39. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateen artean 2015eko urterako diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gainera, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarriko direla gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da. Horren arabera, agintari publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. II. eranskinean, “Bermatu gabeko prestazioak” izenekoan, 14. puntuko B) atalean, desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte zerbitzuetako entitateendako diru-laguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen, baliabidearen helburua desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunerako aurreneurriak bultzatzeko eta garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan elkartegintza sustatzeko programak gauzatzea dela.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako onartutako gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari erantsitako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2015eko deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen I., II. eta III. eranskin gisa jaso direnak.

2. Gastua baimentzea 2015eko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kargura, haietan krediturik baldin bada:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005-91820-4819-231B11: PFEZeko %0,7ko funtsa. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateak. Funtzionamendurako diru-laguntzak

4813

2015

836.433,00

920005-91820-4819-231B10: desgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateak. Programetarako diru-laguntzak

4814

2015

905.000,00

Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzako Entitateekiko Koordinaziorako Bulegoari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 16an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

ARAUDI OROKORREKO OINARRIAK

I. ERANSKINA

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2015eko deialdiaren oinarriak, elkartegintza sustatzeko eta autonomia sustatu eta mendekotasuna prebenitzen duten programak garatzeko

1.–Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede 2015eko ekitaldiko deialdi honek, elkartegintzaren oinarrizko jarduketak eta autonomia sustatu eta mendekotasuna prebenitzen duten programak bultza daitezen.

1.2. Modalitateak.

Deialdi honen ondorioetarako, modalitate multzo batek osatzen du proiektua eta entitateak hartarako eskatzen du diru-laguntza. Diruz laguntzeko bi modalitate ezarri dira, osagarri eta bateragarri direnak:

a) “Elkartegintza sustatzea”.

b) “Programak garatzea”.

2.–Entitate onuradunak.

Irabazi-asmorik izan gabe Nafarroako Foru Komunitatean helbidea duten entitateak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradunak, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan esku hartzen badute eta elkartegintzako oinarrizko jarduerak eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak garatzen badituzte gizarte zerbitzuen esparruan.

Foru agindu honi dagokionez, honako hauek dira entitateak:

a) Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateak: beren estatutuen arabera, berariazko helburua desgaitasunak dituzten pertsonen arloan aritzea dutenak.

b) Federazioak: desgaitasunak dituzten pertsonen entitate federatuen edo antzeko figura juridikoaren bitartez batutako entitateen federazioak.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintza orokorrak.

Aurreikusitako bi modalitateetako edozeinetan parte hartu nahi duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Hori oinarri honetako 3. a) puntuan aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua desgaitasunak dituzten pertsonendako jarduerak egitea dela agertzea estatutuetan.

e) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekurik ez urratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatutako betebehar guztiak, eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Eskaeren aurkezpena.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu diren ereduen araberakoa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean adieraz daitezen onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, modalitate batean edo bestean aurkeztu.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitateak, administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen diru-laguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra azaltzen duen deklarazioa, deialdi honen 10.a) oinarrian ezarri bezala.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

i) Diru-laguntzarako eskabidea.

j) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko proiektua azaltzen duena (I. eranskina).

k) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izandako diru-sarrera eta gastuen balantzea (II. eranskina).

l) Entitatearen proiektu teknikoa (III. eranskina).

m) Entitateak abian den urterako duen diru-sarrera eta gastuen aurrekontu orokorra (IV. eranskina).

n) Aurreko urteko guztizko gastuaren zerrenda (XI. eranskina).

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e), h), j), k), eta n) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute horien ziurtagiria edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, dokumentuetan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6.–Diru-laguntzak emateko prozedura, baloratzeko arau orokorrak eta lehentasunak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Modalitate bakoitzerako eskaerak aparte baloratu eta ebatziko dira, kasuan kasuko eranskinean ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Eskaerak baloratzeko eta diru-laguntzak emateko, lehentasun hauek ezarri dira:

Baloratzeko eta ebazteko orduan, a) modalitateko eskaerek izanen dute lehentasuna (“Elkartegintza sustatzea”) eta, bigarrenik, b) modalitatekoak (“Programak garatzea”) baloratuko dira.

