondorio horietarako, garrantzi berezia izanen du adingabeen edo desgaitasuna dutenen aurrean indarkeriaz jokatzeak.

22. artikulua. Prozedura.

1. Zehapen prozedurak honako hauei jarraituko die: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan araututa dauden zehapen ahalmenaren printzipioak, Zehapen ahalmena gauzatzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua eta Nafarroako eta udalerrietako prozedurazko arau indardunak.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloko oinarrizko araudia eta ordenantza honetan ezarritako xedapenak betetzen ez direnean zehapenak ezarriko dira, abenduaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubideari jarraikiz eta, subsidiarioki, horretan aurreikusia ez dagoen orotan, azaroaren 24ko 11/2003 Legea aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1502164