40. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onetsiak, aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

2012ko azaroan, Kontuen Ganberak txosten bat egin zuen, ezartzen duena galarazi beharko litzatekeela Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritza organoetako parte den entitate batek aldez aurretik bere adostasuna eman behar izatea bera onuradun izan daitekeen lankidetza-hitzarmenetan. Eskuduntza hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorrari ematen zaio, erakunde horren estatutuak onesten dituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren 8.1.a) artikuluaren bidez.

Bestetik, on da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren defentsa juridikoa Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari esleitzea.

Irizpide horiei jarraituz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Gobernu Kontseiluak estatutuen aldaketa onetsi du, Batzorde Iraunkorraren eskudantzia hori kentzeko, eta aipatu erakundearen defentsa juridikoa Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari esleitzeko.

Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko otsailaren 4an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, aldatzea.

Honela idatzita agertuko da 8. artikulua:

Bat.–“8. artikulua. Eskudantziak.

1. Eskudantzia hauek dagozkio Batzorde Iraunkorrari:

a) Enplegu politiken plangintzan parte hartzea eta horiek garatzen dituzten arauen aldeko txostena egitea.

b) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak prestatzea eta horien jarraipena egitea, eta ekonomikoki kuantifikatzea.

c) Gobernu Kontseiluko buruari bileretarako deia egin dezala proposatzea eguneko gai zerrendarekin batera.”

Bi.–Beste artikulu bat gehitzen da, honako edukia duena:

“41. artikulua. Defentsa juridikoa.

Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoari dagozkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aholkularitza juridikoa eta hura epaiketan ordezkatzea eta defendatzea, urtarrilaren 29ko 12/2014 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 8.1. artikuluko a) atala.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko otsailaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1501967