7.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena zein bere modalitaterako eginen da, lortutako puntuazioaren eta aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, kontuan harturik aurreko oinarrian ezarritako lehentasunak. Horretarako, eranskinetan ezarritako arauak erabiliko dira, kontuan hartuta betiere a) modalitateko esleipena (“Elkartegintza sustatzea”) behin betikoa izanen dela eta b) modalitateko (“Programak garatzea”) dirua esleitu aurretik eginen dela.

Diru-laguntzaren zenbatekoa modalitate bakoitzean aurreikusten den gehieneko diru-laguntzaren eta diru-laguntzarako eskaeraren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko guztirako kopurua aurrekontuko diru-izendapena baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikaziotik ateratzen diren kopuruen gaineko banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da bi modalitateetan.

8.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa emanen da, behin betiko balorazioa eginen baita, eta horren ondoren diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko oinarriak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako iragarki oholean (González Tablas kalea, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren webean argitaratuko dira. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

9.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Kasu guztietan, diru-laguntza ordaintzeko, gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretua bete beharko da aldez aurretik.

Oro har, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri hauen 10.3. atalean xedatutakoari jarraikiz.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusten da diru-laguntzaren aurrerakinak ordaintzen ahalko direla, baldintza hau betez gero:

a) Entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsak hornitu beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak. Honako hauek erantsiko dira: behar hori frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen titulartasuneko banku kontuen kopurua agertzen duena; bankuko kontuetako saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–; eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, honako hauek zehaztuz: kobrantzak, ordainketak, maileguak, etab.; edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funts-hornidura beharrezkoa dela frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

Aurreko atalean eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena izenpetzen denean.

b) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: lehenbizikoa, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikoa egin ondoren.

11.–Justifikazioa.

Gastuak frogatu ondotik diru-laguntzaren ordainketa jasotzen duten entitateek gastu horien azkeneko justifikazioa aurkeztu beharko dute abian den urteko abenduaren 31 baino lehenago.

Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztu beharko dute, abian den urteko ekainaren 30a baino lehen.

Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean. Lehendabiziko justifikazio partziala abian den urteko ekainaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko da.

Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa urteko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txosten labur bat.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu, azken horiek paperean edo euskarri informatikoan. Banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak (emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak) onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

–Azkeneko justifikazioa:

2016ko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jardueraren exekuzioa justifikatzeko:

a) Lehen egin ez bada, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatu zaizkion gastuen zerrenda, artikulu honen 11 c) puntuan azaltzen den baldintza berberetan egina.

b) Entitatearen memoria teknikoa. I. eranskina.

c) Entitatearen diru-sarrera eta gastuen balantzea. II. eranskina.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

d) Gauzatutako oinarrizko jarduketei (V. eranskina) eta/edo diru-laguntza duten programei (XII. eranskina) buruzko memoria teknikoa, atal hauek jasotzen dituena:

–Sustapenerako oinarrizko jarduketaren edo programaren izena.

–Oinarrizko jarduketaren edo programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu berariazkoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

–Efizientzia. Horretarako, lortutako emaitzak ebaluatuko dira erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera.

–Eragina. Oinarrizko jarduketak edo programak zein ondorio izan dituen desgaitasunak dituzten pertsonen gainean.

–Oinarrizko jarduketaren edo programaren estrategien balorazioa. Programan azaldutako arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu den baloratuko da.

–Onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea. Foru Komunitatean eragina jaso dutenen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuko da.

e) Diruz lagundutako programetako diru-sarreren eta gastuen balantzea (XIII. eranskina).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrera guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

f) Sustapenerako gastuaren zerrenda (funtzionamendua eta langileak) eta/edo diru-laguntza jaso duten programena (XI. eranskina).

Entitateak elkartegintza sustatzeari eta diruz lagundutako programei dagozkien gastu guztien zerrenda aurkeztuko du euskarri informatikoan, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa.

