40. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73E/2015 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Funesko udal mugapean Arga Behereko araztegiko sarbidea eta El Cubo-El Alto industrialdetik araztegirainoko hustubidea egiteko proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea NILSA-Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2014ko urriaren 10ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko lanen helburua da Arga Behereko araztegiko sarbide berri bat zehaztea, eta El Cubo-El Alto industrialdeko hondakin urak araztegira eramateko hustubide bat egitea. Industrialde horrek konpondu gabe dauka ur beltzen bilketa; izan ere, ez du saneamendurako barne-sarerik, eta enpresa bakoitzak bere aldetik egiten ditu isurketak.

Era berean, lohien kudeaketaren arloan, NILSAk bultzatzen du lohiak modu zentralizatuan tratatzea, instalazio prestatuetan. Arga Behereko araztegia lohiak tratatzen dituenetako bat da. Araztegiak kanpoko lohiak dakartzaten lau kamioi hartzen ditu egunero batez beste, eta puntako aldietan hamar ere jasotzen ditu egunero. Araztegira iristeko bide berri bat egitea proposatzen da, NA-6630 Azkoien-Funes-Martzilla errepidetik sartuta.

Bestalde, Azkoiengo eta Faltzesko isurketak Arga Behereko araztegiarekin lotzen dira Funesko herrigunea gurutzatzen duen hustubide orokor baten bidez. Aragoi ibaiaren emari handiko aldietan, batzuetan kargatzeak izan dira, eta sarearen behealdean ura husteko arazoak gertatu dira. Horregatik, inpultsio independenteak proposatu dira Faltzestik eta Azkoiendik araztegiko sarreraraino, eta, proiektuan aurreikusita dago etorkizunean Faltzesko eta Azkoiengo isurketak haraztegiraino eramanen dituzten bi hodiak instalatzea.

Hondakin urak El Cubo-El Alto industrialdetik araztegiraino eramateko, grabitate-kolektore bat instalatuko da Funesko hustubide orokorrarekin lotu arte. Kolektore hori El Cubo-El Alto industrialdearen eta NA-6630 errepidearen artetik doa, errepidea gurutzatzen du, eta Soto Sardilla industrialdean sartzeko bidetik paralelo segitzen du, zenbait alor eta eremu elkorretan barna.

Arga Behereko araztegiko sarbidea hobetzeko, alternatiba bat baino gehiago proposatu dira. Azkenean, Soto Sardillas industrialdetik eta ondoko baserri eskolatik kamioi gutxien eramatea proposatzen duena aukeratu da, “Madre Vieja de Soto Sardillas” izeneko BILari eragiteko arrisku gutxien daukana. Trazadurak 760 m ditu; NA-6630 errepidetik abiatzen da, El Cubo-El Alto industrialdearen ondotik, BILa gurutzatzen du hango bide batean dagoen hodi-zubi batetik, eta 180 metro egiten ditu bide berri batetik. Bideak egokitu eta 8 metroko zabalera emanen zaie, eta, horrez gainera, bi hodi instalatuko dira, etorkizun hurbilean isurketak Funestik eta Azkoiendik araztegira zuzenean eramateko erabiliko direnak.

Espedientean Funesko Udalaren 2014ko azaroaren 17ko aldeko txostena jaso da, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2015eko urtarrilaren 29ko txostena ere. Habitaten Atalaren azaroaren 28ko txostena ere jaso da, non 0 alternatiba hartzen baita egokientzat araztegiko bidea egiteko, Natura Sareari ukipenik eragiten ez diolako. Txostenean adierazten da, orobat, edozein alternatiba aukeratuta ere, ez dela baldintzatuko meandroaren etorkizuneko egokitzapena. Ingurumen arloko zenbait baldintza aipatzen dira, ebazpen honetako baldintzetan jaso direnak. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du, baina neurri osagarri batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Funesko udal mugapean Arga Behereko araztegiko sarbidea eta El Cubo-El Alto industrialdetik araztegirainoko hustubidea egiteko proiektuari. Sustatzailea NILSA-Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

–Obrak hasi aurretik, ibilgailuak eta makineriak mugitzeko bide nagusiak mugatuko dira.

–Obrak hasi aurretik, materialak utzi eta pilatzeko eremuak mugatuko dira.

–Araztegian sartzeko bidearen eta kolektorearen luzera osoan aldi baterako okupatuko diren lur zerrendak plastikozko sareekin mugatuko dira.

–Makinen joan-etorriak eta materialen pilaketak aldi baterako okupatuko den zerrenda horretan baino ez dira eginen. –Obrak bukatutakoan, bide horiek lehengoratuko dira, lehenago ateratako landare-lurra destrinkotuz eta berriz aplikatuz.

–Behar diren neurriak hartuko dira arbolei behar ez diren kalteak ez eragiteko. Debeku da ibilgailuak eta makinak ibiltzea egungo bidearen eta ibai bazterreko landareen artetik.

–Lur mugimenduak eta lanak, batez ere Madre Vieja del Soto Sardilla izeneko alderditik hurbil dauden guneetan eragina dutenak, euri sasoietatik kanpo eginen dira, solidorik ez eramateko errekara.

–Apirilaren 1etik abuztuaren 30era bitarte ez da lur mugimendurik sortzen duen inolako lanik eginen.

–Lanak bukatutakoan, obra hondakin guztiak kenduko dira. Eragindako eremua garbitzeko kanpaina bat eginen da.

–Obren ingurumen arloko jarraipena koordinatzeko, obrak hasi aurretik, Tutera aldeko Basozaintzari emanen zaio abisua, mezu elektroniko bat igorriz helbide honetara: ogfopamp7@cfnavarra.es.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 12ko 893/2014 Ebazpenean ezarritako determinazioak errespetatuko dira, baita 2015eko urtarrilaren 22ko txostenean ezarritakoak eta zuzendaritza nagusi horrek etorkizunean ezar ditzakeenak ere.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Funesko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko otsailaren 5ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1502047