Halaber, entitateak instrukzio organoaren eskura utziko ditu jatorrizko fakturak.

Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, entitatearen zerbitzuen exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

Dokumentazioa aurkezteko, instrukzio organoak oinarrizko dokumentuak banatu eta Gizarte Politiketako Departamentuaren web orrian argitaratuko dira.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea, edozein modalitatetan.

b) Eranskin honen 11. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, erdibidekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko argibide, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztiek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster komunikatu behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.–Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita; bestela, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

14.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

14.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek dokumentu bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

15.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programak edo oinarrizko jarduketen edukia aldatzeko eskatu beharko dute, baita forma eta exekuzio epeak aldatzeko ere, kasu hauetan:

a) Oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideen erabilera eraginkorragatik diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta, gerakin horiek laguntza jasotzen duen proiektuko jarduerak gehitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira eta, betiere, diru-laguntzaren xede diren oinarrizko jarduketak edo programak burutzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

16.–Dirua itzultzea.

Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

19.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

A) MODALITATEAREN BERARIAZKO OINARRIAK:
ELKARTEGINTZA SUSTATZEA.

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateentzat 2015eko urtean elkartegintza sustatzeko
diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateendako elkartegintzaren oinarrizko jarduketen diru-laguntzak arautzea, entitate horiek aurreko urteko deialdian “Programak garatzea” modalitatean diru-laguntza jaso baitzuten.

Oinarrizko ezinbesteko jarduketatzat hartuko da gizarte guztia helburu duena, edo desgaitasunak dituzten pertsonak eta horien familiak, hala nola:

a) Harrera egitea.

b) Informazioa eta orientazioa.

Orobat, oinarrizko jarduketa osagarritzat hartuko dira mota hauetakoak:

a) Zabalkundea.

b) Sentsibilizazioa.

c) Elkarri laguntzeko talde informalak.

d) Boluntariotzako ekintza egituratu gabeak.

2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horiek lortzeko diru kopurua 836.433,00 eurokoa da, 2015eko gastuen aurrekontuko “PFEZeko %0,7ko funtsa. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateak. Programetarako diru-laguntzak” izeneko 920005-91820-4819-231B11 kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan kreditua izatea.

3.–Berariazko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa, diru-laguntza eskatu aurreko urtean elkartegintzaren arloan egindako oinarrizko jarduerak azaltzen dituena (V. eranskina).

Eskaera aurkeztu aurreko urteari buruzko agiriek abian den urteko deialdi guztietarako balio dute. Ez da beharrezkoa agiri horiek aurkeztea baldin eta aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu badira, edo abian den urteko deialdi batean, hau baino lehen. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

b) Proiektua, eskaeraren urtean garatu asmo dituen oinarrizko jarduketak azaltzen dituena (VI. eranskina).

Oinarrizko jarduketen deskripzioan honako hau zehaztuko da:

–Izena.

–Helburuak.

–Eginen diren jarduerak.

–Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak, etab.).

c) Entitateak abian den urterako kontratatuak dituen edo kontratatu asmo dituen langileen zerrenda, eta aurrekontua (VII. eranskina).

d) Entitatearen lokalen datuak (VIII. eranskina).

e) Funtzionamendurako gastuen aurrekontua, diru-laguntzaren xede den ekitaldikoa IX. eranskina).

f) Entitateko bazkide ukituen izenen zerrenda, diru-laguntza eskatu aurreko urteko abenduaren 31koa. Zerrenda hori lehenago aurkeztu bazen, diru-laguntza eskatu aurreko urtean izandako aldaketak (bajak eta altak). X. eranskina.

Federazioen kasuan, entitate federatuen zerrenda eta entitate bakoitzeko bazkide diren pertsona ukituen kopurua.

4.–Balorazio irizpideak.

Entitateei puntuak emanen zaizkie honako irizpide hauei jarraikiz:

4.1. Elkartegintzaren oinarrizko jardueratzat hartutakoen osagarri diren jarduerak garatzea: 4 puntu.

4.2. Entitateko bazkide ukituen ordezkagarritasuna: kontuan hartuko da entitateko kuotak egunean dituzten eskubide osoko bazkide ukituen kopurua eta haien zenbatekoak: 6 puntu, gehienez ere.

4.3. Entitateak kaudimen tekniko eta ekonomiko nahikoa du aurreikusitako oinarrizko jarduketak gauzatuko direla bermatzeko, bai eta proiektua garatuko dela bermatzen duen gaitasun nahikoa eta egiaztatua ere; 30 puntu gehienez ere.

Diru-laguntza jasotzeko, entitateek 25 puntu lortu behar dituzte gutxienez.

5.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

Foru agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten entitateek langileengatik eta funtzionamenduagatik hartzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

5.1. Langileak.

Lehendabizi, kontzeptu horrengatik ematen den gehieneko zenbatekoa ezarriko da eskabidearen aurreko urteko abenduaren 31n entitateak dituen bazkide ukituen arabera eta lehen aipatu den entitate motaren arabera, ondoren adierazten diren taulei jarraituz:

a) Desgaitasunak dituzten pertsonen entitateak.

–7 bazkide ukitutik 25 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 10.790,77 eurokoa izanen da.

–26 bazkide ukitutik 75 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 18.662,62 eurokoa izanen da.

–76 bazkide ukitutik 160 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 37.325,31 eurokoa izanen da.

–161 bazkide ukitutik 300 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere,
44.447,21 eurokoa izanen da.

–301 bazkide ukitutik 600 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere,
55.987,96 eurokoa izanen da.

–601 bazkide ukitutik 900 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere,
65.319,28 eurokoa izanen da.

–901 bazkide ukitutik 1.500 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere,
69.255,23 eurokoa izanen da.

–1.500 bazkide ukitutik gora: diru-laguntza, gehienez ere, 74.650,61 eurokoa izanen da.

Aurreko urteko “Programak garatzea” deialdiko “Programa orokorra” modalitatean diru-laguntza lortu duten entitateek, bazkide ukituen kopurua edozein izanik ere, gehienez ere 7.871,88 edo 10.790,77 euroko diru-laguntza jasoko dute, entitateak diruz laguntzen den jarduketa betetzeko esleituta dituen langileen lanbide-kategoriaren arabera (administraria edo diplomaduna).

b) Desgaitasunak dituzten pertsonen federazioak.

Langileengatik emanen zaien diru-laguntza honako taula hauetara egokituko da:

–Federatutako 4 entitatetik 8 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 26.534,54 eurokoa izanen da.

–Federatutako 9 entitatetik 17 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 30.131,46 eurokoa izanen da.

–Federatutako 18 entitatetik 30 bitarte: diru-laguntza, gehienez ere, 37.325,31 eurokoa izanen da.

Bigarrenik, balorazio irizpideen araberako proiektuaren puntuazioa ezarrita bazkide kopurua kontuan izanik, dagokion gehieneko zenbatekoari aplikatuko zaizkio, diru-laguntzaren honako portzentaje hauek, tarte hauei jarraikiz:

IRIZPIDEAREN ARABERAKO PUNTUAZIOA

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

ZENBATEKOA

25etik 30era bitarte

10.790,77

31

%73

32

%76

33

%79

34

%82

35

%85

36

%88

37

%91

38

%94

39

%97

40

%100

Portzentaje horiek aplikatzeagatik, diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inondik ere 10.790,77 euro baino txikiagokoa izanen.

Atal honetan emandako diru-laguntza justifikatzeko, onartuko diren langileak entitateak elkartegintza sustatzeko atxikitutako langiletzat aurkeztu eta instrukzio organoak onartutakoak izanen dira.

5.2. Funtzionamendua.

Funtzionamendu gastutzat onartuko dira honako kontzeptu hauek, aipatzen diren gehieneko zenbatekoekin:

ONARTUTAKO KONTZEPTUAK

ONARTUTAKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK

LOKALETIK ERATORRITAKO GASTU ARRUNTAK

Argindarra

11.500,00

Ura

3.000,00

Telefonoa, ADSL.

15.000,00

Zerga eta Kontribuzioa

1.000,00

Erantzukizun zibileko, lan-osasuneko eta ibilgailuetako aseguruak

6.600,00

Berokuntza

5.500,00

Komunitateko gastuak

1.000,00

Garbiketa

12.000,00

LOKALAREN KONTSERBAZIORAKO ETA EKIPAMENDURAKO GASTUAK (inbentariagarriak ez badira)

Lokala

4.000,00

Ekipamendua

4.000,00

HORNIGAIAK EROSTEA

Bulegoko material suntsigarria eta garbiketakoa

8.000,00

BESTE GASTU BATZUK

Laneko edota kontabilitateko aholkularitza

6.000,00

Desgaitasun horrekin lotura duten erakundeen kuotak

1.000,00

Harpidetzak

1.000,00

Posta eta mezularitza

4.000,00

Joan-etorriak eta dietak

5.000,00

Foru agindu honetan onartutako funtzionamendu gastuak ordaintzean izandako banku-komisioak

3.000,00

Kalitatearen auditoretza eta ziurtagiria

1.000,00

Datuen babesa

2.000,00

Dibulgaziorako eta sentikortasunerako eguneraketak

4.000,00

Eranskin honen hirugarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera 25 puntu edo gehiago lortzen dituzten entitateei funtzionamendurako emanen zaien diru-laguntza, orokorrean, entitateak aurreko urtean funtzionamendurako onartutako gastuaren %25 izanen da, aurreko urteko KPIaren arabera eguneratua.

Arau orokor horren salbuespen gisa, alokairuen kosturako %40ko diru-laguntza emanen da. Edonola ere, instrukzio organoak kontzeptu horretarako onetsitako alokairuaren aurrekontua ez da 10.800 eurotik gorakoa izanen urtean.

III. ERANSKINA

B) MODALITATEAREN BERARIAZKO OINARRIAK:
PROGRAMAK GARATZEA

Desgaitasunak dituztenen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2015. urtean autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak garatzeko

1.–Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede foru agindu honek, 2015eko ekitaldian autonomia pertsonala sustatzen eta mendekotasuna prebenitzen duten programen garapena sustatzearren.

Norberaren trebetasunak garatu eta haiei eusteko helburua dutenak jotzen dira autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzutzat, baldin eta, haien bidez, norberaren arau eta lehentasunei jarraituz, nola bizi nahi den kontrolatu, aurre egin eta erabakiak hartzen badira, eta aukera ematen bada eguneko bizimoduko oinarrizko jarduerak gauzatzeko, bai eta harreman sozialak ere, eta eginahala egiten bada osasuna zaintzeko mendekotasunerantz jotzen duten prozesuetan; orobat, desgaitasunak dituzten pertsonen ahaideei laguntza emateko programak.

Diru-laguntza hauen bidez entitate horien proiektuak bultzatu nahi dira, desgaitasunak dituzten edo izan ditzaketen pertsonen behar berariazkoei arreta emateko ekintzak sustatzeko, bai eta pertsona horien independentzia sustatzekoak eta mendekotasunari aurrea hartzekoak ere.

1.2. Modalitateak.

a) Programetan egituratutako eskaera. Gehienez ere 6 programek jasoko dute diru-laguntza.

b) Programa orokor batean egituratutako eskaera, hots, entitatearen jarduera guztiak programa bakar batean bilduz.

Modalitate hauetarako eskaerak bateraezinak dira elkarren artean.

1.3. Programen tipologia.

Aurkezten diren programek eta “programa orokorreko” jarduerek desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia sustatzea eta mendekotasunari aurrea hartzea izanen dute helburu gizarte gaien arloan, baldintza izanik erabiltzaileek PANAk (Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia) bermatutako baliabiderik ez erabiltzea.

Tipologia hauen barrenean sartuko dira:

–Desgaitasunak dituztenei edo izan ditzaketenei eta beren familiei banakako arreta ematea.

–Egokitutako garraioa.

–Aisia eta astialdia.

–Ahaideei atseden ematea: desgaitasunak dituzten pertsonak beren kargura dituzten ahaideei atseden emateko programak dira. Onartuko da urtean gehienez ere lau aldiz atseden ematea ahaideei, betiere egonaldia bi gaukoa bada, gehienez.

–Lanerako prestakuntza eta terapia.

–Ezagutzaren estimulazioa.

–Autonomia funtzionala sustatu, hari eutsi eta berreskuratzea.

–Prestakuntza psikosoziala, buruko gaitza edo adimenaren desgaitasunak dituzten pertsonentzat.

–Arriskuan direnentzat eta oro har desgaitasuna eta/edo mendekotasuna dakarten prozesu kronikoetarako programak.

2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horiek lortzeko diru kopurua 905.000,00 eurokoa da, 2015eko gastuen aurrekontuko “Desgaitasunak dituzten pertsonen arloko entitateak. Programetarako diru-laguntzak” izeneko 920005-91820-4819-231B10 kontu-sailaren kargura, horretarako baldintza izanik bertan kreditua izatea.

3.–Diru-laguntza zer programatarako eskatzen den, haietarako betebeharrak:

a) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

b) Entitate bakoitzaren eskaera 6 programatan zatikatzen ahalko da, gehienez.

c) Programa horietako bakoitzean zehaztuko da zenbateko diru-laguntza eskatzen den haietako bakoitzerako.

4.–Entitateak aurkeztu beharreko programen dokumentazio berariazkoa:

a) Diru-laguntza jaso duen programa bakoitzaren memoria teknikoa. (XII. eranskina).

b) Diruz lagundutako programa bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantzea. (XIII. eranskina).

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen zerrenda. (XVI. eranskina).

Eskaera aurkeztu aurreko urteari buruzko agiriek, a), b) eta c) puntuetan aipatutakoek, abian den urteko deialdi guztietarako balio dute. Ez da beharrezkoa agiri horiek aurkeztea baldin eta aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu badira, edo abian den urteko deialdi batean, hau baino lehen. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

d) Zein programatarako eskatzen den diru-laguntza, horietako bakoitzaren deskripzio teknikoa (XIV. eranskina), bakoitzean honako hau zehazturik:

–Izena.

–Helburuak.

–Eginen diren jarduerak.

–Jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

–Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak diren, boluntarioak, etab.).

–Jardueraren onuradun izan daitezkeen erabiltzaileen profilen aurreikuspena.

–Jarduerekin onura izan dezaketen eta orain entitatera etortzen ez diren pertsonak erakartzeko estrategiak; jendea hartzeko eta baztertzeko irizpideak.

–Eskatutako zenbatekoa.

–Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak, etab.).

e) Diru-laguntza zer programatarako eskatzen den haietarako, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (XV. eranskina).

5.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Diruz laguntzen ahalko dira langileen gastuak eta aurkeztutako programa bakoitza garatzeko berariazko jarduerenak.

5.2. Diru-laguntza jaso dezaketen gehieneko zenbatekoak.

a) Programa orokor batean egituratutako proiektuak:

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

b) Programatan egituratutako proiektua:

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa programa bakoitzaren aurrekontuaren %80 izanen da, programa bakoitzaren instrukzio organoak onartua.

Bi modalitate horietan, programa bakoitzari dagokion aurrekontu onartua ezartzeko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak hanpatuak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da prezio errealak erabiliz. Betiere, aurrekontu onartuak ez du programan aurreko urtean eginiko gastuaren %5eko areagotzerik ekarriko, non ez den, salbuespen gisa, aipaturiko gehitze handiago baten beharra erabat justifikaturik gelditzen, eta instrukzio organoak horrela baloratzen badu.

6.–Balorazioa.

6.1. “Programa orokor gisa egituraturiko proiektua” aurkezten duten entitateak.

Balorazioa fase bakar batean eginen da; bertan proiektua baloratuko da, baita entitate arduradunak hori garatzeko duen gaitasuna ere.

Fase hori baztertzailea izanen da, eta entitateak 40 puntu eskuratu beharko ditu, gutxienez ere, hura gainditzeko.

6.2. “Programatan egituraturiko proiektua” aurkezten duten entitateak.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea diru-laguntzaren xede den proiektuaren arduraduna den aldetik baloratuko da, alegia, programak garatzeko duen gaitasuna; bigarrenean, aurkezten den programa baloratuko da.

Bi faseak zein bere aldetik baloratuko dira, hurrengo oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabilita. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Bi faseak baztertzaileak dira; hortaz, haietako bakoitzean, entitateek 60 puntu gutxienez eskuratu beharko dituzte. Beraz, diru-laguntza jasotzeko, programa bakoitzeko gutxieneko batura 120 puntukoa izanen da, bi faseak kontuan harturik.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Entitatea proiektuaren arduradun gisa baloratzea.

a) Azpiegitura (25 puntu):

Baloratzen da entitatearen funtzionamendua bermatzeko nahikoa azpiegitura izatea, baita haren egituraren indarra eta barne antolakuntza ere.

Haren proiektuak betetzeko bideragarritasuna bermatuko duten gaitasun eta kaudimen ekonomikoak eta teknikoak.

b) Barne koherentzia (25 puntu):

Entitateak zer gaitasun duen bere inguruko errealitateari erantzuteko, bai eta bere bazkideen beharrei eta interesei erantzuteko ere, zer prestasun duen desgaitasunak dituztenek aukera gehiago izateko proiektuen garapenean parte hartzeko, eta zer neurritan dagoen prest proiektuak berregokitzeko, kontuan izanik dituen gaitasunak.

c) Entitateen eta/edo elkarteen koordinazioa (10 puntu):

Baloratzen da entitate desberdinek koordinatzeko duten gaitasuna eta egiten duten eginahala programa eta/edo jarduera jakin batzuk elkarrekin garatzeko.

Baloratzen da entitateek behar diren guneak, langileak eta/edo bitarteko teknikoak partekatzeko eta programa eta/edo jarduera jakin batzuk elkarrekin garatzeko duten gaitasuna, modu egokian baliabideak optimizatuz.

d) Kofinantzaketa (25 puntu):

Kofinantzaketa da entitateak diru-sarrerak izatea, Gizarte Politiketako Departamentuari eskatutakoarekin konparatuta.

Kofinantzaketa honela baloratuko da: %70etik gora, 25 puntu; %60tik %69ra, 21,42 puntu; %50etik %59ra, 17,85 puntu; %40tik %49ra, 14,28 puntu; %30etik %39ra, 10,71 puntu; %20tik %29ra, 7,14 puntu; %10etik %19ra, 3,57 puntu; eta %9 edo gutxiago, ez da punturik emanen.

Kofinantzaketaren portzentajea goitik edo behitik biribilduko da, kasuaren arabera.

Baloratuko da entitateen erantzukizun partekatua finantzaketa egiteko.

e) Boluntarioak (15 puntu):

Baloratzen da entitateak boluntarioak izatea, baita horiek elkarrekin zer neurritan inplikatzen diren ere.

7.2. Aurkeztutako programen balorazioa (bakarrik programatan egituratutako proiektuak).

Puntuazioa honela banatuko da:

a) Aurkezpena (7 puntu).

Baloratuko da programa osoa izatea teknikoki, hau da, aurkeztutako dokumentazioak behar bezala justifikatu eta azaltzen ditu proiektuaren planteamenduak:

b) Programaren edukia (15 puntu).

“Haren kalitate teknikoa, bideragarritasun praktikoa eta ebaluagarritasuna ”.

c) Programaren koherentzia (15 puntu).

Honako hau baloratuko da: programaren koherentzia eta bizilagun onuradunen beharrak eta interesak, sistema publikoaren jarduketekin edo/eta Foru Komunitatean desgaitasunaren arloan gauzatzen diren beste programa batzuekin zenbateraino integratu eta koordinatzen diren eta osagarriak izatea, jardueraren onuradunek duten parte-hartzea programaren fase guztietan, eta programaren balantzearen eta aurrekontuaren arteko koherentzia.

d) Kofinantzaketa (15 puntu).

Baloratuko da eskura dauden baliabideen arabera programa gauzatzeko gaitasuna.

Kofinantzaketatzat jotzen da entitateak, bazkideek eta/edo erabiltzaileek eta beste entitate batzuek diru-sarrerak egitea.

Kofinantzaketa honela baloratuko da: %70etik gora, 15 puntu; %60tik %69ra, 12,84 puntu; %50etik %59ra, 10,70 puntu; %40tik %49ra, 8,56 puntu; %30etik %39ra, 6,42 puntu; %20tik %29ra, 4,28 puntu; eta %20tik behera, ez da punturik emanen.

Kofinantzaketaren portzentajea goitik edo behitik biribilduko da, kasuaren arabera.

e) Diru-laguntzaren xede den programa gauzatzea (15 puntu).

Aurreko urteko programaren eraginkortasuna baloratuko da, aurreikusitako berariazko helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.

f) Programaren ebaluazioa (12 puntu)

Kalitatea kudeatzeko proiektua ezartzea baloratuko da, helburua programaren hobekuntza objektiboa eta bertan parte hartzen duten erabiltzaile eta profesionalak gogobetetzea izanik (honako hauek adieraziko dira: helburuak, egiaztatzeko aldagaiak eta adierazleak), baita programaren justifikazio ekonomiko egokia ere.

g) Programetako parte-hartzea (16 puntu).

Programak hartzailearentzat duen interesa baloratuko da.

h) Eragina lurraldean (5 puntu).

Baloratzen da entitateak duen gaitasuna bere lana Foru Komunitateko hainbat herritan gauzatzeko, baita beste herri batzuetako erabiltzaileek hartatik etekina hartzeko egiten den eginahala ere.

Lurraldean duen eragina honela baloratuko da: jarduera bere herrian bakarrik garatzeak puntu 1 ekarriko du; bi herritan, 2 puntu; 3 herritan, 3 puntu; eta 3 herritan baino gehiagotan gauzatzeak 5 puntu ekarriko ditu.

8.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen, diru-laguntzaren eskaeraren eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera esleituko da.

8.1. Programa orokor batean egituratutako programak:

Gehieneko diru-laguntza 6.500 eurokoa izanen da.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da eta gehieneko diru-laguntzatik abiatuta, portzentaje tarte hauek aplikatuko dira:

TARTEAK

ZENBATEKOA

40 puntu baino gutxiago

0

40tik 45era bitarte

2.166,67

46tik 47ra bitarte

2.708,33

48tik 49ra bitarte

3.250,00

50etik 51ra bitarte

3.791,67

52tik 53ra bitarte

4.333,33

54tik 55era bitarte

4.875,00

56tik 57ra bitarte

5.416,67

58tik 59ra bitarte

5.958,33

60 eta gehiago

6.500,00

8.2. Programatan egituratutako proiektuak:

Programa bakoitzean, diru-laguntzaren zenbatekoa entitate bakoitzak lortutako puntuen eta diru-laguntzaren eskaeraren arabera esleituko da, eta gehieneko diru-laguntza gisa, onartutako programaren aurrekontuarekiko portzentaje hauek ezarri dira, eranskin honen 4. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuz.

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA
AURREKONTUAREN GAINEAN (%)

120 baino gutxiago

%0

120tik 200era bitarte

(lortutako puntuazioa - 120) = aplikatu beharreko portzentajea

8.3. Bi modalitateetan, diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, hori justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehalakoan, eta, nolanahi ere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu aurretik. Betiere, bermatu beharko da aldatutako programak jatorrizko programaren xede eta ezaugarri berak dituela.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta instrukzio organoak onartutako aurrekontura hurbiltzen bada.

Iragarkiaren kodea: F1502754